Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
SERMOLARIAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 20-02-2013 | 8:55| 4

Egipton ere badira sermolari erradikalak. Erlijio islamikoan aditu bakarrak direlakoan, ukuiluko astoak baino zentzu gutxiago erakusten dute ahoa zabaldu aldiro. Halako gauzarik buru humanoak ezin eraman lezake. Esango nuke! Ikusi, bestela.

Abu Islam-ek bere telebista kanaletik: «Emakumeak plazara, manifestazioan, bortxa ditzaten ateratzen dira. Gehienak kristau matrakak dira; gainerakoak, inork lotzen ez dituen andre alargunak». Beste behin, aho bero berak, hara: «San Balentin egunez kalera irteten diren andreak putak dira. Puta bakoitzak morroi bat, edozein, begiz jotzen du eta berarekin eramaten, gau-ta-egun lizunkerian jostatzera. Gu, musulmanok, ez gara larru jotzaileak». Mahmud el-Naggar mezkita-gizonak: «Senda ezinezko gaitzen kontrako erremedio islamiarrik onena gameluen uxuria, pixa, edatea duzue». El Shahat sermolariak piramide eta esfingeak estali egin behar omen direla dio, sinbolo paganoak direla eta. Beste batek, Mursi presidente islamistaren oposizioko liderrei buruz: «Alaren epaia da, heriotza horientzat!».

Astakeriak iruditzen zaizkigu, baina astakeria urrunak. Ez, memoria egingo bagenu. «Bortxaketak diozu? Izango ez dira ba, neskak janzten diren moduan jantzita… Leitu Biblia, perbertituok, leitu, homosexualitatetik salba zaitezten… Edan Lourdeseko Amaren ura eta sendatuko zara… Gurutzefika debekatzea kultura akabatzea litzateke… Abortuaren legea heresia da… Dibortzioaren aldeko alderdiak deabruarenak dira: ez haiei botorik eman…!». Rouco, Reig Pla, Martinez Camino… Elizgizon sermolari hauei ere urrunak irizten badiezu, berriz, jarri zeuk hurbilagorik. Dena ezin nik egingo dut.

Bizargorri

Ver Post >
AUNDI GAIXTUAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 12-02-2013 | 5:29| 4

AUNDI GAIXTUAK

Liburu xaharretan uxarka ibiltzea gogoko dut. Hara hemen, gaur goizean Auspoa liburu-sail urrezkoan bila nenbilela, zer perlak aurkitu ditudan. Lapurrak hemen eta lapurrak han, bada oraintxe gatazka, iskanbila eta istilua franko Espainiako partean, bankariak direla, politikariak direla, hau-ta-hori-ta-hura direla… Iruzurra, ustelkeria, grina gaiztoa…; lapurreta, hitz batean eta betean. Jende arrunta hutsarengatik kartzelara; handikiak, kristorenak eta bi egin, eta, halere, kalean harro.

Ondorengo perla hauek Txirrita bertsolariak orain 82 urte idatziak dira. Hamabi bertsotatik sei aukeratu ditut. (Bat bada, 2.a, Hondarribiko amona Jexuxa Sistiagak buruz kantatzen ziguna). Kanta itzazu zuk ere, edo astiro irakurri bederen, eta ikusiko duzu nola balio duten bete-betean gure gaurko lapur giro triste lotsagarri honetarako. Urteak joan badoaz aurrera, baina historia, «mundu ontako bizi-modua», beti bat bera izaten ari da; ari denez! On degizula.

Beti bezala, presaka bazabiltza, irakurri gutxienez 3., 4. eta 6. bertsoak. Ez al dira bihar bertan ere gure edozein eguneroko berripaperetan, berri-berri, publikora ateratzekoak!?

 

1. Gure munduko bizi-modua                                  4. Lapur txikiyak kastigatzeko

guziyentzat da laburra,                                              non-nai badago kartzela,

griña gaiztuak tiratzen gaitu,                                   kupira gabe ematen zaio

ortatik dator makurra.                                               denbora askoko itzala,

Leku askotan ikusi oi da                                            esanaz egindako okerrak

lapur guardiyan lapurra;                                           antxen pagatu ditzala…

animaliya ere igual                                                     Aundiyak libre ikusten dira

katua eta zakurra:                                                       pasiuan dabiltzala,

berak asko nai t’ezin sufritu                                     ez projimua maite bagendu

bestek daraman apurra.                                            gere burua bezela.

 

2. Armario zar batian nuen                                        5. Itsasuan zer gertatutzen dan

esperientziya ikusi:                                                     ez al dezute ikusi?

gure Pepita deskuidatuta                                          Txardiñ berriya eta antxua

atia zabalik utzi…                                                        izurdiaren igesi,

Katu Moñoña azkar sartu zan                                  azpiyan eziñ aguantatu ta

bere bigote ta guzi;                                                     gañera irten-arazi,

xagua itota odolkiya artu,                                         an ere pronto arrantzaliak

goiko sapaira igesi…                                                   beren sare eta guzi…

Animalien artian ere                                                  Anima salbo, jende pobria

lapur aundiya nagusi!                                                gaur olaxe gera bizi.

 

3. Mundu onetan dijuan martxa                              6. Gure tartian gauza bat dago

etzait askorik gustatzen,                                           izugarri itsusiya:

bear bezela portatzen baña                                      begiyetako bista ona ta

errezago da juzgatzen.                                               iñor eziñ ikusiya;

Pobriarentzat amenazua,                                          juezak alde daukazkiyenak

kopeta dute beztutzen;                                              irabazten du auziya,

sermoi ederrak aditu arren,                                     eta orduan egingo diyo

ez dira asko estutzen;                                                berak nai duan guziya…

lapur txikiyak preso sartuta,                                    Aundi gaxtuak nai duen arte

berak milloiak ostutzen.                                           txiki onaren biziya!

 

Jesus Mari Mendizabal Iraola, «Bizargorri»

Ver Post >
TRIUAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 07-02-2013 | 7:31| 4

TRIUAN

 

Hondarribian, barku bat urak eramanka dabilela adierazteko (jitoan, a la deriva), «triuan» doala esaten dute; ez arraun eta ez aingura, ontzi bat urak edota haizeak nahi erara darabilenean, batera zein bestera ero. Triuan joan, triuan utzi, triuan mugi… Ez L. Mitxelenaren hiztegiak bide dakar, ez P. Mugicarenak, ezta R.M. Azkuerenak ere. Hala eta guztiz, hitz bizia da, biziki interesantea, hala ahozko jardunerako, nola idatzizko adierazpenetarako ere.

Triuan da oraindik Pasaiako kanpoko portuaren proiektua. Triuan, baiki, hemengo agintarien adierazpenak gorabehera, Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak zer esango zain. Garai batean halako ziriak eta eztenak zorroztu zituen egitasmoa noraezean da, triuan da, oraindik. Batzuentzat nahitaezkoa zena eta besteontzat astakeria, bai-nahi ez-nahi luzean ibili ondoren, ez aurrera eta ez atzera geratua da, astoa langan bezala.

Asmoa zen (da!?) Pasaiako badiaren kanpoaldean, Jaizkibelen magalean, milioi bat metro koadroko ur eta lur eremuan, mila milioiko euroren gastuz, portu berri bat eraikitzea, kosta ahala kosta. Hasieran, alderdi politiko gehienak aldeko zeuden («txarrak kenduz gero, guztia ona» zioten); orain, baina, fedeak amore eman die askori eta alde erantzira jarriak dira. Gainera, Iparraldea ere mobilizatu da, haserre, deabru portu tzar halakorik ez egiteko, alajinkoa!

Beraz, gauzak horrela, bada garaia oraintxe hautsi-urratua egiten hasteko, erabakia behin betiko zirt eta zart hartzeko, auzi larri hau triuan utzi gabe sine die. Bada garaia, sekula eztako portu zeraren zain triuan egon gabe, betiko portu zaharberrituan katez amarratzeko, betirako.

 

Jesus Mari Mendizabal

(2013-02-06)

Ver Post >

Otros Blogs de Autor