Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GARIZUMA ETA UNTXIA

Otsailak gaur du azken eguna. (Elurra ari du; zuritu du Hondarribia!). Garizuma bete-betean gaude; daude, kristauak. “Garizuma” hitza latinetik datorkigu, quadragesima, eta esan nahi du “berrogeigarren”, hain juxtu berrogei eguneko tartea dagoelako Hausterre egunetik Erramu egunera. Garizuma kristautasunaren aldi liturgikoa da, non kristau zinezko denak zintzo bizi behar baituen otoitz, barau, penitentzia, sexu uzte eta limosnak eginez. Lehen garai batean, ostiral oro zen barau egun eta garizuman otordu bakarra egin ohi zen; gaur egun, garizumako ostiraletan debeku da haragia jatea.

Garizuma aldiko barau edo bijilia eliztarrei arinago gerta zekien (eta, bide batez, Eliza Amaren isil-poltsa sosez bapo hornitze aldera), aita santu bixkorren batek “bulda” asmatu zuen. Bula. «Ez duzuela zuen etxean ostiralez txitxirik jan gabe egon nahi…? Eskaiozue herriko apaizari bulda, ordain iezaiozue eskatzen dizuena eta libre zarete bijiliatik». Eta apaizak, etxeko pertsona bakoitzeko, bulda bana banatzen zuen sakristietan, pezetatik hamar pezetetara kobratuz, etxe bakoitzeko ahalmenen arabera. Zer gertatzen zen? Bada, dirua erara zeukaten etxeetan haragia jaten zutela lasai; pezetarik apenas zegoen etxeetan, aldiz, beharko bijilia egin, infernura joango ez baziren. Baziren beste bulda batzuk ere: erregeek gerra egiteko, nekazariek igandez lan egiteko, etab. Eliza Ama gizen bizi zen kristauen kontzientziak lasaituz, kobratuz…

Orainartekoa, gutxi-asko, bazenekien noski, irakurle; hemendik aurrerakoa, uste dut ezetz. Felix Ares-en azken artikulutik dakarkizut notizia, neuk nire aztarrikak egin eta gero. Ardia, behia, ahuntza eta txerria duela hamar mila edo hamabost bat mila urte etxekotu bazuen gizakiak, untxia askoz ere beranduago: duela mila eta bostehun bat urte. Eta non gertatu ote zen hori? Bada, Frantziako hegoaldean, agidanez. Iberiar penintsulan bezala, han ere untxia baso-zelaietan elemena, erruz, ugari omen zen; eta bertako monastegiak izan omen ziren lehenak mendiko untxiak (oryctolagus cuniculus) etxekotzen. Zergatik eta zertarako? Eta hemen da notizia bitxia, notizia bitxia denez hemen.

Buldarena auskalo nork bezala, Gregorio Handia aita santuak, 600. urtean hortxe-hortxe, ediktu bat atera omen zuen esanez, untxiaren fetu edo umekiak amaren sabelean erabat urez inguratuak zeudela-eta, arraintzat har zitezkeela; beraz eta hortaz, ostiraletan halakoak jatea legeko zela, zilegi zela… Ez zeuden lo, nonbait, euskal herritik aparte gabeko fraile goseen belarriak, eta untxiak harrapatu eta kopuru mukuruka hazteari ekin zioten monastegietan, garizuma hotz heze luzeetan laurex (lauricis, laurices) deituak (untxiaren umekiak) barra-barra jateko, hatzak miazka… Tripak eta suak, zenbat eman, hainbeste eraman. Goseak txantxarik ez du.

Gerora historian izan da doktore ikerlariren bat esan duena Gregorio Handiaren hau mito bat besterik ez omen dela; hark halako edikturik behin ere atera ez omen zuela; ez ote zen izan Tours-eko Gregorio aita santua “laurices” horien kontuarena… Axola digu horrek guztiak guri bost. Untxiaren umekiak arrain direlako asmazioa, barau aldirako baleko beraz, nornahirena ere den, ondo polita dago dagoen-dagoenean. Mitoaren oihartzuna hala iritsi zaigu mendez mende, eta oihartzunak du azken hitza.

 

Bizargorri, 2018-02-28

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

febrero 2018
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728