>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KANDIDO SASETA

Argi bat piztea hobe da, iluntasuna madarikatzea baino. Eta ni gaur hemen gure zorigaitzeko azken gerra madarikatzera ez baina, argiontzi txiki bat piztera nator, eta deiadar egitera, Kandido Saseta Hondarribiko seme zenaren goraintziz eta omenez, egia ez delako sekula ere zahartzen.

Bihar beteko dira, izan ere, laurogei urte Asturiaseko Areces herrixkan hil zutela, gerran; bera eta beste ehun bat euskal gudari, gehienak ANVko Euzko Indarra batailoikoak; baita PNVko Amaiur eta UGTko zenbait ere. Oviedo hiria faxista frankistengandik libratzera joanak ziren hara, agidanez, soldadu errepublikanoei laguntzera. Ez zuten atarramendu onik atera, atarramentu onik atera ez zutenez: bitartekorik eta koordinaziorik eza batetik, eta etsaiak askoz ere gehiago zirela bestetik, hiru albotatik atrapatuak izaki, tiroketa anabasan hil zituzten denak. Hura ausiabartza! «Aze zulo beltzean sartu garen!», esana omen zuen Sasetak, tragediaren berri aurrez baleki bezala.

Kandido Saseta Etxeberria, Euzko Gudarostearen sortzaile eta komandantea, ama Fruktuosa zegamarraren eta aita Anbrosioren (Biteri eskola publikoan berrogei urtez maisu izanaren) seme eta beste zazpi senideren anaia, (denak hondarribiarrak) izatez izan, txikia omen zen; baina gizon gisan, handia. Honelatsu zioen Manuel de Irujo lagunak: «Saseta, hombre de tantas virtudes como escasa apariencia; leiala, jatorra, nekaezina, atsegina, txit ongi prestatua, balore handi-askotako pertsona, harritzeraino bare-lasaia, langile fina; granjeó las simpatías de todos; Errepublikak izan duen militarrik baliotsuenetakoa…».

Kontatzen dute, gerra aurretik behin, Marokoko Alhucemas-en Villa Sanjurjo kanpamentuan intendentzia kapitain zelarik, bere oihal-etxolaren sarreran honako hau omen zeukala idatzia: «Emen sartzen dena, Euzkadin da. Euskalduna bazera, mintzatu euskaraz; eta abertzalea bazera, deadar zazu nerekin: ¡Gora Euzkadi askatuta!».

Haren bizitzaz eta merituez ez dut nik hemen gehiago zertan esanik, gaur egun hor delako nahi duten guztientzat internet… Dena dela, ezin bazter  batera utz nezake, beste kontu txoil estimagarri bat. Alizikan (alegia), haren hilobiaren aurkikuntzarena. 1999an Hondarribiko Olagarro eta Muara elkarteko zenbait andre-gizonek hartu zuten erabakia, Saseta herriko seme galduaren hil-zuloa bilatu, aurkitu eta gorpuzkinak jaioterrira ekartzea, albait bederen. Baita topatu eta ekarri ere, alafede…! Aranzadi laguntzat harturik eta Areces ingurukoak gidari, 2008an, lur azaletik berrogei bat zentimetrora hara non jotzen duten laurogei urte lehenago hildako herriko seme kuttunarekin… Interneten da, nahi izanenean, historia honen guztiaren bideo ikusgarria.

Kandido Saseta, militar abertzale hondarribiarra, bere herriko lurretan datza harrezkero… Bihar bertan, otsailak 23 izango dituenean, hil zuteneko laurogeigarren urteurrenean, Hondarribiko hilerrian, bi omen-ekitaldi egingo zaizkio: eguerdian bata, Sasetaren Aldeko Taldeak; arratsaldeko bostetan bestea, omenaldi ofiziala. Agertu nahi duenarentzat…

Laurogei urte eta gero, oraindik ere, ozen bezain garden entzuten da gure Kandido Saseta txiki handiaren oihartzuna; eta, gauza jakina da, beti-beti oihartzunak duela azken hitza… Beraz, bada, ohore eta goraintzi Sasetari!

 

Bizargorri, 2017-02-22

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2017
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728