Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LEHOIKERIA IKARAGARRIA

Egunotan, herenegundik etzidamura, Euskal Herriko Bilbo Ziri-Buruan, Makina-Erremintaren 30. Biurtekoa Ospatzen ari dira, Barakaldoko Bilbao Exhibitio Centre mundu osoa biltzeko prest ipinita. Amerikarren Trump-ek, berriz, etzi mugako zergen gerra pitz lezake. Hura bezain buru-zahagi badela demostratzeko eta, bide batez, aldizka turistak handizka konkistatzeko, zer otuko Aburto Alkate Jaunari?, eta bururatu zaio lehoikeria ikaragarria.

Bilarazi ditu udaletxeko funtzionarioak, udaltzain nagusiak eta Athletic Clubeko zale bero buru hautatuak. Hitz egin die eta, aho batez, erabaki dute, berehalako batean, telegrama bat bidaliko dutela, nora?, eta Pekinera; nori?, eta txinatar guzti-guztiei; zertaz?, eta gerra deklaratuz! Gerra, bai… Jaso dute Pekinen ameneko batean delako telegrama amenazuzkoa, eta Xi Jinping presidente txinatarrak hitz gutxitan adierazi die bere jeneralei:

—Bilbok gerra deklaratu digu… Non arraio da Bilbo…!?

Ditxosozko herrialde gudukariaren bila-bilaka dokumentuetan lau bat ordu pasa ondoren, topatu dute hiri koxkor bat, Bilbo, euli-zirin baten parekoa mapamundian, espainiar penintsula ttikiaren ipar itsas ertzean gordea.

Gatazka armatu halakoak ekar litzaken gorabeherak eta arriskuak doi-doi aztertu eta gero, mehatxuari baietz, eta gerrari aurre egitea erabaki dute militar-buru txinatarrek. Orduan, Xi Jinping Jaunak bere idazkariari agindu:

—Erantzun iezaiozu Bilboko herri gobernuari esanez baietz, onartzen dugula gerrarena, nahi duenerako. Aldez aurretik, ordea, eta ahal delarik, adieraz diezagutela zer-nolako potentzia militarra daukaten gaur egun.

Jaso dute telegrama Bilbon, irakurri dute, ulertu dute. Eta Aburto Alkate Jaunak, lainezaz eta orro harroka,  esan dio udaletxeko funtzionario bati:

—Erantzungo diegu, ba, gixon horiei. Entera daitezela! Aditu zer ipini behar diezun, aditu ondo. Gure-gureak ditugula, esaiezu, 1.200 udaltzain, 800 suhiltzaile, 1.300 pistola, 10 ehize-eskopeta, 300 polizia-auto, hiru gabarra (Biba Athletic!!!) eta bi txalupa pnvmatiko, beren karelez kanpoko motor eta guzti. Gainera, bestalde, Defentsa Zibila honakook osatzen dugula: Nik Neuk, Alkate Jaun naizen honek, 11 funtzionario aukera-aukerakoek eta, endemas demasa!, zahar-etxeetako milaka jubilatuk… Bidal iezaiezu airean gutuna, kontuak ondo atera ditzatela esanez, hemen ez gagozala txin-txan-txetarako eta! Eta ea zer daukaten eurek guri aurre egiteko; ea zer…

Txinatik honela erantzun diete bilbotarrei:

—Guk geurekin dauzkagu 27 milioi soldadu, 120 mila ofizial, 24 jeneral eta 6 almirante; gainera, bestalde, 200 mila kainoi, 25 mila tanke, 36 mila abioi, 150 itsaspeko ontzi, 30 hegazkin-ontzi, 18 erregai-ontzi… Den-denak, beti ere, satelite bidez gobernatuak.

Airean iritsi da bueltan ere erantzuna Bilbora. Alkate Jaunak, irakurri orduko, honela agindu dio udaletxean parean tokatu zaion funtzionario bati:

— Gogoraraz iezaiozu Xi Jinping polit-urruti hari beren esaera zaharra: «Hik ez badidak amorio eskaintzen, nik amore eman behar». Eta beraz eta hortaz,  ikusiak ikusita, numeroak egiten hasita, esaiozu, deklaratua diegun gerra erretiratu, baztertu, bertan behera uzten dugula derrepentean, hemen ez daukagulako tokirik hainbeste gatibu, atxilotu eta presoentzako…

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor

mayo 2018
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031