Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GURE XEDEA, GEURE MESEDEA

Ciudadanos-eko Albert Rivera jaunaren hurbileko erreketero, monagillo edo morroi batek kalean harrapatu ninduen lehengoan ziplo. Eskean zetorren, faborezka. Hurrengo hauteskunde-kanpainarako beren alderdi politikoaren ideien muina erabakia omen zeukatela, baita gaztelaniatik katalan eta galegora itzulia ere; baina ez vascuencera. Ea, faborez, euskaratuko ote nion, bada. Baietz, nik. Eta hona hemen gaur bertan entregatuko diodan testua, lerroka:

 

«Gure alderdi politikoan, zer esan, hura egin».

Ergelek soilik pentsa dezakete zerako hura:

ez garela ustelkeriaren kontra saiatuko.

 

Izan ere, egitekoa argi eta garbi dago guretzat,

argitasuna eta gardentasuna oinarrizkoak direla,

gure xedea lortzearren.

 

Txorakeria galanta da (eta hala demostratuko dugu)

mafiak gure gobernuaren parte izango direla,

lehen garai batean beste batzuek ohi zuten bezala.

 

Duda izpirik gabe hitz ematen dugu

justizia soziala izango dugula xede nagusi gure aginpidean;

bai baita oraindik babalorea franko sinesten duenik

antzinako politikaren amarruekin gobernatzen ahal dela.

 

Behin boterean gaudenean, ahaleginak eta bi egingo ditugu

egoera pribilegiatuak eta influentzia trafikoak akaba daitezen.

 

Ez dugu inolako moduz utziko

euskaldunek beren Kupoa gal dezaten,

haur eta gazteek hezkuntza motza izan dezaten,

aitona-amonek osasun publiko eskasa jasan dezaten…

 

Gure asmoak zintzo fin kunplituz,

ekonomia baliabideak agor daitezen bitartean,

boterea erabiliko dugu-eta jo-ta-ke:

jendeak uler beza oraintxedanik

politika berria gu garela.

 

Hahor Ciudadanos-etik euskaratzeko eskatu zidaten testua. Lerroak fidel mantendu ditut; ideien nondik norakoak zintzo. Ez dut lan erraza izan; ez, ala demonio! Batez ere, Albert Riveraren erreketeroak ipini zidan baldintza ezinbestekoa bete ahal izateko. Nahi zuen, alegia, testua berdin-berdin irakur ahal zedila goitik behera bezalaxe behetik gora. Hori bai, marka ortografikoak eta paragrafoak komenieran aldatuz. Eta funtzionatzen du! Goitik beherakoa da esaten digutena; behetik gorakoa, aldiz, egin nahi dutena… Zuri lana errazte aldera, ondoren neuk emango dizut behetik gorako testua ere. Tori.

 

Politika berria gu garela

jendeak uler beza oraintxedanik,

 

boterea erabiliko dugu-eta jo-ta-ke

ekonomia baliabideak agor daitezen bitartean,

gure asmoak zintzo fin kunplituz,

aitona-amonek osasun publiko eskasa jasan dezaten,

haur eta gazteek hezkuntza motza izan dezaten,

euskaldunek beren Kupoa gal dezaten…

 

Ez dugu inolako moduz utziko

egoera pribilegiatuak eta influentzia trafikoak akaba daitezen.

 

Behin boterean gaudenean, ahaleginak eta bi egingo ditugu

antzinako politikaren amarruekin gobernatzen; ahal dela.

Bai baita oraindik babalorea franko sinesten duenik

justizia soziala izango dugula xede nagusi gure aginpidean.

 

Duda izpirik gabe hitz ematen dugu,

lehen garai batean beste batzuek ohi zuten bezala,

mafiak gure gobernuaren parte izango direla.

 

Txorakeria galanta da (eta hala demostratuko dugu),

gure xedea lortzearren,

argitasuna eta gardentasuna oinarrizkoak direla;

 

izan ere, egitekoa argi eta garbi dago guretzat:

ez  garela ustelkeriaren kontra saiatuko.

 

Ergelek soilik pentsa dezakete zerako hura:

«gure alderdi politikoan, zer esan, hura egin».

 

Bizargorri, 2018-04-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

abril 2018
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30