Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
JUDUA ETXE ZULO BILA
img
Jesus Mari Mendizabal | 07-12-2016 | 9:26| 0

Hemen hauetan aspalditik ez da judurik agerian ikusten; hemen hauetan, noiztik ez da judutarrik aitatu ere egiten! Baina, hala eta ere, judu erraturik badabil oraindik ere munduan; judutar guztiak ez daudelako munduan aberats, judu guztiak ez daudelako dagoeneko Israeleko habian… Judio jaio batzuk oraindik badabiltza euskal herrietan ere, ttirriki-ttarraka, han-hemenka, behartsu, ezkutu-gorde disimuluzkoan, direlakoan-eztirelakoan… Gauza da, inork apenas garbiki aitortzen ez badu ere, palestinarrak izan gabe ere, euskaldunok zapoa daukagula haientzako; esan nahi baita, herra eta tirria, korromioa eta fobia diegula…, piskatxo bat.

Behobian gertatu berri da, agidanez. Kamioi eta autoen eguneroko alamena dela eta, bertako kristau batek Landetxan pisu berri koxkor bat erosi eta erabaki zuen etxetxo zaharra errentan uztea. Baita egunkarietan hala anuntziatu ere… Biharamunean bertan, goizean goiz, han zen Behobiako etxe xaharrean ate joka gizaseme sasoiko bizardun bat, bere motots bildu eta guzti.

—Nik etxe hau gustuko –bisitariak–. Pozik hartuko nik alkilerrean…

—Kasualitatea, gizona –kristau euskaldunak erantzun–. Bart euria egin du eta konturatu gara teilatuak oso kaltetua behar duela izan, ze aze nolako itoginak, tanga-tanga!, ganbaratik beheiti. Zuloak eta pitzadurak konpondu arte ezin alokatu dut etxea…

—Lasai horregatik, gizona; niri ez inporta. Nik badut anaia hargin igeltsero teilatu-konpontzailea; hark dena konponduko; hark egingo agudo guretzat adina lehorpe…

Zertxobait susmo txar hartzen zion, ordea, etxejabeak arren-erreguka zetorrenari. Halakoari bere etxea utzi ez nahi, eta zozoarena egiten segitu zuen:

—Itoginena ez da txarrena… Ikusten duzu hor kalean ume mordo iskanbilatsu hori? Ba, hortxe daude egunero goiz-goizetik, oilar-oiloak bezala kukurruku eta karaka; baita bazkalondoren ere siestako garaian… Eta kamioien zarata…! Hemen lasai lo egingo duenik ez da; hemen lo erreak izango dituzu…

—Lasai horregatik, gizona. Gure beste anaia batek gozodenda handia du; engainatuko ditu nolabait. Zarata ez inporta. Nik etxea behar; etxe hau nahi…

Etxejabea aspertzen da, gogaitzen da, nazkatzen da, eta:

—Ba al dakizu…? Nik ez diot nire etxea errentan judu bati utziko. Kito!

—Ni…, zer!? Ni judutar? Oh, ez! Ni, katoliko…

—Zu katolikoa? Baita zera ere…! Ea, ba: zenbat Jainko daude, zenbat…?

—Jainko bat bakarra. Baina berez hiru: Aita, Semea eta Espiritu Santua.

—Eta nola du izena Semeak?

—Jaun Goiko Aitaren Semea, Jesukristo.

—Eta non jaio zen Jesukristo?

—Jesukristo, Belenen.

—Jaun Goiko Ahalguztidunaren Seme izaki, palazio batean noski, ala…?

—Ez, ez… Txabola zulo batean, astoa eta idia ondoan, gixaixo, pobre…

—A, joino! Eta zergatik jaio zen, ba, txabola xahar batean errukarri…!?

—Zergatik…!? Zergatik diozu!? Kristau madarikatu kaka zimur batzuek judutarrei etxerik utzi nahi ez zietelako!!!

 

Bizargorri, 2016-12-07

Ver Post >
ALABAREN URTEBETETZEA
img
Jesus Mari Mendizabal | 30-11-2016 | 9:21| 0

Gure alaba zaharrenak hamabost urte bete ditu, atzo. Ume-umetatik bezala, aurten ere afari-merienda moduko bat prestatzen lagundu genion, lagunartean atseginetan egon zedin, jaten-edaten eta kontuak esaten… Atzo arratsean egina dute festa, geure etxepeko soto dotore atonduan. Litxarreria franko eta zurrut eta purrut, ase ederrik eginik izango zuten, noski…

Ilunabar goiztiarrarekin gonbidatuak banan-banan ailegatu orduko, gogoak emandako tokietan eseri ziren han-hemen aulkian, mahaian, lurrean… Berehalaxe gero, bakoitza bere sakelako telefono gainera makurtu zen mutu. Hurrena, berriz, twitter, instagram, facebook, washap…, tiki-tiki-tiki-taka-tik, mezuak bidaltzen hasi ziren guzti-guztiak, edo, bestela, joku bitxietan jolasten, begi biak erne-erne pantailari eta ahoa zimur-zimur keinuka…

Hunkigarria zen, hunkigarria zenez, bakoitza bere mobil beltz soilaren gainera makurtuta ikustea. Zeinen handiak zeuden denak! Txiki-txikitatik ezagutzen ditut, izan ere, eta; beren artean hitz egiten zutenetik, alegia… Gogoan dut oraindik gehienen ahotsa. Batzuek ez didate sinesten, txikiak zirenean elkarrekin hitz egiten zutenik; elkarri begira ere egoten zirenik, ez didate askok sinesten.

Dantza egiteko tenorea iritsi zenean, bakoitzak bere entzungailua telefonotik belarrira konektatu, bakoitzak bere gustukoeneko abesti-sorta hautatu eta, bakoitzak bere dantza egin arren, bazirudien denak erritmo berean ari zirela. Hura zen, hura, ikustekoa…! Geroago, tartetxo batean, denak gelditu eta gure alabatxo laztana zoriontzeko prantatu ziren. Denak kieto, dena isilik, denak atezuan, hala nola ohi diren atleta esprinterrak ehun metroko karreran.

Berealdiko zalaparta sortu zen derrepente sotoan: lagun guztiek batera, emozioz ikaratan, zorion mezuak, bidaltzeari ekin zioten, tiki-tiki-tiki-taka-tik, guztiak ere aurren-aurrenekoak izan nahian, hatzak tarrapataka sekulako abioan mugituaz. Batzuek, bistan da, aldez aurretik prest zeukaten testua eta “ok” eman eta kito… Gure alabatxoaren sakelakoak ez zuen bakerik tik eta tik, tirrin eta pirrin… Guzti-guztienak ere ezin, bada, une hartan ikusi eta asko beste baterako gorde zituen. Hura poza eta ditxa gure neskato maitearena: ilargi bete-betea zeukan bere labe gainean!

Ondora joan nintzaion eta: «Zorionak, nere! Urte askotarako!», esan nion emozioz gainezka. Izututa begiratu zidan berak, haserre; eta alde egin zidan ondotik, zapuztuta. Harritu ez ezik, kezkatu ere egin nintzen, jakina, eta atzetik joan nintzaion ea zer demontre gertatzen zen galdezka, ea zer arraio egin ote nion nik, gaiztorik. Bere mobila hartu eta mezu bat bidali zidan, tiki-taka-tik:

—Jo, tta! Nre lgunn aurrn ridklu eitn nao ni! KO utz nzu… Msdz, zrtko dad tfnok…!? Ztkizu mzu bt 2dalzn, eo…!?

—Brk! (:—<)!? –erantzun behar izan nion neure mobilez–. ZRNK!!! Urt asktko!!! Eun zrgrr pa dizt. Myt zytt. Tta. (:—*).

Urtebetetze zinez polita izan zen atzokoa, gure alabatxo zaharrenarena. Hau da denboraren joan beharra! Saguzarra baino urtetsuago nago dagoeneko. Jaio ziren berriak eta badakartzate nik ezin igerriak… Nola zahartu naizen! Eskerrak eman ez nion musurik…

 

Bizargorri, 2016-11-30

Ver Post >
AUKERA-AUKERAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 23-11-2016 | 9:25| 0

Hala atsoak nola agureak ere inork uste baino maizago eta aixago dabiltza airean, aireplanoan, munduan batetik bestera; eta, arabera berean, inork uste baino komeria gehiago gertatzen zaizkie, doazen tokira doazela. Ez da erraza jakiten haien ibileren berri. Nik txiripaz izan dut gertaera pollit baten notizia, eta ez daukat niretzat gordetzeko. Herritar batek esan dit ez omen dela atzo goizeko kontua, baina tira…

Agidanez, dama ormaiztegiar apain edadetu batek, bere hainbestegarren urtebetetzea izaki, herrian zertan nola handiro ospaturik ez, eta erabaki zuen autoz Hondarribira etorri eta hegazkinez Madrilera joatea, asteburua nahieran pasatzera; hiriko hotelik garestienetako batera joan ere, zer arraio. Zapatuan joan zen; ostatu hartu zuen eta… “ahitxoa janda sabela bero, lotxo bat einda kalera gero”, igande goizean zorrak ordaintzera plantatu zenean komeriak, komeriak kuanto! Enplegatuak laurehun eta berrogei euroko faktura erakutsi zion.

Haserretu zen atso ormaiztegiarra eta galdetu zuen sutan ea zer demontretan egin ote zuen okerrik berak; hotela ederra zela, bai, baina gela arrunt halako bateko gauak, gosaririk gabe, ezin balio zezakeela hainbeste, inolako moduz. Ohiko tarifa omen zela, adierazi zion enplegatuak. Ezin zitekeela, atsoak; eta hoteleko gerentearekin hitz egin nahi omen zuela… Berandu baino lehen agertu zen gerentea, txitxi baino dotoreago (aurrez noski enplegatuak leziatuta), eta esan zuen tente-potente:

—Hotelak kategoria du, piszina olinpikoa, sauna finlandiarra, areto ikusgarria dantzarako, eta abarren abarra, bezeroentzat egunero prest.

—Nik ez ditut erabili, ordea! –dama goierritarrak purrustaka.

—Beno, baina hor izan dituzu aukera-aukeran…

Hori guztia gutxi ez eta, ondoren, egundalako berriketak egin zizkion hotel handi haren izan-gaitasunei buruz; batez ere, bezperan, zapatu arratsean, izandako ikuskizun internazional Madril osoan famatuari buruz:

—Hemen zenituen atzo, zu agertu eta gero, munduko artistarik onenak beren ikuskizun zoragarriak eskainiz; mira-mira eginda egoteko modukoak!

—Ni ez nintzen, ordea, haiek ikusten egon! –atsoak, bekozko ilunez.

—Beno, hainbat zuretzat kaltean. Hortxe izan zenituen aukera-aukeran, eta, beraz, aprobetxa zenitzakeen. Errotan zaila da irinik ez lotzea…

Atsoaren haserre-marmarrak ez zion gerenteari zirkinik ere eragin; bera tankanpante, lasai. Ormaiztegiko atso erretxinduak orduan txekez ordaindu nahi omen zuela, eta txekea zirri-zarra bete eta eskura entregatu zion jaun gerente ikara-ezinari. Papertxo lauki luze sinatua hartu zuen honek eta, begia bota zionean markatutako diru kantitateari, agudo espabilatu zen:

—Aizu, señora, txekean… berrogei euro jarri duzu; berrogei!

—Hala da. Zuzen dago. Laurehun euroko deskontua egin dizut, nirekin oheratzeagatik.

—Ni zurekin oheratu…!? Baita zera ere!!! –gerenteak, espantuka.

—Beno, ni hor nintzen, gau oso-osoan, aukera-aukeran. Etor zintezkeen, aprobetxa zenezakeen niri zirri-mirri batzuk egiteko… Ahuntzaren lorean egon bazara, hainbat zuretzat kaltean! Beraz, bada, kito egingo dugu biok honekin…

Pikua jan zion ederki ormaiztiarrak madrildarrari, begiak harri bi utzita…

Bizargorri, 2016-11-23

Ver Post >
HILERRI BATEKO BERRI
img
Jesus Mari Mendizabal | 16-11-2016 | 8:23| 0

Hilerriak edo kanposantuak azaroko lehen egunetan, usoak urriko hego-haizeetan bezala dira: notizia beti. Zer esanik ez aurten. Gasteizen, gazte koadrilaren batek botila-tzarren batean azioa egin omen duenekoa; Iruñan, ezezagun batzuek hilobiak profanatu omen dituztenekoa; Donostian, baten batek tabernakuloa eta kustodia bere lekutik atera eta bota omen dituenekoa; Bilbon, hileta koroak, beren zinta eta guzti, hilobietatik lapurtu eta familiakoei auskalo nora kristo galdu omen dizkienekoa…

Horiek guztiak barra-barra hedatu dira Hegoaldeko probintzia guztietara, haserre suak eraginez. (Ene, bada, gure Munilla…!! Baita bateko gotzaia eta besteko artzapezpikua ere). Apenas, ordea, inortxok jakin duen hemen Iparraldeko hilerrietako berri; hango hilerri bateko berri, zehazki-mehazki. Niri txiripaz iritsi zait notizia, Bidasoa hurbileko mugaz gaindi… Kanposantu bateko etxo itsusi zikina izan arren, hemengo atarira ateratzen kemendu naiz, lotsak lotsa, irria eta barrea eragitea osasungarria omen delako. Izan ere, hauxe irakurri berri dut: «Zientziaren arabera, irribarre egiteak, arrazoirik gabe bada ere, zoriona dakar». Barre gozatsuak egin ditzazula, hortaz; nahiz eta hilerriko berriak serioak ohi diren beti, tristeak eta ilunak.

Olgetan ala benetan ari ote naizen, egiaz ala alegiaz, zeuk ikusi, zeuk erabaki. Baina, niri kontatu didatenez, Hilen Egunaren biharamunean, hilaren hiruan edo lauan, gertatu omen zen, Lapurdiko herrixka batean. Iparraldeko herri horren izenik ez digu axolik; jakin badakigu, alabaina, han herri askotan elizaren atzean daudela hilerriak, zabalik beti ere, hemen gurean ez bezala…

Bi emakume aski gazte eta pinpirin, mozkortu xamarrik, tabernatik etxera bidean, ordurako ilunabartzen hasia zelarik, iji eta aja, hilerrira sartu ziren pixa egitera. Baita hilobi atze batean makurtu eta egin ere. Dena zen han lore eta koroa dotore… Azpiak zerekin garbiturik ez gero, eta bietako batek azpi bustiak tangarekin lehortu, tanga harrika bota eta gonak jantzi zituen lasai arraio. Besteak, aldiz, penatxo halako tanga eder garestia galtzea, eta atzeko hilobi gaineko koroa-zinta bati tira egin eta harekin estali zituen azpiak, tanga ez bustitzearren; ondoren, tanga jaso, prakak jantzi eta, iji-aja, han abiatu ziren biak, bakoitza bere etxera…

Hurrengo egunean ziren komeriak… Lehenengo andrearen senarrak, min-min eginda, suak harturik hots egin zion bestearenari telefonoz:

—Bart arratsean gure andrea zepelin ederra harrapatuta etorri duk! Tangarik gabe, gainera! Besterik ez genian falta…! Akabo; gureak egin dik! Gainezka egin dik nire pazientziak… Auskalo non, norekin, zertan ibilia den…!

Eta bestearen erantzuna:

—Hori ez duk ezer, motel; ezer ez denez hori, nirearekin konparatuta! Konparatuko duk, ba…! Hi heu ere ez al haiz sekula zepelindu, ala…!? Begira: gure emaztetxoa ere mozkorturik, txolin-txolin ailegatu zuan etxera atzo, iji eta aja, aja eta iji… Ez duk, ordea, hori okerrena. Okerrena duk ipurdiko erretenetik zintzilik, bere azpietan bilduta, zinta bat zekarrela, honako eskaintza-idatzi eta guzti: «Ez zaitugu ahantziko!!! Maitasunez: Ernest, Xanti, Filipe eta Baionako campus guztia. Campus de Bayonne». Atera itzak kontuak, hi…

Hala bazan ala ez bazan, hala kontatzen dute behintzat, Baionako plazan.

 

Bizargorri, 2016-11-16

Ver Post >
BERGARAKO URDINA edo ANILA
img
Jesus Mari Mendizabal | 09-11-2016 | 8:08| 0

Bergarako Angiozarren, Altuna baserrian, zazpiehun olibondo aldatu omen zituzten 2009an (eguteran, zer esanik ez), eta olio ehundik ehunean gipuzkoarra ekoizten omen dute gaur egun. Ez dira, noski, gure probintzian lehenak, ezta bakarrak ere, egiteko horretan: Hondarribiko Beko Errota, kasu; baina, hori beste kontu bat da. Gauza da, ari direla olio berde usaintsuaren egintzan, eta bejondeiela angiozarrei.

Duela bostehun eta hemeretzi urte, Bergaran bertan, oihalgintzan hasiak ziren, jo eta su ordurako, «los hacederos de los paños de Vergara», lekuko ez, baina bai araugile begirale Doña Isabel Erregina Katolikoa berbera zutelarik. Baita XIX. mendearen akabera aldera ere: bostehun eta gehiago langilek ba omen ziharduten herrian, urtean hamazazpi mila jantzi-pieza ekoitziz, lanerakoak hamarretik bederatzi. 1970ean ba omen ziren sei enpresa eta bi mila langile…

Mahonezko prakak, Bergarako urdina, Bergarako anila…, gaur egun oraindik ere erreferentzia ezagunak egiten zaizkigunak, entzutez bederen. Baina…, zer demontre zen anil delako hura?; nondik zetorren?; zer ikusteko dugu gipuzkoarrok anil harekin…? Anila, edo indigoa, iratzearen antzeko zuhaixka lekaduna da, eskualde beroetan hazten dena, hostoetatik eta adaxketatik gai tindatzaile bat ateratzen zaiona, “indigofera anil”. Antigualetik egiten da, nonbait; eta Indian eta Txinan bide du bere jatorria.

Nolanahi ere, Ertamerikan bazen familia bereko beste aldaera bat, “deindigoferea tintorea”, eta Guatemalak izan behar zuen, agidanean, haren produzitzailerik handiena. Jardupide luzeko egitekoa izaki, langile franko behar izaten zen: hostoak eta lastoak beratu, hartzitu, haren patsa alkaliz nahastu, zapaldu, lehortu, hauts bihurtu eta, azkenik, beste sustantzia batzuk erantsirik, gradu diferenteetako koloreak sortu, urdinetik purpurara. Esan eta kontatu errazago egiten da, egin eta gauzatu baino…

Haiek han ari zirela eta ari, hemen ere ez zeuden lotan geldi egoteko, eta Oiartzunen, besteak beste, hiru gizaseme jaio ziren, gure historiarako txit interesanteak hirurak ere: 1733an, Frantzisko Antonio Arbide Aristizabal; 1734an, Pablo Orendain Fagoaga, gerora apaiz egingo zena; eta, 1751an, Manuel Arbide, lehenengoaren anaia. Hiru oiartzuarrok zerikusi zuzen-zuzena izan zuten gure anilarekin. Baita Real Compañía Gipuzkoana de Caracas delakoak ere, jakina; baina hori ere beste historia bat da.

Aita Orendain apaiz lagunarekin batera, Ertamerikan zehar zebilela, ezagutu zuen F. Antonio Arbidek indigo landarea. Eta, landare hori landatzeko lurralde oso egokiak Venezuelan bazirela konturaturik, bere anaia gaztea, Manuel, bidali zuen gerora Guatemalara, zertara?, eta zuhaixka lekadunaren hazi eta adar-adaxken bila. Anaia hau “indigofera anil” izeneko motarekin itzuli zen lur venezuelarretara; eta, Aragua ibarrean bakarrik, bost bat mila pertsonentzat zeregina eta lanbidea eragin zen; bost bat mila pertsona, urte osoko urri-bizitza beti-batekoan zeudenentzat. Antonio Arbide, berriz, lurrak erosi eta anil-tintura honen ekoizlerik handiena izatera iritsi zen. Hainbesteraino, ezen 1804an Maracayko gobernadoreak, esker onez, bostehun peso eman baitzizkion pentsiotzat urteko, harik eta bizirik zen artean. (Peoi arrunt batek, indigo sailetan lanean, urtean ehun peso ere irabazten ez zuenean; atera kontuak).

Bergara famatua egin zen urte askoan, lanaren poderioz, ehungintzan, anila, Bergarako urdina, erabiliz (hiru oiartzuarrak ahaztu gabe, gero!). Europa eta mundu osorako eginak, zenbat oihal, bakero, izara, soineko… fabrikatuak, tindatuak, garbituak, kolorean doituak, geure etxeetan…! Erreka bera ere, Bergarako anilaren eraginez, urdin-urdin joaten omen zen maiz itsasoraino… Kontu zaharrak horiek denak, baina arrakastatsuak, meritu handikoak, onaurki txit baliosoak ekarri zituztenak gure probintziara. Ez da duda izpirik ere… Beste horrenbeste opa diegu hemendik Angiozarreko Etxagibel-Altunatarrei. Bejondeizuela. Zaila izango da, noski; baina oliba gipuzkoarrak ekar dezala anilak bezainbeste etekin eta irabazi. Hala bedi.

 

Bizargorri eta Patxi Albisu

Ver Post >

Categorías

Otros Blogs de Autor