Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
HIRU METRO
img
Jesus Mari Mendizabal | 17-05-2017 | 8:22| 4

Metroarekin egin dugu topo egunotan, Bilbon eta Donostian. Baita beste hiri ez oso urrutikoan ere, agidanean. Bilboko punturen batean, zoritxarrez, deskalabroak gertatu berri dira, metroa auzo-etxeen azpitik zalapartaka igarotzen delako gauez eta egunez maiz. Metroaren etorrian eta denboraren joanean, azkenean egundoko arrakalak edo pitzadurak atera omen dira bistara, etxe barruko zein kanpoko hormetan. Eta normala denez, jendea ez da han normal bizi; komeriak dituzte latzak, eta kexu dira larri…

Donostian, berriz, datorren udazkenean hastekotan omen dira metro berriaren lanak, 2022an bukatzeko asmotan. Lugaritz eta Easo lotuko omen ditu, Kontxa ondotik pasata, lurpeko ibilian, 4,2 kilometrotan. Aurrekontuaren kontuak ezin kontatu ditut hemen, ez zaizkit-eta kabitzen. “Metro Donostialdea” ipini diote izena, baina jendearentzat “topo” du izana…

Beste nonbait, andre batek armairu bat erosi zuen Ikean; merkeago gerta zekion, desmuntatua erosi ere. Etxera joan, muntatu eta primeran gelditu zitzaion, dotore. Une hartantxe, ordea, metroa pasatu zen etxe azpitik burrundaran eta… hara: ohol guztiak libre, zipirri-zaparra, armairua lurrera! Berriz ere pazientziaz, ustez taxuz, josi eta jaso zuen bere altzaria; baina metroa atzera hoska dardaran etxepetik igaro eta armairua, xehe-xehe eginda, lurrera bigarrenez. Baita hirugarren aldiz ere, sinesteak lanak baditu ere…

Metro madarikatua! Hura ez zela posible eta Ikeara hots egin zuen etxekoandreak, alegia, ahaleginak ahalegin, alfer-alferrik ari zela bera; gertatzen zitzaiona haserre bizian kontatu zien eta, atzenerako etsita, bidaltzeko mesedez teknikari abilen bat. Baietz; konponduko ziotela arazoa; egon zedila lasai…

Berehala, tirrin hotsa ataritik. Teknikaria zen, gizasemea. Ireki zion atea eta eraman zuen gelara, muntaketa egin beharrekora. Ez zuen denbora asko behar izan bere egitekoan: hemendik eutsi eta handik lotu, tente sendo muntatu zion zorioneko armairua. Zain geratu ziren, badaezpada, hurrengo metroa noiz iritsiko…Bai laster pasatu ere azpitik tarrapata-pataka. Eta altzari tente berria lurrera berriro, mila txiki-arraio eginda!

Metro madarikatua, mila bider…! Eta teknikariak, etsiak jota, esan zuen:

—Begira, emakumea. Birrinbi-barranba hots eta astindu horrekin, hemen ez da gauza errazik. Jasoko dut fundamentuz berriro, sartuko naiz armario barrura, eta, hurrena makina malapartatu hori datorrenean, hobeto ikusiko dut zertan non duten loturek okerra eta flakia. Konforme…?

Esan eta egin… Orduan, ordea, senarra sartu zen lanetik etxera. Beren logelan andrea sumatu eta han armairu berria ikustean, esan zuen pozik:

—Hauxe da armario polita ekarri duzuna…!

Eta, atea irekirik, teknikaria ikusi zuen barruan, makurtuta, mutu…

—Ze kristo…!? –esan zuen senarrak, begiak arranpalo eta eskuak potortuta–. Ze demonio egiten duzu zuk hemen sartuta…!!??

—Aizu –teknikariak, zutik jarrita, derrotatuta–; hauxe dago, ba. Pentsa ezazu nahi duzuna; zure andrearekin larru-pikardiatan nabilela ere bai, nahi baduzu… Ze, metroaren zai nagoela aitortzen badizut, ez didazu-eta sinestuko.

 

Bizargorri, 2017-05-17

Ver Post >
BURLAK BUELTAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 10-05-2017 | 7:53| 4

Uste ez dela gerta liteke burlak buelta burutzea… Eguraldi politeko larunbata izanagatik gure probintzian, uda aurreko lehen azterketak gain-gainean izaki, eguerdiko hamaikak ari zirela, liburutegia bete-betea zegoen jende ikasguraz Donostiako Parte Zaharrean. Jende klase guztietatik bazen han, umetik urtetsura, institutuko gaztetxo gorritik unibertsitateko gazte larrira. Denak isil-isilik, bakoitza berean, haitzari urrea bilatzen bezala…

Hartan, mutil gazte ile-beltz bat sartu zen. Begira-begira, tartetxo huts bat bistaratu zuen damatxo horail pinpirin baten alboan. Ez duda eta ez muga, inguratu eta bertantxe esertzeko baimena eskatu zion errespetoz neskari, ahopekoka eskatu ere:

—Inporta ez badizu, hementxe jar al naiteke zure ondoan.

Neskak orduan, hagitz eta sendo, esan zuen:

—Zzzeeerrr…!? Nik ez dut zurekin oheratu nahi!!!

Atera kontuak: liburutegi oso-osoa, haserre, artean zutik zegoen mutilari begira-begira jarri zitzaion begi gaiztoz, pentsatuz noski eta esanez bezala: «Txakurren atzeak baino lotsa gutxiago daukan morroia dugu bertan!». Eta lotsatu, lotsatu zen bai zinez tipoa. Aida batean, beste mahai bazter batera erretiratu eta ezkutatu zen, adoreak isilik, baloreak umilik, ohoreak zintzilik…

Handik denbora asko baino lehen, hara ustekabean non etortzen zaion albora arestiko neska rubia pinpirina mutilari eta, belarri izkinara makurtuta, hara non esaten dion isil-misilka, hitzak zetaz josiz:

—Ni Psikologia estudiatzen ari nauk, txikito; Psikologia… Pertsonen pentsatzeko eta jokatzeko era aztertzen duen zientzia, moxolo pintto… Ondo asko bazekiat nik hi bezalako gizon guztiek nahi duzuena… Ederki manejatu haut, ala? Lotsa ez diat makala pasarazi, ezta…!?

Mutilak orduan, hots handian goraki, esan zuen:

—Zzzeeerrr…!? Gau bakar bategatik mila euro!? Baita zera ere! Hori oso garesti da, neska; oso-oso garesti!

Atera berriz ere kontuak: liburutegiko guzti-guztiak, aurpegi mukerra ipini eta begiak ateratzeko zorian, neska-damatxoari begira jarri zitzaizkion… Honek, berriz, ez zekien non sartu eta nora gorde, masail gorri eta mutur huts. Bila joan eta huts etorri, hala esan izan zaio horri.

Eta mutilak, jostorratza baino boz meheagoz, honela esanik izango zion belarri zulora azkenean, irri zuri batez:

—Nik Zuzenbidea ikasten dinat, polit hori; Deretxo… Eta oraindik ere den-dena ikasi ez dudan arren, ondo asko bazekinat dagoeneko jendea nola izorratu, polit urruti!

*****

            Erakutsiak, ondorioak edota moralejak: bat, polborarik gabeko tiroa bota eta dale, ez zuen egin kale; bi, istilu gorria erakutsi zion, erakutsi zionez istilu gorria, mutil abokatuak neska psikologoari; hiru, bila joan eta gabe etorri; lau, uste ez dela gerta liteke burlak buelta ematea… Horra bistan lau irakatsi edo ondorio ipuin-txiste honenak. Ordea, falta du boskarrena, denetan onena benetan: unibertsitatean gure ikasle neska-mutilek, horail izan edo ile-beltz izan, zertarako estudiatzen dute…? Jendea manejatzeko edota izorratzeko…!?

Bizargorri, 2017-05-10

Ver Post >
HIRU ABOKATU
img
Jesus Mari Mendizabal | 03-05-2017 | 7:37| 4

Ez da giro egunotan (Madrilen, batik bat) legelari, abokatu, auzi-epaile, fiskal, herri salatari eta abarren zabarren abarrak direla-eta; girorik ez denez, alafede. Nahi dutena egiten ez ote duten; nahi bezala, apetaz eta kopetaz, joko zikinean ez ote dabiltzan; nahita, botere legegile, judizial eta betearazlea, hirurak alajainkoa, Hirutasun Santua bezala, bat bera ez ote diren, … Eta hori bai, jakina: berak santu zuzen errugabe beti, eta gainontzeko guztiok bekatari zikin miserable; Kantabriako partekook, batez ere, ala egia…

Abokatuek, legelariek eta fiskalek emango dute epaia zorrotz, baina bada lekukorik franko ere bazterretan haiengana ahoa ateratzen duenik txorrotx. Uste ez dela gerta liteke kristorenak aditzea. Eta honen harira, Azpeitiako Epaitegian behin gertatu omen zena datorkit burura. Gizaseme baten kontrako epaitze prozesu batean, abokatu akusatzaileak adin handiko andre bat auzigelara lekuko gisa ekarrarazi, eta, ohiko zeren ondoren, haren ondo-ondoan jarririk, honela galdegin zion:

—Aizu, Etxaniz anderea: zuk ba al dakizu ni nor naizen?

—Bai, jauna –atsoaren erantzuna, zuhur bezain bare–; ezagutzen zaitut. Ume koskorra zinenetik ezagutu ere, Juaristi jauna. Eta, egiaren izenean esan beharrean nago, zure gurasoek desilusio handia hartu zuten zurekin. Beti gezurretan zabiltza, dena dakizulakoan zaude, mundua ahurraren barruan sartuta daramazulakoan zoaz, larderiatsua zara, abusatzailea, emaztearen engainatzailea, eta, okerren okerrena, pertsonak erabili egiten dituzu zeure nahierara. Bai, jauna; ezagutzen zaitut, kuanto…

Auzigelan isil osoa zabaldu zen derrepente, astun eta lodi… Abokatuak ardi ergelak bezala begiratzen zion, ahoa dena zen zabalik. Halako batean, artean ikara-ikara, hitza itzuli zitzaion noizbait ere eta:

—Eta…, abokatu defentsaria ere ezagutzen al duzu, Etxaniz anderea?

—Bai, horixe –patxadatsu berriro atsoak–. Ezagutuko ez dut, ba, Larrañaga jauna! Txiki-txikitatik, hori ere. Zure antzekoa duzu oso. Gainera, alferra da galanta; azeri amarrutsua eta ustela. Umetatik zetorren ahul geldo; baina orain, tragoxka batzuk hartu aldiro, nabarmen agertzen zaio ttentte-pottenttearena. Zurrutarekin badu, izan ere, nahiko arazo gizajoak. Apenas inorekin moldatzen den ondo… Zu eta hori, zuek biok izango zarete, noski, inguruotako abokaturik eskasenak. Eta, ez nago isiltzeko, horrek hiru emakumerekin engainatzen du bere andre zintzoa, hirurekin! Hiruetako bat ba al dakizu zein den? Ba…, zeure emaztea, horra. Larrañaga jauna ezagutu nik? Bai ondo asko ere…

Abokatu defentsaria ia-ia erori zen mahai azpira min-min eginda… Orduan, epaile nagusiak abokatu biei deitu zien, diskrezioz, bere aurrera joan zitezen deliberatzera. Baita biak joan ere, zutik nolabait jarrita, lotsa eraman ezinda. Hirurak epai-mahai gainera makurtu ziren, beren arteko txutxu-mutxura… Eta hala esanik izango zien epai-mahai buruak herriko bi abokatuei, ahopeka esan ere:

—Zuetako biotako batek atso malapartatu horri niregatik ezer galdetzen badio, zin dagit, zin eta fin eta akabo, Uzkiano erdi-erdira bidaliko zaituztedala betirako bi-biok. Hara, ba! Zeuek atera kontuak. Segi dezagun…

Hala ez bazen, halatsu; berdinak ez dira, baina bai berdintsu.

Bizargorri, 2017-05-03

Ver Post >
MIRESMENA / SINESMENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 26-04-2017 | 7:53| 4

Orain dela aste bi eta erdi burutuagatik, oraindik ere hor dabil aurtengo Korrika Hamaika TBn herriz herri, tipi-tapa, tipi-tapa… Benetan martxan zen garaian, ETBtik bi herri-inguruk ninduten onez onean txunditu, demontretan: ahoa arra betean zabalik eduki ninduten, ardi ergela bezala. Sinesteak lanak baitzituen telebistatik ikusten ari nintzenak, lanak zituenez sinesten, baiki.

Batetik, Nafarroako Zangozan, neska euskara ikasi batek zioen, txukun asko esan ere, egun osoz euskaraz bizitzen saiatzen ari zirela lagunartean (inor erdaldunik tokatzen bazitzaien tarteko, ordea, erderara pasatu beharra izaten zutela nahi baino gehiagotan); Burgin, berriz, beste neska bat agertu zen bertan jaio eta bertan bizi omen zena beti, euskaraz primeran dotore mintzatuz.

Bestetik, lehentxeago, Zeru Txiki Infernu Handi programa Araban ibilia zen, Oionen. Hemen zororik eduki ninduten bi gizasemek, arranoetan: begiak zabal-zabal eginda, ezin esan-ahalako pozez bete ninduten. Batek, Oionen bertan jaio eta betidanik bertan bizi denak, zioen, herrian antzina euskara galdua izanagatik (edo horrexegatik), euskal hizkera kartsuki ikasi eta bila bilaka ibiltzen omen zela norekin-harekin mintzatzeko. Bestea, berriz, Cadizen jaioa omen zen; urte batzuk lehenago, bizi-martxak hala aginduta, Oionera etorri eta euskara ikastea ezarri omen zion bere buruari obligazio; baita ederki ikasi ere, arraioa: euskaltegi batean ibilia omen da…, euskara irakasle, alajaina!

Honaino mirespenak. Izan ere, gure euskal lurren bost bazterretako zazpi iskinetan euskara apenas dabil, ez dago ia-ia. Meritua du, beraz, meritua kuanto, zenbaiten ahaleginak, batzuen batzuen, zain eta muin euskarari begira, euskararen harira jartze horrek. Zor nahiz lor. Adorez eta amorez. Bejondeiela!

Oso bestelakoa da, ordea, sinesmenarena. Fedea behar da, gero, gurean gaur euskararekiko esperantza ona izateko; fedea behar denez, alafede! Euskara jakitunak lehen baino gehiago izango gara, onean; baina, mintza-praktikadunak gutxiago eta arloteago, dudarik gabe. Gazte euskaldunek (gaztetxoek, haurrek) geroz eta lehenago (eta askoz ere sarriago) jotzen dute erderara; bertan jaiotako damatxo eta jauntxo euskaldun ia denek (baserritar peto-petoak barne), berdin; ikus-entzutekoetan, gure gazteek (eta ez hain gazteek) euskara narrastu egiten dute, lardastu, euskañoldu; jende ezkerreko nahiz eskuineko “aberzitzale” gehienek kategoria, dotorezia eta abilezia gehiago erakusten dute erderetan; kanpotik orain berrogeitaka urte etorritako askok eta askok apenas oraindik makurtzen diren egunon esatera egundo… Zertarako segi? Martxa koxkorra.

Izan zirelako, gara; garelako, dira eta izanen dira. Zakurraren putza. Berba onak asko, baina zuztarreko konturik ez. Miren Amurizak zioena: «Ika, ika, ika…, korrika! Eta hurrena gero segidan: Ote, ote, ote…, vámonos al pintxo pote!». Eta Jesus Eguzkitzarena, euskararen kalitatea okertzen ari dela-eta: «Mila hiztun totelek ez dute euskal-komunitate bat sortuko». Egia galanta.

Egia galanta den bezala, inor ez dela birritan jaiotzen; ezta euskara ere. Gureak ez du atarramentu onik: euskara ez daukanak, estima eta atxikimendua dio; daukanak, ostera, muzina egin eta utzikeria erakusten dio… Ni neu oilo egosia baino eroriago nago, hahor…! Koitak kontatzen hastea ez dut atsegin; baina, esana libre dut. Mirespena zor diet euskaldun gutxi batzuei; sinesmena galarazi didate askok: oiloari oloa eta astoari lastoa… Beti ere, haatik, hil artean bizi! Gaur, ilberri…

Bizargorri, 2017-04-26

Ver Post >
UDARAKO IKASTAROAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 19-04-2017 | 7:56| 4

Orburuak, zainzuriak eta tipulinak aitzakia (esan nahi baita, alkatxofak, esparragoak eta porrutipulak), lau senar-emazte euskaldun peto-peto egon berri dira, beren bigarren etxeetako batean elkarbizitzen, bost egunez. Bost inporta dio non. Goizean jaiki, gosaldu eta martxa: zein periodikoa leitzera, zein oinez paseatzera, zein bizikletaz korritzera, zein autoz nora edo hara, zein etxea jaso eta erosketak egitera… Primeran moldatu ziren zortziak, azken egunera arte.

Igandeko afarian, lau damek folio bana partitu zieten lau gizonei, gisa honetan esanez: «Gaur Berpizkunde eta etzi San Perfekto. Udako ikastaroen berri eman dute jadanik, eta zuetako bakoitzak hiru bederen egitea komeni da, baduzue-eta premiarik etxeko jokaeren mejoran. Zeuen lauron artean banatu hirunakako ikastaro sortak, zeuek nahi bezala. Guk ordainduko dizuegu matrikula. Zuek ikastaroak egin eta hurrengo oporretara zahar-berriturik etorri. Arren, mesedez, otoi eta faborez. Hauxe da ikastaroen zerrenda». Eta honatx:

Udarako Ikastaroak, Gizon Helduentzat, Zentro Berezian. Donostia, 2017

Lehenengo ikastaldia. “Izozkailua”. Izotz-moldeak nola bete. Pausoz pauso, pedagogikoki, diapositiba emanaldi eta guzti… Bigarren ikastaldia. “Komuneko papera”. Bera berez aldatzen, berritzen al da? Mahai inguruko eztabaida… Hirugarren ikastaldia. “Ba ote liteke”. Posible ote da pixa egitea, tapa altxatzearen teknika erabiliz, ingurumariko zorua eta pareta eta bainuontzia batere zikindu edota zipriztindu gabe? Praktikak taldeka.

Laugarren ikastaldia. “Platerak”. Bazkaldu eta afaldu ondorengo ontzi eta plateren nondik norakoa. Hegan egiten ba ote dakite? Lebitatzen ote dira? Misterioaren agerpena bideoetan. Baita praktika libreak ere… Boskarren ikastaldia. “Ohorea”. Edo, bestela esanda, nortasunaren galera: deus ez naiz ni telemandoaren aginterik gabe. Zure bikote andreari telebistaren aldagailua emanda, zer duzu galtzen zure gizontasunean? Bitartekotasun lerroak eta laguntza taldeak… Seigarren ikastaldia. “Non arraio dago!!??”. Edo gauzak bilatzen ikastea. Hasteko: garrasi eta istiluen artean etxe guztia hankaz gora ipini gabe, toki egokietan bila jartzea. Foro irekia eta testigantzak lagungarri.

Zazpigarren ikastaldia. “Esku-erakutsiak”. Zure maite kuttunari, loreak-eta eramateak ez du zure osasuna hondatzen, kaltetzen. Irudiak eta audio-zintak… Zortzigarren ikastaldia. “Galdetu, gizona!”. Gizon gizon denak, hala hiri-kale ezezagunetan nola etxean bertan ere,  norabideak galdetu egiten ditu galdu samar dabilenean. Bene-benetako testigantzak… Bederatzigarren ikastaldia. “Andrea gidari”. Genetikoki ezinezkoa ote da isilik mantentzea, noiz?, eta autoa emazteak daramanean, edota aparkatzen duenean?

Hamargarren ikastaldia. “Bizi izaten ikasten”. Ama eta emaztea ez dira   gauza bera: bien arteko oinarrizko diferentziak. Online eta role-playing klaseak… Hamaikagarren ikastaldia. “Erosketak”. Nola gerta zaitezkeen zu, gizon, erosketa lagun zoragarria. Lasaitze eta meditazio ariketak; arnasa hartzeko teknikak… Hamabigarren ikastaldia. “Atrofia zerebrala”. Edo burmuineko garapenik eza. Urtebetetze eguna, urteurrena, data gogoangarria, zerako zeran zeratutako zera hura oroitu beharraren premia; etxera bidean berandu ibilienean, hots egitearen komenentzia. Burmuin lobotomia eta shock terapia sesioak, gaur egun oraindik erabilgarri dauden guztiak. ZATOZTE!!!

Bizargorri, 2017-04-19

Ver Post >

Otros Blogs de Autor