>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EGUNEROKOA

Gaur egungo andre-gizon sasi-adimendu neuro-hipokondriakoen artean temati dabilen burubidea. Oiloari oloa, astoari lastoa; eta… ergelari? Berdela. Egunero jan behar omen dugu sagar bat, burdinagatik; platano bat, potasioagatik; laranja bat, C bitaminagatik; kilo erdi bat barazki gutxienez, badaezpadagatik; meloia, digestioari laguntzeagatik; baita azukrerik gabeko kikara bat te ere, diabetesari aurrea hartzeko. Zuhur dabilena omen da abilena.

Egunero, gainera, bi litro ur edan behar duzu minimo. Egunero-egunero, hartu behar duzu jogurta, Activia edo Benecol  (puntziona!). Zertarako? Delako “lactobacillus casei defensis” hesteetan falta ez dezagun. Inork apenas dakien zer demontre den zera hori, baina egunero milioi t’erdi sartzen ez baduzu, idorreriak disekatuko omen dizkizu barrenak. Erne. Badakizu: gizon begiratuak damua urruti. Egunero, eltzekaria; egunero, arrain urdina; egunero, intxaurra…

Egunero aspirina bat on duzu, bihotzekoak eman ez diezazun; baita baso bat ardo beltz ere, arrazoi berbera medio. Har ezazu txakolinetik ere beste baso bat, zure nerbio sistemaren onerako; baita basokada bat garagardo ere egunero, zer gerta ere, auskalo zertarako. Egunero-egunero zuntza jan behar duzu, fibra. Hartu zuntza ugari, erruz, parra-parra…, harik eta, kotoizko jertsea ezpada ere, artilezko galtzerdia bederen obratzen duzun arte. Oiloari oloa, astoari lastoa; eta… zuntzunari? Zuntza. Tontoak dena badaki; jakintsuari falta zaio asko.

Egunean lautik seira janaldi egin behar duzu (jan-edan xuhur arinean), gogoz edo gogorik gabe; ahaztu gabe, bestalde, mokadu bakoitza ehun aldiz mastekatzea. Otordu horietarako, hortaz, lau bat ordu hartu beharrean zaude, emeki, poliki… Janaldi edo otordu bakoitzaren ondoren, bistako dago!, hortzak garbitu beharrean zara: jogurtaren ondoren, hortzak garbitzera, sagarraren ondoren, hortzak garbitzera; platanoaren ondoren, hortzak garbitzera… Hortzik geratzen zaizun bitartean.

Zortzi ordu lo, zortzi ordu lan (ez aldi berean, noski!), lau ordu jaten…, hogei ordu. Beste lau ordu besterik ez duzu gainerako egiteko guztietarako… Batekoz beste, hiruna ordu egiten omen dugu telebistaren aurrean; egunero-egunero ordubeteko ibilaldia behintzat behar omen du gure gorputzak; komeni omen zaigu aldian aldikoez informaturik egoteko prentsa egunero irakurtzea; txit gomendagarria omen da lagunekin egotea; ezin utzizkoak omen ditugu etxeko eguneroko lanak, erosketak, dutxa, ordenagailua, sakelakoa, sudokua…

Guztira, egunero beraz, hogeita hamar bat ordu ateratzen zaizkit niri gutxien-gutxienez. Beraz eta hortaz, noizetik noizera, aldi berean bi gauza egin beste erremediorik ez dugu: ur hotza, dutxatu bitartean, txorrotik dzanga-dzanga edan; hortzak garbitzen ari garela, egunkaria edo liburua letu; ontziak garbitu bitartean, telebista ikusi; garagardoa edanez, adiskideei deitu…

Eta utzi egingo zaitut, horra. Izan ere, jogurta dela, meloi erdia dela, laugarren otordu barazkiz eta zuntzez hornitua dela…, ahaztu zait zertan ari naizen ere oraintxe; izan ere, egunean egunerokoa kabitu ezinda, zoratu behar dugu oraintxe. Ez zaizu iruditzen…? Iluntzen hasiko du aurki eta oinezko ibilia egitea ahaztu…! Banoa agudo, hortzetako eskuila eskuan hartuta; baditut bi iturri bidean… Ai, ene! Zuhur dabilena, abilena…!? Bistan da, ni behintzat, zuhur zainduagatik, Alzheimer haizeak jota nabilena… Tatari? Aitona dantzari!

Bizargorri, 2018-0314

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2018
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031