>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HIRUGARREN ZATIA

Aurreko asteburuan errugbiaren borroka-saltsa izan da bizi-bizi, bero-bero, Bilboko San Mamesen, Challenge eta Champions bi kopa finaletan. Galeseko eta Ingalaterrako, Irlandako eta Frantziako taldeak konbatean ibili dira heriosuhar, hala joko-zelaian nola harmailetan eta kaleetan ere: “hi bahaiz, ni ere banauk!” esaka, elkarri aurre eginez. Bitik batek irabazi du; besteak galdu egin du. Historia irabaztunek idazten dutela, baina denek eraman dute zer kontatua, bakoitzak bere etxera, hurrengo baterako (ere) esperantzan.

Kirol-borroka horretan, ordea (futbolean-eta sarri ez bezala), atentzioa gehien eman duena izan da aurkarien arteko armonia txarrik eza, bizikidetza, moldaketa txukuna. Eta, batez ere, hedabideek maiz adierazi eta goraipatu dute hirugarren zatiarena (aldiarena, denborarena). Alegia, jakina da errugbi partidak (ere) bi zati dituela joko garaian; baina askok ez zekien, joko akabera ondoren zer gertatzen den: borrokan heriosuhar arituak (alde batekoak eta bestekoak), arbitro edo epaileekin batera, denak biltzen direla garagardo bat/batzuk hartzera armonia onean, gatazkaren ondoko aliantzan, bizikidetzan, amnesiarik gabeko memoriaren jabe bi aldeetakoak…

Aurreagoko asteburu bietan (hemen orain axola ez digun arrazoiak medio), agian publikatuko omen zuten elkarrizketa baten bila ibili nintzen ABC egunkari espainiarrean. Arian-arian, azaleko notiziak begiztatuz, barrengo berriei erreparatuz, iritzien hirarenak irakurriz, jabetu nintzen, lehenaz gain, zein urruti gauden-gabiltzan-goazen haiek eta gu, espainiarrak eta euskaldunok, alde batekoak eta bestekook. Iritziak eta hirak, jakina, egunotan barra-barra dabiltzan gai beroei buruz ziren: Generalitateko presidentearen inbestidura, La Manadadeituaren Iruñeko sexu-erasoa, ETAren desagertzea, Altsasuko mutilen epaiketa, euskal presoen hurbilketa…

Derrepente, lehenaz gain, begiak zeharo ireki zitzaizkidan; eta ikusi nuen, argi ikusi ere, alabegiristain!, ezinezkoa dela hemen bake betea, akordioa, aliantza, elkarbizitza…, hedabideetatik hainbeste diferentzia, hainbeste mehatxu, hainbeste ikusezin eta gorroto partitzen den bitartean. Noiz kristo, zertan demontre, nola arraio ipiniko dira ados ABC, El Mundo eta El Pais egunero irakurtzen (jaten) dutenak, Gara, Berria edota Deia goizero leitzen (edaten) dutenekin!? Ez da posible; ezin liteke. Gauza bera esan liteke, noski, berri emanean telebista kate espainiarrei begira daudenengatik, ETB, Hamaika TB eta hemengo kanalei so gaudenokin alderatuta. Ezinezkoa da jokatuaren memoriaren errelatoan, gatazkaren kontaeran. Izan ere, jaten eta edaten duguna omen garen bezala, irakurtzen eta entzuten dugunak egiten gaitu.

Ai ene, inondik inola ahal balitz, errugbian bezala politikan ere, bi herriren arteko gatazka haserrearen bigarren zatiaren ostean hirugarren zati edo aldi bat egitea, aurkariaren errespetu zintzoan, garagardo apartsu batzuen jiran…! Ez dut esaten kantari; baina bai, bederen, bake sanoan… Nago, ordea, alde bateko batzuek amnesia hondar bat mantendu nahi duten bitartean, eta beste aldeko gehienek gutxiespena (“gu demokratak; zuek matxinoak”), zapalketa (“gure legea, zuentzako justizia”) eta mehatxua (“gu nagusi, bestela muturrak hautsi; eta kito, bestela ito!”) besterik ez dakarten bitartean, jai duela hirugarren zatiak gurean; jai, kuanto! Tamalez. Beste behin ere. Luzerako…

Bizargorri, 2018-05-16

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2018
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031