Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
INDEPENDENTZIARAKO…
img
Jesus Mari Mendizabal | 21-06-2017 | 7:53| 4

Beroa da notizia egunotan euskal herrietan. Eta berotu dira bazterrak eskararekiko ere, itxura batean bederen, gurean denean. Bihar bertan, Guinness errekor saiakera egingo dute Eibarren, «Akebai!» (sic) plataformaren logotipoa eratuz bi mila eta bost ehun pertsonekin; datorren urterako, azaro-abendu, «Baietz hamaika egun euskaraz elkarrekin!» proposamen eregugarria (sic) aldarrikatu berri digute; herenegundamu, igandearekin: «el euskera se hace fuerte (sic) en Rioja Alavesa; Labastida seduce a miles de personas en un caluroso Araba Euskaraz»; «Euskararen txantxangorria» Bizkaiko traineruetako kareletan itsatsita joango da aurten, «¡Vamos! Un, dos, tres…» (sic) lemariarekin oihukari; ETB-2an (sic) «Euskara bihotzetik ezpainetara» apustu berria dugu…

Hori guztia eta «nire aberria harrizko herria da, hitzezkoa eta hitzekoa», hori guztia, optimista atletikoena da. Zeren-eta pesimista errealistok arrunt desberdin pentsatzen baitugu, eskarmentuaren poderioz: «Aberriaren mugak, euskararenak, geure baitan daude gehienak». Denak. Eta horren guztiaren hari muturretik, Juan Luis Zabalak, gaur sei, BERRIAn zazpi probintzietara ateratako «Hogeita bost txio eta hiru aldarri independentziarako» artikulutik atal puska biribilak bilduko ditut nik hemen, autorearen baimenarekin. Den-denak kabitzen ez, eta hamabitan laburbilduko ditut. Den-denak aspalditik bi ezpainon bi ertzetan nerabiltzanak pipi. Aurretik etsirik, noski, ez Juan Luisi eta ez ere niri, inork apenas kasurik egingo digunik. Irakur banan-banan, poliki:

«1. Euskarazko prentsari kasurik ere egiten ez dion abertzale bat erdarazkoari katigatuta ikustean, zerbait hausten zait bihotzean, krak! 2. Abertzaletasuna berritu behar omen dela-eta: euskaraz ikasten ez duen abertzale erdaldunak zer aberri du buruan? 3. Baina bada larriagorik, absurduagorik: zer aberri du buruan euskaraz alfabetatu ez den abertzale euskaldunak?

«4. Herriko euskara, hori bai autentikoa! Eta herriko euskarak balio ez duenerako, autentikoak garenez, euskara batuaren ordez, erdara. 5 Jendaurrean bere herriko erdaran mintzo dena artaburua dela diogu; jendaurrean bere herriko euskaran mintzo dena, naturala eta herrikoia. 6. Erdara batuan mintzo dena jakintsua dela esaten dugu; euskara batuan ondo mintzo dena, pedantea.

«7. Euskarari batasuna eta gure alfabetizazioa ukatzea, seme-alabari eskola ukatzearen parekoa da. 8. Bi hizkuntza badakizkizu, baina bakarrean alfabetatuta bazaude, alfabetatuta zauden hori zabalduko duzu, maiteena bestea izan arren. 9. Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, hitz egiten dutenak hizkuntza horretan analfabetoak direlako, baizik.

«10. Erabakitzeko eskubidea? Ez, ez. Lehen pausoa, euskarazko alfabetatze kanpaina masibo eta irmo bat. Horrek bai izutuko lituzkeela izutzekoak! 11. Herri armatuaren lilura amaituta, zergatik ez hedatu herri alfabetatuaren lilura? 12. Alfabetatzea da bide bakarra! Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua! Alfabetatu ala hil!».

Eta neure 13.a, gehigarri: «Euskara jaiotzez etxetik dakarrena, egunero edozein hizkuntzatan ari delarik ere, euskaldun da beti, analfabetoa izanagatik. Aldiz, euskara kanpotik lan latzez ikasi duenak, idazten-mintzatzen, aldiro du demostratu behar bere euskaltasuna». Independentziarako…, bide aldrebesa.

Bizargorri, 2017-06-21

Ver Post >
ERRITUAL XELEBREAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 14-06-2017 | 7:07| 4

Atseginetan irakurri ditut, arretaz eta irri-murritzez, aurreko asteko egunkari bitan, eliza katolikoaren azken kontuak; Rufino Iraolarenak euskaraz eta Joxe Arregirenak erdaraz. Hego Euskal Herriko gotzain edo apezpikuen azken pastorala da kontu guztien iturri eta hazkurri. Esan nahiko nituzkeen guztiak esateko ez dut hemen tokirik, ezta astirik ere; are gutxiago gogorik.

Joxek, besteak beste, dio: «Nazareteko Jesus lege zaharraren kritikoa izan zen, aberatsen dirutzen gaitzesle, txikien aldeko pedagogo; emakumeak zeuzkan jarraile eta parte hartzaile… Gaur ere, hortaz, kritiko zaharberritzaile segituko zukeen izaten jerarkia katolikoarekin; eta ez luke esango gotzainak direnik bere azken bozeramaile baimenduak…». Rufinok, bestalde: «’Gurea da egia bakarra’ eta honelako diskurtsoak ez dira onargarriak… Gotzain horientzat katolikoa da benetako erlijio bakarra eta beste guztia superstizioa da…». Caracasko artzapezpikuaren esana dakar gero, alegia, aberatsen seme-alabak bakarrik joan behar dutela unibertsitatera, eta pobreak haiei obeditzeko hezi behar direla. Eta akabatzen du: «Ai, Jesukristo berriz etorriko balitz…!».

Biek ala biek espiritualitateak, erritualak, direna direlakoak aipatzen dituzte: yoga, reiki, zen eta abarrak, eta kristauen jai-arau antzekoekin konparatzen, azterketa zinez interesgarriak eginez. Eta Rufinok, halako batean: «Eliza katolikoan erritual xelebrerik ezagutu izan ez bagenu bezala!»… Mataza nahasi honen azken hari muturrari helduko diot nik; hau da, eliza katolikoaren lege zaharreko erritual xelebre batzuei. Honaino Rufino eta Joxerenak. Orain, Jesusenak. Lau aldamen: aberatsak, pobreak, elizak, andreak.

Bat. Sabela gose eta hortzek lan. Bula edo bulda, bijilia egunetan haragia jateko eta barau ez egiteko baimena ematen zuena. Mendeetan mantendu den lege araua. Pobrearen etxean, nahiz-eta txerrikiak eskura izan, zenbait ostiraletan (barikue, barik, gabe) ezin jan zen okelatik, infernura joan nahi ezean, eta tori azak eta kalabazak; aberatsen etxean, aldiz, apaizarengana eskeka joan, diruz esku-beteka ordaindu, bulda gordeka jaso, eta tori txitxi eta pitxitxi… Diruz erosi barkazioa!? Hori ez bada azioa, biba madarikazioa!

Bi. Lur gurian zulo. Hala katekesian nola eskolan zein elizan bertan ere, etxe behartsukoa izan edo dirutsukoa, tratu erabat desberdina jasotzen zen: batzuek diferentzia edo begi-zeharra, besteek deferentzia edo begi-ederra.

Hiru. Elizan sartzea. Pasaia, 70. hamarkada. Aita, eta ama erditu berri samarra, elizara doaz semea bataiatzera senide eta lagunekin. Bataioko unean, apaizak ama ezagutu-eta, haserre, alde egiteko handik kanpora, zikina omen zegoelako, purifikatu gabea… Elizako atarian, bala-bele-bili-amen, zerbait bedeinkazio egin zion abade jaun birtuosoak eta barrura libre, bataioa normal.

Lau. Hamalau gaitzen kontrakoa. Andre erditu berri horrexek kale alde batean zuen etxebizitza, teilapea; eta errepidez beste aldean, aurrez aurre, ohiko okindegia. Ba, goizero, berrogeialdian, teila bat buru gainean ipinita irten behar izaten zuen ogitara, “pekatuzko teilapetik” ez ateratzeko… Sinisteak lan du. Baina egiak dira hauek min-minak. Eta zenbat horrelako erritual xelebre ezagutu izan dugun eliza katolikoan. Tokirik ez dut gehiagotarako; ezta gogoratzeko gogorik ere, batere, alajainkoa. Begidazo labur xume hau ulertzen ez duenak ez du analisi luze sakonena ere ulertuko.

Bizargorri, 2017-06-14

Ver Post >
SAREAN SAREKO
img
Jesus Mari Mendizabal | 07-06-2017 | 7:56| 4

Onlaine bidez zorrotz zelatatuko omen dituzte gaizkileak Erresuma Batuan. Gaizkileak, ongileak, bakegileak eta deus ere ez egileak: den-denok gaude dagoeneko harrapatuak, antzemanak eta atzemanak; guztiok gaude sarean sareko. Sarea ikusezina bezain ihesezina da. Hona hemen adibide bat.

—Arratsalde on. Il Capone pizzeria…?

—Ez, jauna. Hau Google Pizzeria duzu.

—Barka, mesedez. Zenbakia txarki markatuko nuen, nonbait…

—Ez, jauna. Googelek erosi du Il Capone, eta bere izena ipini dio, jakina.

—A! Ondo da. Hortaz, eskaera bat egin nahiko nizueke… Ahal balitz.

—Primeran, Gartzia jauna. Zure ohiko eskea egin nahi al duzu?

—Ohiko eskea…? Gartzia jauna…!? Arraioa! Ezagutzen al nauzue, ba?

—Gure dei-identifikatzailearen arabera, azken hamabi aldietan, zuk Lau Gazta Bereziekiko Pizza Banakakoa eskatu izan diguzu. Ez da hala…?

—Hala da. Eta horixe da nahi dudana.

—Halere, baimentzen badidazu behintzat, gure Barazki Pizza aholkatzen dizut eta iradokitzen: gazta-mamiz, rukulaz, alberjiniaz, kuiatxoz eta tomate idorrez egina. Osasungarria oso. Osasuna, ondasuna.

—Ez, eskerrik asko. Barazkiak ez ditut gogoko.

—Bai, bistan da. Ordea, behar dituzu; zure kolesterola ez dabil-eta ondo.

—Zeeerrr…!? Aizu, aizu…, zuk nondik eta nola dakizu hori!?

—Sareko Medikuen Gidan (Sa.Me.Gi.)harpidetza profesionala dugulako. Geure eskura dauzkagu zure azken bost urteotako odol-analisien emaitzak.

—Ez zait gustatzen pizza hori. Gorroto ditut barazkiak. Kito eta akabo. Tratamenduan nago, gainera; eta agindutako botikak hartzen ari naiz zintzo.

—Gartzia jauna, zuk badakizu ondo botika behar bezala, arauz, hartzen ari ez zarena. Duela bost hilabete erosi zenuen Aroia Larrearen Farmazian hogeita hamar pilulako kaxa; eta harrezkero ez duzu gehiago erosi…

—Hori ez da egia. Beste farmazia batean erosi izan ditut geroztik.

—Bai ote…? Guri ez zaizkigu, ba, inondik ageri, zure kreditu txarteleko diru egoeran, ordainketa eta kitapen horien frogagarriak…

—Eskudirutan ordaindu izan dudalako; hara bestea!

—Ba, zure diru-kontu hondarren arabera, apenas duzu sosik inon. Azken diru pizarrak besterik ez dira ageri han-hemen.

—Etxean badut nik esku-diru aski. Nahi beste eta gehiago. Barra-barra…

—Benetan? Ba, azken Errenta aitorpenean ez duzu halakorik deklaratu. Irabazi baino gutxiago deklaratzen duzula aitortzen ari zara? Hori delitua da.

—Baina, baina… Zer da hau, gero!? Madarikatua, koiño! Nahikoa dugu! Dagoeneko kokoteraino eginda nago Googlez, Facebookez, Twitterrez, WhatsAppez, Instagramez… Ez eta kito! Internet gabeko irla jende gabe batera banoa ihesi hemendik perra hotsean! Han sikiera, mobilik gabe, telefonorik gabe, txartelik gabe, sare putakumerik gabe, ez nau inork ere zelatatuko.

—Konprenitzen dizut, Gartzia jauna; konprenitzen dizudanez, alafede. Baina, erne: gogoan izan ezazu pasaportea berritu beharrean zaudela, iaztik kadukatua duzu eta. Gainera: «Nahiz eta ustez, ihes joanda, onlaine sarea ekidin, sarean beti bistako zaude, patrika eta pitilin». Gartzia jauna…? Aizu…?

Bizargorri, 2017-06-07

Ver Post >
APEZPIKUA
img
Jesus Mari Mendizabal | 31-05-2017 | 7:31| 4

Apezpiku edo obispo, nahi duzun bezala, elizbarrutietan artzapezpikuen azpitik dagoen apaiz burua… Ez dute hemen batere hautsik eta hotsik harrotu Solsona-ko apezpiku Xavier Novell i Gomá-ren hitzek. Agidanez, aitaren figurarik ezarekin, aitaren sinbolo faltarekin, lotu berri du homosexualitatea; esanez, alegia: «Nago ni, mendebaldeko kultura honetan ez ote dagoen aitaren figura sinbolikoki aienatua, lekutua, itzalia; eta hain xuxen horrexegatik ez ote dabilen gure mutiko nerabeen sexu-norabidea nahasia, endredatua, okertua… Gizontasuna zalantzan da». Eta kaixo, motel! Lasai arraio apezpiku katalana… Zenbat dakiten sexualitatez, kasualitatez, kastitate botoa egindako guztiek.

Apezpiku horrixe, edo beste hurbilekoren bati, apaiz egin berri bat joan zitzaion aholku eske. Izan ere, bere lehen sermoia egiten hasi omen zen aurreko igandean herriko eliztarren begiz begi eta…, hitzik ahora etortzen ez; ezin deus esan inolako moduz; estutu eta mututu, nonbait, zeharo! Zirioa baino zuriago, lanak izan omen zituen mezari nolabait akabera duin bat ematen, lanak izan omen zituenez latzak…

Hurrengo igandeko meza nagusian ere derrigor egin beharra omen zeukan sermoia eliztarren aurrean, eta ea zer aholkatzen zion, ba, hainbeste eta hainbeste urteetako eskarmentua izaki jaun apezpiku ospetsuak. Eta, niri kontatu didatenez behintzat, honela esanik izango zion elizgizon zaharrak gazteari: «Aita Modexto, aditu ondo. Datorren igandean, bota itzazu bodka ttantta batzuk zure mezatako kalizan eta ikusiko duzu zein patxadatsu mintzatuko zaren; horrela hartuko diozu hitzari maina. Baietz apustu!».

Igandeko meza nagusian, bi aldiz pentsatu gabe, hiru ttantta eta lau txorrostada isuri zituen kalizan bodka botilatik; eta primeran atera zitzaion, bere ustez, ala sermoia nola meza ere. Akaberan, sakristiara erretiratu zen, pozik. Hango mahai gainean paper handi bat aurkitu zuen eta irakurri:

«Aita Modexto, aita Modexto maitea: hurrenagokoetan, ardo goxoak ardo goxo, bodka ttantta batzuk bota behar dituzu kalizako uretan, eta ez ur ttantta batzuk bodkatan. Bestalde, gainera, hona hemen nire hamar oharpen, abisu eta agindu, berrizkoan sekula gerta ez dadin gaurkorik, ezta deskuidatuta ere, Gure Aita zeruetan dagoenaren izenean!

«Bat. Kalizaren gain-ertzetan ez dago limoi xerrak ipini beharrik. Bi. Jaungoikoaren Legeko Mandamentuak hamar dira, ez hogei. Hiru. Eliza Katolikoaren Apostolu santuak hamabi ziren, ez zazpi; eta haietako inortxo ere ez zen ipotxa. Lau. Maria Magdalena prostituta errespetatua zen, ez puta erreputatua. Bost. San Juanen hiru gutunetatik azkena Gaio delako bati zuzendua da, ez Gay bati.

«Sei. Damasco ez da dama asko; Alexandria ez da Alexen andrea; Zabulon ez da zabuak egin eta lo on… Zazpi. Aita Gurea, gehienez ere, eskuak zerurantz jarrita errezatu behar da, ez olatuarena eginez. Zortzi. Eliztarrak alai kantari jartzearena ideia ona izan duzu; ez, baina, elizan zehar kalejira egitearena. Bederatzi. Aldare bazterreko etxola konfesatokia da, ez komuna. Eta hamargarrena: hangoxe aiekan eserita egon den hura, zeina zuk definitu baituzu esanez “gona puntilladunez apaintxo jantzitako trabesti geriatrikokoa”, hura… ni nintzen; ni neu, bai arraioa! Sinadura: Apezpikua».

Bizargorri, 2017-05-31

Ver Post >
AHAZTU GABE
img
Jesus Mari Mendizabal | 24-05-2017 | 8:04| 4

Batetik, maitasuna eta ilargia handitzen-handitzen ez badoaz, txikitzen-txikitzen joaten omen dira. Bestetik, tribu osoa behar omen da ume bat hezteko. Eta azkenik, sabela bete eta bihotza pron-pon-pon; lagunik bada, beste guztia hor konpon! Hiru esaera zahar horiek diotena gau bakar batean ikusi eta ikasi nuen joan den larunbatean Irunen; atseginik handienetan, benetan.

Hogeita hamabi urte eta gero, aurreko maiatzaren hogeian, pozik bildu, berri-minez elkartu eta maitekiro besarkatu ginen hiru urtez ikasle izan nituenak eta ni, maisu-tutore eduki nindutena, Txingudi Ikastolan, aspaldi, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Goi Ziklo osoan. Hitzordua Oiasso museoaren pare-parean geneukan, gero beheraxeago bertan dagoen Aldapa elkartera afaltzera joateko… Nirekin neraman nire kezka historiko histerikoa: asko eta asko ez ditut ezagutu ere egingo! Izan ere, ikusten ez dena ahaztu egiten baita; izan ere, memoria lagun txarraren antzekoa baita: gehien behar denean huts egiten digu… Kopetan izena jarrita agertzeko esan behar nien, eta horixe ere ahaztu niri… Nire aurrean nire ikasle aspaldi izanak banan-banan ikusi eta, instanteko, oroitzapen zaharrak berpizten zitzaizkidan: begirada hori, hazpegi horiek…, bai, bai! Ai, baina izena…!? Kale, huts, zero. Barkamena, ahaztu gabe, hemendik Eliri eta Ebari eta… Eta…, zerari…? Hau burua nirea…

Afaltzera jo genuen laster Aldapara hogei bat lagunek… Hango mahai inguru xume kuttuna, hango begiraden laztan eztia, hango hitz jario xalo goxoa… Ez zait ahantziko bizi naizen artean. Aitorrek (gizajoak!) erosi, prestatu eta serbitu zigun afari ederra, Mikelek eta Fernandok lagunduta; mahai alde batean Manterolak eta bestean Iñakik jartzen zuten sua eta txinparta hizketan; nesken irribarrea nabaria zen mahai jira osoan; Judas Arrietak koadro zoragarria eskaini zidan/zigun, non gu denok ageri baikinen erretratatuak, zintzilikatuak, irudi-mirudikatuak; Joxerrak bertsoak kantatu zizkigun: «Bixargorri hau hemen dugunez, hasi eskatzen kontuak; zuregatikan ere bagera geraden bezelakuak». (Ez, Joxerra, ez: nik ez, tribuak hezi zaituztete; esan nahi baita: etxeak, herri-auzoak, ikastolak; ordena horretantxe, gainera).

Azken Afaria zirudien hark, han geundelako Jesus eta Judas eta hamar apostoluak; baita Mariamagdalena batzuk ere. Eta oroit-berritu genituen han Urrozeko abenturak, Gabiriako ibilerak, golf-zelaiko golferiak, ikastolako bihurrikeriak… Ni, noski, orduan maisu aski zahar ikusten omen ninduten. Baina ikusarazi nien, garai hartan nik, DBHko 8. mailan, 1985ean, hogeita hamabost edo hogeita hamasei urte neuzkala, eta beraiek badauzkatela dagoeneko berrogeita bost edo berrogeita sei!!! Eta flipatu egin zuten…

Handik aurrerakoak, Irungo kaleetan barrena, ordu txiki ilunetan, kontu xahar maiteetan, hemen esatekoak ez dira… Jendez beteriko taberna zuloak, udaltzain ikaragarriak isunak jartzen; Ertzainen furgoiak atzera eta aurrera… Ordu txiki handitzen hasietan, Edurne panpoxak galanki ekarri ninduen autoan etxeraino, eta atari aurrean entregatu osorik; Judasen koadroa ahaztu gabe!

Zuetako gutxi batzuk soilik aipatu arren hemengo hitzetan, den-denak zaramaztet bihotzean. Mila esker erakutsi didazuen atxikimenduagatik. Maite zaituztet nik ere, maite zaituztedanez, ai…! Bizargorrik gogo onez goraintzi!

 

Bizargorri, 2017-05-24

Ver Post >

Otros Blogs de Autor