>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GAUZA GUZIEN EBOLUZIOAZ

Denboraren joanak berarekin dakar eboluzioa, berez. Beraz, eboluziorik gabe ez dago etorkizunik. Hori hala da eta kito; ahuntza larrean ito edo ez ito. Joxe Artetxek aspaldi esan zuen bezala: «Garai guztiak ez dira berdinak, eta munduan beti izaten dira aldaketak». Aldaketak izan ziren, badira eta izango dira; baiki. Inoiz edo behin, gerta liteke aldaketa bat edo beste ez tokatzea norberaren gustuko; baina, nolanahi ere, denboraren joanak, aldian aldiko garaiak agintzen du gehiago norberaren gogoak baino. Eboluzioa saihestezina da, usteak uste, nahiak nahi, esanak esan.

Aldatu da frontoia eta pilota eta esku-pilota jokoa bera. Nola, horratik, aldatu ere! Batzuen batzuek nahiago dute oraindik lehengo jokamoldea, ederrestenago dutelarik, egungo edozein baino, Gallastegi edo Retegi; baina esku-pilotak, segi eta segi, ilun koloreko frontoiak, bote biziko pilotak eta lauterdiko partida zoragarriak ekarri dizkigu… Aldatu da euskara ere, noski. «Euskara ere etengabe aldatuz joan da eta doa, aldaketa berezkoa baitute giza hizkuntza guztiek. Zeren aldatzen ez diren hizkuntza bakarrak hildakoak baitira». Blanca Urgellek esana… Aldatu dira jatenak, janzkerak, langintzak, garraioak, musikak, elizkizunak, festak, bizimoduak… Zer ez? Den-dena aldatzen baitu, nahi eta ez, eboluzio petral, bizi, etengabeak…

Eta aldatu dute Realeko ereserkia ere. Zeinek esan behar zigun guri, iaz bertan…!? Iaz bertan, kuanto, zeinek esan behar zigun guri aldaketa halako hau tokatuko zitzaigunik! Ez da, nonbait, Real-zale askoren oso gustukoa izan; baina, di-da, esan dute, egin dute, ezarri digute. Eboluzioak eman du bere pausutxoa, ustekabean; eta titili-tatala jendeak onartu du; bibaka edo errezeloz edo marmarka, baina onartu.

Duela 60 bat urte bezala. Ba omen zen orduan ereserki zahar bat ia inork gogoratzen (gogoratu nahi) ez zuena. Joko-zelaiko bozgorailuetan, berriz, “Isabelita” kanta jartzen omen zuten; baita Beatlesen “Yellov submarine” ere, halakoxeak izaki orduan zaleen gogokoak. J. L. Orbegozo klubeko presidente zela, Ricardo Sabadi gaskoi donostiarrak pianoan asmatu omen zuen “Txuri Urdin” kanta berria. Jendeari atsegin gertatu eta beraxe zaigu geroztik Realaren ereserki suertatu. Aldaketak, berrikuntzak, eboluzioa… «Txuri urdin, txuri urdin maitea (bis); beti-beti maite, maite-maitea, Donostia, donostiarra… Aurrera mutilak (barka), aurrera Reala, aurrera Gipuzkoa, aurrera txuri urdinak…!». Ondo da. Ohitu arte…

Anekdota bat. Joan den urriaren 27an Real Madrilen kontra izan zuen partida Realak, han, eta 0-2 galdu zuen. Biharamunean, BERRIAk notizia hau zekarren letra handitan: «Realak 2-0 irabazi dio Madrili». Nire artean: «Hau dek hau hanka-sartzea, ene bada…!». Baina, baina…, gero, oso gero, enteratu nintzen Realeko neskek irabazi ziotela Donostian Madrili:  bi eta huts…! Nire motza eta lotsa…!

(Eta zorioneko eboluzioaz ari garelarik, noiz arraiotarako “Real Sociedad” izen arkaiko lotsagarri horren aldaketa!? Guk, Gipuzkoako jendeok, txuri-urdin zaleok, zer ikusteko dugu, bada, errege etxe harekin?? Apenas ezer; deus ere ez. Beraz, bada garaia eboluzionatzeko, eguneratzeko, berritzeko. Aldaketa lehenbailehen, mesedez!!! Nik, nik neuk, ez dut berriz eskatuko).

Bizargorri, 2018-11-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2018
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930