Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MISERIAREN ADARRAK

Laurogei urte bete berri dituen gizaseme handikote bati elkarrizketa egiten ari zaio kazetari gazte interesatu bat, parke bateko aulki egurrezko dotorean, urmael zipriztin jario baten aurrez aurre. Eguraldiak ere ez du aitzakiarik. Zaharra begi-ilun ageri da; gaztea, axolatsu, esan guztia grabatzeko prest: «Bizitza gorabeheratsua izan omen duzu; zalapartatsua, diotenez…».

«Bizitza gorabeheratsu, zalapartatsua diozu…!? Bai horixe! Latza, bai. Miseriaren adarrak majo jo gaitu. Hasteko, ni ez naiz hemengoa izatez, atzerritarra nauzu; aita eta ama erbesteratuen seme. Hamar urte bete nituen arte, ezin izan nuen Espainiara etorri, Franco-ren erruz noski, gure gurasoek galarazia zuten-eta sarrera…

«Urteen joanean gero, gure aitatxo hil zelarik, ezin asmatu genuen non lurperatu gizajoa. Gure amak, bestalde, urte askoan gurpilekiko aulkian ibili behar izan zuen, hara eta hona eta bestera, errukarri gajoak. Niri, berriz, ez da denbora asko birika baten ehuneko hogeita hamarra erauzi eta kendu didatela. Bizitza gorabeheratsua diozu…!? Nire andrea bera ere etorkina duzu, gaur egun beste hainbat eta hainbat errukarri bezalaxe; etorkina. Hiru seme-alaba eman dizkit. Hiruetatik batek, batek bakarrak lan egiten du gaur egun; tartekoak. Guzti-guztiak ere, bilobak ere barne direla, niri dagokidanetik bizi dira (esan nahi baitu, nire kontura bizi direla), beste modurik ez-eta.

«Zaharrena aspalditxo banandu zen, gure suhi malapartatu hura drogaz eta alkoholez lepo baitzebilen, agidanean. Bi ume koxkor utzi zizkion gure alaba koitaduari. Gazteena oraindik ez zaigu etxetik atera; gainera, banandu batekin ezkondu eta gurera ekarria du bizi izatera. Andre honek lanpostu oso ona zuen lehenago, baina gurean dagoenez geroztik, ez du kolpe zorririk jotzen. Bi alabatxo dituzte (bi perlatxo, egia esan), neure teilapean neuk mantenduak. Eta aurten bertan, krisia dela-eta, hau miseria gorria gurea!, ia oporrik gabe geratu ginen: ezinean ez da erraza, nahi duena ez da beti kapaza… Eta azak ontzeko, entzun ondo, hahor: gure seme-alabetako tartekoaren senarra istilutan dabil justiziarekin, gatazkan legediarekin… Miseriaren adarrak dauzkat hitz egin beharrak…».

Eta kazetari gazteak, erabat harrituta, hala esan dio agure handikoteari, ausardi galanta erakutsiz: «Barka, baina… maiestate, ez dut nik uste berorren egoerak inolako miseriarekin zer ikusia duenik. Ez adarrik jo!». (Letu berriz).

 

 

Mendekoen miseriek, erregeari herrenik ez… Joan den larunbatean, martxoak hamazazpi zituenean, gure hiriburu orotan (Espainia guztian bezala) jubilatuak ernegatuta, sutan, pentsio duin baten eske kaleetan elemeniaka manifestatu ziren egunean, aita maiestate zaharra (Jun Karlos) Lasarte-Oriako Berasategienean zen bapo bazkaltzen, mendekoen estuasunei barre-barrezka lotsagabe; eta haren seme maiestate gazteena (Pelipe), Formigal-Panticosan, eskiak hartuta zurian harroxko arrastatzen, mendekoen ardura izpirik gabe… Gibel handikoak biak hala biak, hor-konpon eta hor-konpon eginez jendearen miserien adar okerrei… Euskaldunon esaera zahar zuhur batek, ordea, honela dio: «Hor-konpon-ek etxea galdu omen zuen». Hala bedi, oxala.

Bizargorri, 2018-03-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

marzo 2018
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031