Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
JUAN BASURKOREN LAU BERTSO
img
Jesus Mari Mendizabal | 11-05-2016 | 8:35| 0

Juan Basurko Ansola (Hondarribia, 1890; Irun, 1957) euskal idazle izan zenaren lau bertso zahar eder iritsi zitzaizkidan duela urtebete eskutara, mirariz edo txiripaz. Haren eskuizkribu baten fotokopia da, letra txukun dotore argiz idatzia, «BETOR PAKEA» goiburu edo titulua duela. Data Ilbeltza 1947 dakar, eta sinadura Juan Basurko. Tituluaren ondoan, honako ohartxo hau ageri da: «Orain amar urte Bidasoz aruntz idatziak». Esan nahi baitu, 1937an sortuak direla eta, bistan da, erbestean, Iparraldean. Gainera, sinaduraren alboan, eske edo ahalegin edo dena delako hauxe dator: «Esta Poesía se publicaría? en el “Semanario El Bidasoa”». Badirudi ez zela publikatu. Beraz, hau izan liteke, onean, lan eder aspaldiko haren lehen argitaratzea. (Hondarribia aldizkarian atera genituen argitara, 2015eko maiatzean, lehendabizikotz). Urte bat doi geroago, mundu zabalgora botako ditut, merezi dutelako. Inork interesik balu.

Eskuizkribuan datozen bezalaxe idatz-aldatu ditut nik hona. Maiuskulak, komak, azpimarrak, ortografia…, hitzez hitz eta letraz letra, dena Basurkok berak utzi zigun gisa berean erakutsi nahi izan dizut; lege-legera.

1) Guda gogorran, mendean daude            3) Arreba bat det, Irun-en, eta,

Gure lur maitagarriyak,                                Bestea dago Baionan,

Ta, zenbat gera, Bidasoz onuntz                Illoba batzuk, Fraintziyan ditut,

Gudan iges etorriyak,                                    Beste asko Kataluñan,

Bizi geranak naigabeturik                           Seme maitea, nigandik berex,

Malkoz beteta begiyak,                                 Emen bizi da, Urruñan,

Ikusirikan, zer zori txarrak                         Zenbat orlako naigabe da gaur

Dituan gure Erriyak.                                      Zori gaitzeko Españan.

 

2)Yaunari eskerrak, Bidasoz onuntz        4) Denok lenbait-len, alkartu gaiten

Emen bizi naiz pakean,                               Yaunari diot eskatzen,

Urruña-polit, ondoan dagon                      Zeru goitikan, lagun dezala

Basarri txuri batean,                                     Gudu gogor au bukatzen,

Nere arreba maite etatik                              Gizonak noizbait, ikas dezagun

Leku berex-apartean…                                 Alkar goxoki maitatzen,

Onela bizi bearko degu                                Zitalkeriak oinperatuta,

Yaunak nai duan artean.                            Pakean bizi gaitezen.

 

Horra hor, hortaz, Juan Basurko hondarribiarraren lau bertso sentimenduz beteak. Bere buruarekin blagan, lurra eta herria eta guda eta familia dauzka mintzagai, etxetar maiteak batetik, zoritxar zitalak bestetik… Ez zen, ez, atsegin izango 37ko hartan, Bidasoaren bi aldeetan, gudatea tokatu zitzaien gure aurreko errukarri haientzat. Gerra. Haren latza! Gaur ere gerra hotsak badabiltza auzo urrutian, Sirian: erbestea, familia hautsiak, komeriak…! Aise ahazten zaizkigu geure gurasoek jasanak.

Basurko zenaren lau bertsook argia ikusi zuten azkenik, bederen, non?, eta haren jaioterriko euskara hutsezko aldizkarian. Baleki! Zorionean gaude, beraz, gu; eta zorionean daude haren familiakoak ere, baldinbetan. Zortziko nagusi arruntak dituzu, doinu askotan kantatzeko modukoak. Doinu bat aholkatzekotan, «Haizea dator iparraldetik» aholkatuko nizuke, apropos.

Bizargorri, 2016-05-11

Ver Post >
DOKTOREA ETA DOTOREA
img
Jesus Mari Mendizabal | 04-05-2016 | 8:35| 0

 

Urte askoan medikuntzan jaun doktore gogotik ibili ondoren, jubilatu zen gizona. Jubilatu eta aspertu, dena bat-bera harentzat: aspertu egiten zela gizona, ezeren martxarik ezean, aspertu! Beraz, eguna joan eta eguna etorri alferrik eta ezerezean, kontsulta pribatua zabaldu zuen bizi zeneko auzoan bertan, honako kartel xelebrea atariko atean jarrita: “Ondo dakien doktore jubilatuak hain justu, sendatuko zaituela apustu. Baietz zure gaitzetatik nik hustu! (300€). Bestela, zure patrika neure kontura zuk puztu! (500€)”. Auzo hartantxe mediku gazte bat bizi zen, txoriburu puztua. Grazia eginik izango zion kartelak, eta, bere artean: «Adarra jo behar zioat mediku zaharkote horri!». 500 € ez baita txantxetakoa kontua. Pagotxa irabazteko esperantzan, hilabetera, goiz batez joan da dotore, atea jo du kax-kax eta sartu da barrenera…

Behin biak despatxuan aurrez aurre, mediku gazteak faltsuki hala esanik izango zion: «Agure doktorea, hau zoritxarra! Gauetik goizera dastamena erabat galdu dut: mingainak ez dit deusen gusturik hartzen.  Zure premia larrian nauzu. Lagunduko al didazu, mesedez?». Eta doktore zaharrak: «Erizaina, zatoz. Ekar iezadazu 22. tiraderako botika, faborez… Erdiz erdi datorkio eta hiru tanta botako dizkiogu…». Baita gazte dotoreari tantak mingainera bota ere. Honek, berehalakoan: «Aajj, hau nazka! Gasolina da eta!». Ondo zekien doktoreak orduan: «Bejondeizula. Errekuperatu duzu dastamena. Hirurehun euro zor didazu: bota, bota; ekatzu, ekatzu…».

Burla-haizeak bare, mutur eginik atera zen gaztea. Bi hilabetetara, lehen baino ere dotoreago, kapela hegal-zabala jantzirik: «Aitona xahar txotxolo horrek ez zidak niri adarrik joko» bere artean egin eta, galdutako sosak atzera patrikara itzuli nahian, joan da berriz, jo du atea, sartu da erabakimen handiz. «Egunon, agure doktore. Hauxe da abelera tristea: memoria erabat galdu dut; deus ere ezin gogoratu; errukarri nabil, ai ene bada!». Eta doktore zaharrak: «Erizaina, zatoz. Ekar iezadazu, faborez, 22. tiraderako botika… Hiru tanta botako dizkiogu…». Eta: «Bai zera!? Ezta pentsatu ere: hori gasolina da!». «Bejondeizula, gazte –doktore zaharrak–. Garbi dago memoria errekuperatu duzuna. Hirurehun euro da kontua; bota, bota; ekatzu, ekatzu…».

Haserre, gaztea. Seiehun euro zeramatzan dagoeneko inoxente galduak. Baina, temati petrala izaki, hiru hilabetera, betaurreko beltzekin, makulu eta guzti, dotore jantzita, dena emana, bostehun euro nola-hala patrikaratu nahian, joan da hirugarren aldiz ere. Atea jo eta sartu da; umilik, buru makur… Despatxuko mahaian behin biak jarriak: «Hau da zorigaiztoa nirea; ez dut gauza onik: bista galdu dut; apenas ezer ondo ikusten dudan. Gaitz izugarri hau nolabait ere konponduko bazenit, mesedez…». Eta doktore zaharrak orduan: «Gazte…, sentitzen dut, ba. Itsumenaren kontrako botikarik ez dut, horra. Ezin senda dezaket halako gaitzik nik. Beraz, tori bostehun euro, aginduta daukadan bezala. Tori…». Eta hamar euroko billete bat luzatu zion eskutik eskura. Kexu agertu zen gazte dotorea agudo, barre-murritzez: «Baina, baina…, horiek hamar euro besterik ez dira eta!». «Bejondeizula! –doktore zaharrak–. Ikusmena ere errekuperatu duzu, hortaz. Sendatu zaitut berriro, alajainkoa. Bota, bota hirurehun euro, ekatzu, ekatzu… In nomine patrika!». Haizeak eta lainezak majo otxanduta joanik izango zen gazte dotorea etxera, sekula atzera ez itzultzeko, noski.

Bizargorri, 2016-05-04

Ver Post >
ALOS, LASTUR eta SASIOLA
img
Jesus Mari Mendizabal | 27-04-2016 | 8:51| 0

Egunotan hots handiz dabiltza hedabideetan bi idazleren izenak, gizenak: Cervantes Madrilen eta Shakespeare Londresen. Bata pobrea, Migel, betaurreko berriak erosteko ere sosik gabea, konde eta apezpiku jauntxo biren eskupeko bizi izandua urte askoan. Bestea aberatsa, William, egur eta adreiluzko etxandi hamar tximiniakoan bizi izandua, 52 urterekin behin (gehiagotan bezala) bapo jan, bapo edan, bapo erre, eta irten, busti, hoztu eta gaixotu omen zena, handik egunetara hiltzeko (Iparragirre bezala). Egunotan, bestalde, berrogei emakume omendu dituzte Elgetan, gerra zibilean latzak eta bi jasandakoak; emakume baserritarrak, Donostian… Bi idazle atzerriko, hortaz, alde batetik; bertako emakumeak, bestetik; ondo merezita omenduak.

Hemen gurean bertan, alabaina, izan ditugu emakumeak letra-jartzaileak, eta apenas inor inon inoiz gogoratzen den haiekin. Besteak beste, nik gaur hiru nahi ditut hemen aitatu eta goraipatu: Usua Alosekoa, Milia Lasturrekoa eta Maria Estibaliz Sasiolakoa. Hirurak poetak, hirurak emakumeak eta… hirurak debarrak (Lastur, Itziar, Deba, …). Lehenengo biak, Usua eta Milia, XIV-XV. mendeetan bizi izan zirela dirudi. Bi horienak “eresiak” iritsi zaizkigu, hileta kantak. Beilariak izaki, hildakoaren aurrean bertsotan doluak eta minak kontatzen-kantatzen zituzten, antzinako ohitura arau.

Denbora joanean, gauzak ahaztu-errazak bihurtzen zaizkigu denoi ere, paperean apuntatu ezean. Zorionez, bi horienak behintzat herriak memorian gorde izan zituen eta, nondik edo handik, Aloseko Usuarenak Juan Benantzio Arakistain debarrak jaso zituen; Lasturreko Miliarenak, berriz, Esteban Garibai arrasatearrak. (Yon Etxaide handia ahaztu gabe…). Ezaguna da oso, eta ederra: «Zer da andra erdiaren zauria? Sagar errea eta ardo gorria. (…) Azpian lur otza, gañean arria. (…) Lasturrera bear dozu, Milia!». Eta nork ez daki: «Alos-torria, bai, Alos-torria! Alos-torreko zurubi luzia! Alos-torrian negoanian goruetan, bela beltzak kua-kua! leioetan».

Maria Estibaliz Sasiolakoa dakart hirugarrena. Historian hirugarrena, agidanez; baina lehen dama idazle euskalduna historiarako, inondik ere. Oraingoz ezagutzen duguna, behintzat. Haren garaikoak ziren Teresa Avilakoa, Lope de Vega, San Juan de la Cruz, Cervantes, Shakespeare… Baita, nonbait hor, Axular, Bernard Etxepare eta Joanes Leizarraga ere… Badirudi Joan Perez Lazarragakoak jaso eta gorde eta eskuizkribatu zituela Maria Estibalizen hiru poesia amodiozkoak. Honatx lagin bat: «Gogoan, oi, ni banindu! Lagunok baiez diostade, neuronek ezin sinistu. Neuronek ezin neio, baia egingo diot mandatu, arentzat jaio nintzala ta enagiala largatu; ez bisteak kontsolatu, ez egonak amoratu, ez maian asentatu, ez oean albergatu…».

(Honi guztiari buruz nolabaiteko interesik edota zerbaiten berri-minik izango bazendu, nik hemen zehatzago ezer egin ezinean, Interneten bisita eta ikus dezazun aholkatzen dizut: bat, “Tres mujeres debarras en la literatura medieval y renacentista vasca”, Alex Turrillas; bi, “Euskal poesia idazleen artean lehen andrea”, Patri Urkizu).

Omen eta ohore Debari, beraz, eta hiru emakume debar handioi. Biba Alos, Lastur eta Sasiola!!! Ea euskal jendebistagoan paratzen ditugun, behingoagatik betikoz!

Bizargorri, 2016-04-27

Ver Post >
LURREAN BEZALA ZERUAN ERE
img
Jesus Mari Mendizabal | 20-04-2016 | 8:28| 0

Gipuzkoako Errenterian (Oreretan, nahiago bada), bi gizaseme izen-abizen bereko bizi izan ziren orain urte asko ez dela. Bi Joxe Perez, agidanez. Bata zen apaiza;  bestea, taxista, gizon traste xamarra. Halabeharrak hala beharturik, jaio denak hiltzea zor baitu, bi-biak gau batean berean zendu ziren, mundu honetako lanak eginda. Doluak, hileta elizkizunak, lur emateak, sit ei terra levis…; eta biak zerura zuzen.

Jaun Goikoa zain zeukaten heldu zirenerako. «Zure izena?», galdegin zion lehenbizikoari, eta: «Joxe Perez». «Zein…, apaiza?». Eta: «Ez, ez; ni taxista izandua nauzu». «Ondo da. Zaude, faborez, pixka batean…». Jaun Goikoak, eskutan zeraman zerrenda luzeari begi emanik, hala esan zion berehala: «Bejondeizula. Paradisua irabazia duzu; zerurako zaitugu. Tunika hauxe egokitu zaizu, bere urrezko hari eta guzti; baita errubizko inkrustazioekiko makulu platinozko hau ere. Aurrera…!». «Eskerrik asko, eskerrik asko!», taxistak kontent, inon ez da-eta poz txarrik.

Zeru-atariko ilara luzean bizpahiru gehiago irago ziren eta, ondoren, beste Joxe Perezen txanda. «Zure izena?», Jaun Goikoak; eta: «Joxe Perez». «Zein…, apaiza?». Eta: «Bai, berbera». Eskuetako zerrendari bistadizoa egin eta hari ere: «Bejondeizula. Paradisua irabazia duzu eta zerurako zaitugu. Honako mantal hau egokitu zaizu, lihozkoa; baita haritzezko makila hau ere, bere granitozko inkrustazio eta guzti…». Begiak talo bi eginda, apaizak orduan: «Barka beza berorrek, baina hemen bada okerren bat, noski. Ez da gutxitan edukitzeagatik berorren eskaintza, baina izan behar du hemen endredamakilaren bat. Ni Joxe Perez apaiza nauzu, apaiza!».

«Bai, nere, bai. Paradisua irabazi duzu eta dagokizuna da lihozko mantala…». Eta: «Ez, ez. Ezinezkoa da. Hau marka! Nik ondotxo ezagutzen dut, herri berekoa izaki, beste Joxe Perez hori. Taxista penagarria izan da, penagarria! Egunero bazuen azioren bat: txokea ez bazen ere, talkatxo edo igurtziren bat bederen; espaloira igota ibili zenekoa; kiosko bat jo zuenekoa, farola bati egundoko dangatekoa ezarri zionekoa… Oso gaizki gidatzen zuen; denak aurrean hartuta eraman nahi zituela zirudien… Nik, aldiz, berrogeitaka urte eraman ditut igandero sermoiak eginez parrokian zintzo eta zuzen asko. Nola liteke, hortaz, hari urrezko hariz tunika eta platinozko makulua ematea, eta niri mantal zera hau…!?. Bada hemen okerren bat…».

Jaun Goikoak: «Ez, nere, ez; ezta deskuidatuta ere hemen ezeren okerrik… Gertatzen dena da, hemen, zeruan, zuek lurrean bezalakoxe ebaluazioak egitera jarriak gaudela dagoeneko aspaldian». «Nola? Zer…!? –taxistak negar-marraxka–. Ez dut tutik entenditzen; tutik ere entenditzen ez dudanez…».

Eta Jaun Goikoak atzenean epaia eman zion, dzast!: «Bai, ba… Min gutxi eta axanpa asko duzu zuk… Orain hemen ere helburuen eta emaitzen arabera lan egiten dugu. Helburuak nolako, emaitzak halako: hala behar du. Begira… Garbi adieraziko dizut, horra. Zure kasuan, adibidez, azken hogeita bost urtean zuk aldaretik sermoia egin aldiro, eliztar jendea loak hartu izan du aho zabalka; taxistak inor autoan hartzen zuen aldiro, ordea, bezeroa errezatzen hasten zen, otoitzean jartzen zuen… Eta, ai nere, helburuak helburuak dira, hala lurrean nola zeruan ere. Prozedurak, inporta dio bost!».

Bizargorri, 2016-04-20

Ver Post >
SAGARDOTEGITIK
img
Jesus Mari Mendizabal | 13-04-2016 | 8:33| 0

Bakoitza bere zoroak bizi du. Bada mendirik goienetan edo klaustrorik isilenetan xarmaren eta karmaren bila dabilenik. Hemen gurean, urtarriletik apirilera bederen, sagardotegia da santutegia, ezinbesteko er(r)omeria, derrigorrean bisitatu beharrekoa, astero ez bada bai gutxienez hamabostero, euskaldun sano izanenean.

Hala, behintzat, ohitura lege, joan den ostiralean bertan joan dira hiru lagun (Hondarribiatik bat eta Irunetik bi) bi autoetan, hemen izenik aitatuko ez dugun sagardotegi entzute handikora (asteburu honetantxe Frankfurten “pommes d’or” sari preziatua irabazi duenera, hain xuxen). Hala batzuei nola besteei, ez zaie bizi direnean ahaztuko. Pommes d’or, pommes d’or…; baina, oro ez da urre!

Joan dira, jan dute, edan dute. Behin joanez gero, jan beharra dago bost eta edan beharra hamaika, baldinbetan! Eta behin hori guztia eginez gero, apenas duen festak akaberarik sekula… Hasteko, kafea eta mus partida Hernaniko Ollalumen; hurrena, Astigarragan berriz ere zurrut eta kantu, ohitura lege… Eder-sumak munduko mixeria guztietatik kontsolatzen gaitu unean-unean. Eta gaua ilunagotzen, lanbro zirina, giro…

«Etxera ere abiatuko beharko diagu, ba…!». «Baina, azkeneko tragoa non edo han hartu gabe ez, ala!?». «Irunen, Cipriano Larrañagan, betiko baxter gurean…?». «Bale, konforme; hantxe aurki elkar ikusi arte…». Hondarribiarrak erabaki du (txukunen ibiliak) Gurutzetik zuzen joango dela bera; beste biak, zerrepel samar, autopistatik badaezpada hobe, kontrol gutxiago izaten ohi dela-eta Ertzainena. Eta, ordu txikiak handitzen hasi baino lehen, atera da bakoitza bere bidean Irunerantz…

Handik ez dakit ba nik ordu erdira edo, hondarribiarra iritsi da hitz-hartutako tabernara eta eskatu du gin-tonika. «Total, hemendik etxera joateko…», bere artean eginez. Eta xurrut eta itxoin, itxoin eta xurrut, denbora aurrera eta lagunik agertzen ez… Harik eta, zain samar jarria, bakarrik, aspertu zen arte. (Telefonoa, gezurra badirudi ere, ez daramate guztiek aldean gaur egun oraindik ere).

Eta etxera joan zen. «Hor konpon; auskalo non zer dabiltzan bi fardel horiek!». Behin etxean, ohera sartu eta berehala, hara!, telefonoa hoska. Gaitz orok bai baitu bere gaitzagoa. Hartu eta: «Gabon. Hemen Ertzaina. Zure lagunak gurekin dauzkagu, alkoholemia-proban positibo eman dute-eta, bi-biek. Zure izena eman digute. Beraz, faborez, eskertuko genizuke, jaso eta bakoitza bere etxera eramango bazendu. Irungo Bentasen gaude, halako tokitan…». Hau guzti hau egia da, ni hemen nagoen bezalaxe.

Jantzi, autora berriz sartu eta, tximistak harturik, joan da esandako tokira. Han, ilunetan, argi errainuak diz-diz… Aurkeztu da poliziagana; aurrekalde ona eginez bai, baina begi-larri samar eta, ustez uste gabe, hiztripua eginez tarteka: «Gabbon. Lagunen bila nator. Ondo iruritzen baaazaitzue, eraman diz-dizazket…». Hitz politek salda onik ez, eta ertzain mutilak, ohitura lege, beren furgonetara sartzeko eskatu/agindu zion, aparatuan putz egin zezan… Handik denbora gutxira, taxi batean erretiratu behar izan zuten hirurek etxera. Gero gerokoak, isunak eta abarrak… Etxekalte gauza asko egiten baita, konturatzerako. Eta…, lagun guztiak ez direla, gero, adiskide on, errejudas!

Bizargorri, 2016-04-13

Ver Post >

Categorías

Otros Blogs de Autor