>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZAHARRAK BERRI edo GREY POWER

Hirurogeitaka urteetatik gooora gabiltzanok zertxobait eta gehiago ere badakigu protestez, grebez, manifestazioez eta kaleko borrokez. Hala hasi-hazi ginen bizitzan; hala hezi eta hesitu gintuzten garaiko inguruabarrek. Francoren hil aurre eta ondoren latzak joan ziren; baina gaur ere bada estuasun franko. Gazteak isilik samar daude; baina aitona-amonak, udaberriaz geroztik, kalera dira piloan atera haserre, sindikatu eta alderdietatik libre, pentsio duinen eske: horrixe esaten zaio “zaharrak berri edo grey power”.

Hona hemen, ondoren, jubilatu batek alderdi politikoei zuzendu dien gutuna. Erdi kopiatu, erdi plagiatu egingo dut (halakorik posible bada), testuari aldian-aldian nahierara honako hau kimatuz, besteko zera txertatuz. Zu, berriz, irakurle hori, datorren astelehenean, urriak 1, Nazioarteko Adinekoen Eguna izaki, anima zaitez egunotako manifetara: han-hemen, herriz herri, auzoz auzo. Bakea kalean eraikitzen delako; liderrek sinatu besterik ez dute egiten eta.

«Ez dugu ezer eskatzen, gurea ez denik. Zaharrak gara, ez ergelak. Zuen inguruan ikusten duzuena geuk egina da. Diktadurapetik zetorren herria zutitu genuen. Ixten ez ziren zauriak sendatzen bizi izan ginen; erabat sendatu ezinean, haiekin batera bizitzen moldatu behar izan genuen. Gure gurasoei azken egunera arte lagundu genien. Inondiko laguntzarik ez zen; seme-alabok ginen uztarrian gurditik tiraka. Senitarteko asko eta bitarteko gutxi, geuk jaso genituen etxeak eta etxekoak. Hamaika ordu eta gehiago lan egiten genuen. Guk jaso genuena, orain badirudi zuen gobernagarri dela. Non zopa, han salda.

«Zuek, bi dama eta bost jauntxo kapitaldunekin, eraman zenituzten gure seme-alabak ekonomia krisira. Ekonomia krisi guk geuk arindu-eztitu duguna, bilobak akarreatuz, makarroiak prestatuz, sosak erdibanatuz, familiak ehunduz leunduz, beren onetik atera ez zitezen… Ez duzue eskubiderik guri sakrifizio gehiago eskatzeko. Geurea guretzat nahi dugu. Ai, ene, botoak! Abilena juez, ez!? “Gustuko ez baduzu fruitu daukazuna, azter ezazu laster ereiten duzuna”.

«Jaun-andere diputatuak: jar zaitezte behingoagatik lanean, lanean!, guk egin genuen bezala; eta molda itzazue zuen arteko arazoak eta gorabeherak. Begira itzazue guztiek, guzti-guztiek!, zuen soldatak eta pentsioak, bizitza osorakoak. Baita zuen bidaiak eta dietak eta aholkulariak eta komisioak ere. Gastuak murriztu, bai; estuasunak ezarri, bai; baina zuen etxetik hasita; ja-jai!

«Ez zaitezte orain kalera atera gurekin manifestazioetan, zeuen aldeko propagandarako. Ez ezazue Biltzarra zirko-tzarra bihurtu, komedianteen komeria, irainez eta gaitzespenez eta txiste txarrez betea; lotsagabeen areto lotsagarri. Den-dena esan litekeelako, baldinbetan, era duinean, jendetasunez. Jendeek eskaini badizuete botoa, erakutsi herriari errespetoa.

«Bestela, zuen gurasoak topatuko dituzue kalean, lotsagabe halakook. Zuek ez diguzuela guri amorio eskainiko, eta guk amore eman behar…? Etsi? Belaunaldi borrokalaria ginen eta gara. Gu ari gara gertatzen zuen makurkerien pagaburu, baita gure ondorengo seme-alaba eta bilobak ere. Ez gaituzue isilaraziko, arraio tximista! Gu izan behar berriz ere zezena adarretatik helduko duena…!? Erakuts ezazue behingoz, zinez, jubilatuok zuen miran gauzkazuela. Utz gaitzazue duintasunean bizitzen, bizitzaren hondarrean. Ez dugu “etzi” nahi».

Bizargorri, 2018-09-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2018
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930