Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NEKEZ-ARIEN MANTENUA

Egunero dauzkagu berri lazgarriak munduko itsaso eta lehorretatik: bost mugan tiroz erail dituztelakoa, ur gazitan zazpi ito direlakoa, lur gorritan hamaika goseak akabatu dituelakoa. Denak gerratik edo miseriatik ihesi…. Egunero entzuten diegu adituei gosea eta behar-gorriak direla (eta, ezinbesteko ondorioz, emigrazio masiboak) XXI. mendeko korapilorik korapilatsuena… Egunero ahazten zaigu euskaldunok zeinen nekez ari izan ginen bizitzen aurreko mendeetako gerratan (Beamondar-Agramondar, Oinaz-Ganboa, Karlista-Liberal), goseak atzerriraturik asko eta asko (“enara”, artzain, morroi, neskame…). Hona hemen zertatik jaten zuten Nafarroan nekazariek, nekez ariek, orain hirurehun bat urte, beraiek aldarte onez kontatuta. (Mende-baldarrak, Gipuzkoa-Araba-Bizkaian, ez ziren askoz hobeto biziko, noski).

«ERRIBERAN. Goizean goiz, ogi korroskoa eta pattar basokada bat; gustatu edo komeni ezean, berriz, sardina-zahar, piper-morro edo baratxuri-buru errea, ardorik txarrenetik hiru trago joz. Hamarretakoa, ogi pixka bat, piper-morroa edo baratxuri ale gordina, tragoxka igualtsuarekin. Eguerdian, ogia, piperra, baratxuria, bakailaoa. Askaria, bazkarian utzitakoa. Afaria, zopa lodi alargunak (ogia duenak) eta zer edo zer frijitua. Ardo mindutik tragoa jo eta lur-zoru gainera lotara; hotzik bada, asto edo behorraren oinetara.

«ERDI ALDEAN. Gosaria, olio eta koipe izpirik gabeko baba katilu bat edo taloa edo ogia (izanenean); aberatsenek urdai puxkatxo bat, pitarra (pattar pattala) hiru tragotan; gutxi batzuek, ardoa; gehien-gehienek, ur freskoa, inori ez baitzaio falta. Hamarretakoa, ogi hutsa edo baratxuri ale bat; gazta ustela eta ardo pittin bat (gehienek, ur freskoa). Bazkaltzeko, eltzekari xaxtarra eta taloa; postrerako, bakailao pittin bat; aberatsenek, arraultza tortillan edo zezina pixka bat; askok eta askok fruta lehorra, gehienek ardorik gabe; eta, izatekotan, ardo txarra edo ur-ardoa. Askaria, eguerdian utzitakotik. Afaria, lau aza hosto berde uretan dantzari, edo taloa berriz ere, to! Zoriontsuak ogia daukatenak, gure andreek baratxuri-zopa handi gizena egiten bai baitakite bospasei lagunentzat bi edo hiru arrautzaz, patatak eta otapurrak (ogi-apurrak) nahasiz. Edo sardina zahar erdia, edo gazta puxka, edo (aldiko bat) lau intxaur, udare bat, mahatsa, sei gaztaina; edo deus ere ez; ardoa, batik bat begietatik… Jai eguna etorri eta jatekoa igual-iguala: Jainkoak anpara zaitzala. Hori bai, ezteietan, bataioetan, hiletetan eta herriko festetan, haragi freskoa!

«MENDI ALDEAN. Urraul, Nabaskoze, Erronkari, Salazar, Aezkoa, Artzibar, Ultzama eta gainerako mendi-herrietan are eta miseria handiagoa bizi du jendeak. Egia da etxea, soroak, hazienda edo halakorik zerbait badugunok hobexeago moldatzen garena; ez, ordea (ezta hurrik eman ere), ofizialak bezala; ezta jostunak eta zapata konpontzaileak bezain ongi ere. Egia ere badelako, gutako asko eta asko hor goian aipatu dugun mantenurik eskura izan gabe moldatu behar izan dugulako; izan ere, batzuok ogia ikusi ere egin gabe igarotzen dugu eguna; hilabeteak egon gaitezke ardorik probatu ere egin gabe; eta ez dakigu zer-nolako gustua duen haragi freskoak, ezta txitxi gaziak ere, ezta arrain freskoak ere, ezta bakailaoak ere, ezta sardinak berak ere…».

Atera kontuak: iraganak erakusten omen digu geroa nola gobernatu; historiak ba omen daki leheneratzen temoso. Bapo gara gaur bizi; erne, baina, bihar edo etzi; ea hasi behar ote dugun miseriatik ihesi…   Bizargorri, 2018-04-11

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

abril 2018
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30