>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KONPETENTZIEN BIDEZKO HEZIKETA

Duela hilabete hasi zen, gutxi gorabehera, aurtengo ikastaroa eskoletan. Oraingo heziketaren harira, honako hau irakurri nion anonimo bati (Egiakoa omen), erderaz: «1950az geroztik, asko aldatu dira sistemak eskola publiko zein pribatuan, hala arlo akademikoan nola ikasleekiko harremanetan. Gaur egun ikasle askotxo, alfer baldanak ez ezik, “ukiezinak” ere badira; hezkuntza-erakundeek belaunaldi despotak (sic) eta negargarri txarrak dakartzate gizartera». (sic, sic).

Ondoren, Egiako autore anonimoak adibidea zekarren zazpi aroetan kontatua (eurotan beti, batzuetan pezetetan beharko lukeen arren).

Bat. Matematika irakaskuntza, 1950. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua saldutako prezioaren 4/5ena izan zen. Zein izan zuen basomutilak irabazia?».

Bi. Matematika irakaskuntza, 1970. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua saldutako prezioaren %80a izan zen. Zein izan zuen basomutilak irabazia?».

Hiru. Matematika irakaskuntza, 1980. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua 80 eurokoa izan zen. Zein izan zuen basomutilak irabazia?».

Lau. Matematika irakaskuntza, 1990. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua 80 eurokoa izan zen. Seinala ezazu basomutilaren irabazia adierazten duen erantzun zuzena: ( ) 20€. ( ) 40€. ( ) 60€. ( ) 80€. ( ) 100€».

Bost. Matematika irakaskuntza, 2000. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua 80 eurokoa izan bazen, irabazia 20 eurokoa, ez da? Konforme: ( ) Bai. ( ) Ez.».

Sei. Matematika irakaskuntza, 2010. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua 80 eurokoa izan zen. Zuk, irakurtzen badakizu, ezar ezazu X bat basomutilaren irabazia adierazten duten 20 euro horietan: ( ) 20€. ( ) 40€. ( ) 60€. ( ) 80€. ( )100€».

Zazpi. Matematika irakaskuntza, Konpetentzien Bidezko Heziketan, 2015. urtetik aurrera. «Basomutil batek gurdi bat egur saldu zuen 100 eurotan. Egur gurdikada haren produkzio kostua 80 eurokoa izan zen. Bil zaitezte orain 4na laguneko taldeetan, eta erabaki ezazue: a) Basomutilaren izena (Hizkuntza). b) Marraztu ezazue gizasemea egur egiten (Artea). c) Egin ezazue honako eragiketa: 100-80 = hoge_ (Matematika). d) Ongi egiten du basomutilak egurra moztearekin? (Etika)… (Irakasleak egin beharreko Ebaluazioa. Neska-mutil ikasleak, azken puntu honetan, ezin izan badu, edo nahi izan ez badu, jarduera egin, ebaluatzeko garaian kontuan hartu beharrekoak: asistentzia, oinetakoak, orrazkera, janzkera eta karpeta (ez dio axolarik karpeta bai baina apunteak etxean ahaztuta utzi baditu ere)».

Honaino nire autore anonimoaren testuko usteak eta kabalak. Akaberan, irakasleari ematen dio abisu: «Ez ikaslea suspenditu! Kontu eman, gero! Hala eginenean, haren gurasoak ezagutuko dituzu, eta arartekoa, eta Europar Batasuneko Giza Eskubideen Batzordea; baita irakasle zitaltzat erretratatuko zaituen kazetariren bat ere». Bide onean doa Egiako mandoa?

Bizargorri, 2018-10-03

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2018
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031