Diario Vasco
img
TXIRULA JOKA
img
Jesus Mari Mendizabal | 28-06-2017 | 07:18

Nafarroako errege Antso VII.aren denboran, Azkarra deituaren garaietan, 1194-1234, Jaun Nikolas bat ere ibiltzen omen zen gortean, Herensugearen Garaile modura ohoretan izendatua bera. (Ez zen, beraz, Goñiko Teodosio bakarra izan lur nafarretan herensugea menderatu eta odol-hustu zuena, agidanean). Antso Azkarra edo Sancho El Fuerte (bi metro eta hogeitaka zentimetro ba omen zen luze!), errege hura, Tuterako gazteluan bizi izan zen maizenik, bertan hil arte.

Ezkondu ere, bertara ezkondu zitzaion andere Konstanza, Castillatik eta Leondik etorria, aurretik beste bi aldiz ere ezkondua bizi izan zena. Andre ikusgarria izaki, nonbait, Jaun Nikolas ausartari grina piztu zion, pasioa: berak andere eder haren bularrak ukitu ez ezik, musukatu eta miazkatu behar omen zituela, albait, kosta ahala kosta. Bakoitza bere zoroak bizi du. Bazekien, ordea, ausardia hori eginenean, jo eta bertan akabatuko zutela agudo. Beldur zen..

Tuterako gaztelu-etxe hartantxe bazen azti gobernatzaile bat ere (Arturo erregearekin Merlin lehenago, eta Luis XIII.arekin Richelieu geroago bezala). Corellakoa zen eta “Txirula” deitzen zioten; haren joaren esanera ibili beharra zegoelako gortean. Hari kontatu zion bere intentzio makurra Jaun Nikolasek, eta baietz: onean, lagun ziezaiokeela noski, baina ehun urrezko txanpon ordaintzekotan. Herensugearen Garaileak istant batean onartu zuen proposamendua, prezioaren txiri-miritan sartu gabe. Kito: biak ados.

Hurrengo egunean, Txirulak, gaztelu-etxean noranahi ibiltzeko askatasun osoa baitzuen, erreginaren logelara sartu eta, inortxok ere ikusten ez zuela, ukendu eta hauts erremingarriak ezarri zituen Konstanza damandrearen bularretakoan. Bainatu zen dama eta, jantzi bezain pronto, haren azkurak eta aznahiak! Geroz eta gehiago… Berehala, azti gobernatzaileak batzarrera deitu eta honela jakinarazi zion Antso Azkarrari: «Erreginaren minak sendatzeko aukera bakarra hauxe duzu: herensuge baten odola inoiz ukitu duen norbaitek bere txistuz bi orduz busti-igurtzi behar dizkio bularrak». Erregeak derrepente ekarrarazi zuen Jaun Nikolas Herensugearen Garailea bere aurrera. Iritsi zenean, aztiak erresuminaren kontrako antidoto pototxoa eman zion eskura; ezkutuka, bistan da; esanez, isilka, ahoan tanta batzuk hartzeko handik…

Ondorengo bi orduetan, grinaz asebete zuen bere pasioa jaun zaldunak, miazka-miazka. Baita erregina gaixoa goxatu eta sendatu ere bere minetatik. Jaun Nikolas Herensugearen Garailea atseginetan joan zen palaziotik bere etxera, eroi gisan eta erregearen erregaloez gainezka, asean eta betean.

Denbora asko baino lehen, ehun urrezko txanponen eskean agertu zitzaion Txirula. Jaun Nikolas Herensugearen Garaileak, ordea, behin bere apeta beteta zuela, jakinik, gainera, azti gobernatzaileak erregeari deus ere agirian esan ezin ziola, purrustaka bidali zuen haizea hartzera, arditik ere ordaindu gabe, xentimo miserablerik ere entregatu gabe…

Biharamunean (txirula jotzea eta adarra jotzea gauza berbera baita), biharamunean bertan, Txirula aztiak Nafarroako Antso errege erraldoiaren galtzontziloetan hauts eta ukendu erremingarri berbera bota zuen, erruz bota ere, atzeetan eta aurreetan. (Txirula joka ariki, noski, corellarra…). Soinean jantzi zituenean, ai ene, errege gizajoaren aznahiak eta azkurak…! Derrepente ekarrarazi zuen berriro bere aurrera Jaun Nikolas Herensugearen Garailea…

Bizargorri, 2017-06-28

Otros Blogs de Autor