Diario Vasco
img
Autor: bizargorrizena
“ES QUE…” ESKE
img
Jesus Mari Mendizabal | 04-01-2017 | 9:29| 0

Urte Zahar egun joan berri denean gertatu bide da; zu zeu bizi zaren aieka (gune, eremu, zona) horretatik oso gertu gertatu ere. Urte Berri egunean ere, beste hamaika halako gertatu omen da han-hemen. Baina ez nago ni denak kontatzeko. Zeure zona (eremu, alde, aieka) horretan pasatua kontatuko dut, oraindik enteratu ez bazara, zozo hori (antton, txaldan, pello, mari, inozo hori).

Mutil gazte batek bere andregaiaren etxeko txirrina jo zuen aurrenekotz, eta andre-nahiaren aitak ireki zion atea, jarrera jatorrean: «Zer dugu, gazte?». Eta: «Es que…, zurekin hitz egin nahiko nuke». «Ondo da –gizonak–. Zatoz barrura, goazen salara, esaidazu lasai zer nahi duzun». Mutila sendo zetorren bere asmoan eta erabakimenez mintzatu zen: «Es que…, begira. Gauza bat argi eta garbi markatzera natorkizu: zuen alaba eta biok elkar hartzeko intentziotan gabiltza, maitez eta gozoz. Hitz batean esanda, nahi dugula ezkondu, osea…».

Etxeko jaunak, barre-murritza. «Oso ondo. Baina, esaidazu, gazte: irabazten al duzu baleko soldatarik, datozkeen seme-alabak (ama ere bai, akaso, baldinbetan) mantendu ahal izateko geroan…?». Eta, kopeta gorarik, honela erantzun zion gazteak: «Es que…, injenieroa naizen arren, ez dut askorik irabazten; ez naiz oraindik eratzen erabat. Es lo que hay… Baina zuen alabak txibatu dit zenbat jasotzen duzuen zuek, senar emazte biok, hilero-hilero. Horrekin, nik uste, zuen laguntzatxoa izango dugulakoan nago; laguntzatxoa, telefonoa eta gasolina eta beste gastu minimo batzuk likidatzeko garaian…».

Etxeko jaunak, harrituta, barre-samur: «Eta zer…? Apartamentua ala etxea erosiko duzue? Pisu bat alokairuan hartuko, beharbada…?». Mutilak, pentsakor: «Pentsatzen egonak gara eta, es que…, zuen etxe eder hau izanik…, ez etxerik erosi, ez pisurik alkilatu, ezer egin beharrik ez dagoela pentsatu dugu. Líos, para qué…!? Hementxe bizi nahiko genuke, zuekin batera…». Etxeko jaunak, txunditurik bezain funditurik, galdera berriz ere, barre ziriz: «Esaidazu, gazte: autorik batere ba al duzu bederen?». Gazteak: «Es que…, es que… –erantzun zion irri zuriz–, zuk hiru kotxe izanik, zertako nik berria erosi? Posible dut zuretako bat erabili; libre dagoenean; libre dagoena, beti ere».

Une hartantxe, etxekoandrea sartu zen etxera, andre-nahiaren amatxo. Harritu zen salara iritsi eta mutil gazte ezezagun hura bere senarrarekin blagan (berriketan, hizketan, erausian) ikustean. Eta: «Arratsalde on. Zer berri dugu hemen? Zertaz ari zarete, ba, atrebentzia ez bada…?». Eta senarrak orduan, zutik jarrita, zirtolari (esan nahi baitu adar-jole, barre-eragile eta burlari): «Hona hemen, ene polit hori, arbitro berria. Ele: kalerako uso, etxerako bele!».

Muzindu eta laineztu zen etxeko alabaren mutil-laguna: «Ni, arbitroa!? Es que…, ostia; da pasada bat. Zer dela eta? Arbitro!?». Aitaginarrebatzakoak, orduan, irribarreka: «Zer arraio nahi duk, ba, esatea…? “Nekez bederik bere garaian heltzen duk udaberria”, esan zian bertsolariak. Hi, ordea, katilu bete uretan gustura ito ote haizen nagok… Bestalde, berriz, gure guztion egiteko honetan guztian, zer jartzen duk hik, e? Pitoa besterik ez!». (Pitoa edo txilibitua, silbotea, bibolina, isipua, txintxilikarioa, pititoa, txistua, ziria, instrumentua, behatz handia, zakila, kainoi motza…). Gaurko honetan, behintzat, nire kontua goitik beheraino ondo ulertu duzulakoan, urte berri on-ona opa dizut bihotzez, zauden aiekan zaudela, zarena zarela, antton edo pello edo mari. Es que…

Bizargorri, 2017-01-04

Ver Post >
BEREZKO LEGEZKO BILBOTARRA
img
Jesus Mari Mendizabal | 28-12-2016 | 9:44| 0

Atzo hamabost, Santa Luzia egunean hain zuzen, lepo-ondo ederreko bilbotar gizaseme puztu tentea tokatu zitzaigun, eguerdiz, gure auzoko Eguzkilore tabernan, zerbeza bat hartzen. Halako batean, telefono deia izaki, atarira atera zen, sakelakoa belarrira erantsita, gogoz eta beharrez…

Laster asko, barrea zeriola sartu zen ostera, eta zerbitzariari tabernan geunden guztioi erronda berri bat ateratzeko esan zion, aita izan berri zela-eta; bere andrea berezko legezko bilbotarraz erditu omen zela, eta haurtxo jaioberriak hamaika kilo pisatu omen zituela:

—Hamaika kilo pisatu ei dauz gure seinek!

Arraio gorria! Tabernako bezeroontzat, guztiok ere euskal herritar arrunt, ez zen sinesteko gauza, ezta hurrik eman ere. Eza emanaz begiratu genion, esanez bezala: «Amonak sinistuko dik hiri hori, txokilio arraioa!». Non noiz ezagutu da, izan ere, hamaika kiloko haur jaioberririk!? Egundo halakorik! Gu atzo goizeko inozenteak ginelakoan… Hala eta ere, berak sorbaldak jaso eta esan zigun:

—Batekoz beste, gure botxoan horixe izaten da neurrie, giputxok. Hamaika kiloko haur jaioberrie, eta harritu egiten zarie? Tira, tira…!.

Pixkanaka, dena den, sinesbetean ez bazen ere, han geunden askok luzatu genion bostekoa, zorionak emanez. Bakarren bat gelditu zen aho bete hortz, harriduraren larriduraz; emakume batek, kasu, ia konortea galtzerainoko min enpatikoak ere nozitu zituen, agidanez, erdi-pentsatze hutsarekin…

Atzo bertan (hamabost egun doi beranduago, beraz), hara non ikusten dugun ostera lepo-ondo ederreko bilbotar gizaseme puztu tentea gure auzoko taberna berean. Zerbitzariak ere agudo asko ezagutu zuen eta, pikaro samarra izaki berez, galdetu zion:

—Kaixo, gizona! Zeu zara, noski, berezko legezko bilbotar haurtxo haren aita, ez da hala? Jaiotzerakoan hamaika kilokoa bazen, hemen gure artean galdezka ari gara jakin-gogoz, ea zenbat pisatzen ote duen dagoeneko, hilabete erdia kunplitu duenean…

—Hamar kilo –erantzun zigun soil-soil, lasai-lasai, tan-kanpante.

—Hara berriz! Nola hamar kilo…? –zerbitzariak zur, mur eta lur–. Baldin hamaika kilo bazituen jaiotzean, nolatan hamar kilo handiagotzean?

Izpirik estutu gabe, lepo-ondo ederreko bilbotar gizaseme puztu tenteak, putzaren putzez prakek ere hartu ezin zutela, tragoxka bat jo zuen patxadaz lehendabizi; hurrena, adar-joleen maneratan giputx denoi irri-mirrika begira, ezpainak lehortu zituen mantso-mantso; eta, azkenik, haizez beterik, zerbitzariarengana eskoratuta, lehoi arraren lepoko ile piloa baino harroago, hauxe esan zigun:

—Fimosi operaziñoa egin berri deutsogu; horrexegatik…

 

Gaur kontatzeko hobea da gure auzoko gertaera, Eguzkilore tabernakoa, abenduaren hogeita zortzia izaki, hain zuzen ere. «Inoxente, inoxente, lehoiak buztana tente!». Baldin baziren hemen “txantxangorri batenak lau libra tripaki”, “lehoi” kume batenak Bilbon lau kilo buztan-moko dira (zortzi libra zil-mustur!).

 

Bizargorri, 2016-12-28

Ver Post >
JAUN LARRIARENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 21-12-2016 | 9:32| 0

Jaun larri batek (gizaseme adineko batek, alegia), hezur eta haragizko mundualdi honetan urte gutxi aprobetxa zitzakeela-eta, elkarte nudista batean eman zuen izena. Batetik, kuriositate hutsez, mundu ezezagun bat ezagutze aldera; eta bestetik, emozio berrien zale zebilelako atzenaldian… Zaharra izan arren, nobedadeak nahi, bada. Garesti zegoen oso sozio egitea; baina, diruak, nork irabazi, berak iragazi; zer koino, gero!

Behin kidekotzat onartu zutenean, egun eguzkitsu epel batean han presentatu zen elkartean bere apain guztiez apainduta. Etxalde ikusgarria zen, hondartza txiki baten ondoko eremuetan, zelai eta arboladi eta bordatxo. Behin sartuz gero, atzeko atetik larrugorritan atera beharra zegoen.  Hala, arropak erantzi eta biluzik abiatu zen gure aitona lorategietan barrena, noiz eguzki noiz itzal, inori eta ezeri ez ikusiarena eginez…

Derrepente, neska ile hori pertxenta katxarroa tokatu zitzaion parez pare, larru hutsik, irribarretsu. Eta… hara: azpiko txoria esnatu, anaia txikia altxatu eta kainoi motza tentetu egin zitzaion! Ohartu zen, noski, neska; eta, ondora etorrita, gozo bezain lizun esan zion:

—Dei egin al didazu, jauna…?

—Nik? Ez. Zer dela eta…!?

—Zu berria zaitugu hemen, inondik ere. Begira, hemen arau hauxe dugu lege: nik zuri erekzioa eragiten badizut, zuk niri dei egiten didazu; atsegin nauzulako, nirekin egon nahiko zenukeelako… Goazen, hortaz.

Eskutik eztiki hartu eta arbola arteko bordatxo batera eraman zuen dama gaxteak attona xaharra. Gizona harrituta, baina kontent eta konforme. Ohe zabal batean etzanarazi eta bere haragia nahi erara zerbitzatu zion jaun larriari. Gizon haren haragiaren gustuak eta aseak, atsegin likitsen bitsetan!

Pozetan zoratzen gero, zelaitik hondartzara ibilalditxo bat egin eta sauna gozora joan zen. Sartu, eseri eta… hara: puzker bat atera zitzaion ziplo, braaast! Derrepente, gizakote mardul egundoko bat hurreratu zitzaion, larru-bizirik irribarretsu, beisbol makila zimel batekin, limuri eta begi-bera, nahiguzirako:

—Dei egin al didazu, jauna…?

—Nik? Ez. Zer dela eta…!?

—Zu berria zaitugu hemen, inondik ere. Begira, hemen honako araua dugu lege: zuk nire aurrean puzkerra botatzen baduzu, hots egin didazula esan nahi du, atsegin nauzula, nirekin egon nahi duzula… Goazen, hortaz.

Beste hitzik gabe, besotik indartsu helduta, arbola batzuen azpiko abarora eraman, jirarazi, lau hankan jarrarazi eta… laian egin zion, txortan egin zion, larrutan egin zion dzanga-dzanga-dzanga, (barka esatea, baina), kaleko zakurren moduan, gupida gabe… Jo zion majo atzeko danborra; eta, behin bere guraria beteta, ospa… Gure jaun larriak, berriz, ahaten moduan zinbili-zanbuluka ibilki, nola-hala elkarte barruko bulegora jo zuen gajoak, errukarri. Han dama idazkariak hartu zuen, irribarretsu, larru-bizitan huraxe ere:

—Zertan lagun zaitzaket, jauna?

—Tori sozio-txartela, tori giltzak… Sarrerako 600 euroak ere, zuretzat.

—Ene, bada, jauna! Ez duzu-eta ordu pare bat besterik egin gure artean. Asko duzu oraindik ikusteko; asko duzunez ikusteko… eta gozatzeko!

—Aditu gauza bat, enetxo. Nik hirurogeita hamar urte beteak ditut dagoeneko. Apenas dudan erekzio bat hilabetean izaten; puzkarrak, aldiz, berrogeita hamar ere botatzen ditut egunero. Beraz, tontokeria gutxi  niri, aditu…!? Beste zakur bati hezur hori, marisorgin!

 

Bizargorri, 2016-12-21

Ver Post >
GAURKO ZURE EGUNAK…
img
Jesus Mari Mendizabal | 14-12-2016 | 9:07| 0

Atzo, Santa Luzia, egun guzia; eguna motza eta gaua luzia. Orain berrehun eta laurogeita bederatzi urte bezala… Orain hogeita hamabost urteko gisa berean…Hi heu ez haiz oraingoa, txokilio; ezta Santa Luzia feria ere. Ezkio-Itsaso azpian, Santa Luzian, ospatzen zuan zazpi egunez alimaleko feria-festa antzinako hori. Litxarreria libre, lizunkeria lizentzi eta liskarra libertimendu, gotzaiak haserretu zituan zeharo; Iruñakoa, batik bat. Urretxuarrak ez zeudean alferrik erne. Feria huraxe beren herrian ospatu ahal zedin baimenak eskatu eta, 1727an, Felipe V.ak horretarako eskubide guziak eman zizkietean. Gaur arte.

Orain dela hogeita hamabost urte hantxe hintzen hi, Santaluzitan, hire andrearekin, ia bi urteko alaba Lierni orga-sehaskan hartuta, auto-tutuan egun pasa joana. Andrea kunplitu xamarrik zegoan bigarrenez, gorputz mehean sabel gizen biribil borobil… Kalean gora, kalean behera, Urretxuko plazatik Zumarragako geltokira, gustura ibili hintzen, autoatseginetan, giro onarekin. Gogoan duk jendetza, gogoan duk bazkaria, gogoan duk kafea hartzearena ere… Gogoan duk ia dena; harik eta, bat-batean, hire emaztea umeminek hartu zitean arte. Ai ene, bada: uzkurdurak! Hura estuasuna eta presa eta zalaparta…

Automobilean sartu eta Irunera, automaten gisa… Hire andrea minez txikitzen, aiumaka, arnas-estuka, hats eta putz… Ez zegoan artean Irunen eskualdeko ospitalerik, eta Urdanibia plazako bazter zera hartan emagina, erditzeko gela, medikua zain… Estuak eta larriak berriro. Eguna motza gertatu zuan eta gaua luzea, oso luzia. Ilargi betearekin. Hik, aise nahia izaki beti, ateka gaiztoan atarramendu onik ez. «Ba al dator…?», emazteari. «Noizko dugu…?», erizainari. «Hau dek hau…!», heure buruari. Erdi urren zegoena, bien bitartean, etzanik, uzkurdura gero eta sarriagoekin, minetan eta ezinetan, putz eta hats…

Gorputzak, beti ere, ba omen zekik dantzan; utzi egin behar omen zaiok… Eta hartan, denbora hiretzat aise joanean, goizaldean, heu aurrez aurre presente hintzela (buru-kaskoa ageri plop, leporainokoa atera zast, bizkarraldea libratu blup, oinak kanpoan zizt…!), jaio zitzaian, zitzaizuen, bigarren alaba, Itziar sorgintxoa, zorionik onenean, gaur bezalakoxe egunez, duela hogeita hamabost urte. Hire orduko autonomia isila eta amaren antsien pila! Izan ere, jaiotza bakoitzean bi erditze gertatzen omen dituk: kumearena eta karenarena: lehenengoan, umea libratu beharra; bigarrenean, ama salbatzea komeni.

Hazi eta hezi gero, Hondarribiko Guillerma-enean… Titi-emateak, oihal garbitzeak, orgatxoan ateratzeak, ikastolarako janzteak, demandak eta sesioak, zaputzak eta muzinak eta lainezak… Horiek denak eta askoz gehiago ere hik albotik ikusi hituen. Dantza geroago, Alamedako Elvira Ubiernarenean: euskal-dantzan hasi eta balletean amorratu: balleta, balleta eta balleta…!!! Hamabost urterekin Madrilen utzi huen alabatxoa, apopilo, ezezagunen etxean lau urtez. Zurich gero, Leipzig gero, Londres gero, Royal Opera House… Hire alabak oila-lurrean baino urte gehiago egin dik atzerrietan. Halere, autopuztua hago.

«Gaurko zure egunak,/ sorgintxoa baitu,//gau ilargi beteaz/ oparitu gaitu…//.  Zuregandiko ditxak/ ez zaizkigu ahitu:// harrotasun handitan/ ama duzu blaitu;//aita autista honek/ ere maite zaitu».

 

Bizargorri, 2015-12-14

Ver Post >
JUDUA ETXE ZULO BILA
img
Jesus Mari Mendizabal | 07-12-2016 | 9:26| 0

Hemen hauetan aspalditik ez da judurik agerian ikusten; hemen hauetan, noiztik ez da judutarrik aitatu ere egiten! Baina, hala eta ere, judu erraturik badabil oraindik ere munduan; judutar guztiak ez daudelako munduan aberats, judu guztiak ez daudelako dagoeneko Israeleko habian… Judio jaio batzuk oraindik badabiltza euskal herrietan ere, ttirriki-ttarraka, han-hemenka, behartsu, ezkutu-gorde disimuluzkoan, direlakoan-eztirelakoan… Gauza da, inork apenas garbiki aitortzen ez badu ere, palestinarrak izan gabe ere, euskaldunok zapoa daukagula haientzako; esan nahi baita, herra eta tirria, korromioa eta fobia diegula…, piskatxo bat.

Behobian gertatu berri da, agidanez. Kamioi eta autoen eguneroko alamena dela eta, bertako kristau batek Landetxan pisu berri koxkor bat erosi eta erabaki zuen etxetxo zaharra errentan uztea. Baita egunkarietan hala anuntziatu ere… Biharamunean bertan, goizean goiz, han zen Behobiako etxe xaharrean ate joka gizaseme sasoiko bizardun bat, bere motots bildu eta guzti.

—Nik etxe hau gustuko –bisitariak–. Pozik hartuko nik alkilerrean…

—Kasualitatea, gizona –kristau euskaldunak erantzun–. Bart euria egin du eta konturatu gara teilatuak oso kaltetua behar duela izan, ze aze nolako itoginak, tanga-tanga!, ganbaratik beheiti. Zuloak eta pitzadurak konpondu arte ezin alokatu dut etxea…

—Lasai horregatik, gizona; niri ez inporta. Nik badut anaia hargin igeltsero teilatu-konpontzailea; hark dena konponduko; hark egingo agudo guretzat adina lehorpe…

Zertxobait susmo txar hartzen zion, ordea, etxejabeak arren-erreguka zetorrenari. Halakoari bere etxea utzi ez nahi, eta zozoarena egiten segitu zuen:

—Itoginena ez da txarrena… Ikusten duzu hor kalean ume mordo iskanbilatsu hori? Ba, hortxe daude egunero goiz-goizetik, oilar-oiloak bezala kukurruku eta karaka; baita bazkalondoren ere siestako garaian… Eta kamioien zarata…! Hemen lasai lo egingo duenik ez da; hemen lo erreak izango dituzu…

—Lasai horregatik, gizona. Gure beste anaia batek gozodenda handia du; engainatuko ditu nolabait. Zarata ez inporta. Nik etxea behar; etxe hau nahi…

Etxejabea aspertzen da, gogaitzen da, nazkatzen da, eta:

—Ba al dakizu…? Nik ez diot nire etxea errentan judu bati utziko. Kito!

—Ni…, zer!? Ni judutar? Oh, ez! Ni, katoliko…

—Zu katolikoa? Baita zera ere…! Ea, ba: zenbat Jainko daude, zenbat…?

—Jainko bat bakarra. Baina berez hiru: Aita, Semea eta Espiritu Santua.

—Eta nola du izena Semeak?

—Jaun Goiko Aitaren Semea, Jesukristo.

—Eta non jaio zen Jesukristo?

—Jesukristo, Belenen.

—Jaun Goiko Ahalguztidunaren Seme izaki, palazio batean noski, ala…?

—Ez, ez… Txabola zulo batean, astoa eta idia ondoan, gixaixo, pobre…

—A, joino! Eta zergatik jaio zen, ba, txabola xahar batean errukarri…!?

—Zergatik…!? Zergatik diozu!? Kristau madarikatu kaka zimur batzuek judutarrei etxerik utzi nahi ez zietelako!!!

 

Bizargorri, 2016-12-07

Ver Post >

Categorías

Otros Blogs de Autor