>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NINFOMANARENA

Hondarribian gorabehera kezkagarriak dira aspalditxoan, aireportua dela medio; luzatu beharra dagoela, moztu egin behar dela, segun zeinek zer zergatik zertarako nahi duen. Komeriak dira hemen, zera! Luzatuenean, zenbait etxe eta lur-sail, akabo; moztuenean, berriz, lanpostu eta hegaldi batzuk, kito, fini, kaput. Azkenaldiko Londreserako bidaia sarriak, esate baterako.

Hori guztia, halere, nire gaurko harilaren hari muturra besterik ez duzu. Historia polita kontatuko dizut, xehe-xehe. Jakin dudanez, orain denbora asko ez dela, gizaseme buru-iritzi batek, luzea baino motza gehiago bera, abioia hartu zuen Hondarribiatik Londreseko Heathrow-era. Zegokion lekuan eseri eta, laster, non ikusten duen sartzen egundoko andre dotore ederra, edozeinen begi betegarria. Pausoz pauso, poliki-poliki, bazetorrek, bazetorrek…, eta (hura poxa gure gizonarena), non jarriko?, eta tokatu zaio bere ondo-ondoan esertzea.

—Kaixo. Zer…? Oporretara edo negozioetara zoaz Londresera?

—Lanera noa, lanera –andreak, xarma handiz begietara begira–. New Yorketik nator eta Londreseko urtean behingo Ninfomanen Konbentziora noa. Larunbat eta igande, bi egunetan ospatzen dugu mundu guziko ninfomanok.

Txistua eztarrian trabatu zitzaion ia gure gizonari derrepente. Instant batean zotz eta mutu geratu zen… Sekula bere bizi guztian ikusitako andrerik politenarekin zegoen, ondoz ondoko, larruz larru ia-ia… Nora joango dama xarmanta!?, eta pottotta-beroen bilera batera. Hau ere badiagu…! Plantarik duinenean mantendu nahian, hala galdetu zion gero bare, baina kuxkuxean:

—Eta…, zer egin behar duzu zuk zehazki konbentzio horretan?

—Hitzaldi bat ematera noa. Neure esperientzia oinarri, sexualitate-mito batzuk desmitifikatzera; asko baitira mundu zabalean mitoak edo uste faltsuak.

—Benetan? Zein mito dira, ba, horiek? Uste ustel asko dugu, beraz?

—Bada, bai, mito faltsu mordoska han-hemen… –Eta aho bete hizka ekin zion damak–. Horietako bat, Ipar Amerikan bertan, gurean, uste oso zabaldua dago afroamerikarrak direla gizasemerik fisikoki ongien hornituak, ekipatuak. Eta ez da hala. Navajo izeneko indioak dira onen onenak; Hastiin Ch’il Haajiní famatu haren ondorengoak; zein izan baitzen navajoen buruzagi handia, “Manuelito” deitzen ziotena… Beste mito oso zabaldua da, frantsesak omen direla maitalerik finenik eta onenak. Eta ez da egia. Onenak greziarrak dira. (Ai, Kyriakos, Dimitrios, Sokratis, Nikos…!). Bestalde, egiaztatu dugu jada, ahalmen aldetik, Kantauri kostaldekoak direla ahaltsuenak, gipuzkoarrak batez ere, arrantza portuetako mutilak… Beste mito bat da, gizona zenbat eta luzeagoa, orduan eta larrujole hobea dela. Baita zera ere! Ai, txiki-motz batzuen abilezia…

Bat batean, isil-isilean geratu zen andrea. Erakaitz, nonbait. Lotsagorritu ere egin zen pittin bat. Arnasa hartu, eta hauxe zioen gero:

—Barka, jauna; baina zer ari naiz ni hemen kontuok barra-barra esaten zuri, oraindik ez dizut izenik galdetu ere eta!?

—Ni –gure gizonak– Manolito naiz; Manolito Papadopoulos. Baina Zarautzen denek Azken Portuko Txikito deitzen didate.

 

Auskalo hala bazan edo ez bazan; ondo sartzen da, behintzat, kalabazan.

 

Bizargorri, 2017-02-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2017
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728