Diario Vasco
img
Fecha: julio, 2017
ZEIN ZAHARRAGO
Jesus Mari Mendizabal 26-07-2017 | 9:18 | 2

Zenbat eta munduan mendeek aurrerago egin, orduan eta urte gehiago bizi da jendea; geroz eta zaharrago hiltzen garela, alegia. 2016an, hiru probintziotan hildakoen bataz besteko adina laurogei urtekoa izan bide zen; hamarkada bat lehenago baino ia lau urte gehiago, alajaina. Hori, batetik. Eta bestetik, iaz hemen ia hirurehun andre-gizon 100 urteak jota hil omen ziren. Atera kontuak: aspertu ederra hartu behar dugu hemendik aurrera bizitzen: hil egin behar derrigor eta ezin!

Gainera, hirurogeitaka urteren bueltan gabiltzan hala andrazko nola gizonezkooi gauza xelebrea gertatzen zaigu, gauza xelebrea gertatzen zaigunez, ala demontre, maiz. Gutxi gorabehera gure adin bertsuko norbait telebistan edo kalean ikusi, eta geure baitan honelatsu egiten dugu sarri-askotan: «Nire aita/ama ematen din/k horrek-eta! Nik ez di(n)at, behintzat, aitona/amona xahar horren tankerarik; ezta hurrik eman ere! Alde ederreko nagon/k ni…!)».

Aditu ondo herenegun bertan zer gertatu zen geure familian. Hiru ahizpa jubilatu (hirurogeitaka urte luuuzekoak) eta haietako baten alaba bat Jaizkibeleko gainera joan ziren eguerdi pasa… Haize eta euri heze tematian zebiltzala, harrizko horma zahar baten kontra jarriak, errukarri, atso-agure parea topatu zuten hotzak, blai, ondoezik, galduta… Adinean aurreratuak biak, senar-emazte alemanak omen ziren. Gure alaba alemanez mintzatu zitzaien: Santiago bidean omen zetozela, Donostiara omen zihoazela… Taxi bat deitu eta pozik joanik izango ziren beren hoteleko epelera… Gero, ordea, hiru ahizpen arteko hitz-iturri agortezina: gutxienez laurogeina urte bazituztela, batek; hirurogeita hamabostetik gora, behintzat, seguru baietz, besteak; gure gurasoak izan zitezkeen, hirugarrenak. Eta alabak orduan: «Ez, ba. Hirurogeita bina urte omen zeuzkaten; hala esan didate».

Beste dama lagun bati gertatu zitzaion iaz hortik honakoa! Nagon ni isilik; konta dezala berak bere pasadizoa: «Amaia dut izena eta dentistarenean negoen zain lehengoan. Nire lehen kontsulta nuen dentista harekin. Paretan zintzilik han zeukan diploma, bere argazki, izen-abizen, titulu, meritu eta guzti… Derrepente, izen bereko mutil segail moreno guapo bat etorri zitzaidan burura: hogeita hamabost bat urte atzerago, unibertsitateko neure klasean bazen izen bereko ondo gizon gordin ederra, mutiko galanta; antzekoa. Enamoratua ibili nintzen ni harengandik denboratan; begiz jan egiten nuen. Pertsona berbera ote nuen, ba, laster artatu behar ninduen dentista hura…!?

«Kontsultan bistaratu bezain pronto baztertu nuen nire uste ustel hura. Izan ere, gizon gizen burusoila baitzen, ile hondar xurikoa, aurpegi zimurra, txibia-hezurra baino zuriagoko azalarekin; zaharregia nire gelakide izateko… Ahoa poliki aztertu zidanean, halako hiritako halako unibertsitatean (nirean, jakina) graduatu al zen galdetu nion. Eta baietz berak, baietz eta baietz, pozik asko. Galdetu ere nion, hurrena, ea zein urtetan graduatu ote zen, ba… Eta:

«—1980an graduatu nintzen –erantzun zidan–. Zergatik diozu hori…?

«—Zu nire klasean zeunden.

«Begira-begira geratu zitzaidan pixka batean… Gero, gizon gizen burusoil zimur zaharkote zatar zakil hark, zer?, eta ez dit, bada, galdetzen:

«—Zuk…, zer irakasten zenigun?».

Bizargorri, 2017-07-26

Ver Post >
MODA BERDEA
Jesus Mari Mendizabal 19-07-2017 | 7:57 | 1

Bidasoako mugaren alde biotan ez gabiltza supermerkatuen eskasian. Horietako batean, kutxazain neska gazte batek, egungo moda berdea dela-eta, kargu hartu zion atso bezero bati, esanez alegia, erosle bakoitzak bere zakutoa ekarri beharko lukeela ondo bidez, plastikozko poltsak ez direlako batere onak ingurumenerako; ekologia kakazten ari omen zela, kakazten oso.

Atsoak, barkazio eske, aitzakia agertu zion, haren denboran moda berde eta ekologia eta halako konturik aipatzen ere ez zela inon. Eta kutxazainak orduan: «Horixe da orain gure arazoa! Zuen belaunaldiko jendeak ez zuen aski kuidadurik jarri ekologiari dagokionez, eta hara zer hondamenak dauden ingurugiroan gaur. Beharko moda berdea ezarri. Zorretan zaudete gurekin».

—Arrazoi duzu –atsoak–. Gure belaunaldiak ez zeukan moda berderik bere garaian. Orduan, esne, sagardo eta gaseosa botilak dendara itzultzen genituen; dendatik fabrikara eraman ohi ziren atzera, esteriliza zitzaten, berriz ere erabili ahal izateko, birziklatzeko… Gure garaian, eskailerak oinez igotzen genituen, ttipi-ttapa, mekanikorik batere ez zegoelako komertzio eta kaleetan; dendetara ere oinez joaten ginen, hirurehun zaldiko autorik gabe berrehun metroko ibilia egiteko. Baserrietan-eta ez zen hondakinik batere pilatzen…

«Baina, arrazoi duzu. Ez geneukan moda berderik. Denbora haietan, haurtxoen pixoihalak geuk garbitzen genituen, aldiro berriak erosten ibili gabe. Arropak zintzilik lehortzen genituen eguzki eta haize energiaz, eta ez 220 voltetako makinatan… Anai-arreba txikienek zaharragoen arropak janzten zituzten, aldian aldiko modari begiratu gabe. Telebisio edota irrati bakarra zen etxero, eta ez gela bakoitzeko bat. Sukaldean, eho eta irabiatu, eskuz egiten genuen, ez elektrizitatez. Baratzan, jardinean, zelaian bazterrak garbitzeko esku-indarra erabiltzen genuen, ez motorrik tur-tur-tur. Lanean egiten genuen gimnasia, gimnasiora joan beharrik gabe, zinta mekanikoetan ibiltzera…

«Baina, hori bai, ez duzu arrazoi faltarik: gure denboretan apenas zen moda berderik. Iturritik edaten genuen ura egarritutakoan, plastikozko basoak eta botilak bost segundotan baliatu eta zazpi mendeetarako higatu gabe. Luma estilografikoak tintaz geuk betetzen genituen, txitean-pitean berririk erosi gabe; bizarra kentzeko makina kamustu orduko ez genuen zaborretara botatzen, xaflak aldatzen genizkion eta kontent ziren gizasemeak…

«Ez geneukan moda berderik orduan, ezta ekologiaren aztarrenik ere. Umeak eskolara oinez, bizikletaz, trenez edo autobusez joaten ziren, beren kasa, gurasoak taxista-morroi hogeita lau orduz eduki gabe. Gelako entxufe bakarra izaten zen, eta ez hamaika argindar zulo. Korreoz bidaltzeko paketatzen genuenean zerbait, egunkari orriak baliatzen genituen babesteko, sokak biltzeko, ez plastikozko azal eta bolatxoak. Eta ondoko hiriko jatetxe bat topatzeko, ez genuen espazioan mila kilometrora dagoen sateliteren beharrik…

«Beraz, konforme: moda berderik, ekologiaren arrastorik ere, ez genuen gure garaian. Zuen kexak ondo daude. Halere, «izena duenak izana du» da esaera zuhur zaharra; baina, izan zenean, ekologiak ez zuen izenik. Ez dakit entenditzen didazun… Eta, bukatzeko, gazte polit hori, aditu ondo: buelta ederra eman beharko diozue munduari, gure berde zaharrera, zuen ditxosozko ekologiara, ailega dadin atzera zinez berriz… Zer zor dizut…?».

Bizargorri, 2017-07-19

(Ai, gure senarra hemen balego…! Hark kantatuko ziokeen, bestela, txolin arraio horri bertsoa:

‘Guretzat beste moda berderik

ura baiñon oberikan

akaso izan liteke baiña

ez det pentsatzen danikan…’).

Ver Post >
OHE AZPIA
Jesus Mari Mendizabal 12-07-2017 | 7:39 | 1

Adunakoa naiz eta Maritxu dut grazia. Aspalditik. Baina nire bizian oraintsu arte Mari-izu beharko nuen izan izen. Izan ere, txiki-txikitatik ondo handitu arte, ohera sartu naizen aldiro, ate-leihoak ondo itxi, argiak itzali eta loak berehala hartu nauen arren beti, hirurak-laurak aldera esnatu egin izan naiz. Gauero gauero. Eta ez da hori txarrena. Txarrena handik aurrerakoa da: zain gaiztoak jotzen nau eta hezur-muinetaraino sartu izandu zait izua. Iruditzen baitzait, zinez iruditzen, ohe azpian norbait badela! Ez parte onekoa.

Hala nabil errukarri, izu mukizu, ume-umetatik… Iaz, gaueroko beldur ikaragarriak eraman ezinik, sona handiko psikiatra batengana jo nuen laguntza eske, Donostiara, kapitalera. Kosta ahala kosta. Esan ere, halaxe esan nion:

—Arazo latzak menderatu nau. Ez nabil batere lasai bizitzan. Oheratzen naizen aldiro, ondo lo hartzen dut. Loaren erdian, ordea, izu-laborriz esnatzen naiz, ohe azpian norbait edota norbaitzuk badirelakoan, intentzio gaiztoz. Eromena da. Erotuta ote nago, ba…!? Esku on handikoa omen zaude zu-eta, mesedez, gaitz madarikatu hau senda iezadazu; inondik ahal balitz, behintzat.

—Bai, batere ahal badut, behintzat –erantzun zidan adeitsu dama doktoreak–. Nire saioekin, agintzen dizut, hamabi hilabetean sendatua, amesgaiztotik liberatua sentituko zarela. Zatoz astean hiru aldiz. Neuk uxatuko dizkizut izu-ikara horiek guztiak bizi guztirako. Atzera begira ulertzen da bizitza, baina aurrera begira soilik bizitzen…

—Eta zenbat kobratuko didazu? –galdetu nion.

—Oso garesti ere ez da: laurogei euro saioko.

—Ñooo…! Garestitxo niretzat, alafede. Sendatzen banauzu, halere, gaitzerdi. Merezi izango du, baldinbetan… Konforme.

Hurrengo astean hasi nintzen joaten. Etzanik eginarazi zizkidan senda-saioak: hitz eta pitz, mila platika eta bi mila komeria… Alferrik aritu zitzaidan dama doktorea, gure aitaren makuluaren itzala zuzentzen bezala. Ni, gauez, lehengoxe moduan, txarki. Eta bigarren astean utzi egin nion hara joateari.

Orain dela lau-bost hilabete, hara non topo egiten dudan doktorearekin kalean. Kortesiazko lehen diosalen ondoren, agudo asko galdetu zidan ea zergatik ez nintzaion bisitan agertzen. Eta erantzuna pozik eskaini nion doan:

—Begira, andre doktore. Astean hiru saio laurogeina eurotan, bider hamabi hilabete, askotxo zen niretzat, horra. Neu sendatu ez dakit; baina ase ederrik egingo zenuen, bai, nire bizkar zeuk. Zorionez, Adunatik eskuinetara pixka bat jaitsita, txit hurbil, tabernako mutil zerbitzari bat aurkitu dut lagunartean genbiltzala, eta…, saio bakar-bakarrean, sendatu egin nau total. Hamar euro eskasengatik sendatu ere. Gainera, garagardoa eta pintxoa barne.

—Baita zera ere! Barrako mutil arruntak amesgaiztoetatik zu sendatu…!?

—Ba, bai, damatxo. Berez behar kamareroak Villabonakoa… Esan zidan ohearen hankak mozteko. Baita nik, zarra-zarra, ipurditik moztu ere. Orain ezinezkoa da ohe azpian inor egotea, ezinezkoa denez, ez zaizu iruditzen…? Hau ditxa nirea geroztik, eta hauek loak gauero…

(Medikua nahi dugu/, ahal bada Parisko/. Sendatu, ez sendatu/: patrikera zisko/. Burua argitzeko/ ez al da bi mixto…?/ Onena tabernari / laguna, zer kristo!?/ Ta Villabonakoa/ berez bada, listo!!!).

Bizargorri, 2017-07-12

Ver Post >
SOLASEAN JOLASEAN
Jesus Mari Mendizabal 05-07-2017 | 7:47 | 2

Dagoeneko konturatuko zinatenez, ene irakurle zintzook, nire bloga diarivascon egon badago, asteazken goizeroko artikuluak ageri ageri dira; baina ez lehen bezala, ZABALIK saileko eskuin-buruko sarrera abantailatsu bista-bistakoan. Nonbait, agidanez, web gunea berritu, eraldatu, egokitu egin dute. Egokitu, auskalo nori zer; zergatik niri izorramen ederra eman didate, izorramen ederra eman didatenez, baiki. Badirudi galtzagorri deabruren bat ibili dela hor gaiztoz, euskara ziztrinean idatzitako idazlan motzok atari estutik mandio zabalera eramaten, eskaparatetik almazenera, gaztelaniazko aleekin batera. Oharkabean, agidanez. Lehenago ere, oharkabean bezala baztertu ninduten bertan, bai horixe. Errare humanum est, sed perseverare diabolicum.

Galtzagorriak galtzagorri, hemen nago, behinik behin. Eta aurrera. Esker onean, gainera, borondate hoberik beste inon ez denean. (Ez da, behintzat, niretzat inondik ageri…). Zuetako zenbaiten deiak jaso izan ditut egunotan, ea zer gertatzen den galdezka nire blog aparte jarri horrekin, ea utzi ote diodan solasean jolasean segitzeari… Ezta pentsatu ere. Solasean jolasean bai, baina ez nabil ni olgetan blogetan. Arestian aipatu bezala, asteazken goizero-goizero, ordenagailua lagun, orri bete kontu atera izan dut, eta aterako ere dut, zuen entretenigarri hementxe, noiz serio demonio, noiz alegre xelebre. Maiteminduta nago egiteko honekin. Eta kontu jakina da, «amoratzea, gazteentzat, loratzea dela; zaharrentzat, xoratzea». Eta bistan da: ni gaztea izaki, astero loratuko naiz zuentzat denentzat, nahi duzuenontzat.

Solas eta jolas hemen zuekin nabilela, aspalditik daramatzat kolkoan gordeak bi proposamen, eskaintza, borondate, eske, baimen… Nahi duzuen bezala deitu. Alde batetik, artikuluok non edo han berrerabiltzearena, honetarako edo bestetarako… Harrotasunez esan dezaket euskaltegi, udaletxe, institutu, ikastola, irakur-talde, eskola eta abar ez gutxi etortzen dela nire hitz-larre honetara astero, bai horixe; baita zenbait lagun, idazlari, kazetari, letu-zaletu eta bestelako ezezagun interesatu ere… Bada, zuei guztiei esaten dizuet, nahi duzuenean blog hau eskanea, inprima edota argitara dezakezuela, batere ardurarik gabe, klasean erabiltzeko, aldizkarian ateratzeko, hemerotekan publikatzeko, egunkarian bistaratzeko…, baita ipurdia garbitzeko ere, hala nahi izanenean. Ni neu naiz honen jabe bakarra eta nire baimena duzue gaurtixe zernahitarako. Eta kito: ahuntza larrean ito… Beste alde batetik, berriz, artikulu bakoitzaren barrenean, azpiko partean, baduzue tarte karratu zurian huts bat zuen iruzkin edo komentarioak egiteko. Anima zaitezte, jontxe!; ezarri komentarioak, kontxo! Direnak direla… Nire partetik, ongi etorriak izango dira hala larrosak nola elorriak ere.

Agian, onenean eta akaso, maitagarri lagungarri bati esker, (bai baita maitagarririk galtzagorrien artean, zorionean), laster ipiniko dute nire asteroko artikulu euskarazko hau berriz ere atarian, ageriagoan, eguzki lorea bezala. Bestela, hala ezpada, zoaz mandiora; han aurkituko nauzu ale, belar, babarrun eta artoen artean, beti bezala… Baina ilusioak bizi gaitu. Eta, arestian aitortu dudan bezala, maitasunak nire atean klik-klik jotzen duenean, atea bakarrik gelditzen da eta beste guztia desagertzen. Beraz, bada, ez bedi gal gure artekoa: nik sortu eta zuek lortu. Orduan izango baitut ditxa atxanpanatua, ez acavatua.

Bizargorri, 2017-07-05

Ver Post >

Otros Blogs de Autor