Diario Vasco
img
HAUSPOAREN ZABALA ETA ESTUA
img
Jesus Mari Mendizabal | 23-08-2017 | 06:16

Antonio Zavala S.I. jaun zenak ere, hauspoak bezala, atzea zabala baina mutturra txorrotxa… Haren merituak ez ditut dudatan jarriko, ez haren lan handien balioak gutxietsiko. Jainkoak guarda. Nolaz, bada, neu naizelarik haren testu zahar ederren zale amorratuenetakoa gazte-gaztetatik…!? Nolaz, bada, haren Auspoa liburuxka-sorta dudalarik kuttunenetakoa betidanik…!?

Gauero ohean, loak hartu aurretik, beti irakurtzen dut zerbait, bateko eta besteko. Azken bolada honetan, aspaldiko partez, Auspoa sortako ale zaharrak dauzkat, banaka-banaka, nire mesanotxean. Hil honetxen hasieran, “Pernando Amezketarra. Auspoa Liburutegia, 1966” tokatu zitzaidan. Liburuaren balore handiak eta bertako pasarte graziaz beteak alde batera utzita, noan letra txiki edo orri-barreneko komentario batzuetara, atentzioa merezi dute eta.

Pernando Amezketarraren historiak aurretik ere Gregorio Muxikak jaun ormaiztegiarrak ezagutzera emanak zituen euskal herrietara, ondo jakina denez. Eta A. Zavalak itzaurrean: «len ere bagenduan Pernandori buruz liburu jator askoa, G. Muxika zanak egina» esaten duen arren, gerora (nahi gabe noski) gutxiespen itsusi samar batzuk uzten ditu hor, ttak eta ttak, ormaiztegiarrari askorik gustatuko ez litzaizkiokeenak, ezagutu izan balitu.

Hona gutxi batzuk, elkarren segidan: «Onek (G. Mux.) Euskal-Erria’ri edo Euzkel-Egutegiya’ri kopiatzen dio, itzen bat edo beste aldatuaz» (123). «Ez du besteetan ez dagoanik esaten» (125). «Onek (G. Mux.) aurrekoari kopiatu dio» (127). «Onek (G. Mux.) bere gisa kontatzen du, bañan txeetasun berririk ez du» (133). «Ez du ezer besteak ez dutenik kontatzen» (135). Eta halatsu behin eta berriz, orriz orri, mailu joka… Hori ez bada gutxiestea… Zavalak zer egin zuen, bada, maiz? Zaharrengandik kopiatu. Eta abar, noski. Baina kopiatzetik hasita.

Itzaurre berean, berriz: «…ez digu esaten ez nun irakurri edo nundik artu zuan, ez nori zer entzun zion… Ta au da folklore-biltzalleak iñoiz utsegin gabe egin bear duan lana… Olakorik gerta ez dakigun, gertaera bakoitza zein tokitatik artua degun, aldi bakoitzean gaztiatzen degu guk». Sic eta sic eta sic!

Honetara nentorren: “iñoiz utsegin gabe egin bear dan lana”. Aditu ondo. Bada, 1992ko urriaren 9an nik neuk (beste ormaiztegiar honek) DV-ko ‘Bai horixe’ sailean artikulu bat atera nuen esanez, Zaldi Zuriyarena bertso sorta famatuari buruz: «Errepara iezaiozu 4. bertsoari atzeneko puntuan: “ezin karriatu du karro bat kaka”… Ez, ba. Indaleziok ez zigun hori horrela eman. Ezaguna da eskuizkribua: “eciñ carriatu du carro bat craca”…». Bestalde, gainera, Pobrearen suertea bertsoei buruz ipini nuen: «Orainarteko kopista (sic!) den-denek 4. puntua “erropetan koipia, zikina ta kaka” eman izan digute beti. Bilintxek, ordea, “erropetan coipia ciquiña ta kraka” utzi zigun idatzita».

Erakutsirik izango zioten Zavala jaunari nirea eta, hurrengo urtean, AUSPOAren sail nagusian “BILINTX Bertsoak eta bizitza” berrargitaratu zuen, okerra zuzenduta, bi tokietan ‘kaka’ ordez ‘kraka’ ipinita. Behar bezala. (1993). Uste duzu folklore-biltzaile handiak aipatzen duela nondik eta nori hartu zion urte askotako okerraren zuzenketa hori? Ba, ez! Begira zer dioen: «… zalantza sortua dago: “karro bat kaka” ala “karro bat kraka” bear duan. Egunkari batean zerbait itzegin da». Eta kito! Zalantza…!?, zerbait itzegin…!?, egunkariren batean…!? Bistan da don Antoniok ez zuela ormaiztegiarrik estimatzen, antza; eta bistanago geratu da Zavalak bazuela estutik ere, hauspoak bezala.

Bizargorri, 2017-08-23

 

Hiru hitz:

Gaizki esanak barkatu, ondo esanak gogoan hartu.

Kanpora noa oporretan. Bizpahiru astez ez dut hemen ezer idatziko. Beraz, irakurle zintzo horrek ere, ez duzu lanik izango nirerik irakurtzen.

Adio. Laster arte. Segi segan, sigi-sagan!!!

Otros Blogs de Autor