Diario Vasco
img
Categoría: Uncategorized
NAFAR TORTILLA

Arrautzopilaren, patata tortillaren jatorriaz edo sorburuaz badarabilgu buru-nahaste franko. Aspalditik defenditu izan dut Tomas Zumalakarregi jeneral karlista ormaiztegiarrak (bere sukaldaria lagun zuelarik) asmatua izan zela XIX. mende erdialdean, Nafarroako Allin bailaran zebilela. Agian. Hala entzun nien, behintzat, behin hangoxe atso-agure pare bati; garai hartan ere hango herrixketan arrautza eta patata eskura izaki; ez asko, baina gutxian aski. Gauzak ez dira, ordea, horren xinpleak, agidanez. Egia ezin da zurrumurru hutsetan oinarritu; dokumentazio fidagarria behar da “agian” egian jartzeko.

Dokumentazioa behar da; eta, nik behintzat, inon froga on erakusgarririk topatzen ez… Halere, gutxien espero dugun lekuan eta unean agertzen da erbia. Joan den ostegunean (hilak zortzi, Ostegun Gizen), ohi ez bezala, telebistari begira jarri nintzen, denbora pasa. ETB1en, Txoriene sukalde-programa. Aurkezlearekin bi gizaseme ageri ziren, nafarrak, esango nuke. Konektatu bezain pronto, bi gauzok eman zidaten atentzio bizia: prestatzen ari ziren janak (bi patata tortilla, zuria eta beltza) eta esaten zutenak (nafar tortillak omen zirela haiek, otapurrez eta abarrez eginak).

Bi gizaseme Txoriene-ra gonbidatu haiek jantziago eta ikasiago zeuden ni baino arrautzopilaren nondik norakoaz, zorioneko patata tortillaren jatorri eta sorburuaz. Eurek, beti ere, “nafar tortilla” esaten zuten. Eta kontatu zuten, ezer baino lehen, historian kokatze aldera, zer ziren XVII. eta XVIII. mendeetan Nafarroako erreinuan (hiru guneetan: Iruñean, Lizarran eta Tuteran) “memorial de ratonera” deituak; sagu zuloko oroit-agiriak, euskaraz. Ikusten denez, legeak egiten ziren hiru herri horietako jauregietan; eta bazen gutunontzi bat, buzoi bat, jendeak “sagu zulo” izendatzen zuena, non, nahi zuenak (eta idazten zekienak, baldinbetan!) bere eskabideak, bere protestak, bere iritzi idatziak, bere oroit-agiriak lagatzen baitzituen.

Oroit-agiri edo memorial horietako bat 1817koa da. Bitxia, zinez! Aldi hartan nafar jendeak zer nola jaten eta janzten zuen adierazten baitu xehero, hiru eremuak bereiziz, gainera: mendia, erdia eta erribera. “En el país medio” (Lizarraldean, hortaz), hara zer dioen: «…, dos o tres huevos en tortilla para cinco o seis…, mezclando patatas, atapurres de pan, u otra cosa». Alegia, bost edo sei pertsonentzat, bi edo hiru arrautzari, patatak eta otapurrak (ogiapurrak edo “migas”) eransten zizkietela, edo auskalo beste zer, janaria ugariagotzeko, bistan da. Goseak erakusten du hori. Eta hori da, inondik ere, arrautzopilaren edo patata tortillaren aipamenik zaharrena Europan; eta horixe da, hortaz, nafar tortilla legekoa, Nafarroan nafarrek asmatu bide zutelako, XVII.-XVIII. mendeetan zehar, seguruenera; 1817. urtez aurretik, behintzat, derrigor.

Gure Tomas Zumalakarregi beranduxeago ibili zen Lizarra inguruetan, bere sukaldari Lancelot belgiarrarekin. Badirudi, beraz, Tomasek-eta han ikusi jendea zera jaten, han ikasi arrautza-patata-otapur zera egiten eta, ondoren gero, ekarri eta zabaldu zutela nafar tortilla hura hala Gipuzkoara nola Bizkaira ere; eta ondorenago gero, noski, baita iberiar penintsulara eta mundura ere. Kontaerak aski egiantzekoa dirudi. Oihartzunak du beti azken hitza. (Inork interesik baldin badu, bisita dezala sarean: www.kukubat.eus).

 

Bizargorri, 2018-02-14

Ver Post >
LEPOA EGINGO NUKE!

Eguzkia baino argiago ikusten dugu (ikusi uste izaten dugu), hala gure existentziaren gorabehera potoloenetan, nola gure eguneroko gertaerarik xume ttattarrenetan. Hain ziur gaude gure ustean, hain-hain sines-betean, lepoa ere jokatuko baikenuke zenbaitetan; apustuan jarriko baikenuke zernahi gauza, galtzeko beldurragatik… Eta, adibiderik eman ezean, baieztapen batzuk airean urtzen baitira elurra eguzkitan bezala, arestian esanaren ulertze aldera, gure auzoko ezagun bati herenegun gertatu zitzaiona kontatuko dut.

Ezin esan da Antton Kaiku denik gure gizona, baina Antton deituko diogu kontakizunean, gauza erdibidean utziz. Bon… Antton, goizero bezala, bi egunkari erosita, Sokoako kafetegi-okindegira joan zen, etxetik laurehun bat metrora. Bere txokoko mahaitxoan astiari eta aisiari jarrita, kafea hartuz, egunkari biak letu zituen, noiz saltoka noiz altoka… Akaberan, ogia eskatu, zorrak ordaindu, ogia periodikoekin batera telazko poltsan sartu, agurrak egin eta atera zen, berehala egin beharreko erosketak gogoan irauliz.

Handik berrogei bat metrora, harategia. Txanda hartu, itxoin, arkume besoa erosi, ogi-periodikoen ondoan txukun kokatu eta kanpora berriz. Beste berrogei bat metro aurrerago, auzoko supermerkatua. Barrura egin, goizero bezala ordaintoki ondoan bere telazko poltsa utzi, bidean lau buruko baratxuri sorta hartu eta arraindegira. Bakailao freskoa xerradatan ipintzeko, mesedez; eta bai Milak dotore asko ipini ere. Ordaintokira itzuli, arraina eta baratxuri sorta ordaindu, dena bere poltsa telazkoan sartu eta kanpora berriz ere Antton.

Handik, zuzen etxera. Etxeko sukaldera orduko, poltsa zabaldu eta hasi da Antton husten: arraina, baratxuria, arkumea, ogia eta… hara!, ai ene bada!, bere bi egunkariak falta!! Haien lakuan, berak erosten ez zuen berripaper bat zegoen. Eta jakina: falta dena, falta den lekuan nabarmentzen da gehien… Harriduraren ondoren, «Bazakiat –egin zuen Anttonek berekiko–: hau, inondik ere, supermerkatukoa duk; eta nireak, noski, han izango dituk. Baten batek eskua sarturik izango dik… Noan arin bila, nirea ez den hau hartuta».

Sartu da berriro supermerkatura, egoera argitzera. Dama saltzaileak, ordea, ezetz, zekarren periodiko hura ez omen zela hangoa, nagusiak goizean goizetik eramana zuelako etxera. Seguru; berak ikusi omen zuela eta. «Eta zure egunkariak hemen ote diren…!? Keba! Hemen ez dituzu utzi. Seguru asko (pentsa ezazu ondo, Antton), kafetegian utziko zenituen; edo harategian. Hemen ez, behintzat». Anttoni buruak ezin eman zion misterio bat zen hura. «Ezetz, ba; ez dela posible! Nola utziko nituen, ba, kafetegian edo harategian, neuk eskuokin sartu dut-eta prentsa nirea poltsan, ogiaren ondoan aurrena eta arkumearen ondoan gero! Gogoan dut, gainera, honaino iritsi dela». Damak: «Nik, zuk bezala, kafetegian begiratuko nuke, badaezpada…». Eta: «Ezetz. Lepoa egingo nuke! Lepoa eta etxea ere apustu egingo nizuke, han ez dela nire prentsa paperrik; hara zer esaten dizudan…».

Baita apustua galdu ere gure Antton Kaikuk, egin izan balu. Hurrengo goizean, goizero bezala, joan da kafea hartzera okindegira eta hango Marianak: «Atzo baten batek gure periodikoa eraman eta bereak bi utzi zituen hemen… Gurea eramatea, ohikoa da zoritxarrez. Baina inork bi uztea, gauza berria da, gauza berria denez, alajainkoa!».

Bizargorri, 2018-02-07

Ver Post >
BIDASOA OSPITALEAN

Bidasoa Ospitaleak lau barne patio baditu, jendearentzat itxiak, zuhaitzez beteak. Haraxe biltzen dira beharrez ilunabarrero ehundaka txori txio-txioka beren abarora, gaueko arriskuen babesgunera, gau-pasa baketsua egitera, lotara… Gero hurrena, egunsentiarekin, txitxirri-txitxirrika, egundoko zalaparta eta iskanbila sortuz, hor abiatzen dira denak saldoka, poz-pozik bakoitza bere egitekoetara, ogi-apur bila, airoso asko…

Hantxe, gure eskualdeko ospitalean egona nauzu sei egun luzez. Gonastrosis esaten diotena izaki nik, eskuin belaunean artroplastia egin zidaten (protesia ezarri, alegia), bizkarrezurreko anestesiapean. Txoriak gaueko abarora bezala, neu ere halabeharrez joan nintzaizun ebakuntza mahaira; ez, noski, txioka kantuan, izuaren lantuan baizik… Dena den, aitortu beharrean naukazu, Morfeoren besoetan 3-4 orduz lo egin ondoren, oinazeak oinaze, ezinegonak egonezin, aspaldiko partez, bake santu erabatekoan egon nintzela bakardade ederrean, emaztea aingeru guardako. Zergatik, diozu…? Bada, telefonoa, waxapa, prentsa, bisitak eta telebista itzali, galarazi, ukatu, mututu eta ekidin nituelako propio, nahita. Egia da ere, ordea, zazpigarren egunean medikuak alta senda-agiria eman zidanean, txoriak egunsentian baino gusturago altxatu nintzela etxera etortzeko. Ez, noski, haiek bezain arin airoso, baina tira…

Ospitale Publikoa dugu Bidasoa eskualdeko hau. Bertan dozenerdi bat doktore izango dira maiz-maiz belauneko protesiak ezartzen dituztenak. Niri tokatu zitzaidan doktoreak, ebakuntza egitea erabaki genuenean, argi esan zidan: «Dena ondo ateratzeko probabilitateak hamarretik bederatzi dira. Hala hemen, nola Bilbon eta New Yorken ere… Gure aita belauneko operazioa egin beharrean gertatuko balitz, zu bezala, nik honaxe ekarriko nuke, batere dudarik gabe». Eta sinistu egin nion, horra. Izan ere, afana dago, gero, afana dagoenez, ospitale eta mediku pribatuetara jotzeko, larrutik ordainduz gehien-gehienetan, han “material” askoz hobea delakoan, han mirariak egiten dakitelakoan, han mediku izen handikoek eriak den-denak don-doña-dontsu egiten dituztelakoan aldiro eta betiere. Zergatik urrutiko “famatua” hobea da beti, auzoko ohikoa baino? Zergatik asko ordaintzen dena hobea da beti, eskubidez “dohainik” tokatzen zaiguna baino? Zergatik, e…!?

Bidasoa Ospitalean, munduko beste guztietan bezalaxe, ez daude/dabiltza/dihardute medikuek bakarrik. Baldinbaitere. Administrazio, zerbitzu eta garbiketa lan etenik gabean dabiltzan pertsonetatik aparte, bada andre eta gizon (batez ere, andre) talde bat, hemen gaurkoan zuri, irakurle, aipatu eta goraipatu gabe utzi nahi ez nizukeena: erizainak eta laguntzaileak. Ez nauzu ni, zorionez, ospitale askotan ibilia; baina, han-hemen ezagutu izan ditudanetan, ez zait honen parekorik (ezta hurrik eman ere) alerik ere tokatu sekula: zer-nolako tratua erizainena gaixoonganakoa! Tratu zoragarria, adeitsua, eztia, irribarretsua, zintzoa, arretatsua…; batere lainezarik, petralkeriarik eta purrustadarik gabekoa… Askotan ez dakigu etxean nolako altxorra daukagun…, dohainik!

Rey Urdiain Doktoreari eta erizain eta konpainia guztiari, milaka esker. Profesional maitagarriak zarete. Plazerra izan da, minak min… Zuri, irakurle,

berriz, eskumuinak, goraintziekin nahastuta; ez nagoelako zurekin ahaztuta.

Bizargorri, 2018-01-31

Ver Post >
AIZKORRI eta JAIZKIBEL

Joan den astelehenean zortzi, Eguberri egunean, Joxe Mujika ormaiztiarra, gure “Kazka” laguntzarra, Aizkorriko gurutzera igo zen goizean goiztar; eta, harekin bateratsu, ehunka gehiago ere bai, azken urteotako ohitura lege eginez. Argazki ederra bidali zigun adiskideoi tontorretik, elurretan zela, mendi-jantzian dotore, harro, poz-pozik…

Joan den astelehenean, Urteberri egunean, Jaizkibeleko ekialdeko ertzera zuzendu nintzen ni goiz erdian, bakarrik. Kristaurik apenas zebilen Hondarribiko kai berri gaineko bazterretan. Argazki panoramiko bat atera (baita shelfi bat ere, sinets ziezadaten) eta Ormaiztegiko lagunei bidali nien, harro eta pozik neu ere, begien bistan neukan panorama ikusgarriarekin.

Izan ere, pare samarreko da (baina iristen ez da) Aizkorriko tontorraren edertasuna Jaizkibeleko ur eta lur hauen alderako. Goiza polit-polita argitu zuen kostalde honetan eta itsasbazterren ikuskizunak gorputz-arimak piztu zizkidan, azkenaldi tristean uzkur-muzkur neuzkanak.

Haizea hegotik zebilen indartsu. Itsastxoriak nonahi ziren ageri: kaioak, hegaldi bare mantsoan; bolborin edo ubarroiak, ur arrasean hegada bizkor bizian; kuliska jostariak, kai muturrean, noiz harri gainetan ttipi-ttapa, noiz ur azalean tipaturik (pausaturik). Arrantzontziak kaian zeuden denak amarratuak; hala eta ere, dantza geldiezinean, olatuen konpas akabera gabekoan. Zerua, noiz laino mehe, noiz ostarte urdin, orain itzal argal, orain eguzki ezti. Aparrak arroketan jo eta hautsi; surflariak uretan bagen bila; kresala haize heze-gazi…

Piraten Gaztelutik atera nuen argazki panoramikoa. Landak, Biarritz, Donibane L., Hendaia, Larun, Bidasoa, Irun, Aiako Harria, Hondarribia. Ur, lur, zur. Argazki zabal-zabala gauzatu ondoren, begira jarri nintzaion puntuz puntu, eta bat-batean ur-lur-zur haietako zenbait legenda eta kontadizo oroitu nituen. Nire artean: «Hok e kontau bear zieat ba…!». Eta kontatu egin nizkien herriko lagunei, labur derrigor; whatsappez nola ba bestela…!?

Erretak. Bidasoaren bokalean eskuinetara urpeko arroken gunea; ikusi ez arren, apar zuri franko sortzen da han denboraletan. Toki txoill (oso) arriskutsua arrantzaleentzat. Hamaika ontzi galdu izan da puntu horretan, tirabira eginda.

Dunbarriak. Hendaiako itsas bazterrean ageri diren bi harri handi: luzea bata, zabala bestea. Legenda zaharrak hala dio: Aiako Harrian artean jentilak bizi zirela, Baionako katedrala jasotzen hasi ziren kristauak. Jentilek, haserre sutan, egunez eraikitakoa gauez harrika eraitsi nahi izaten zuten; Aiako Harritik, noski, indartsuak izaki. Baionaraino iritsi gabeko bi harri omen dira Dunbarriak.

Jaizkibel. Euskaldun oro dago hizkuntzalari etimologo. Hemen hauetan zenbaitek uste izan du denbora askoan, mendiaren izena Gaitz-Gibel hitzetatik heldu dela, bertako larrean ibilitako ardiei gibeleko gaitza egiten zitzaiela eta. Ez, bada. Haitz-Gibel da izena, haitzaren gibeleko (atzeko, besteko) aldea.

Gauza da Haitz Gibelek ez duela Haitz Gorriren batere inbidiarik. Gauza da goiz zoragarria irago nuela Txingudi badiako bazterrei begira. Gauza da eguerdirako eguraldiak muzinera egin zuela: iparra, euria, hotza. Gauza da hurrengo asteetan ez naizela hemen blogean azalduko, ospitalera noalako. Joan baino ez joan nahiago, baina… Hurren arte. Urte Berri On.

 

Bizargorri, 2018-01-03

Ver Post >
AIZPEA eta ORDIZIA

Zuetako askok ez duzue jakin ere egingo-eta, ezertan hasi aurretik, esan dezadan Aizpea Zeraingo auzo bat dela; mendi tartekoa, meategi txit famatuak daudenekoa. Meategi horiexen aurrez aurre, eskuin alderaxeagoko mendi magaltxo batean, Telleriñen, jaio zen gure amona eta amandre Ana Joxepa Berasategi, ezkondu artean artzain ibili eta gero Ormaiztegiko Tellerira ezkondu zena. Telleri-eneatik Telleri Berrira egin zuen, hortaz.

Telleriñetik umetatio hasirik izango zen, hala beharrean, batera eta bestera, ardiak zaintzen ez bazen, baserriko produktuak saltzen. Batzuetan, Arantzazun (gaur baino xaharragoko ingurumarian), Goiko Bentan egon izan zen ostatuz, inoizka Oñatira jaitsiz edo Araotz joz. Beste batzuetan, ohitura lege orduan ere, Zumarragara eta Urretxura azaldu izan zen maiz bere zerekin; eta, zer esanik ez, Ordiziara, Billafrankako perira, garai hartan hala esaten baitzen.

Batetik, Ordizia dakart harira, gaur bertan han egingo dutelako Gabonetako Azoka Berezia, goiz-goizetik arrats iluntzera bitarte. Hantxe izango da, nahi eta ahal duenarentzat, ikusgarri ganadu feria (pottoka, txekor, txerri, oilar…), erosgarri fruta-barazkia (azak, errezil sagarrak, kiwiak, intxaurrak…), eta inbidiagarri abarren abarra (gazta, ezti, foi, ogi, gozoki…). Zer ez, izan ere, han…!? Bestetik, berriz, Aizpea dakart gaurko hizpidera, zuek bezalaxe guk ere egunotan, Gabon Gaba aitzakia on, kontu eta kantu eta historia zaharrak atera ditugulako mahai ingurura, etxeko zahar eta gazte eta haurren aurrera.

Kontuak, lehen txanpain koparekin, kontatzen zuen, irri eta mirri, Ordiziako Gabonetako Azoka Berezi horrek izen jostagarriagoa behar lukeela, noski; eta bertan batek “Ordi-Gab-Az-Be” bataiatu zuen, mahaiko denen barregarri. Kantuak, bigarren kopa apartsuarekin, ormaiztegiarron abesti zahar kuttunera eraman gintuen: «…, batzuek oooihu, oooihu!; besteak faaarrez, faaarrez!; salto eta brinko…». Eta kafearen ondoren, berriz, antzinako historia azaldu zigun Ana Marik, emozionatuta, mahaiko guztion atseginetan:

«Behin, gure amona Ana Joxepa, gazte zela, asteazken batez neguan, Ordiziako periatik, astoan saldu ezinak hartuta, bere Telleriñe jaiotetxera abiatu omen zen bueltan. Tipi-tapa. Billafranka, Beasain, Zelandita, Ojarbi, Danborre, Ormaiztegi gaina, Lierni, Zerain, Aizpea… Tipi-tapa. Halako batean, ordea, hortxe Ojarbi parean edo, dena baso itxi atze-aurre, dena sasi eta lahar ezker-eskuin, joan zihoala bakar-bakarrik ilunetan, zer…!?, eta otsoa agertu omen zitzaion parez pare ulu gaiztoan. Gaur bezalaxe, orduan ere ilgora tokatu, eta argiak motz… Ez omen zuen aurreneko aldia ere bere artzain bizian, eta, eskarmentua izaki, beldurrak atzean utzita, poxpolo bat piztu omen zuen aurrean. (Orduko poxpoloak ez pentsa oraingoak bezalakoak zirenik: askoz buru handiagoa zeukaten eta zotza askoz ere luzeagoa). Poxpoloa piztu eta, gonari atzera eraginez, bi belaunen tartean eduki omen zuen sua… Otsoa, geldi. Gero laster, buztana tente ipini, ulu izutia egin eta ihesi joan omen zitzaion buelta hartuta… Aho-zabalik edukitzen gintuen gu umeok amonak…!».

Izango da zuen artean baten bat historia hau jango ez duenik, bere baitan “zerak sinetsiko dik hori!” ariko denik… Badut horrentzat ere zer irakatsia: «Adi ezak ondo, txokilio. Gaur bezpera besterik ez duk; bihar duk Eguberri Laugarrena, inozente eguna, hire eguna, eta hago isilik. Habil bihar erne…».

Bizargorri, 2017-12-27

Ver Post >
ERKIN

Egunotan, eguna ez dik argitzen; egunotan, iluna luzeago bizi duk argia baino; egunotan, haizeak ez dik epel gozotik ezer… Egunotan, lurrera jausiko dituk azken hostoak arboletatik; egunotan, betiko galduko dituk aurtengo azken egunak egutegietatik; egunotan, zeharo zurituko dituk elurrez gainak… Egunotan, hotzetan eta hezetan, ezarenak zizelkatzen ari haiz hi, muzin… Egunotan, «ez bakarrik Bruselan zeudek galtza bete lan».

Batetik, aurki (heuk ere ez dakik zehazki zein egunetan noiz) ospitaletik deitu eta ospitalera eramango haute, mahaira, ebakuntza hiretzat larria egitera: eskuin belaunean protesia ezarriko diate. Momentuz. Hurrena, laster, baita ezker belaunean ere. Bi hanketatik aspalditxoan habil, ibili ere, moldakaitz, neketsu, sufrikariotan… Zirt edo zart, zerbait egiteko garaia iritsi zaik, «heure buruaren kontra, heure buruaren alde».

Bestetik, berriz, dagoeneko hamaika urteetan hamaikatxo artikulutxo idatzi izan duk plazerrez heure etxean, baita euskal herritarren atseginerako heure letren larrera eraman ere: lehenago periodikoan, xox batzuen trukean; azkenaldian blogari, ustezko pox batzuen esperantzan. Norbere plazerrez jardutea eta besteren atseginerako lan egitea oso-oso ona omen dela, ziotek sikologoek, osasun mentalerako… Zakurraren putza. Hire kasuan ez duk, bada, halakorik fortunatu! Total habil ahul eta «erkin».

Nekatu haiz, aspertu haiz, ahitu haiz. Gogogabetuta hago zeharo bi mila eta hamazazpiko urte honen hondar-hondarrean. Inork ez dik kasurik egiten. Hemengoa haiz, baina ez (h)onerakoa, agidanez. Lehenago, periodikoan, idazlan serioak, sozialak, fundamentuzkoak eskaintzen hizkion irakurleari (!?). Publikatu nahi izan dituk han-hemen. Ezetz hemen eta ezetz han. «Hi atetik sartzen haizenean, isildu egiten dituk denak», buruarekin ezezka.

Gerora, blogerako, hala egin hion heure buruari: «Clown ikastaroan egin ezak hik buelta, aspergarria izaten aspertu haiz eta». «Sudur gorri bat ipini behar izan duk tarteko, sudur puntan jartzen zaian guztia egiteko». Eta, solasean jolasean, blog honetantxe hasi hintzen pailazoarenak egiten, irakurlearen (!?) entretenigarri. Ez alferrik! Isilik segitzen ditek (ia) denek… Lehen aspertu eta orain ahitu egin haiz. Akabo eta kito. «Horrelakoxea baita gu prostituton papera: irabazten dugula ere, galtzen ateratzen gera».

Segitu beharko duk noski oraindik beste pixka batean. Baina aurki datorke azkena. Aurki, urtarrila behetik gora hasiko denean; aurki, ospitalera eramango hautenean, asteazkenen batean ez duk hire idazlanik hemen agertuko. Agian, puska baterako. Hala eta ere, jakina, hire idatzi zaharrak hor zeudek, jasoak eta gordeak, irakurri (!?) nahi dituenarentzat. «Lehengoekin ta gaurkoengandik, blogtxo hau gerokoentzat».

Erkin habil… Hankak nekatu zaizkik (ez hago inorako), besoak aspertu zaizkik (ez dik honek pena balio), burua zuritu eta ahitu zaik (ez duk zer esanik ja)… Beraz eta hortaz, bota ezak behingoagatik garbi gordean daukaana: “Inork nahi badu nik hemen honetan segitzea, hamaika irakurle zaleen sinadurak beharko dizkit erakutsi”. Hori duk-eta; bota duk! Izan ere, bertsolariak bezala idazleak ere behar baitik epela, estima eta txaloa. «Duzun inbidia horrek zimeldu zaitu zu» jaulkiko dik, noski, bakarren batek, baina igual ziok, motel…

Bizargorri, 2017-12-20

Ver Post >

Otros Blogs de Autor