Diario Vasco
img
ZERUTIKO ARGIARENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 08-11-2017 | 07:35

Bada jendea egundo egin nahi ez duenik; bada jendea gogoa ematen dionean, bospasei urtez behin, egin ohi duenik… Baina gehienek, gure euskal herriotan bederen, urtero-urtero egin nahi izaten dute; gehien-gehienek, gainera, ohituraren ohituraz, udaberriko lore goiztiar berriekin ez bada, udazkeneko hego haize harroekin; gutxi gorabehera, hemen hauetan ordua, noiz atzera noiz aurrera, ordubete aldatu behar izaten dugun urte sasoian.

Osasun azterketaz ari naiz; txekeoaz, alegia: gure txitxi-hezurren, odol-hesteen, urdail-gibelen eta abarren nabarren zelataz eta analisiaz. Oraintxe bertan ere, egunotan, ez dabil seta eta tema makala, zingun-zangun, txertoa gora eta txertoa behera, gripearen kontrakoa aitona-amona guztiek hartu egin behar dutela, hartu egin behar dutela, nahitaez eta nahitabai…

Gure etxekona, Don Zelestino, “Zelesti” deitzen dioguna, adin handiko da aspaldian; dagoeneko, laurogeita hamarretik gora urte baditu bizkarrean. (Nik hemen esanaz ez dira enteratuko, badakit seguru, euskaraz ‘egun on’ esaten ere ez dute ia ehun urtean etxean inork ikasi. Hori beste kontu bat da, ordea, eta noan harira). Kontua da gure Zelesti, zaharrago eta beharrago, urtero negu aurretik, garaitsu honetantxe, joan ohi dela bere medikuarengana osasun azterketa goitik-beherakoa egitera.

Aurreko astean izana da, agidanean, eta herenegun jaso bide zituen emaitzak. Dena ondo! Aurten, guztiarekin ere, etxeko mediku hori harritu da behin berriz, eta egin dio galdera, kolkoan gorde ezina:

—Demontretan, Don Zelestino, ederki… Badirudi, emaitzen arabera, fisikoki primeran zabiltzala. Prostata, azukre, tentsio, kolesterol, birika, bihotz…, den-dena ondo. Osasun ederraren jabe zara. Bejondeizula. Baina, buruz eta gogoz ere, emozionalki, ondo sentitzen duzu zeure burua? Zure baitan, bake onean bizi zara…?

—Baldinbaitere! –Zelestiren erantzuna–. Jaungoikoa eta biok lotu-lotuak gaude. Beraz, bada! Hara, doktore andrea, begira, adibide gisa kontatuko dizut: Berak ondotxo badaki ni bistatik oso motz nabilela; ikusmen laburrekoa naizela, alegia. Entenditzen didazu…? Horregatik, gauez komunera noanean, Berak argia pizten dit, ttak!; eta, nire egitekoa egiten dudanean, itzali egiten dit, plaxt!

—Sinesteak lan du! –medikuak bere artean–. Oraindik halakorik…!?

Handik ordu pare batera-edo, doktore andrea lasai-lasai ez, eta Don Zelestinoren alabari deitzera deliberatu zen, konfiantzaz, lehendik ere ezaguna baitu; gainera, jakin bai baitaki aita eta alaba elkarrekin bizi direla gure ondoan.

—Kaixo, Susana. Aizu. Zuen aita osasun oso-osoan dago. Osasuna, paregabeko ondasuna, da esaera. Esaera ere da, ordea, etxe zaharrak itogin. Beraz, badut kezkatxoren bat, ez ote dabilen burutik galtzen hasia… Ulertzen didazu, ezta? Izan ere, egia al da, gauez pixa egitera jaikitzen denean, komuneko argia ttak! pizten zaiola, eta, pixa eginda gero itzaltzen zaiola, plaxt?

—Ene, bada! –erantzunik izango zion Zelestiren alabak–. Zer esaten ari zara…!? Haur sortu eta haur hil. Ez dira zoro guztiak Zaragozan. Mando zurian hartu eta eramatekoa dago gizajoa. Ez dugu gauza onik honezkero… Berriz ere hasi zaigu, hortaz, neberan pixa egiten!!! Hozkailu barrua aitaren pixez zipriztin gurean!

Bizargorri, 2017-11-08

Otros Blogs de Autor