Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZERA ZERTZEKO ZERAN…

Amaitzen ari da Seguritate Sozialeko erakunde kudeatzaile espainiarrak (Imserso) aitona-amonentzat antolatzen dituen bidaien aurtengo aldia. Hemendik aurrera, hurrengo hotzaldira bitarte, ez da xahar merkeen beharrik, bestela ere betetzen baitira hotelak han-hemen. Gauza da oparo eta gozaro aprobetxatzen dutela jubilatu euskaldunek ere aukera paregabea, noiz hara noiz bestera bidaiatzeko.

Aitona-amona beasaindar ezagun bik egin berri duten bezala (Ondo sasoiko daude laurogei urterekin biak hala biak ere, alafede!). Aste Santu aurreko hamabi egun pasatu dituzte Tarragonako Torredembarra kosta-herrian, La Paella hondartzaren gain-gainean. Pozez txoratzen kontatu dizkigute lagunoi hango abenturak eta kalenturak. Irri batean. Baita ustekabean gertatu zitzaien gorabehera xelebrea bera ere.

Tren geltokitik oso aparte gabe, aspaldiko jatetxe koxkor batean afaldu zuten, beren diamantezko ezteiak zurrut eta mau-mau ospatuz. Bi sabelak bapo-bapo, lau masailak gorri-gorri… Hartan, senarrak, erromantiko, hala esanik izango zion emazteari:

—Eta…, gogoan al duzu, maitte, orain hirurogei urte, gaur bezala majo geundela, nola joan ginen ilunpetan horkoxe atzeko aldera, trenbideko hesiaren kontran gure grina grinatsuak asetzera…? Bonba pasatu genuen, bonba…!

—Gogon izango ez non ba…!?– andreak barre-irri bihurriz.

—Eta…, eta oraintxe bertan ere joango bagina, garai zaharrak gogoan, jolas pixka bat egitera elkarren arrimuan …!?

—Eta…, eta…, eta zeatik ez? Pikaro endemoniarua zu! Egon ba…!

Ondoko mahaian, hurbil, gizaseme bat zegoen, polizia kaleko jantzian, adi entzuten, euskaraz sumatu zituelako, noski. Hainbeste “eta”, hainbeste “bonba”, ez zien itxura onik hartu eta susmo txarrak egin zituen bere baitan. Aitona-amonak atzeko atetik, elkarri besotik helduta, tikili-takulu irten zirenean, segika joan zitzaien zelatan.

Erdi-ilunpetan, hesi ondora orduko, senarrak gerrikoa libratu eta galtzak jaitsi zituen belaunetaraino; andreak, gonak altxatu gerriraino. Eta besarkatu egin ziren biak, amorioa egitera. Hesiaren kontra ipinirik, haiek astinduak elkarri, haiek jolas-dantzak, haiek txikili-txakala jokoak…! Poliziak behin ere bere bizitzan bistaratu gabeko ar-emezko sexu beroa zen hura. Sukarretan eta gutizietan piztuta, desio desordenatuan bihurrikatzen ziren; gizonak gogotik heltzen zion maiteari aldaketatik; andreak negarra zegien, lerdea zeriola…

Halako batean, biak xehe-xehe eginik, erortzen dira lurrera ziplo. Handik gero, zutitzen dira nolabait biak, senarrak lotzen ditu gerrian galtzak, andreak lisatzen ditu izterretan gonak… Polizia, berriz, aho bete hortz eta begiak zabal-zabalik, atso-agure bi haienari fede eman ezinda:

—Aizue –ausartzen da esatera–; barka. Hori da hori haragia piztea adin horretan! Sinestekoa ez da! Nola da posible! Zer egin behar da horretarako…!?

Aitonak orduan, ileak tente nahasi zituela, beste mundu batetik baletor bezala, honela aitortu zion zarrapazzztaka:

—Ezzz dakit, ezzz dakit… Lehen-lehenago, antzina, zzzinkuentaiotxoan, zera zertzeko zeran, alanbre-hesi zzzera hau… ez zen elektrizzzitatezzzkoa!

Bizargorri, 2018-04-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

abril 2018
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30