Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
OSPA-KIZUNAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 12-04-2017 | 8:06| 4

Ospakizun handi asko da egunotan han-hemen. Aste Santua delako, batetik; udaberriak aurten, zozomikoteen ondoren, eguraldi gozatsu zoragarriak dakartzalako, bestetik; eta, hori guztia berez aski ez balitz bezala, gainera, festa, turismo, plaia, trafiko, prozesio, shopping, kanpin, putin, pintxo, jatetxe, taberna eta mordo-plazetara jende-bailarak biltzen eta pilatzen eta nahas-mahasten ari direlako nonahi, erruz eta amorruz. Festa, edota zoriona, jende bilera ilera ibilera handiekin bat egiten dugu. Zenbat eta jende gehiago, orduan eta ospakizun hobea. Hori dirudi dela lege eta arau. Kaka zaharra. Ut!

Horietan guztietan eta gisa bereko askoz ere gehiagotan ibilitako batek, eskarmentuz beraz, aitortzen du, hori guztia faltsua dela, istant bateko pilula engaiagarri bezain engainagarria dela; aitortzen du, egiazko festa edota bizipoza norberak berarekin daramala, hala eraman ere, nola laratzak berarekin ohi daraman etxeko sua: bazter babesean kontent beti, arian-arian zirt-zart beti, ñir-ñir kantu eztian beti, noiz sugar bizi bero, noiz txingar gori epel… Eta, azken batean, aitortzen dut, sukatutu naizela; oilalurrak nauela zoritu.

Festa handiak, ospakizun sonatuak behar ditugu, agidanean, bizirik eta pozik gaudela geure buruari demostratzeko. Korrika, ETAren desarmatzea, musika emanaldi erraldoia, Aberri Eguna, Jesusen jesusenak… Korrika gabe eguneroko ttipi-ttapa hobea denean, oraingo bakea lehen ere aspaldi asmatua zegoenean, etxeko salan norbera kantari zorion beteko denean, aberria bihotz-begietan daramagunean, Jesusenak jesukristok ere sinesten ez dituenean…

Hirurogeitaka urte, motzetan pasa eta pozetan jasan dituen honek, hemen gaur aitortzen du, etxe barruko bakea eta isila bezalakorik ez dagoela ezer munduan; aitortzen du, goizero oinez nahiz bizikletan, etxe bueltan egindako ibilia bezalako botikarik ez dagoela osakidetzan; aitortzen du, eskuan behatzak baino gehiago ez dela mahaian konpainiarik behar, desio ona sesio eta presio txar gerta ez daitezen maiz; aitortzen du, askori askotan gertatu izan zaiola, gutxia (etxea, isila, barea, bakardadea) gutxietsi, eta askoa (plaza, zarata, ardaila, jendetza) higuin iritzi; aitortzen du, eguneroko martxa beti-batekoa dela onetan onena; aitortzen dut (azkenik eta kito), janean eta edanean, etxeko atsedenean, maitea aldamenean, besterik ez dela behar azkenean…, zorionean.

Fray Luis Leonena: «Bai benetan dohatsu / mundu-hotsari itzuri doana, / eta lurrean jakintsu / bakanen igualtsu / bideska isilez dabilana». Gure Lizardirena: «Ai, nolako zoroak / gauez kalerik kale / ibil oi-diranak/. Arkiko aal-dituzte / asun miñez beterik / iñoiz beren oiak…!». Baita Pessoa-ren hura ere: «Deus espero ez baduzu, egunak ekarritakoa, denik ttipiena izanik ere, aski izanen duzu»… Hirurek ere ez dute ez denik esaten: urte luuuzeetako mundu hotsak eta gau ibiliak eskarmentua dakar, nahi eta nahi ez. Izan ere, zeinek esan behar zidan niri, astelehen goiza nahiago izango nuela ostiral arratsaldea baino!

Beraz, iritsia naiz dagoeneko nire lezioa munduari emateko puntura. Placido Mugicak dio “edanda nago” esaten dela euskaraz “convencido”. Ni, edanda ez, zentzuna neure gain dudala, konbentzitua naiz, uste osoko nago: ospakizunak lehenago festa eta iskanbila ziren; gaur egun, ordea, festak eta iskanbilak eta jendetzak ospa-kizun bihurtu zaizkit, ospa egin kizun, ospa egiteko motibo, xede eta arrazoi. Ospatu zuek nahi duzuena; nik, ospa etxera!

Bizargorri, 2017-04-12

Ver Post >
PUTAKERIA
img
Jesus Mari Mendizabal | 05-04-2017 | 8:13| 4

Antonio Galaren eskutik eta haren goraintzian, gaztelaniatik euskarara ekarriz, birsortu ditzadan putakeriarenak: Putada es… Ateraldi pipertuak denak (gehienak harenak, batzu-batzuk neureak, bakarren bat beste batena), grazia baino desgrazia gehiago erakusten dutenak; denak ere goikoen eta behekoon arteko alderatzeak, agintari amorratu eta haginkari izorratuon gorabeherakoak.

Putakeria da diputatu baten jubilazioa andre alargun batenarekin konparatzea. Putakeria da herritar arrunt batek, erretiro-ordaina jaso ahal izateko, hogeita hamabost urtez kotizatu behar izatea, eta diputatuek, aldiz, hiru edo sei (segun non) aski izatea; putakeria da ere, gobernukideek, bizi guztiko pentsioaren jabe egiteko, karguaren zina egin eta papera sinatu, deus besterik behar ez izatea. Putakeria da diputatuak izatea espainiar estatuan soldataren herenaz IRPF delakoa ordaintzen ez duten bakarrak.

Putakeria da justizia espainiarra ez dela itsua; itsua ez, begi-bakarra baizik; eta putakeria handiagoa da, berriz, eskuineko begi bakarretik primeran ikusten duela (Iñaki Gabilondok esana). Putakeria da zuk eta nik eta etxekonekoak, gehienetan, lan posturik merkeenetarako, gutxietsienetarako ere, azterketaren bat gainditu behar izaten dugula sos batzuen irabazpidean sartzeko, baina gobernariek, mundua gobernatzeko eta urregorritan kobratzen hasteko, ez dutela ezeren probarik pasa beharrik.

Putakeria da gutxieneko lansaria 648 eurotan mugatuta egonik gehienez, diputatu batek jan-edanagatik (dieta) 870 euro kobratzea gutxienez; horrek esan nahi baitu, etxetik kanpo jaten diputatu batek gehiago “behar” duela, langile batek bizitzen baino. Putakeria da jaun-andre horiek urtean bost hilabeteko oporrak izatea (udako 82 egunez gain, 48 egun Gabonetan, eta, ondoren, 17 egun Aste Santuan), nahiz eta askok eta askok beren burua laiko deklaratu.

Putakeria da jauntxo-andretxo politikari horiexek administrazioan milaka aholkulari paratzea (esan nahi baitu, lagunxaharrak soldatape gizenean jartzea); soldata alimalekotan sarri jarri ere, teknikorik gaituenek beretzat nahi izango lituzketenak, noski. Putakeria da jauntxo-damatxo horiexek, guztion dirutik, kopuru eskergak aprobatzea nahierara, zertarako?, eta beren partiduei haize eta koipe eta ahalik ahalmen gehien emateko. Putakeria da zenbat eta zenbat sos (barra-barra!) kostatzen zaien herritarrei jaun-andre handinahi larrutzaile horien bazkariak, auto ofizialak, txoferrak, apetaldiko bidaiak, hamaika izarretako hotelak, kreditu txartelak eta bizioak, eta abarren abarra…

Putakeria da ministro ohiok, estatu-idazkari ohiok, politikako goi karguok, beren “lana” uzten dutenean, herri altxorretik bi soldata (bi eta lodi) jasotzeko ahalmen legezkoa izatea. Putakeria da jauntxo-damatxook, beren kargua uzten dutenean, hemezortzi hilabetez ehuneko laurogeia kobratzen segitzea, bigungarri edo lo-ondoko gerta dakien. Putakeria da jaun-dama “laguntxook” beren presupuestoetan militarrak eta kuartelak eta armamentuak lehenetsi, eta hezkuntza eta osasuna eta gizarte laguntzak eta ikerketa gutxiestea. Putakeria da politika sozialez eta eskubide sozialez eta erruki sozialez ahoa beteka mintzo zaizkigula kukurruku, baina beren pribilejioez inbutu-mutu, imintziorik ere erakusten ez digutela…

Putakeria da gutxiren loteriak askoren miseria dakarrela. Egia latzegia.

Bizargorri, 2017-04-05

Ver Post >
A.E.A.E. sindromea
img
Jesus Mari Mendizabal | 29-03-2017 | 8:45| 4

Gaitz zantzu berria igarri didate medikuek oraintsu. Zu oraindik jabe ez izan arren, zeuri ere agian nahi baino lehen iritsiko zaizu. AEAE sindromea deritzo; esan nahi baitu, Adinak Eragindako Arreta Eskasia, edo Ahaztu Egin Akordatzea Ere. Halakorik ez duzula egundo aditu? Bada, jakinean egon zaitezen, Jainkoak Moisesi Legea hamar manamenduetan egurrean zizelkatu zion bezala, nik zuri paperean hamar nahasmenduetan sintetizatuko dizut nire Sindrome edo gaitz zantzua. Atzo goizeko kontuak dira hok guztiak. Benetan.

Goizeko hamarrak. Autoa garbitzea erabaki dut. Banoa sotorantz. Atariko ate ondoan buzoia, eta, ohitura lege, zirrikitutik begiratu bat eman diot. Kartak bistan. «Ea zer berri dugun, ba, gaur hemen…», nire artean. Kartak jaso eta etxe barrura berriro. Garrantzitsuak apartatu, ireki eta, betaurrekorik eskura ezean, bazterrera pilatu ditut, momentuz, geroko menturaren menturaz. Konturatu naiz, halere, kartetako bat gure alabarentzako dela. Gero, karta-azalak, erreusak eta iragarki hutsak paper-saskira botatzera abiatu naiz, eta hara!, leporaino beteta. «Hau hustu beharra zagok, ba…», nire artean.

Paper-mordoa zaku tzarrean sartu, esku batean hartu, alabaren karta bestean, eta banoa zaborrontzien bidean… Bidean, tartean bizi zaigu, izan ere, gure alaba. Haren atarira orduko, ohartu naiz hango giltza parea ez dudala hartu. «A, burutxo, burutxo…!», nire artean. Eta atzera gure etxera berriz. Paper zakua, gero botatzeko, atarian utzi eta, alabaren etxeko giltzak nire langelako zintzilikario batetik hartzera noala, mahai gainean ikusi dut sobrea, nire goizero hartu beharreko egoskin edo infusio mirarizkoa. «Hau ez zeukeat, ba, biharko uzterik, dedio!», nire artean egin eta banoa sukaldera segituan ura berotzera…

Sukaldera noala, sarrerako komodan loreak ximelik daudela konturatu naiz, ur eskasiaz noski. Infusioarentzat katilukada bat ur sutan eztiki berotzen utzi eta hozkailu gainean zer ikusiko, eta: «Hara! Zer kristo egiten ditek hemen nire ordenagailurako betaurrekoek!?», nire artean, zeharo harrituta. Langelara derrepente itzultzea erabakitzen dut eta, ondoren gero, loreak ureztatzea. Nire betaurreko estimatuak bere tiraderan gorde, bainuan pitxar bat urez bete loreentzat, eta: «Hara! Zer egiten dik hemen salako telebistako mandoak! Nik ez diat, ba, hona ekarri, andrea gaur goizean gaita samarrean bila zebilen zera hau!». Salara, bere tokira eramatea erabakitzen dut, baina loreak ureztatu eta gero… Hasi naiz ura loreei jariatzen, ustez poliki, baina erdia lurrera isuri zait.

Itzuli naiz sukaldera, tele-mandoa hor nonbait utzi eta hartzen dut eskutrapua ur eroriak lehortzeko. Banoa, banator, banabil… Eguerdiko hamabiak aurki… Atzenean, terrazara irten eta pentsatzen jarri naiz gaurkoan zer arraiotan ari ote naizen: eskutrapua eskutan, autoa artean garbitzen hasi ere gabe, alabari karta entregatzeke, paper-zaku mukuru betea hustu gabe, loreak ureztatu gabe, tele-mandoa auskalo non berriz ere, etxe sarrerako zorua blai, autoko eta alabaren giltzak ahaztuak… Memoria auzoan dut nik, sobra ere!

Hasten naiz hurrena kontuak ateratzen: 1, autoa; 2, paper-hondakinak; 3, eskutrapua; 4, karta; 5, lore ximelak; 6, tele-mandoa; 7, betaurrekoak; 8, zorua blai; 9, giltzak… Eta…, hamargarrena!? «Ai, ene, bada! –egin dut nirekiko–. Zer demontre ote nian nik gaur hamargarren egitekoa!?». Eginik izango dut okerren bat gaurkoan ere… Zerbait, seguru, Ahaztu Egin Akordatzea Ere…!

Bizargorri, 2017-03-29

Ver Post >
EGIONDOA
img
Jesus Mari Mendizabal | 22-03-2017 | 9:07| 4

Eta zer arraio da egiondoa?, esango duzu arrazoiz. Egiondoa omen da (egiaren ondokoa, post-egia, post-truth ingelesez), Oxford hiztegiaren arabera, 2016.go hitz peto-petoa; egiondoa omen da (Brexit-aren eta Donald Trump hautatu izanaren harira), “herri-iritzia eratzerakoan, eragin txikiagoa izatea bene-benetako izate eta gertakariek, norberaren uste eta pilpirek baino”. Hots, objektibotasunak gutxiago inporta diola gustuko dugun iritzi-teoriak baino. Alegia, egiaz bestera dabilela sarri eguneroko notizien danbarratekoa. Hain xuxen, gure erara esanda, festa gauza bat dela, eta erabat bestelakoa bestondoa.

Nahiago nuke, bost xentimoren porru-haziak baino, hori guztia egia berdaderoa ez balitz sarri-sarri. Izan ere, egunero bizi dugu egiondo horixe, nik uste. Bizi izan dugu, bizi dugu eta biziko dugu gerokorik gerokoenean ere. Sarri baikabiltza “halakoa” izan eta “bestelakoaren” peskizan, haizezko zubiak eta notiziak eta gezurrak sortuz… Orrialde bat, ez; alimaleko entziklopedia beharko genuke egiondoez, post-truth delakoez, mintzatzeko. Baldinbetan.

«Mutilek zakila dute eta neskek bulba: ez zaitzatela engaina!». Autobus tzar koloretsuan letra handietan hori ipini eta Madril eta Iruña erdiz erdi pasatuagatik egia unibertsala balitz bezala, objektiboki, egia jakina da bestelakorik ere gertatzen, tokatzen dela. Baina askoren uste pertsonalak edota sinesmen sutsuak onartzen ez du “bestelakorik”. Eta egingo dizute haserre: «Zuk nahi duzuna esango duzu, baina gauzak horrela dira; eta kito». Zoaz, zoaz fede itsuari kontran egitera; zoaz hari egiondoarenak aipatzera…

Hemengo borroka armatuarenak badirudi akabera izango duela aurki. Zorionez. Bazen garaia. Izan ere, objektiboki, argi eta garbi zegoen aspaldidanik hura ez zela inondik ere bidea, bide egokia, hasiera beretik kasik. Herri (?) iritzi zabalak, ordea, bestela uste zuen: batzu-batzuen sentimendu abertzale bakar ustezko sutsuarena zen egia bakarra, eta gainerakook traidore faltsuak ginen; orduan. Haiek buila garratzak eta gertakari latzak! Joaten ahal zinen ezer aitatzera kontran; ez alferrik. «Hik nahi duana esango duk, baina honek horrela behar dik, eta kito!». Mendian ardi bila dabilenari dena zintzarri hots iruditzen zaio. Ardia falta, ordea; egia ments. Badirudi aldatu zaiela begiondoa…

Hilondoko bizitzaren egiondoarena da bestea. Egia zaharra eta bakarra honako hauxe dugu: lurretik bizira eta bizitik lurrera; hauts zara eta hauts bihurtuko zara… Gizaseme nahiz andrazkoaren barren-barreneko sentimenak, ordea, esperantza edota ustea edo fedea piztu nahi izaten du hobe-beharrez, eta sinestera eroriak daude, hala musulmanak nola kristauak ere, berpiztuko omen dituztela atzenean, eta “gu zintzook paradisura eta haiek gaiztoak infernura” bidaliko. Eta elkarri esaka ari dira: «Zeruan ikus gaitezela». Bi txanpon baino nahiago nuke hala balitz egia. Nago, baina, ez ote den horretan ere egiondorik: iritzi txit hedatu eta aldarrikatua bai, baina hutsa eta putza; haizezko zubia.

Eta mintza gaitezke udaberriaz (udaberriaren ederra gurean!, eta euria eta hotza ekarri dizkigu); demokraziaz (demokraziaren sendotasuna gurean!, eta errege hala-holakoa nagusi); torturaz (halakorik ez da egundo izan gurean!, eta egiazko testigantza mingarri franko ageri); presoen sakabanaketaz (ETA indargabetzeko omen, eta ETArik ezean ere, segi); mintza gaitezke Altsasuko gazteez (Nafarroan gaueko liskar bat terrorismoa da; Jaenen, ez)… Egiondoak.

Bizargorri, 2017-03-22

Ver Post >
BOTIKARI BOTIKA
img
Jesus Mari Mendizabal | 15-03-2017 | 9:14| 4

Bere hirurogeitaka urterekin ez zuen Joxek osasunean okerrik, inongo minik batere gabe. Hala eta ere, medikutara joateko eta joateko, esaka eta esaka hasi zitzaion andrea; egiteko osasun azterketa bat, Jainkoaren izenean!; bazuela-eta garaia, onean hartu behar zaiela-eta gaitzei aurrea… Beharko joan. Eta joan zen Joxe bere medikuaren kontsultara. Esana eta izana bi gauza dira, ordea…

Medikuak, burubide egokiz, orotariko analisiak eginarazi zizkion. Handik hamar bat egunera, aski ondo zegoela adierazi zion; baina, azterketa hartan balore batzuk mejoragarri ageri zirela. Badaezpada ere, beraz, Losartan errezetatu zion hipertentsioarentzat; baita Atorvastatina  pilulak ere kolesterolarentzat; eta Metformina, diabetesarentzat; eta polibitaminikoak, babesgarritzat; eta Norvastatina, odol-presioarentzat; eta Desloratadina alergien kontra… Botika sendagarriak ugari izaki, urdaila ere babestea komeni, eta hartzeko, esan zion, Omeprazol; Diuretikoa ere bai edementzat, zer gerta ere.

Joan zen Joxe botikara eta han ahitu zituen bere jubilatu-soldataren diru hondarrak… Hilabete baino lehen, ez baitzekien seguru pilula berde alergientzakoak urdailarentzakoen aurretik ala ondoren hartu behar zituen; ez baitzekien bihotzarentzako horiak jan bitartean ala aurretik hartzekoak ote ziren, medikuarengana jo zuen berriro. Medikuak urduri eta uzkur samarrik sumaturik izango zuen, ze lotarako Alprazolam eta Sucedal errezatu zizkion…

Gure Joxek, hobera beharrean, okerragora egiten zuen egunetik egunera. Sukaldean apala bete botika zeukan beti begien bistan, eta etxetik ateratzeko astirik ere ez: aldiro-aldiro zerbait ahora eraman behar, hau ez bazen, hura edo bestea… Hartan, gaitz orok badu-eta bere gaitzagoa, zoritxarrez, hoztu egin zen behin, ondoeztu, gripeztu. Andreak agudo oherarazi zuen, Jainkoarren!, eta kamamilaz, limoiez eta eztiz zaindu: ardoak kendu eta urak ukendu. Alferrik.

Egunetara, medikua jakinaren gainean jarri zuten; eta honek, etxera bisitan etorrita, Tabsin har zezala gauez eta egunez; baita Sanigrip ere, Efedrinarekin. Takikardia punttua ere ba omen zeukanez, Atenolol gehitu zion, antibiotiko batekin: Amoxicilina, gr 1, hamabi orduka hamar egunez. Erpesa eta garatxoak sortu ziztaizkion, gainera, azalean. Fluconol hartzeko, Zovirax-ekin.

Eguneroko egonean, botiken prospektuak leitzeari ekin zion. Hasieran, entretenigarri; baina, laster, izutu zen zeharo: bentrikulu-arritmiak eta nazkak jasan zitzakeen, paralisiak, kolikoak, sexu-ezinak, odol-jarioak, buruko aberiak; eta hilotza bera ere bai! Izuaren izuz, medikuari hots egin zion larri. Lasai egon zedila, honek; laborategiek hori guztia ipini beharra zeukatela, badaezpada ere. Eta Rivotril hartzeko errezetatu zion, Sertralina, 100 gr, antidepresiboarekin. Hezur junturetako mintxoa ere hasi omen zitzaiola ; eta hartzeko Diclofenac…

Hilean behin behintzat, jubilazio sosak kobratu aldiro, kalera irteten zen gizon gizajoa; botikara joateko, gurdia bete botika eske. Hala, egun tristeekin gau tristeagoak aurrera, behin zer?, eta hil egin zen gure Joxe sano gaixoa; hil, akabo… Haren hiletetara jendea erruz agertu zen. Guzti-guztietan negarrik gehien egin zuena, horratik, botikaria. Andrea, berriz, gaur egun oraindik ere, esaka eta esaka ari da, eskerrak medikutara bidali zuen berak bere senarra, Jainkoari eskerrak!; bestela, aspaldi zendua izango zela, seguruxeagotan ere.

 

Bizargorri, 2017-03-15

Ver Post >

Otros Blogs de Autor