>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

OILAR ZAHARRARENA

Gaur, asteazkena izaki, joan deneko aspaldi zaharrean bezala, azoka jendetsua da Ordizian. Gu ume ginenean, “perie” zen, Billafrankako perie. Ingurumarietako herrietatik, gaur egun bezala orduan ere, jendea erruz bertaratzen zen, asteazkenero-asteazkenero. Gutxi batzuk ikusmira hutsean (jubilatuak obretara bezala); gehien-gehienak, ordea, zerbait saltzera (kapoi, barazki, untxi, sagar…); eta, irabazitakoen trukean, beste zerbait erostera (oinetako, olio, pastel, lan tresna…), etxerako premiazko edota nahikari.

Gogoan dut amak nola kontatu zidan (ala amonak kontatua da?; oraintxe duda), oilar gazte harena. Gure ama zena ia astero joan ohi zen Ordiziako feriara, gazte-gaztetan Zaldibiko Arru jaiotetxetik oinez, eta gerora, ezkonduta, Ormaiztegiko Telleritik, Ojarbiren autobusean. Behin, ezkondu berritan, aitaginarrebak (gure aitona Joxedomingok) oilategiko oilarra xahartu xamarrik zela koitadua eta, txitak nahi izanenean, oilar berri baten beharrean zeudela derrigor, eta dotore bat ekartzeko sin falta eskatu zion. Baita ekarri ere.

Oilar guapo gazte berria, etxe-ordeko oilategira jaregin orduko, oilar zaharraren bila abiatu omen zen zuzen-zuzen, lepoa luze-luze, lainezaz:

—Aizak, hi… Erretiratzeko garaia iritsi zaik. Alde hemendik. Ospa!

—Erretiratzeko ni…? –zaharrak, laratza baino mutur beltzagoarekin–. Ez haiz, ez, aurrenekoa… Tira, motel. Ez didak, ba, esango hemengo oilo guztiekin heuk bakarrik ahal izango duanik? Tira, tira…! Ikusi besterik ez daukak zein baldaturik utzi nauten ni… Sikiera, hangoxe bazterreko bi oilo xahar haiek utziko dizkidak, ala…!?

—Txupaiek hanka azpia eta hoa antzarak ferratzera! Hireak egin dik. Ni egingo nauk hemen aurrerantzean oilo guzti-guztien kargu. Eta kito.

—Ez hator makala, gazte, makala ez hatorrenez, arraioa! Gauza bat egingo diagu, hara: oilategiaren jiran karrera egingo diagu biok; eta karrera irabazten duena izan dadila bertako jaun eta jabe bakarra. Konforme…?

—Ai, xaharra, xaharra… –gaztea gandorra tente, buztana zut, barrezka–. Ondotxo badakik galduko duana… Nahi baduk, ordea, aldeak parekatze aldera, bentaja emango diat: irten hadi hi nahi duanean aurretik.

Oilar zaharra hasten da korrika abioan… Gaztea, kieto. Hamar bat segundo geroago abiatzen da ziztu bizian bera ere… Oilategian zehar, bata bestaren atzetik arineketan, badoaz biak. Beste muturrean buelta hartzerakoan, sei-zazpi metrora du gaztea atzetik zaharrak; geroz eta hurbilago; ia gainean du… Hartan, gure ama zena eta amona Anajoxepa, biak, begira-begira omen zeuden baserriko sukaldeko leihotik, ea zer demontre gertatuko ba… Eta oilategiko zera hura guztia ikustean, hots egin die aitona Joxedomingori:

—Aizu, aizu…! Zatoz agudo! Oilar gaztea atzetik amorraturik segi-segika du gure oilar zaharrak!

Aitonak ez omen zuen begiratzeko ere gogorik erakutsi: eskupeta hartu, kartutxoz kargatu eta, leihora orduko, pummm! Bete-betean jo eta seko akabatu omen zuen bertan oilar gazte dotore errukarria, ezeren errurik gabea, esanez:

—Hau ezinezkoa da, horratio. Kauen sanpototo! Hiru azken asteotan hirugarren aldiz oilar maritxua tokatu ez zaigu, ba! Gallus-sexuala hiru aldiz!!! Egundaino halakorik! Hamaika ikusteko jaioak gara…

(Oilar zaharrak begia baino nahiago habia. Erne hari handik ezer ken).

Bizargorri, 2018-07-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2018
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031