Diario Vasco
img
SEI SEI SEI
img
Jesus Mari Mendizabal | 08-03-2017 | 11:16

Emakumeak urteko gainerako egunetan sei eurokoa baino faltsuagoak omen diren arren, gaur Emakumeen Eguna seinalagarria delako, batetik; eta, bestetik, babesik gabeko gizona sei numeroak sinbolizatzen omen duelako; bere-berez, basapiztiaren numeroa etorri zait atarira: 666. Hiru seiko nahi ditut, hortaz, hiru dozenerdiko sorta, solasean jolasean hemen seinalatu, seinalpetu, seilatu, zein baino zein zeinago. Mundua sei (6) egunetan sortua izaki, seia (6) omen delako ekinaren eta ahaleginaren sinbolo; eta kristandadean, aldiz, seia berbera (6) inperfekzioaren ezaugarri. Joan eta harrapa ezan/k hori…

Hasteko, sei seinale on. (Edo, bestela esanda, harrian iltzea sartzen ari). Bat. Ikustekoa izan zen herenegun 28. Lilatoia Donostian, ia sei mila neska kirolari ia sei kilometro korrika, berdintasunaren alde. Bi. Ikustekoak izan ziren bezala, Amorebieta-Etxanon, Emakume Master Cup deitutako finalak, frontoia jendez lepo. (Bide batez, esan dezadan haserre: jokoa ez da jolasa: neskek ere JOKATU egiten dute pilotan, ez jolastu: mesedez!!!). Hiru. ASPEGI-k (ASoziazioa, Profesional Enpresariena, GIpuzkoan) hiru andrazko ekonomian eta lanbidean saritu izana txalotzekoa izan da, onbidea seinale. Lau. Egunero-egunero bazterreko sektoreak hor dihardu, apenas saririk gabe, lan isil-isilean, apenas inork nahi duenean, etxeak garbitzen, arropak lisatzen, sein txikiak eta seiñor-seiñora xaharrak zaintzen, paseatzen, entretenitzen… Bost. Maiz ageri zaizkigu andre elkarte eta lagunarte feministak ere herriz herri probintzian ekintzak eta zineforumak eta poteoak eta omenaldiak eta hitzaldiak eta abarren abarrak antolatzen… Bejondeiela. Eta sei. Gustura ikusiko nuke gaurko egunez (behin bakarrik aski, noski, badaezpada) munduko andere guzti-guztien greba, lanuztea, geldialdi erabatekoa. Zer litzateke gizon-jendea andrazkorik gabe…!?

Se(g)itzeko, EAJ-ren seiluz, GBBeko sei dama burukideen gutun kutuna. (Edo, beste era batera esanik, sei katu-kume ilara-ilaran eramateko ahalegina). «Bat. Euskadi da gure Aberria. Bi. Euskara da gure herriaren hizkuntza. Hiru. Gure etxea zainduko dugu, etxeko suan berotzen delako abertzaletasuna. Lau. Guk emakumeok, mundu zabaletik gure artera datozenei, ongi etorri! Bost. Ez dugu onartuko indarkeriazko kulturarik. Eta sei. Euskadiren historiaren trenean goaz, Euskadiren independentziarantz». Ai, balitz, balu eta balego…!.

Eta amaitzeko, seiko urrea. (William Golding-ena, nobelagile britainiar kalabera handiko gizon harena): «Nire ustez, emakumeak burutik eginak dabiltza gizonen pareko ipini nahi horretan; hobeak dira-eta askoz ere; askoz ere hobeak betidanik! Zernahi ere ematen diozula andre bati, mejoratu egiten du berak, hobeagotu, oneratu, bikaindu. Bi. Zure hazia (esperma) ematen badiozu, seina egingo dizu berak; haurtxoa, alegia, kumetxoa. Hiru. Pisutxo bat erosten duzula?; etxea eta familia sortzen dizu berak; se(i)ndia eta leinua. Lau. Jaki-edana ekartzen diozula?, gosaria eta bazkaria eta afaria prestatuko dizkizu berak. Bost. Baldin irribarretxo bat eskaintzen badiozu, berriz, berak bihotza emango dizu… Eta sei. Ematen dioten guztia areagotu, emendatu, ugaritu, erruztu eta multiplikatu egiten du andereak… Beraz, ondo kontuan izan ezazu (ondo kontuan, ene!), baldin zerrikeria ekartzen /eskaintzen/ematen/egiten badiozu, sei mila tona kaka zikin itzuliko dizula bueltan berak, gizona».

 

Bizargorri, 2017-03-08

  • lurtega

    Eta sei Barçaren golak Emeryren taldeari. Hau egun magikoa!

    • Jesus Mari Mendizabal

      Hori duk hori asmatzea, erdiz erdi, bete-betean!
      Ongi etorri, lagunxahar, nire letra larrera. Esker mila.

Categorías

Otros Blogs de Autor