Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NAHI DUENAK AHAL DU

Nik ez nekien, baina, badirudi, adituen esanean, geure buruak burmuin edo garunaren berezko trebetasuna mugatzen eta murrizten omen duela. Garunak onartzen omen ditu murrizketak, eta programatua geratzen omen da buruak ezarri dizkion mugetara… Hori hala ez balitz, nahi beste ahalmen ba omen dugu geure baitan; zernahitarako gauza omen gara; nahi duenak ahal omen du; gure gai onak erabat erabili gabe etorri eta joaten omen gara mundu honetatik… Hala gizasemea nola andrealaba kainenak pasatzera kondenatua omen dago, jainkoak behin betiko madarikatu baitzuen munduan ero moduan iheska ibiltzera… Bi kasu dakartzat adibidetzat: zelebrea bata, xelebrea bestea.

Zelebrea. «Haran batean oinez zihoala, oinak uretan zituela ohartu zen bat-batean Keuner jauna. Bere haran hura itsasadar bat zela igarri zion hartara, eta aurki itsasgora zela. Hantxe bertan geratu zen geldi, bistaz ontziren bat bilatzen zuelarik inguruan. Ontziren bat aurkitzeko esperantzak iraun zion bitarte guztian egon zen han geldi. Begien bistan ontzirik ageri ez zenez, ordea, esperantza hori bazterrera utzi eta urak gorago egingo ez zuen esperantzari heldu zion. Ura okotzeraino iritsi zitzaionean jarein zion esperantza horri ere; eta igerian hasi zen. Orduan konturatu zen ontzia bera zela». (“Keuner jaunaren kondairak”, Bertolt Brecht. Alberdania 1999, Joxerra Gartzia).

Xelebrea. Dama aberats okitu batek festara gonbidatu zuen jendea bere etxe handietako batera. Hango oturuntza eta zurruta eta dantza! Halako batean, musika isilarazi eta, krokodilo australiarrak hazten zituen piszinara begira, esaten die denei:

—Entzun! Hemengo inor trebe bada piszinara saltatu, alderik alde igaro eta bizirik ateratzeko, nire auto, hegazkin eta etxandi guztien jabe izango da.

Une horretantxe, gonbidatuetako batek, rau eta plaust, uretara salto… Ikaragarria izan behar zuen egoerak. Hango zalaparta, borroka, zipriztina eta herioa! Narrastietako bati buztanetik heltzen zion albait gizasemeak; hurrena, beste baten bizkarrera saiatzen zen igotzen; hurrenago, beste bati ahoa itxirik eusten zion, gorputz eta arima besarkaturik… Halakorik ezta Krokodilo Dundee-ren pelikuletan ere. Segundo bakoitza luuuze zen han… Nolanahi ere, jo eta su, izu eta larri, bizirik atera zen gizon ausarta lehorrera, ia larrugorritan, harramazkaz josia. Nahi duenak ahal du.

Berehala inguratu zitzaion dama aberatsa gizajoari eta:

—Bejondeizula, gizon –esan zion–. Mirestekoa izan da zure balentria. Emandako hitza zor, non noiz nahi duzu autoak, abioiak, etxeak entregatzea?

Gizon zauriz beteak orduan:

—Ez dut nik zure ezeren beharrik, emakumea –erantzun zion, gonbidatu jende mordo pilatuari begira-begira–. Badut neuk ere etxe eder askoa lehendik, baita auto polita ere. Abioia, berriz, zertarako…?

Halakoxe bat eginik izango zion damari ateraldiak eta, zeharo harrituta:

—Baina… –esan zion bueltan–, nik agindutako ezer nahi ez baduzu, zer dela-eta sartu zara halako lan latzetan? Zer demontre nahi duzu, hortaz…!?

Eta:

—Nik zer nahi dudan…? –gizonak haserre sutan–. Gustura jakingo nuke zein izan den putzura bultzaka bota nauen putakumea. Akabatuko dut…!

Bizargorri, 2018-03-28

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

marzo 2018
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031