>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DOTEA ETA NDZIANI

Aurreagoko larunbat batean, boda batzuk ospatu ziren Hondarribian. Nabaria izan omen zen herrian eztei jantzia, elegantzia, auto soinua eta dantza doinua… Kategoria handikoa dena. Joan zen zapatuan ere, herri-jai berbera tokatu zitzaidan Corellako kaleetan, Nafarroan. Boda dago moda. Baina eztei egunean, bi ezkonberrietan nork du nor erosten? Galdera gordina. Mende askoan ohitura izan baita nolabaiteko erostearena han eta hemen. Ikusi besterik ez dago historia…

Hemen, J. Ramon Erauskinek Auspoa-n kontatzen zuen bezala: «Baldin neskatxa baldin bazan mutillaren etxera edo baserrira ezkontzen zana (bestela ere bai, gehienetan), egun hartan ekartzen zuen andregaiak bere arrioa edo dotea, batzuek obexegoa eta besteek txarxegoa, baña al zuenak al zuen onena… Artuko zuten gurdi bat eta, argizaiarekin ardatza igurtzita, marru eta soñurik aundiena joko zuena… Han jarriko zituzten armario, mai, silla, eltze, kazuela, paerak; erropak, jergoi edo lastairak, maindireak, almohadak eta sobrekamarik ederrena…».

«Ganaduak zer esanik ez: naiz bei eta naiz idiak, al ziran ederrenak eta garbienak, manta dotoreakin eta lepotik zintzarri edo joale eder askoak zituztela… Gurdiari segituaz, neskatx batzuek, buruan, xexto batean, ontzi eta gurdian autsi zitezkean beste gauzakin… Askotan, ordu askoko bidea izaten zan. Mendi eta baso-bidetan bulla ederra ekartzen zuten: gurdiaren marrua, zintzarri eta joale soñua, itzaiaren ejuak, gazteen irrintziak, kantak eta bullak… Pentsatu besterik ez dago zeñen arrera ederra egingo zioten, nobioaren etxera allegatzen ziranean!».

Hori guztia, hemen, euskal herrietan. Han, berriz, Afrikako Ginean, zera kontatzen dute. Ndziani Jaun Goikoak arrak sortu omen zituen lehendabizi, hala gizonezkoak nola animaliak ere. Behin guztiak sortu eta gero, bere jauregian bilarazi omen zituen, eta zakuto bana eman omen zien, esanez, bakoitza bere txabolara edo aterpera edo etzalekura ailegatu arte, ez irekitzeko. Ez irekitzeko, ezergatik ere… Animaliek esanari jarraitu eta obeditu egin omen zioten; eta, bakoitza bere etzalekura ailegatzean zer?, eta, hara!, guzti-guztiek beren emea aurkitu omen zuten.

Gizonezkoek, ordea, aginduari ez zioten jaramonik egin. Bidean zihoazela, zakutoak irrikaz ireki eta… zer!? Bada, hara: ez txabolan, ez aterpean, ez etzalekuan, deus ere ez, inor ere ez. Emerik ez. Handik aurrera, hortaz, emearen bila-bilaka ibiltzera zuten beren burua betiko kondenatu. Hainbesteraino kondenatu eta penatu ere, geroztik, gaur egun arte ere oraindik, behartuak baitaude gizagajoak dirutan ordaina ematera nahi duten eme lagunagatik, ezteietan; baita promes eta zin egitera ere, fidel zintzo izango zaizkiola bizitza guztian, bitik bati beti; txabolan edo aterpean edo etzalekuan inor nahi izanenean, behintzat, maitale eme ezti goxo.

Gurdi eta zakuto, horra hemen-hango eztei historia bi… Ai, Ndziani, Ndziani! Aldea dago batzuen Jaun Goikotik besteon Jainkora; aldea dagoenez, ene. Edo, bestela, ar-emeok ez gaude erabateko animaliak, dirutan erosi behar izateko elkarren faboreak.

Bizargorri, 2014-09-24

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2014
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930