>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MIRESMENA / SINESMENA

Orain dela aste bi eta erdi burutuagatik, oraindik ere hor dabil aurtengo Korrika Hamaika TBn herriz herri, tipi-tapa, tipi-tapa… Benetan martxan zen garaian, ETBtik bi herri-inguruk ninduten onez onean txunditu, demontretan: ahoa arra betean zabalik eduki ninduten, ardi ergela bezala. Sinesteak lanak baitzituen telebistatik ikusten ari nintzenak, lanak zituenez sinesten, baiki.

Batetik, Nafarroako Zangozan, neska euskara ikasi batek zioen, txukun asko esan ere, egun osoz euskaraz bizitzen saiatzen ari zirela lagunartean (inor erdaldunik tokatzen bazitzaien tarteko, ordea, erderara pasatu beharra izaten zutela nahi baino gehiagotan); Burgin, berriz, beste neska bat agertu zen bertan jaio eta bertan bizi omen zena beti, euskaraz primeran dotore mintzatuz.

Bestetik, lehentxeago, Zeru Txiki Infernu Handi programa Araban ibilia zen, Oionen. Hemen zororik eduki ninduten bi gizasemek, arranoetan: begiak zabal-zabal eginda, ezin esan-ahalako pozez bete ninduten. Batek, Oionen bertan jaio eta betidanik bertan bizi denak, zioen, herrian antzina euskara galdua izanagatik (edo horrexegatik), euskal hizkera kartsuki ikasi eta bila bilaka ibiltzen omen zela norekin-harekin mintzatzeko. Bestea, berriz, Cadizen jaioa omen zen; urte batzuk lehenago, bizi-martxak hala aginduta, Oionera etorri eta euskara ikastea ezarri omen zion bere buruari obligazio; baita ederki ikasi ere, arraioa: euskaltegi batean ibilia omen da…, euskara irakasle, alajaina!

Honaino mirespenak. Izan ere, gure euskal lurren bost bazterretako zazpi iskinetan euskara apenas dabil, ez dago ia-ia. Meritua du, beraz, meritua kuanto, zenbaiten ahaleginak, batzuen batzuen, zain eta muin euskarari begira, euskararen harira jartze horrek. Zor nahiz lor. Adorez eta amorez. Bejondeiela!

Oso bestelakoa da, ordea, sinesmenarena. Fedea behar da, gero, gurean gaur euskararekiko esperantza ona izateko; fedea behar denez, alafede! Euskara jakitunak lehen baino gehiago izango gara, onean; baina, mintza-praktikadunak gutxiago eta arloteago, dudarik gabe. Gazte euskaldunek (gaztetxoek, haurrek) geroz eta lehenago (eta askoz ere sarriago) jotzen dute erderara; bertan jaiotako damatxo eta jauntxo euskaldun ia denek (baserritar peto-petoak barne), berdin; ikus-entzutekoetan, gure gazteek (eta ez hain gazteek) euskara narrastu egiten dute, lardastu, euskañoldu; jende ezkerreko nahiz eskuineko “aberzitzale” gehienek kategoria, dotorezia eta abilezia gehiago erakusten dute erderetan; kanpotik orain berrogeitaka urte etorritako askok eta askok apenas oraindik makurtzen diren egunon esatera egundo… Zertarako segi? Martxa koxkorra.

Izan zirelako, gara; garelako, dira eta izanen dira. Zakurraren putza. Berba onak asko, baina zuztarreko konturik ez. Miren Amurizak zioena: «Ika, ika, ika…, korrika! Eta hurrena gero segidan: Ote, ote, ote…, vámonos al pintxo pote!». Eta Jesus Eguzkitzarena, euskararen kalitatea okertzen ari dela-eta: «Mila hiztun totelek ez dute euskal-komunitate bat sortuko». Egia galanta.

Egia galanta den bezala, inor ez dela birritan jaiotzen; ezta euskara ere. Gureak ez du atarramentu onik: euskara ez daukanak, estima eta atxikimendua dio; daukanak, ostera, muzina egin eta utzikeria erakusten dio… Ni neu oilo egosia baino eroriago nago, hahor…! Koitak kontatzen hastea ez dut atsegin; baina, esana libre dut. Mirespena zor diet euskaldun gutxi batzuei; sinesmena galarazi didate askok: oiloari oloa eta astoari lastoa… Beti ere, haatik, hil artean bizi! Gaur, ilberri…

Bizargorri, 2017-04-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2017
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930