Diario Vasco
img
A.E.A.E. sindromea
img
Jesus Mari Mendizabal | 29-03-2017 | 07:45

Gaitz zantzu berria igarri didate medikuek oraintsu. Zu oraindik jabe ez izan arren, zeuri ere agian nahi baino lehen iritsiko zaizu. AEAE sindromea deritzo; esan nahi baitu, Adinak Eragindako Arreta Eskasia, edo Ahaztu Egin Akordatzea Ere. Halakorik ez duzula egundo aditu? Bada, jakinean egon zaitezen, Jainkoak Moisesi Legea hamar manamenduetan egurrean zizelkatu zion bezala, nik zuri paperean hamar nahasmenduetan sintetizatuko dizut nire Sindrome edo gaitz zantzua. Atzo goizeko kontuak dira hok guztiak. Benetan.

Goizeko hamarrak. Autoa garbitzea erabaki dut. Banoa sotorantz. Atariko ate ondoan buzoia, eta, ohitura lege, zirrikitutik begiratu bat eman diot. Kartak bistan. «Ea zer berri dugun, ba, gaur hemen…», nire artean. Kartak jaso eta etxe barrura berriro. Garrantzitsuak apartatu, ireki eta, betaurrekorik eskura ezean, bazterrera pilatu ditut, momentuz, geroko menturaren menturaz. Konturatu naiz, halere, kartetako bat gure alabarentzako dela. Gero, karta-azalak, erreusak eta iragarki hutsak paper-saskira botatzera abiatu naiz, eta hara!, leporaino beteta. «Hau hustu beharra zagok, ba…», nire artean.

Paper-mordoa zaku tzarrean sartu, esku batean hartu, alabaren karta bestean, eta banoa zaborrontzien bidean… Bidean, tartean bizi zaigu, izan ere, gure alaba. Haren atarira orduko, ohartu naiz hango giltza parea ez dudala hartu. «A, burutxo, burutxo…!», nire artean. Eta atzera gure etxera berriz. Paper zakua, gero botatzeko, atarian utzi eta, alabaren etxeko giltzak nire langelako zintzilikario batetik hartzera noala, mahai gainean ikusi dut sobrea, nire goizero hartu beharreko egoskin edo infusio mirarizkoa. «Hau ez zeukeat, ba, biharko uzterik, dedio!», nire artean egin eta banoa sukaldera segituan ura berotzera…

Sukaldera noala, sarrerako komodan loreak ximelik daudela konturatu naiz, ur eskasiaz noski. Infusioarentzat katilukada bat ur sutan eztiki berotzen utzi eta hozkailu gainean zer ikusiko, eta: «Hara! Zer kristo egiten ditek hemen nire ordenagailurako betaurrekoek!?», nire artean, zeharo harrituta. Langelara derrepente itzultzea erabakitzen dut eta, ondoren gero, loreak ureztatzea. Nire betaurreko estimatuak bere tiraderan gorde, bainuan pitxar bat urez bete loreentzat, eta: «Hara! Zer egiten dik hemen salako telebistako mandoak! Nik ez diat, ba, hona ekarri, andrea gaur goizean gaita samarrean bila zebilen zera hau!». Salara, bere tokira eramatea erabakitzen dut, baina loreak ureztatu eta gero… Hasi naiz ura loreei jariatzen, ustez poliki, baina erdia lurrera isuri zait.

Itzuli naiz sukaldera, tele-mandoa hor nonbait utzi eta hartzen dut eskutrapua ur eroriak lehortzeko. Banoa, banator, banabil… Eguerdiko hamabiak aurki… Atzenean, terrazara irten eta pentsatzen jarri naiz gaurkoan zer arraiotan ari ote naizen: eskutrapua eskutan, autoa artean garbitzen hasi ere gabe, alabari karta entregatzeke, paper-zaku mukuru betea hustu gabe, loreak ureztatu gabe, tele-mandoa auskalo non berriz ere, etxe sarrerako zorua blai, autoko eta alabaren giltzak ahaztuak… Memoria auzoan dut nik, sobra ere!

Hasten naiz hurrena kontuak ateratzen: 1, autoa; 2, paper-hondakinak; 3, eskutrapua; 4, karta; 5, lore ximelak; 6, tele-mandoa; 7, betaurrekoak; 8, zorua blai; 9, giltzak… Eta…, hamargarrena!? «Ai, ene, bada! –egin dut nirekiko–. Zer demontre ote nian nik gaur hamargarren egitekoa!?». Eginik izango dut okerren bat gaurkoan ere… Zerbait, seguru, Ahaztu Egin Akordatzea Ere…!

Bizargorri, 2017-03-29

Categorías

Otros Blogs de Autor