Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
MUSUEN LIBURUAN LAGUN BILA
img
Jesus Mari Mendizabal | 13-01-2016 | 9:24| 4

Zeruan San Pedro eta konpainia zeharo harrituta omen daude azken boladan. Hara eternitaterako iristen zaizkien andre-gizonak, zaharrak eta gazteak, zuriak eta beltzak, ez omen dira kapaz (mendeetan orain artean bezala) elkarrekin hizketan natural hasteko; ez omen dira kapaz bata besteekin elkarrizketan ohiko gisan jarduteko, lagun berriak egiteko. Etsi-etsian, beren bi esku hutsei buru-makur begiratu: besterik ez omen dute egiten desesperazioz. Musuen liburua falta, alajaina; facebooka! Eta Facebook-a ez bada, Youtube-a; eta Youtube-a ez bada, Whatsapp-a…

Eguberriz, Olentzero aieka hauetatik irago ondoko egunean, emaztea eta biok, eguraldi ederrarekin, paseoan genbiltzan Bidasoa bazterretik arratsalde artean argian. Eta eszena ikusi genuen ustekabean, ikustekoa! Hogei eta gehiago gazte, neska-mutil 15-17 bat urteko, batzuk petrilean besteak bankuen bizkarraldean eserita, isil-isilean, bakoitza bere musuen liburuari adi-adi… Han ez zen deusen txintik. Txioren bat tarteka, norbaiten eskuen arteko maxinatik… Ikusteko espektakulua…! Ez zeuden zozoen elean; ez, ahuntzaren lorean; mutuen tutuan zeuden. Lagunen artean lagun bila.

Izan ere, horixe da askoren azkenaldiko jokalegea: txanka, zaldia eta erregea; esan nahi baitu, eta ezin uka: Youtube-a, Whatsapp-a eta Facebook-a… Hori dela-eta medio, hortaz, kontuan hartuta San Pedroren zeruko harridura gaitza batetik, eta andrearena eta biona lurrekoa bestetik, hona hemen lagun-zahar batek e-postaz bidali berri didan kasua. Errepara iezaiozu, irakurreran, parodiaren ironiari pausoz pauso.

«Egunotan lagun bila nabil, Facebook-etik kanpo. Baina, prozedura berbera erabiliz, hori bai. Egunero ateratzen naiz kalera, eta parean tokatzen zaizkidan guztien ondoan jartzen naiz. Eta kontatzen diet zer gosaldu dugun, nola sentitzen naizen, atzo zer egin genuen, geroxeago zer egin-asmo dudan, zer bazkalduko edota afalduko dugun. Baita gauza gehiago ere, inolako estalki gabe, bala-bala… Gure andrearen argazkiak eskaintzen dizkiet, alabarenak, zakurrarenak; baita neureak ere lorategian, piszinan eta abarretan; oporretako bideoak, asteburukoak… Denak ematen dizkiet.

«Beste batzuetan, binaka edo hirunaka edo taldeka ere doazen pertsonen atzetik jartzen naiz itzalgaizka, ondo-ondotik segika. Beren elkarrizketak eta gorabeherak entzuten ditut. Gero, ondoren, aurrez aurre presentatzen natzaie ez-bat-ta-ez-bi, eta esaten diet “atsegin dut”, edo “me gusta”, segun; eta akaberan, arrenka erregutzen diet onar nazatela beren artean, “lagun” izan ote gintezkeen aurrerarantzean; bide batez, arestian entzun nizkien kontuez ere egiten dizkiet nire komentarioak…

«Geroago, eta azkenean, beste pertsona batzuk hartu tertulian non edo han lagun, eta lehenago kalekoei entzun diedan guzti-guztia kontatzen diet zehatz-mehatz…. Eta funtzionatzen du; puntziona. Nola funtzionatu ere, ala fedetan! Dagoeneko, oraintxe bertan, hiru pertsona datozkit atzetik neuri segika. Polizia bi eta psikiatra bat dira. Hala omen dira. Zaragozara ez bada, Santagedara mando zurian eramatekoa omen nago ni, ero-txoro juiziorik gabea, facebooken musuen bila, musuen liburuan lagun bila nabilena; ez omen dut zerura eramateko ere balio».

Bizargorri, 2016-01-13

Ver Post >
E-MAILARENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 06-01-2016 | 9:18| 4

Gizaseme langabe batek Microsoft enpresara jo zuen lan eske, orain gogoan ez dudan hirian. Bost axola hiriak. Komunak garbitzeko zen lan eskaintza. Idazkari-buruak egin zion elkarrizketa, baita proba batzuk jarri ere; eta, atzenean, baietz.

—Egokia zara guretzat. Lana zeurea da. Egitekoa zuri emango dizugu. Beraz, mesedez, emaidazu zure e-maila. Hantxe adieraziko dizut zehatz-mehatz zein egunetan etorri behar duzun lehendabizikoz lanera, eta zein baldintzatan.

Langabeak, lotsatuta, ezetz; berak ez omen zeukala ez ordenagailu eta ez e-posta elektroniko eta ez, hortaz, e-mail pertsonalik. Idazkari buruak orduan, bost segundoko ez, segundo bateko erantzun automatikoan erabaki zuen di-da:

—E-postarik ez baduzu batere, zu guretzat ez zara birtualki existitzen. Eta existitzen ez bazara, ezingo duzu (nola ba!?) gure enpresan lanik egin. Eta kito.

Etsia hartuta, kale gorrira gizona… Erreka bazter batetik ibilalditxoa egin ondoren, bere patrikako azken sosekin almazen batetik hamar kilo marrubi eder erosten ditu eta, eguerdi-arratsaldez, etxerik etxe, atez ate, saltzen ditu denak ondo. Oso ondo saldu ere: goizean baino ia berrogeita hamar euro gehiago poltsikoan, propina eta guzti. Biharamunean, hiru aldiz egiten du operazio berbera…

«Joiño, hau negozioa! Poz txarrik ez zegok!», eta hurrengo asteetan lau-bost aldiz fruta eta barazki gehiago hartzen du zuzenean almazenetik… Hilabeterako mototxo bat erosia zuen, partiketarako; geroago, furgoneta koskor bat; geroago, kamioia… Mara-mara, egunak aurrera eta lanak aurrerago, bere enpresa sortu zuen gizonak, etxez etxeko salmentarakoa… Urteak ere aurrera egin ahala, hara zer!?, eta eskualde zabal guztian janari produktu enpresa handienetakoa bilakatu zen berea.

Eder-sumak miseriatik kontsolatu zuen noski; baina urteekin batera hamarkada ere aurrera eta, diruak diru, zahartzaroa bistara iritsi zitzaion orduko, pentsio planen bat ere akaso ez litzaiokeela badaezpada gaizki etorriko, okurritu zitzaion. Hainbat eskaintzen artean uxarka, on-iritzi zion bati eta abiatu da aseguru konpainia hautatura.

Behin han, idazkari-buruaren aurrean zela, hau eta hori eta hura, baietz eta ados eta konforme, atzenean eskatzen dio e-maila aseguru-etxekoak gure gizonari. Honek, ezetz, ut!, ut!, puies! puies!, berak ez omen duela egundo e-postarik izan, ezta beharrik ere. Agenteak orduan, harri eta zur:

—Harritzekoa da benetan; harritzekoa denez, koanto! Urte gutxitan halako ahalmen itzela erakutsi komertzioan eta, arranopola!, zuk ez duzu erabili sekula, zuk ez daukazu oraindik e-postarik…!? Ene, bada! Zertaraino ez ote zinen zu iritsiko, zertaraino ez, baldin eduki izan bazendu! Atera kontuak…

—Zertaraino, diozu? –erantzun zion arestiko langabeak-. Atera kontuak…? Microsofteko komunetaraino. Gaur egunean oraindik, kontuak ahalik zuzenen ateratzen hasita, komunak garbitzen jardungo nukeen lanean; komunak garbitzen!

Bizargorri, 2016-01-06

Ver Post >
BI MILA HAMASEIA!
img
Jesus Mari Mendizabal | 30-12-2015 | 9:45| 4

«Gure literatura zaharrean, ‘Bi mila hamaseia!’, oihu-garrasi hitzak izan dituk, izu-ikara erakusteko garaian. Ondo dakik hik hori, ondo dakianez, lagunxar. Xar koanto, hirurogeitaka urterekin. Eta, behin zahartuta, jendeak uste dik ez omen dagoela atarramendu onik: urte berri, urte zahar, Martzelino praka zahar! Uste ustela hori, ordea; larrienean beti, ttak, argia agertzen ohi delako, hori ere badakik ondo: txikili eta txakala, txurrut eta purrut, urte zahar, urte berri, eroak ere igerri.

«Urte zaharrarekin, zahartu haiz hi heu ere, Martzelino; zahartu haizenez. Urte zahar hau bezala (‘hamabost pausoz konponitzen da kalbarioko bidea…’; ‘kintzetik kintzera ahulduz doaz mutilak…’), urte zahar kintze (2015) hau bezala, azkenetan habil hi ere; azkenetan… Beraz, bada, hona hemen hiretzat, aitona eskarmentatuen artean e-mailez e-mail bala-bala dabiltzan hamasei aholku zuhur, hirurogeitaka urtetik gorako gizasemeentzat. Ibil hadi fundamentuz sexu kontuan (ohera, lotara ez, bestera abiatzen haizenean). Intentzioak atentzioak behar ditik, Martzelino.

«01. Ezer baino lehen, betaurrekoak ondo garbitu eta hire bikotea ohean dagoela egiaztatu behar duk. 02. Argi txikiren bat bederen pizturik utzi behar duk, komunera altxatzerakoan minik ez hartzeko. 03. Telebista edo irrati edo dena delako zerak itzal itzak, hire lanean bete-betean kontzentratzeko, hire lan zailean dena emanean aritzeko. 04. Ahaztu gabe, erabat erantzi, arropa-korapilorik beso-hanketan ez izateko gero. 05. Badaezpada, apunta ezak eskuan hire aspaldiko maitearen izena, une beroenean burua joaten bazaik ere… 06. Programa ezak hire iratzargailua, hamabost minutura txirrina jo dezan, ttin-ttin!, badaezpada ere; akzioan, akaso, lo hartuko duk-eta, oilar mantso.

«07. Har ezak pilula urdin magiazkoa; agian, hobe bi. 08. Har hitzak aspirina bi ere, festa hasi dadin baino lehen, porsiakaso ere, infartuak-eta, badakik… 09. Eskura eduki anelgesikoren bat, bizkarrean edo izterrean zain-tiratua eginda ere… 10. Prest eduki ezak telefonoa, gogoan 112a, larrialdietarako numeroa, zer gerta ere. 11. Osasun-poliza ere gerturik eduki ezak mahai gainean; hire gizarte-segurantzako txartela, zeinahi dela ere. 12. Hire testamentu edo azken-nahia ipini ezak ikusteko moduan bistan, larrialdi dolugarriren bat tamalez tokatuko balitz ere…

«13. Atera ezak ahalik eta zarata gehien, traka-traka!, auzokoen batere kezkarik gabe, haiek ere hi bezain zaharrik zeudek-eta, haiek ere gorraizea zeukatek-eta. Ez ditek, gainera, sinetsiko egiten ari haizena, susmoak susmo. 14. Lortzen baduk (egitea, azkentzea, zertzea), txitxi baino kontentuago, konta iezaiek hire lagunei, whatsappak idatz iezazkiek, e-mailak bidali…: harriduraren harriduratan, zuri-zuri zurturik urtuko dituk inbidiatan. 15. Utz itzak beste baterako urak eta teak eta kamamilak; hartu ardo on bat eta topa, un-blen-ble! kantari. 16. Ez hadila bigarren aldiz lan zailera saia inola demonio: hilgarri gerta zitekek; kontuz, bi mila hamaseia! Behin bale, balekibale.

«Urte Berri On, Martzelino lagunxar! Eta hurrengo txikili-eta-txakala berriz ere fortuna dakian bitartean, kanta ezak koadrilan txurrut eta purrut, irriñoz bettez, euskaldunaren betiko leloa, esaten baituena: ‘Hau da edari zoragarria, niri gustatzen zaidana. Maria Jesus bihotzekoa, bete hamaseigarrena!’».

Bizargorri, 2015-12-30

Ver Post >
JUDUA ETXE BILA
img
Jesus Mari Mendizabal | 23-12-2015 | 8:45| 4

Hala nola dagoen Pirinioetan Hiru Erregeen Mahaia mendia, dago Moncaioren azpi-ondoan Agreda, Sorian, Hiru Kulturen Hiria. Hiru kulturena edo (kristau-judu-morisko) hiru erlijioena. Eta jakina da erlijioa omen dela federik itsuena. Itsuena: hitza bera mintzo da aski ozen, noski. Egia osoaren jabe dena, beti zital; zaila, hortaz, elkarri tokia ematen… Atzo bertan (mairu-moroak lo edo mezkitan zirela), hara zer gertatu omen zen Agredan. Nafar erriberako lagun batek aitortu berri dit hala niri.

Etxejabe katoliko itsu batek etxebizitza alokatu nahi lehenbailehen, eta iragarki-afixa ezarri omen zuen horman, bere telefono eta guzti. Istanteko, etxeko atarian omen zeukan gizaseme hala-moduz jantzi bat eta, kastillano xaxtarrean: «Zuk errentan utzi nahi etxea –esan omen zion-; nik errentan hartuko». Errentatzaileak antzeman, ordea, giza-figura hura kristaua ez zena, judua baizik, eta goganbeharrez: (Hemendik aurrera kristaua eta judua dituzu txandaka hizketan; narratzailea lotara doa, mairuen ondora).

—Ez… Ez, jauna. Teila batzuk hautsiak ikusi ditut eta, euria hasienean, dena barruan blai. Teilatua ondo konpondu arte, ez diot etxea errentan inori utziko…

—Ez inporta, gizona. Nik anai bat, teilatu konpontzen oso ona. Berak di-da agudo konponduko. Nik interesa handia: etxe bat nahi…

—Ez, ez. Begira: ikusten dituzu umeak hor jolasean? Izugarri molestatzen dute bazkalondoko lo-kuluxka garaian; baita goizetan ere. Etxea horrela errentan eman? Ez.

—Ez inporta, gizona. Nik beste anai bat, jostailu egile. Nik jostailuak partitu umeei eta denak adiskide! Nik interesa handia: etxea nahi…

—Begira, aizu… Gauzak argi eta garbi, horra. Zu hor eta ni hemen. Nik ez diot inola santisima ere nire etxe hau judu bati alokatu nahi. Eta kito.

—Judua ni!? Ez, ez. Ni katoliko naiz eta!

—Zu kristau katolikoa? Tira, tira… Ea, ba, esaidazu: zenbat Jainko dira?

—Jainkoa, bakarra. Hirutan, hori bai: Aita, Semea eta Espiritu Santua.

—Zein izen du Jaungoiko Aitaren Semeak, gu salbatzera mundura etorriak?

—Jesukristo.

—Eta non jaio zen Jesukristo?

—Jesukristo Belenen jaio.

—Jaun Goikoaren seme izaki, palazio eder batean jaioko zen, ala…?

—Ez. Gaixoa estalpe ukuilu modukoan jaio. Behia ondoan, astoa ondoan…

—Eta zer dela-eta jaio zen, ba, estalpe miserable negargarri batean, e…!?

—Zergatik? Kristau putakumeek nahi ez zutelako etxea alkilatu juduei.

Bizargorri, 2015-12-23

Ver Post >
TXOFERRA ETA ERRETOLIKA
img
Jesus Mari Mendizabal | 16-12-2015 | 9:35| 4

Zenbat debate, hitzaldi, sermoi, erretolika politiko egunotan, datorren igandeko hauteskundeak direla-eta…! Meza baino aspergarriagoak denak. Hizki-mizki, txutxu-mutxu, txandrio eta erausi, zenbat ele-jario hutsal, harroputz, handi-iritzi…! Hauxe da hedabideetako nartzisismoa, haizekerien feria, putzontzien antzerkia…! Dialektika gutxi eta erretolika franko, dena dugu jakin-zaharra, errepikatua, maiztua: nahikoa da adarrik…! Egia eta esana ez dira auzo berean bizi. Ai ene, jaikiko balira Aristoteles eta Rousseau maisu zaharrak zumezko zigorrak astinduz! Beste kuku batek kaka…

Guztiarekin ere, beste erremediorik ez eta ikus-entzun beharra dago hala gorria edota beltza, nola txuria edota berdea ere. Eta, hauteskunde kanpaina izaki, horretan gaude, nahi eta nahi ez… Halakoetan beti Einsteinen txoferrarena etortzen zait burura, pasadizo xelebre ezaguna; eta barre egiten diot nire buru etsituari. Oraintxe kontatuko dizut. Albertek berak ere sarri askotan kontatzen omen zuen lagunarteko txantxetan; ez, noski, bere bizitzako historia gisa, bere ditxazko istorio modura baizik…

Laster beteko dira ehun urte Erlatibitatearen Teoria argitara atera zuela (1916). Jende jakintsu asko ez zegoen konforme; kontra azaldu ziren zientoka. («Zergatik ehun nire kontra? Batek arrazoi badu, aski da!»). Handik bost urtera (1921ean), Fisikako Nobel Saria eman zioten… Eta ai ene bada!, orduan denek zuten maite, denek ere ondoan nahi… Judua zela eta komeriak, ordea, eta Alemaniako sorlekutik alde egin zuen Frantziara, Belgikara, Bretainia Handira; eta, azkenik, (1933an) Ameriketara.

Garaitsu horietan (Frantzian izan behar zuen, agidanez), bateko eta besteko unibertsitateetatik dei egiten omen zioten hitzaldiak ematera. Autoa gidatzea ez omen zuen oso gustuko eta txofer bat kontratatu zuen. Egunak joan eta hitzaldiak etorri, hitzaldiak etorri eta egunak joan, behin Albert jaunak aspergarria omen zela hura guztia, esanik izango zion txoferrari: «Beti toki guztietan hitzaldi berbera egin beharra, beti kontu bat eta bera… Gogoa galdurik nabil». Eta txoferrak: «Nahi baduzu, gau bategatik, neuk egin nezake zure ordezkoa: hainbeste aldiz entzun dizut zure erretolika hori, neu ere gai sentitzen naiz hitzez hitz osorik errepikatzeko».

Zer okurritu, hura egin. Hurrengo erretolika-aldirako, batak bestearen arropak jantzi eta Albert jarri zen autoan gidari… Hiri berria izaki, inork ez zuen han Einstein bertatik bertara ezaguna; inortxok ez zion, hortaz, kanbioari igarri eman. Txoferrak, hasi eta buka, bururen buru eman zuen hitzaldia, Alberti hamaika eta gehiago aldiz entzuna ziona. Denak kontent. Txaloak…

Akaberan, ordea, entzuleen arteko irakasle batek, gaia zorrotz goldatzen hasita, galdera bat egin zion eguneko hiztunari, galdera berria, egundo aurretik inori inoiz inon aditu gabea. Txoferrak, arraina larrean bezain arrotz, ez zekien nondik atera, ezin asmatu zuen zer demontre erantzun… Berehalakoan, hala ere, taxu eman zion estuasunari, eta: «C’est pas grave –esan zuen-. Oso azalpen erraza du horrek, aizu. Begira, hantxe, aretoaren atzeko partean dagoen gizaseme harexek erantzungo dizu argi asko… Nire txoferra duzu».

Bizargorri, 2015-12-16

Ver Post >

Otros Blogs de Autor