Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
LAGUNARTEKO 7 MARTXA
img
Jesus Mari Mendizabal | 19-10-2016 | 8:14| 4

Handik eta hemendik, bizitzaren errotak programatuta, hogei bat urteko hainbat mutil lagun bildu ziren behin, eman dezagun Gipuzkoako Goierrin, Ormaiztegin, familiak, lanak eta patu ez-beti-putak hartaratuta. Non elkarrekin ospatuko, non elkarrekin afalduko…? Eta erabaki zuten, guztiak ados, Lierniko Mujika jatetxera afaltzera joatea, handik gero, gau pasan, Zumarragan ez bazen Beasainen, parranda egin zezaketelako, «gazte eta ero, zentzua gero» ojuka.

Handik hamar urte geroago, koadrilako lagunok hogeita hamar bat urtekoak zirela, biltzen dira berriz, ea non elkarren lagunarte zorioneko hura ospatu, ea non afalduko ote zuten erabakia hartzera… Eta, azkenean, erabaki zuten, denak konforme, Lierniko Mujika jatetxera afaltzera joatea, parranda bertan luza zezaketelako, eta, handik behera, etxera bidean, sekula santan alkoholemia probarik ezagutu izan ez omen zelako, baso-zulo ilun hartan.

Handik hamar urte geroago, koadrilako lagunok berrogeitaka urteko gizon gordinak zirela, biltzen dira berriz ere, ea non elkarren lagunarte zorioneko hura ospatu, ea non afalduko ote zuten eztabaidatzera… Hau-ta-hori-ta-hura, azkenik, erabaki zuten, denek batera, Lierniko Mujika jatetxera afaltzera joatea, hango neska polit zerbitzariak, eder galantak ez ezik, jator-jatorrak ere izan omen direlako beti, ipurtzulotik ere eztia dariola. (Ipurtzulotik eztia dariola, gizon usteko mutiko begi-luzeak, uler bedi zuzen, gero!).

Handik hamar urte beranduago, koadrilako lagunok berrogeita hamarna urtekoak zirela, biltzen dira atzera, ea non elkarren lagunarte zorioneko hura ospatu, ea non afalduko «Afaldu?… Ez!», bazkalduko ote zuten antolatzera… Eta, azkenerako, erabaki zuten, baietz eta baietz, Lierniko Mujika jatetxera bazkaltzera joatea, hango jaki-zerrenda zoragarria omen zelako, eta, ai ama!, hango ardoen aukera, zer esanik ez: «Janak edana on dik; um-blen-ble…!».

Handik hamar urte beranduago, koadrilako lagunok hirurogei urtekoak zirela, eztula baino zaharragoak ziruditela dagoeneko batzuk, biltzen dira berriro, ea non elkarren lagunarte zorioneko hura ospatu, ea non bazkalduko ote zuten diskutitzera… Eta, azkenez, erabaki zuten, guzti-guztiak bat etorririk, Lierniko Mujika jatetxera bazkaltzera joatea, leku lasaia omen zelako, zaratarik batere eta umerik apenas gabekoa, eta (oso-oso kontuan izatekoa), erretzaile ez zirenentzako omen zeudelako saloiak; hala goikoak, nola behekoak ere.

Handik hamar urte beranduago, koadrilako lagunok hirurogeita hamar urtekoak zirela, txima hondarrak txuri-txuri, biltzen dira beste behin, ea non elkarren lagunarte zorioneko hura ospatu, ea non bazkalduko ote zuten hizketatzera… Eta, atzenean, erabaki zuten «Bale! Bale…!», Lierniko Mujika jatetxera bazkaltzera joatea, elbarri edota ezindu samarrentzat sarbideak omen zeuzkalako, eroso askoak edozeinentzat. Zaharrago eta beharrago…

Handik hamar urte beranduago, koadrilako lagunok laurogeitaka urtekoak zirela, adinak ahiturik, biltzen dira ostera, ea non elkarren lagunarte zorioneko hura ospatu, ea non bazkalduko ote zuten deliberatzera… Eta, atzen-atzenean, erabaki zuten, «Dudaik’pe!, dudaik’pe…!», Lierniko Mujika jatetxera bazkaltzera joatea, oso erabaki zuzentzat etsita aspaldiko partez, izanez ere, han ez omen zirela-eta sekula beren bizian elkartu, ez afaltzera eta ez bazkaltzera.

 

Bizargorri, 2016-10-19

Ver Post >
ROBOTARENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 12-10-2016 | 9:00| 4

Bilbon (non, bada, beste euskal herrietan bestela!?), azken modako jatetxea martxan jarri berri omen dute, denbora asko ez dela… Sartzen da gizaseme ez-gazte ez-zahar bat, jertse urdin-morea lepa-gainetik daramala. Txardina zaharren eguna izaki, urriaren hamabia, ospatu beharra zegoen, baldinbetan. Ateratzen zaio errezibitzera robot-maître bat, bere apain guztiez apaindurik, jantzi-jantzi eginda, eta adierazten dio ezti eta zintzo:

—Sentitzen dut zinez, jauna; baina, erreserbarik egina ez baduzu aurrez, ezin sar zaitezke bazkaltokira, mahai guzti-guztiak beterik daude-eta une honetan. Beraz, ordu erditxo bat-edo itxoin beharrean zaude… Bien bitartean, jatetxeak baxoerdi bat hartzera gonbidatzen zaitu barran, atsegin handiz, pintxo eta guzti. Eta, gainera, nahi baduzu, neuk proposatuko dizut nola ondo eman egonaren denbora.

—Konforme… –bezeroak, liluratuta. Eta inguratu ziren biak barrara.

—Axolarik ez badizu, behintzat, esango al zenidake zenbatekoa duzun zuk zure adimen-kozientea, koefiziente intelektuala? –galdetu zuen robotak.

—Ehun eta hirurogeikoa dut –erantzun zuen bezero prestuak, susmotsu.

Eta hurrengo hogeita hamar minututan, trebe eta xalo mintzatu zitzaion robota azken gertaera kulturalez, filosofiaz eta literaturez; munduko han-hemengo ekonomiaz, azkenaldiko joera posibleak analizatuz; baita azken boladako aurrerapen zientifiko eta teknologikoez ere…

Bezeroa aho bete hortz gelditu zen. Halakoxe inpresio ona hartuta, handik hilabetera, azaroaren hogeian, Franko hil zeneko eguna izaki, joan da berriz Bilboko jatetxe modakora. Itxoin beharra omen zegoela, robotak… Oraingoan, ordea, maître bitxi hura nondik nola aterako ote zitzaion ikuste aldera, adimen-kozientea laurogeita bostekoa omen zeukala esan zion gizonak.

Eta, zain derrigor egon beharreko denboran, robota hogeita hamar minutuz futbol-liga espainiarraren gainean mintzatu zitzaion, kirolari espainiarren nazioarteko arrakasta handiez; baita telebistako (lehen, bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren, seigarren eta hamahirugarren kate jo-ta-ke espainiarren) prentsa arrosa deitutako programez, Matamoros eta abarrez…

Aho bete hortzago gelditurik izango zen jaun bezeroa, nonbait, eta, kuriosidadez, egun batzuen buruan, abenduaren 6an Konstituzio eguna izaki, hirugarren aldiz ere joatea erabaki zuen arestiko jatetxe modako hartaraxe, robot apain buruargi hura probatzera. Dena aurrekoetan bezalaxe: «Dena betea dugu, itxoin beharra dago, zatoz barrara nirekin…». Eta adimen-kozientea galdetu zionean, hogeita hamabostekoa omen zeukala erantzun zion bezeroak.

Orduan, robot-maître bilbotarra poliki-poliki hasi zitzaion hitz egiten, hitzak ez-ezik, silabak ere xehetzen-xehetzen; (baita, zorrotz asko, arrazoi punta motzak agertzen ere):

—Bee-raz, bee-raz, bee-raz, bee-bee-bee!!! –. Harrituta bezeroa, isilik… Robotak, segi:

—Beraz, zuk Rajoy-ri emango diozu botoa. Botoa, borondatea, boterea… Bo, bo, bo! Azti gaiztoren batek garuna bihurritu dizue, atzeraka ibil zaitezten. Lehen, ta-ta-ta!; orain, bo-bo-bo! Bee-bee-bee, bo-bo-bo, ez da gauza onik…

Eta alde egin zion robotak ondotik, bezero jertse urdin-morekoa aho bete hortz zorrotz utzita.

Bizargorri, 2016-10-12

Ver Post >
DIPUTAPENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 05-10-2016 | 8:15| 4

Sekula eztako bilera, batzarre edo biltzarra, egin berri da egunotako batean, Mutiloako lurretan, baina Ormaiztegiko mugetan. Animaliena, batik bat; baina, baita ez-animalia batzuena ere. Bilera alimalekoa, edozein moduz ere, alajainetan. Han ziren, aurpegi mindu mukerrez, bekoki ilunez, tripa jaten, haserre baino haserreago, Ormaiztegiko txakurre eta Gabiriko katue; eta bi antolatzaile hauekin batera, gisa berean:

Mutilloko txerrigorrik, Lazkaoko antzarrak, Ataungo otsok, Ordiziko azak, Olaberriko dotorek, Legorretako pikuk, Zeraingo xaguk, Beasaingo barek, Oñatiko txantxikuk, Segurako zopajalek, Itsasondoko ijitok, Amezketako elbik, Zaldibiko arkakusok, Legazpiko ilintxak, Zegamako belek…, eta beste zenbait gehiago ere bai, saltsa eta baltsa hartan antzeman ezinak. Zarautzko haizeak falta ziren, bost axola omen ziela-eta haiei zoko hartako ustel-usaien auziak. Falta ziren arratoiak eta putreak eta kaioak ere, azkarregi omen zela-eta haientzat; agertuko omen zirela datozen Sandresetarako…

Oihu, istilu eta zalaparta, tren-zubi azpiko bainu-etxe zaharraren inguruetan zeuden guztiak bilduta, anabasan, Lurpe izeneko zabortegi ez hain zaharretik oso apartean gabe. Txandan-txandan, gehienen bozeramaileek hitz egin zuten, frontoi txikiko oholtzatik, ozen bezain bizi. Ormaiztegiko txakurrak eman zion hasera, gorrotoak hartuta, aurpegi garratza erakutsiz eta esanez:

—Lehen kalte eta lardaska gutxi ez eta orain…, orain lehen halako bost kakatan plost gehiago! Zaborra, zikina, zarata, kiratsa eta nazka gure erdi-erdiko kale nagusitik egunero; eskola, plaza, museo, udaletxe eta piszinen aurretio! Kamioiak eta kamioiak (egunero ehun eta hogeita hamar, hiru urtez), kamioiak eta kamioiak kakaz beteak Lurpe zabortegira, herri osoa zeharkatzen duen errekara. Hau marka! Seguruxeagotan ere, non edo han behar omen dira pilatu probintziako hondakinak eta…, ehun mila tona guretzat! Zakurren biolinak! Errezilgo zapatariarena gertatu zaie, sobrare, diputatuei: egin eta egin eta egin, eta, atzenerako, ofizioa ahaztu… Diputapena! Aldeizue hemendio!!!

—Aldeizue, bai, hemendio, malapartatuak halakoak –segitu zuen Mutilloko txerrigorrik, ezpainak estu-estu eginda, barruak irakiten–. Izan ere, astea bete da oraintxe hauteskundeak izan ditugula. Inork inon aditu al dio inori zabor-pila honi buruz ezer!? Ezta hitz erdirik ere ehun mitinetan, jontxe! Eta orain, ditxa atxanpanatuaren ondoren, orain, errukirik gabe, notizia beltza: zuentzat dira probintziako kakak; zuentzat hautsak, hotsak eta kiratsak.. Gobernu txarra etxean, zakurren potrok eltzean. Diputapena…!

—Disparatea! –aldarrikatu zuen Zeraingo saguk, betondoa zimurtuta, kopeta beltzez–. Disparatea, kuanto! Hainbeste ikasi eta estudiatu, zer arraiotarako jauntxo eta andereño diputatuek? Halakoei hala esaten zien Aizpeako Anajoxepa artzai aspaldikoak: «Estudiante mala-kara, bi begikiñ errekara!». Bi begikiñ errekara kuanto, mutilloarren ipurtzulora eta ormaiztiarren muturren aurrera milaka tona zabor dakarrena! Diputapena…!

Eta halatsu, hamaika sutsu. Banan-banan askok esan zuen asko, haserre. Bien bitartean, hango oihu eskandalua! Batzuek: «Alde, alde, alde; alde hemendio!»; beste batzuek: «Bi begikiñ errekara!!»; eta den-denek, temoso: «Diputapena! Diputapena! Diputapena…!!!», euskara batuan, ustez.

Bizargorri, 2016-10-05

Ver Post >
ABOKATUEKIN TXANTXETAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 28-09-2016 | 8:36| 4

Hauteskundez eta hitzontzikeriakundez kokoteraino eginda oraintxe (zer arraio esan, gainera, dagoeneko esanda ez dagoenik ezer!?), kokoteraino eginda, beste albo batera begira jartzea erabaki dut gaurkoan, jaun-andere legebiltzarkide berriak eta zaharrak bazterrera utzita. Ez den-denak ere, seguruenera… Beste alde batera begira jarri naiz, hortaz. Batera eta bestera begiak eman eta… zer ikusiko?, eta abokatuak ikusi ditut sekulako piloan; non?, eta Caja Madrideko txartel ezkutu zorionekoen epaiketan, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Miguel Blesa, Rodrigo Rato eta gainerako beste hirurogeita hiru akusatuen inguru-minguru. Abokatuak eta abokatuak…

Tribunal buru, fiskaltza, salatu eta abarren abarren jiran, egundoko sala handian kabitu ezinda, han ikusi ditut klase guztietako abokatuak: abokatu defentsari, abokatu akusatzaile, Estatuaren abokatu, langileen abokatu, deabruaren abokatu…; ofiziozkorik apenas dagoen inor. Hainbeste letratu pinpirin jantzi piloan ikusita, haiei buruzko txantxa pare bat egitea pentsatu dut, umorez (txiste merke txarrez, nahi bada), abokatuen gertaera xelebre dexente daukat-eta aspaldi jasoa, non eta noiz enplegatu asmatu ezinik. Ez letratu guztiak igual direlako, baizik askok beldurra sartzen duelako.

Bide bazterretik bi gizaseme zetozen oinez, etxera bueltan lanetik. Fabrikan lana latz egina zuten egun guztian, hamaika orduz… Hartan, bat-batean, ez nondik eta ez handik, ziztu bizian zetorren auto handi dotore batek jo eta aurrean eraman zituen, rrraust eta plassst!! Abokatua zen gidaria; autoa, berriz, nolabait inportatua, berri-berria. Gizon langileetako batek, parabrisaren kontra bete-betean jota, kristala hautsita, gidariaren aldamenean amaitu zuen, mila txiki arraio eginda, korderik gabe; haren laguna ere hala-moduz gelditu zen lurrean etzanda, xehe-xehe eginda, istripua gertatu zen puntutik hamabi-bat metrora… Handik hiru hilabetetara, bereak eta asto beltzarenak ikusita, atera ziren bi gizajoak ospitaletik. Eta, mundu guztiaren harridurarako, kartzelara eraman zituzten bi-biak zuzen-zuzen. Zergatik?, eta, bata, jabetza pribatua inbaditzeagatik; eta, bestea, istripuaren gertalekutik ihes egiteagatik.

Beste abokatu bat auzitegira zihoan presaka behin autoz, oso bilera garrantzitsura. Berandu zebilen. Bertara iritsi, eta non aparkaturik ez! Atarramentua. Buelta eta buelta… Hirugarren bueltan, etsia hartuta, begiak zerura galtzaile jaso eta hasten da marmariozko otoitz jardunean: «Ene Jauna, mesedez, arren eta arren, eman iezadazu aparka-toki bat! Agintzen dizut igandero joango naizela mezatara, bizi naizen artean; agintzen dizut ez naizela gehiago putatara joango; agintzen dizut aurrerantzean ez dudala batere zurrutean egingo; agintzen dizut ez naizela egundo berriz nire idazkariarekin oheratuko, ezkondua izaki bera, ene Jauna…!». Mirariz, hara ustekabean non bistaratzen duen derrepente autoa sartzeko adinako tarte bat, eta aparkatzen du egoki. Berriro ere begiak goraka, baina garaile jada oraingoan, sententzia ematen du behin betiko legegizonak: «Ene Jauna, lasai. Zaude lasai zu, aurkitu dut-eta aparkatzeko lekua. Eskerrik asko, edozein moduz ere». Eta, lasai demonio bera, tipi-tapa, hor dihoa bere egitekoetara, ezerk ere zipitzik inporta ez diola, ohitura lege. Halako legegizona ez da gizalegekoa, alafede!

 

Bizargorri, 2016-09-28

Ver Post >
ENPERADOREAREN TRAJE BERRIA (eta II)
img
Jesus Mari Mendizabal | 21-09-2016 | 8:47| 4

Eta dirutan elemenia eman zien enperadoreak bi pikaro tunanteei… Bi iruzurgileok ehun-gela bat antolatu zuten, palazioko tokirik ez eskasenean; eta lanean ari balira bezala jarri ziren bi-biak, ustezko makina josteko baten aurrean, fikziozko trajea egiten. Zeta finik finenak eta urre gorririk gorrienak eskatu zituzten josketarako (egiaz beren patriketarako). Orduekin batera, arratseko ilunak ere aurrera zihoazen poliki-poliki, geroz eta iluntzenago…

Ametsetako oihal berrizko bere janzkia ikusteko irrikan zegoen enperadorea. Kezkatan lo hartu ezinik, dena den, zalantzatxo larri batek kikiltzen baitzuen: ergel edo gauzaeza izanenean, ezin ikus omen zitekeela ehuntzen ari omen ziren zera eder hura. Kezkatan, beraz, bere ministro zahar duin eskarmentatu bat lehendabizi, eta bere konfiantza guztizko gorte-gizon bat hurrena bidali zituen, txandan-txandan, tela ehuntzen eta josten ari omen zireneko gelara, badaezpada, gauzak bertatik bertara egiaztatzera.

Biek ala biek ere, begira-begira jarri eta luzaz egonagatik, ez zuten ezer ere ikusten, ez tela eta ez tela ondo. Hala eta ere, baina, biek beren kolkorako hausnarketa berbera eginik izango zuten, agidanean: «Ni ez nauk ergela; nik enplegua ez diat nolanahikoa; nire hemengo egoera abantailatsua nola-hala mantendu beharra zegok; ez dadila inor entera…». Eta ametsetako oihal haren koloreak eta ederrak goraipatzen zituzten. Bitartean, sastre faltsuek urre gorri eta zeta fin gehiago eta gehiago nahi…

Hurrengo goiz-albarekin, irrikatsu jaiki zen enperadorea bere zorioneko traje berria ikustera, ukitzera, janztera… Ordurako, ez gortekoak bakarrik, baita hiritar ugarik ere, oihal mirakuluzko haren bertute ederrez mintzo ziren saloietan eta espaloietan bala-bala… Arestiko ministro eta gorte-gizon konfiantzazkoekin batera joan zen josten ari omen ziren ehun-gela antolatu berrira. Eta: «Ez al du Berorren Gorentasunak bistatzen trajearen ederra!? Horiek dira koloreak, horiek dira irudi grabatuak, horiek dira…!!». Eta enperadoreak deus ere ikusten ez, baldinbaitere! Bere baitan, baina: «Ni ergel txotxolo!? Nik ez balio enperadore izateko…!? Utik!!». Eta baietz, oso-oso eder-ederra zela, sekula santan inon inori berak ikusi gabekoa.

Hala, behinik behin, palazioan zehar harro-harro gora eta behera traje berria jantzirik ibili ondoren, deliberatu ziren denak kale gorrira ere, herri arruntaren aurrera agertzera, soldadu eta dama, gorte-lagun eta guzti. Eta atera ziren ilara egundoko luzean, enperadorea tenterik guztien buru zelarik. Kaletik eta leihoetatik, ondokoak tonto inutiltzat har ez zezan, jendeak garrasi: «O, zeinen pollitak enperadorearen janzki berriak! Oo, zeinen traje berri ederra!! Oooo!, hori da hori dindirriaren ikusgarria!!!». (Janzkiaren zintzilikako zatia).

Bat-batean, ume koskor batek: «Biluzik doa eta!», esan zuen. Eta haren aitak: «Ene, ba! Horra ume xaloaren egia egiazkoa!». Eta, atzenerako, herri osoa hasi zen esaka: «Ez darama-eta ezer ere jantzirik!», zurrumurruka lehendabizi, espantuka oihuztatzen gero… Larritu zen errege, herriak arrazoi zeukalakoan, baina: «Eutsi akabatu arte, eutsi…!», egin zuen berekiko. Eta tente asko segitu zuen segizio ugariaren buru, aurrera eta aurrera, laguntzaile zenbaitek artean gezurretako dindirriari heltzen ziotela, arrastaka-arrastaka zikin ez zedin edo…

 

Bizargorri, 2016-09-21

Ver Post >

Otros Blogs de Autor