Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
HARROKERIA
img
Jesus Mari Mendizabal | 11-06-2014 | 8:27| 0

Gauza guztien hasieran, artean ere oraindik arimak hilezkorrak omen zirenean, saguzarra gaur egun ezagutzen dugun bezalatsu bizi zen. Ilun-txori-gorri deitzen zioten, batere lumarik ez zuenez, larrugorritan zebilelako hegan, hotzak akabatzen maiz, lotsak hartuta beti, ilunik ilun. Gainerako beste hegazti kolorez jantzien artean, larru beltz zatarrez ageri zen saguzarra, labezomorroa baino ere itsusiago.

Hotzak eta lotsak eraman ezinda, zeru gainera hegaldatzea erabaki zuen, Jainko gauza guztien sortzailearen aurrera, umilik, eskean: beste hegazti guztiei bezalaxe, emateko, mesedez, berari ere soinerako lumak. Baina, ordurako guzti-guztiak ahituak zituen Jainkoak, mundu guztian erruz zabalduak; eta ezin izan zion luma alerik ere eskaini. Hori bai, kontseilu on askoa eman zion saguzar errukarriari: hauta zitzala txoririk politenak munduan, eta eska ziezaiola bakoitzari kolore biziko luma eder bana.

Lurrera jaitsi atzera eta, bila-bilaka ibili ondoren, karnabaren luma gorriak bereganatu zituen, birigarro txikiaren laranjak, tarinaren horiak, txirriskilaren berdeak, amilotxaren urdinak, enararen anilak eta, azkenik, mokolodiaren moreak… Eta haiekin guztiekin dotore jantzi zen, baldinbaitere! Hega batera eta hega bestera, eguratsa ere ederragotu zuen, eta hegazti familia harriduraz bete-bete. Pozarren zebilen saguzarra sekulako partez, pozarren alajaina. Atera kontuak: ostadarra berak sortua omen da, bere orduko luma-kolore igualekin egina.

Denbora joanean, ordea, bere buruari beste guztien gainetik eder eta galant iritzirik, harropuztu zen, laineztu zen, eta harrokeria horrek hegazti anaiekiko iraintsu eta laidoztatzaile bilakatu zuen. Jainko gauza guztien egileak hura guztia ikusi zuenean (alegia, saguzarrak bere luma berriez gozatu beharrean xume, burla egiten ziela lagunei petral), hura ikusi zuenean Jainkoak, dei egin zion zerura, Berarengana igo zedila agudo. Behin han zela, harroaren harroaz lumetan kabitu ezinda hantxe ere, nabarmen erakutsi nahi izan zuen bere ederraren ederra. Hala, hegoak gogotik astintzen zituela, zer?, eta ez zitzaizkion ba luma guztiak libratu eta erori!?

Egun hartan, zeru gainetik lur zabalera egundoko luma-parrastada egin omen zuen, lumazko euria, eguna ilundu zuen arte. Luma guztiak galduta, larrugorritan berriz ere, komeria beltzak saguzarrarentzat. Atsekabetu zen lazki…

Harrezkero, larru beltz jarraitzen du saguzarrak, itsu eta itsusi, leize zuloetako gordean ezkutaturik. Harrezkero, gauero ateratzen da luma galduen bila, etengabeko hegada zalapartarian uzkur, inortxok ere ondo ikus dezan nahi ez duelako. Harrezkero, gau-enara deitzen diote iparraldean maitekiro, behin harrokeriak betirako gauez hotzak eta lotsak bizitzera kondenatu zuen antzinako txori eder haren oroimen onean; omenean.

(Zazpi bekatu nagusiak, 1)

Bizargorri, 2014-06-11

Ver Post >
KUKUARI PRAKAK EGITEN
img
Jesus Mari Mendizabal | 04-06-2014 | 8:32| 0

Jendeak ez daki zer asmatu oraintxe. Atentzioa nola edo hala emateko, nabarmen nabarmentzeko, egiten da xelebrekeria franko, balentriaren izenean, alfer-alferrik. Zeuk gogoratuko dituzu kasuak noski bederen hiru; prentsak badakartza egunero gutxienez bi; nik bat kontatuko dizut labur, azken asteburu honetakoa. Ez nabariena, ez berariazkoena; baina balekoa bai, ari garen kasurako.

Atleta korrikalari galiziar batek (zeinaren izenak axola digun bost hemen) entrenamenduak nola egiten omen dituen adierazi berri du hainbat kazetari txundituren aurrean. Nonbait, berak korrika aurreraka egiten omen du; aldapak igo eta jaitsi, ordea, atzeraka; eta esprintatu, berriz, zeharka. (Hori esanda aski ez, eta zera gaineratu du: hori omen dela, hain xuxen, korrikaren kamasutra… Azken adierazpen metaforiko hau beste ohe bateko izara da, ordea, eta utz dezagun bere horretan).

Horrixe esaten zaio, nik uste, balentriaren izenean, alfer-alferrik, zoro-lanak hartzea. Lasterketak aurreraka izaki, atzeraka zein zeharka entrenatu, zer egiteko!? Atentzioa emateko, bestetarako ez. Atleta horren ibilera harrigarriak ahuntzaren gauerdiko eztulak bezala dira: ezertarako ez.

Honen harira, kontatzen dute Nafarroa Beherean, ba omen zela aspaldi Iruñean errege fin bezain bizkor bat. Udaberri aurreratu euritsu batean, oraingoxe gurean bezalatsu, ez bide zuen atertzen: zaparrada ez bazen, lanbroa edo kuku-izerdia behintzat egunero beti. Denbora zertan enplegatu askorik ez gazteluan, eta aspertu samarrik omen zegoen errege. Hala, bere mandatariei agindua eman zien, bila zezatela ingurumarian, beste inork ez bezalako azaina harrigarriren bat egiteko gauza zen norbait, eta, aurkitutakoan, eramateko bere aurrera, kortekoen entretenigarri.

Iruñeatik bertatik oso urrutira gabe aurkitu zuten, agidanean, gizaseme bat aukera-aukerakoa: hari mutur bat airera bota eta, harrigarrizko moduz, orratzaren begian sartzen omen zekien, ttak! Egiteko horretan aritzen omen zen herriz herri, bere asmazioaren erakuspenak jendaurrean egiten harroxko.

Eraman zuten gizona gaztelura eta, erregeren eta korteko guztien aurrean, bota zuen haria airera esku batez zizt!, eta sartu zuen besteko orratz-zuloan zazt! Ez behin bakarrik, gainera; behin eta berriro, baizik. Harriturik zeuzkan ikusle guztiak. Erregek orduan agindu zuen eman ziezazkiotela gizon hari ehun ontzako urre eta… ehun makilada.

—Zergatik ehun makilada!? –galdegin zuen gizajoak, begiak beren zulotan kabitu ezinda.

—Ehun ontzako urre, saria duk –erantzun zion Iruñeako erregek–; izan ere, munduan inork ezin izan dik halako harrigarririk egin oraindainokoan. Ehun makilada, aldiz, zigorra duk; zigorra, hainbeste denbora galdu izanagatik zoro-lanean. Zertarako ari haiz horretan: aurki joango zaigun kukuari prakak egiteko…!?

Bizargorri, 2014-06-04

Ver Post >
ETXEA ETA POLITIKA
img
Jesus Mari Mendizabal | 28-05-2014 | 8:33| 0

Gaur bezalako astegun buruzurian, arratsaldeko zazpiak-edo izango zirenean, Donostiako etxe apain batean, etxeko bakoitza berean ari zen: aitona, ordenagailuko leihotik munduaren ikusmiran, gogotsu; ama, musika eztia jarrita salan irakurtzen, axolagabe; titiko umea, ondoko sehaskan zapi zuritan, lo; neskamea, begia bete lanekin, lisaketan; eta aita-semeak, berriz, denbora eman ezinez, sukaldean zer suma…

Halako batean, seme koxkorrak aitari: «Aitatxo –galdetu zion–, zer da politika?». Eta aitak («Orain ere badiagu! Zer arraio esan behar zioat nik honi…?», bere kolkorako eginda), atakatik nolabait ere irten behar-eta, pixka batean pentsatu ondoren, halaxe esan zion:

—Konparazio baterako: nik zekarreat dirua etxera, ezta?; beraz, ni Kapitalismoa nauk. Zuen amak gobernatzen dik dirua; beraz, bera Gobernua duk. Aitonak, dena xuxen joan dadin, gainbegiratua ematen ziok gu bionari; beraz, bera Sindikatua duk. Neskamea, Langileria diagu. Hi zaintzeaz arduratzen gaituk gu guztiok; horregatik, Herria haugu hi. Eta hire arreba txikia, oraindik pixoihaletan bildua dagoena, Etorkizuna duk. Horra politikaren panorama; konprenitu al didak, seme?.

Semetxoa ez zegoen artean bete-betean sobra ere, eta agindu zion aita inspiratuari, ohean pentsatuko zuela bi aldiz, itxoiteko pixka bat, politika kontu nahasi hari antza ondo hartu arte. Gauean gero, ilunean eta isilean zegoela oro, bat-batean hasten da arrebatxoa negar-marruka eta esnatzen da mutikoa: pixoihalak bustirik eta zikinik izango zituen arrebatxoak…

Ez zen aurreneko aldia ere, baina ez zekien zer egin. Jotzen du lehendabizi zuzen aita-amen gelara, topatzen du han amatxo, ematen dio egoeraren berri; baina kasurik ez, halakoxe lotan zegoen agidanean seko. Jotzen du hurrena neskamearen lo-tokira eta… hara! Han zen aita neskamearen gainean ezti-gozotan. Aitona, berriz, leihatila batetik kirika ikusi zuen, neskamearen eta semearen jira-biren tringili-tranguluari begira-begira… Inor ez zen mutikoaren presentziaz jabetu, denak ere hain zeuden beren egitekoetara bilduak.

Hura guztia ikusi ondoren, etxeko mutil koxkorra atzera itzuli eta berriro lotara joatera deliberatu zen: hor konpon…! Biharamun goizean, gosaltzerakoan, aitak semea aurrean hartu eta: «Zer? –galdegin zion–. Hitz gutxitan esango al didak, argi eta garbi, hiretzako politika zer den; deus konprenitu baduk, behintzat?».

—Bai, aitatxo –erantzun zion umeak pronto-prontoan–. Oso garbi daukat: Kapitalismoak Langileria baliatzen du eta zapaltzen, bere probetxurako; Sindikatuak albotik begiratu besterik ez du egiten. Bien bitartean, Gobernua lotan datza amets betean; bien bitartean, Herria ez du inork ere kontuan hartzen; bien bitartean, Etorkizune, ai Etorkizune gaixoa!, kaka eginda dago. Horixe da politika. Bart primeran konprenitu dut guztia, horratx!

—Txanponean bost orratz –izan zen aita flipatuaren erantzun motza, ahoa bete lotsa, beste zer esanik ez-eta.

Bizargorri, 2014-05-28

Ver Post >
¿ESTIMADO? ¿RESPETADO?
img
Jesus Mari Mendizabal | 21-05-2014 | 8:40| 0

Datorren igandean, maiatzak 25 egingo dituenean, izango dira Europarako Hauteskundeak, hemen ere. Puiko Ama Birjinak anpara gaitzala, harexen eguna da eta. Anpara gaitzala baten batek nonbaitetik, ze, gure izenean omen doazen bi partidu politikok etxera bidali dizkidaten gutunekin arrunt erretxindu bainaiz, eta erabat zapuztu. Botoa?, nori?, zertarako!?

Bata, PP-rena, hasten da: «Estimado tal…»; bestea, UPD-rena, «Respetado/a ciudadano/a…». Biak ala biak (nolako eltzea, halako burruntzalia), goitik beheraino erdera hutsean eta gaztelera betean idatziak daude. Ezta hitzik ere euskaraz. Ezta kortesiaz ere. Hori al da gu garen bezalakoak, euskaldunak, estimatzea eta errespetatzea!? Egingo nuke apustu, Katalunian katalanez (ere, baldinbaitere!) idatzi dutela, eta Galizian galizieraz. Hemen euskaraz zergatik ez…? Gutunean demokraziaz eta solidaritateaz eta eskubideen defentsaz dihardute laineza hartuta. Zakurraren putza!

Memoria askatuz oroitzen dut, nola Irungo udalean, denbora asko ez dela,  talde popularreko Juana de Bengoecheak (hala idatz dadin nahi baitu damandreak) esanak: euskara eta gaztelera, biak omen direla gure hizkuntzak; euskara maite omen dutela; euskararen aldeko lan-asmoan konprometitzen omen direla; halere, baina, inor ez omen dela euskara ez jakiteagatik lotsatu behar… Horrixe esaten zaio cara y cruz kastillanoz; euskaraz, berriz, tori eta tati. Batez ere, etxera lotsagabe bidali dizkidaten gutunak ikusita. Azala behar du, gero!

Nabaria da ez gaituztela garen bezala, euskaldun, beren mapan onartu nahi. Ez ikusia egiten digute nabarmen, hasteko; gero, azkenean, haieneratu ezean, aienatu. Aienatu kuanto, esan nahi baitu, ihes eragin, urrundu, desagerrarazi. Eta, behin Bruselan, jakina: lan gutxi eta pagotxa franko, Todo por la Patrika…! Gogorregi ari ote naizen iritziko dio honi guztiari baten batek, agian. Halakoxe latzikara eman dit, eman ere, gutun gaizto pareak, eta beroarenak kendu gabe ari naiz parrastadan idazten, sentimendu mindutik paper inozora, etorri ahalean.

Edozein moduz, nire esanak axola die bost. Beinke. Izan ere, gure kostatik haien lehorrera konparazioak egiten hasita, arrantzaleek hemen uretara nola, hala alderdi bi horiek (eta besteren batek) botatzen dute han sarea airera, eta lehertzeko zorian dute aldiro altxatzen (botoz lepo noski), hain da berena lurralde jendetsua. Nire botoa, aldiz, zertarako? Pikupeko garia dirudi: alerik, fruiturik, onaurkirik batere ematen ez duena. Lelo zaharrak laburbiltzen du gure destino petrala: arrazoirik ez dugu, gutxi garelako.

Abstentzioa aterako da, agidanez, datorren igandean ere garaile, beste behin. Abstentzioak, ordea, ez du sekula irabazten. Hor zagok, bada! Irabazleak beste batzuk izango dira, betikoak, miraririk ezean. Eta nora ezkurra, hara zerriaren muturra: harako presturik dauzkate dagoeneko bakoitzak bere Patria eta Patrika. Esperantza motzak gurean, beste behin… Irabazleak beste batzuk aterako direlako, tamalez: niri batere estimarik eta errespetorik erakutsi ez dizkidatenak, beste behin ere.

Bizargorri, 2014-05-21

Ver Post >
GU EZ GARA MUGITUKO
img
Jesus Mari Mendizabal | 14-05-2014 | 8:47| 0

            Deabruak gehiago omen daki zakur zaharra delako, deabru delako baino. Baita aitona zaharrek ere. Urteek metatzen dute esperientzia, eskarmentua, asma-bidea. (Eta ez dut, nahita, amonarik aipatu, agure bat izango dudalako protagonista, letra-larre honen hondarrean). Gai delikatua dakart, tema labain haserregarria. Hitzak ondo neurtu beharko ditut, hortaz. Emakumeak dakartzat, izan ere, hizpidera; eta erne! Ez emakumeak gizasemeak baino gehiago edo gutxiago direlako. Ezta emakume guztiak igualak direlako ere, baizik batzuek beldurra sartzen dutelako. Bilintxi apaizen batek bezala. Ez da beldurra hitzik aproposena; uler bedi gibel-beldurra, susmo txarra, goganbeharra, sospetxeria…

            Egia ukaezina da, urteetan ez ezik mendeetan ere, gizasemea (giz-on deitua) potro-jorran egon izan dela etxeko lanei dagokionez, ardi zaharra mendian nagi bezala, krokodiloa ibai ertzean etzanda bezala, ea inondik ezer ekartzen dion muturren aurrera fortunak (eme-kume deituak). Ez da egundo inon inor sortu, eta ez sortuko ere,  aspaldiko egia handi horri muturra bihurrituko dionik.

            Eta sartu naiz kontuok kontatzera, arriskuak arrisku, batetik, aurrean daukadan inkesta batek eman didalako idea eta bidea; eta, bestetik, gure artean maiz atera izan delako gaia. Alegia, gaur egungo neskak prest daude, prest egon nahi dute, geroko etxeko lanetarako? Zein jarrera erakusten dute? (Mutilak ezta aitatu ere; mutilenak bizarra duten kontuak dira-eta, aspaldiko betikoak). Neskak bakarrik, beraz.

            Aipatu berri dudan inkesta hori, unibertsitatean eta kalean egina omen da, hamasei-hemezortzi urteko neskeei. Aipagarriak bezain kezkagarriak dira erantzunak. Sukaldea? Jana erosi eta kito. Harraska? Ontzi garbigailua dago horretarako. Josketa? Urratua bota eta berria jantzi. Lisaketa? Zer da hori!? Zoru-komun-hauts garbiketak? Neskame-lanak. Haurrak? Aitona-amonei utzi eta listo… Errukienak dira etorkizunean senar-emazteak; batzuen batzuk, behintzat. Nolanahi ere, bi nesken erantzunak eman dit, batik bat, atentzioa: «mutila hor den bitartean, gu ez gara mugituko». Jan eta jantziko badira, baten batek mugitu beharko ditu hanka-besoak, arraioak ez baditu!

            Eta azken erantzun polit horrek pasadizo politago bat ekarri dit gogora. Gizaseme dagoeneko urtetsu batek lur-sail handiak zeuzkan etxearen jiran; eta, aparte batean, baita laku bat ere. Oso-oso gutxitan joaten zen haraino, eta behin «gaur ikusi behar diat ba nola dagoen» esanda, bertara abiatu zen. Besa-saski bat hartu zuen berarekin, zernahi fruta edo marrubi edo ziza parean tokatuta ere, badaezpada. Lakura iristen ari zela, hizketa hots alai biziak aditu zituen. Neska gazte koadrila zen, uretan plisti-plasta, igerian jostari, den-denak larrugorritan.

            Agurea bistaratu zutenean, ordurako aski hurbil, raust! sartu ziren guztiak putzuan barrurago, leporainoko uretan. Handik, nesketako batek: «Zu hor zauden bitartean, gu ez gara mugituko!», egin zion oihu aitona zaharrari. Bai honek agudo erantzun ere: «Ni ez naiz etorri zuei begiratzera; gutxiago oraindik zuek larrugorritan kontenplatzera. Ez, ez». Besa-saskia altxatu zien orduan, eta errematatu: «Ni hona krokodiloari jaten ematera etorri naiz».

Bizargorri, 2014-05-14

Ver Post >

Categorías

Otros Blogs de Autor