Diario Vasco
img
Fecha: noviembre 15, 2017
BILBOTAR PETO
Jesus Mari Mendizabal 15-11-2017 | 7:39 | 0

Bere burua erakutsi berri du Bilbok munduaren begietara: aurten 2017an, Europako Hiririk Onena, alajaina, izendatu berri dute. Bilbo lehenago «All-Iron» zen: aliron, aliron, el Athleti campeón!!! Gaurgero, ordea, «Eur-Hir-On» dugu: euriron, euriron, heuri kalte, neuri on!!! Ez da hori ahuntzaren gauerdiko eztula; nik hala irizten diot, behintzat, nire giputx tuntunean. Nork daki ea martxa honetan ez ote diren jainko txikiren mailaraino iritsiko Botxokoak, txo! Bada, jadanik, Gran Bilbao eta Euskal Herria antzeko-pareko jartzen duenik…

Domu Santu pasa berrian, kontatu didatenez, gure Donostiako Alde Zaharrean, bilbotar mozkote ttentte horietako bat garagardo bat hartzen ari omen zen… Hartan, telefono dei bat jasorik izango zuen, segapototik. Berba egin eta, amaitzean, begi biak irriz eta halaber ezpainak, agindu omen zion tabernariari atera zezala tragoxka bana tabernako guztientzat, aita egin berri omen zutela-eta, aita!; andrea Botxoko bilbotar peto-petoaz erditu omen zela eta umeak jaiotzean hamaika kilo pisatu omen zituela, hamaika! Errekoino, alajainkoa! Hiri handian, ziri handiak eta bihiak handiago…

Tabernan une hartan suertatu ziren bezeroek (denak ere giputx hutsak, noski), mau-mau, halakorik inola sinistu ezinik, beren kolkorako hala egin omen zuten: «Artobero usaina zegok hemen: gizon txiki, erronka handi. Haur jaio berri batek zera emango ditik hamaika kilo; baita zera ere!». Bilbotarrak, tematsu, baietz eta baietz; Botxoko haurren bataz bestekoa hala zela jaiotzaz; berea betiko mutiko tipiko mitiko ume bilbotarra ei zela; eta abarra eta aparra… Etsi hotzean, edozein moduz ere, hurbildu zitzaizkion aita berriari eta zoriondu zuten adeitasunez; baita nolabaiteko festatxoa ospatu ere, kontuak kontu.

Atzo bertan, ia bi aste geroago, basoerdi bat hartzera sartu zen bilbotar mozkote tente bera, Bardulia-Donostia taberna berberera. Tabernariak ezagutu gizona eta gisa honetan egin zion ikusi ordukoxe:

—Kaixo, gizona. Zu izango zara, inondik ere, hamaika kilo pisatu zituen haur jaio berri bilbotar peto-petoaren aita; ezta hala…? Hemen harrezkero ez da beste konturik gure bezeroen artean: zenbat pisatzen ote duen orain umeak, hilabete erdi kunplitzeko zorian dagoenean? Zenbat…? Gurera berriro etorri zarenez gero, esaiguzu mesedez, hortaz: zenbat kilo da gaur egun zuen haurra?

Tabernan une hartan tokatu zirenak, giputx hutsak den-denak, lepo luze eta aho zabal zeuden ea zer nolako disparatea botako ote zuen bilbotar mozkote tenteak, beren ustez erronka putzean zebilen hark. Eta:

—Hamar kilo pisatu digu gaur goizean –erantzun zuen, zintzo plantan.

Tabernako beste guztien moduan, erabat harrituta, txundituta, honelatsu eginik izango zion tabernariak, barra barrutik bestera:

—Zer esaten ari zara…? Asko da, ba! Jaiotzean hamaika kilo pisatu dituen umeak, hamahiru egun geroago, zenbat eta… hamar kilo!? Tira, tira… Zer kristo arraio gertatu da, ba…!?

Eta Bilboko Botxoko mozkote tenteak, basoerdia tragoan hustuz, begira zain zeukan jendeari harroxko begira, mahuka muturrez ezpainak lehortuz, barra gainera hanka punttetan luzatuz, zera esan zien denei bene-benetan:

—Fimosi ebakuntza egin diogu.

 

Bizargorri, 2017-11-15

Ver Post >

Otros Blogs de Autor