Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AIZKORRI eta JAIZKIBEL

Joan den astelehenean zortzi, Eguberri egunean, Joxe Mujika ormaiztiarra, gure “Kazka” laguntzarra, Aizkorriko gurutzera igo zen goizean goiztar; eta, harekin bateratsu, ehunka gehiago ere bai, azken urteotako ohitura lege eginez. Argazki ederra bidali zigun adiskideoi tontorretik, elurretan zela, mendi-jantzian dotore, harro, poz-pozik…

Joan den astelehenean, Urteberri egunean, Jaizkibeleko ekialdeko ertzera zuzendu nintzen ni goiz erdian, bakarrik. Kristaurik apenas zebilen Hondarribiko kai berri gaineko bazterretan. Argazki panoramiko bat atera (baita shelfi bat ere, sinets ziezadaten) eta Ormaiztegiko lagunei bidali nien, harro eta pozik neu ere, begien bistan neukan panorama ikusgarriarekin.

Izan ere, pare samarreko da (baina iristen ez da) Aizkorriko tontorraren edertasuna Jaizkibeleko ur eta lur hauen alderako. Goiza polit-polita argitu zuen kostalde honetan eta itsasbazterren ikuskizunak gorputz-arimak piztu zizkidan, azkenaldi tristean uzkur-muzkur neuzkanak.

Haizea hegotik zebilen indartsu. Itsastxoriak nonahi ziren ageri: kaioak, hegaldi bare mantsoan; bolborin edo ubarroiak, ur arrasean hegada bizkor bizian; kuliska jostariak, kai muturrean, noiz harri gainetan ttipi-ttapa, noiz ur azalean tipaturik (pausaturik). Arrantzontziak kaian zeuden denak amarratuak; hala eta ere, dantza geldiezinean, olatuen konpas akabera gabekoan. Zerua, noiz laino mehe, noiz ostarte urdin, orain itzal argal, orain eguzki ezti. Aparrak arroketan jo eta hautsi; surflariak uretan bagen bila; kresala haize heze-gazi…

Piraten Gaztelutik atera nuen argazki panoramikoa. Landak, Biarritz, Donibane L., Hendaia, Larun, Bidasoa, Irun, Aiako Harria, Hondarribia. Ur, lur, zur. Argazki zabal-zabala gauzatu ondoren, begira jarri nintzaion puntuz puntu, eta bat-batean ur-lur-zur haietako zenbait legenda eta kontadizo oroitu nituen. Nire artean: «Hok e kontau bear zieat ba…!». Eta kontatu egin nizkien herriko lagunei, labur derrigor; whatsappez nola ba bestela…!?

Erretak. Bidasoaren bokalean eskuinetara urpeko arroken gunea; ikusi ez arren, apar zuri franko sortzen da han denboraletan. Toki txoill (oso) arriskutsua arrantzaleentzat. Hamaika ontzi galdu izan da puntu horretan, tirabira eginda.

Dunbarriak. Hendaiako itsas bazterrean ageri diren bi harri handi: luzea bata, zabala bestea. Legenda zaharrak hala dio: Aiako Harrian artean jentilak bizi zirela, Baionako katedrala jasotzen hasi ziren kristauak. Jentilek, haserre sutan, egunez eraikitakoa gauez harrika eraitsi nahi izaten zuten; Aiako Harritik, noski, indartsuak izaki. Baionaraino iritsi gabeko bi harri omen dira Dunbarriak.

Jaizkibel. Euskaldun oro dago hizkuntzalari etimologo. Hemen hauetan zenbaitek uste izan du denbora askoan, mendiaren izena Gaitz-Gibel hitzetatik heldu dela, bertako larrean ibilitako ardiei gibeleko gaitza egiten zitzaiela eta. Ez, bada. Haitz-Gibel da izena, haitzaren gibeleko (atzeko, besteko) aldea.

Gauza da Haitz Gibelek ez duela Haitz Gorriren batere inbidiarik. Gauza da goiz zoragarria irago nuela Txingudi badiako bazterrei begira. Gauza da eguerdirako eguraldiak muzinera egin zuela: iparra, euria, hotza. Gauza da hurrengo asteetan ez naizela hemen blogean azalduko, ospitalera noalako. Joan baino ez joan nahiago, baina… Hurren arte. Urte Berri On.

 

Bizargorri, 2018-01-03

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

enero 2018
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031