>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BEKAIZKERIA

Edozein eskola edo ikastolatan gerta izan zitekeen hemen kontatzen dena; baina ez, Tibeteko monasterio batean gertatu zen, agidanean. Hala dio, behintzat, aspaldiko legenda batek. Bertako ikasle mutiko bat zipoka eta mokoka hartzen zuten beti lagunek; ziri eta ziri ari zitzaizkion aldiro, nondik min emango. Jazarpena penagarria zen; bidegabeki tratatzen zuten txarki. Atseginekoxeak zeuden ikaskideak mutilarekin, atseginekoxeak zeudenez!

Behin, gehiago eraman ezinik, Maisuarengana joan zen, burumakur, esatera lagunek eraso egiten ziotela, barre egiten ziotela azpika, ez zutela beste gainerako lagunen pareko erabiltzen, eta berak ez omen zuela inondik uste ezer okerrik egina zuenik halako tratua merezi izateko. Maisuak barre murritza egin eta esan zion:

«Zatoz nirekin… Eser zaitez horrako harri horretan eta entzuidazu kontatuko dizudan historia. Orain ehunka urte aspaldi, suge bat ipurtargi baten atzetik segi-segika hasi zen. Ipurtargiak ihes egiten zion, beldurrik eta ikararik; sugea, ordea, ez zegoen amore emateko eta atzean agertzen zitzaion beti zital, nekaezin. Hala, gaua joan eta gaua etorri… Azkenean, pikondo adar baten gainean gelditu eta honela hitz egin zion ipurtargi ernegatuak suge setatiari:

—Hiru galdera egin al diezazuket?

—Ohikoa ez da –erantzun zion sugeak– ni inori entzuten paratzea; baina, aurki ri-rau batean irentsiko zaitudanez, esan, esazu nahi duzuna…

—Zure elikagaien sailekoa al naiz ni, akaso!?

—Ez. Egia esan, ez.

—Kalterik eragin al dizut nik? Minik egin al dizut sekula!?

—Ez, nik dakidala.

—Hortaz, zer dela-eta akabatu nahi nauzu!?

—Nire begiok ezin jasan dutelako zure argi-distira».

Maisu zaharrak, orduan, ikasleari begietara begira apropos jarririk, esan zion, buruan eraman zezala eta erabil kontatu berri zion historia. Gehitu zion, gainera: «Zu bezalaxe beste asko eta asko egon izan dira (eta egongo dira ere gerora) ataka zail berean, beren buruari galdera eginez ea zergatik, ezer gaiztorik egin ez, eta, hala ere, jazartzen eta erasotzen dioten errukigabe ustezko lagunek. Zergatik…!? Ezin jasan dutelako zure argi-distira. Lehendabizi, sinetsi beharra dago; eta gero hasten gara sinesten».

Txeraz ipini zion eskua bizkarrean zaharrak akaberan… Burua tenteago eraman zuen gazteak lagunengana ondoren… Eta hala bazen, ez bazen, gu geu ere kasu egitera goazen.

(Zazpi bekatu nagusiak, 4)

Bizargorri, 2014-07-16

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2014
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031