Diario Vasco
img
ETXEKO TELEFONO ERANTZUNGAILUA
img
Jesus Mari Mendizabal | 30-09-2015 | 08:01| 2

Hona hemen guraso zaharrok, aitona-amonok, etxeko telefonoan grabatu berri dugun erantzun automatikoa, beste inork berean ezarri nahi izango balu ere, guraso gazteentzat, geure seme-alaba dagoeneko aitatxo-amatxo eginentzat. Jakin dezatela guraso zaharren mugimendua nola zen; bi tenpo zituela, alegia: bata, gauean ohean etzanda: bestea, eguneko egitekoen txanda, ordezkorik ez zan-da. Bata, lehena? Ondo asko dute kunplitzen. Bestea, bigarrena? Besteon isatsarekin dituzte euliak kentzen…

«Kaixo!

«Une honetan ez gaude etxean. Baina utz iezaguzu zure mezua, mesedez, seinale-hotsa entzun eta gero. Ahalik azkarren erantzungo dizugu. Piiittt…!!!

«Baldin gure seme-alabetako bat bazaitugu, saka ezazu 1a. Ondoren, aukera ezazu 1etik 5era, dagokizuna, segun-eta mundura zenbatgarren tokatu zitzaizun senideetan sortzea; hartara, jakin egingo dugu gure nor zaitugun. Ondoren gero, seinala ezazu zure premia:

«Baldin umeak egunotako batean guk gobernatzea nahi baduzu, saka 2a.

«Baldin eguerdian umeen bila eskolara joatea nahi baduzu, saka 3a.

«Baldin etxea jaso, garbigailua jarri edo arropak lixatzea nahi baduzu, saka 4a.

«Baldin harategitik eta arraindegitik betikoak ekartzea nahi baduzu, saka 5a.

«Baldin bilobatxoak gurean lo egitea nahi baduzu, edo, bestela, gu biotako bat zuenean gauez umezain gelditzea, saka 6a.

«Baldin gure autoa uztea nahi baduzu, edo zuetako bat ITV/IATera edo olio aldatzera edo garajera eramatea nahi baduzu, saka 7a.

«Baldin gaur bertan edo bihar edo etzi edo igandean bazkaria hemen gurean prantatzea nahi baduzu, edo zuenean tupperwuare-tan uztea, saka 8a.

«Baldin diru pittin bat behar baduzu, saka 9a.

«Baldin paseatzera edo bazkaltzera edo afaltzera gonbidatu nahi bagaituzu; edo zinemarako, antzokirako, talassoterapiarako, bidaia baterako… gonbita egin nahi badiguzu; (edo, beharbada, gure adiskideetako bat baldin bazara…); has zaitezke derrepente hizketan, zuzenean entzuten ari gara eta».

Honaino etxeko erantzungailuan grabatu berri duguna… Izan ere, hazi ziren gure umeak gozoro, hezi genituen eztiki. Eta baten batek esana da, ez omen dagoela hezteko modu gozo-eztirik. Ezta, akaso, zahartzeko modu lasai-erosorik ere. Ateratzen ditugu aitona-amonok porru ederrak seme-alabengandik, porru ederrak ateratzen ditugunez!, hamaika ordu extratan on-begiz jokatuz, esku-atseginez jardunez, zerbitzuko lanetan, morroi-neskame esaneko umil… (Hala bedi, dena den, urte luzez. Maite ditugu-eta bihotzez. Bihar zer plan ote dugu? Zer behar ote dute gugandik? Zerbait izango da…).

Bizargorri, 2015-09-23

Ver Post >
KAKA ESPLIKATU NAHI ETA EZIN
img
Jesus Mari Mendizabal | 23-09-2015 | 07:55| 0

Katalunia gora eta Katalunia behera, sinistekoak ez dira egunotan hedabide eta sare sozialetan entzuten eta irakurtzen ditugunak, lurralde hartan guztiak ume inozo zuntzun balira bezala. Datorren igandean, irailak 27 izango dituenean, hitz egingo dute bertako hautesleek. Beldur-ikaran dira espainiarrak. Kaka dariela daude. Eta beldur-ikara horixe bera egia tragikotzat hartuta, kaka esplikatzen ari zaie katalanei ezkerretik eta eskuinetik, goenetik eta barrenetik, inoizko alditan baino gogorrago.

Alegia, independentziara abiatuko balira katalanak, errukarri halakoak!, eurotik at geldituko omen liratekeela, bere-berehala; enpresa handiek kanpora ihes egingo omen luketela, noski; bankuak erretiratu eta “corralito” delakoa tokatuko omen litzaiekela, seguru; tankeak aterako lituzkeela armadak, behar izanenean… Profeziaren artea oso zaila dela zioen Mark Twainek, batez ere, etorkizunari dagokionez. Espainiarrek kaka eginda utzi nahi dituzte katalanak, betiko adiskide omen direnak. Adiskideak? Kaka zaharra. Eman eta kendu, infernuko txerrenak egiten du. Min dute katalanek, min zahar tai gabea; damu-domaiak zor dizkiete, kalte-galerak.

Pau Gasol saskibaloi jokalariarena da beste hortik honakoa. Iazko irailean esan zuen behin “herri guztiek badutela erabakitzeko eskubidea, beren borondatea adieraztekoa”. Lepotik heldu gaizto, sasi guztien azpitik arrastatu eta liburu berdean paratu zuten doilor. Aurten oraintsu Pau berari esker, batik bat, irabazi du Espainiako selekzioak Euro-Basketa (barka!), 2015. Airean hartu dute laudorioka eta laino guztien gainetik paseatu, Bat-Handi-Librearen salbatzaile. Telebista eta berripaperak oraindik ere haizea hartuta dabiltza, ipurdi batetik kaka eginean…

Kataluniara bisitan ia egunero ari da Mariano Raxoy, putza izan ez eta kaka banaiz esanez. Aurreko batean, abioian, neskato bat eseri zitzaion alboan. Grazia eginik izango zion Espainiako Presidente jaunari eta hizketan hasi zitzaion umeari: «Hegazkinean airean pasatzen omen da denbora berriketan jarriz gero. Hitz egingo al dugu biok pixka bat…?». Xalo begiratu zion neskatxak; eta, eskuartean zeraman liburua itxirik, zera esan zion: «Zertaz hitz egitea nahi duzu…?». Eta: «Iruditzen bazaizu -Raxoyk-, Kataluniaren independentziaz mintza gaitezke…».

Harritu zen pittin bat neska; laster eman zuen erantzuna, hala eta ere: «Ondo da. Baina utzidazu, faborez, lehenago galderatxo bat egiten, buruan xiri eta xiri dabilkidana: zaldi batek, behi batek edo orein batek zera berbera jaten dute, belarra, ez da hala?». Eta Marianok: «Bai, hala da». «Beraz, denek bazka berbera baldin badute, zergatik, kaka egitean, oreinak egiten ditu bolatxoak, behiak gorotz piloak eta zaldiak, aldiz, belar-pilota lehorrak? Zer dela-eta halako aldeak, denek belarra janda!?».

Nabarmen zen harritu Raxoy, kaka-loratua, neskato haren burubide berexi bixkorrez; eta, instant batean pentsaketan egon ondoren, esan zuen: «Ez dakit, ba. Ezta ideiarik ere…!». Eta neska txiki aingerutxoak orduan: «Ez dakizula…!? Zuk zure burua benetan ikusten al duzu, hortaz, gaitua Kataluniako independentziaz mintzatzeko, eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko…!? Ez dakizu-eta kakarenik ere esplikatzen!». Kaka egin zion burutik behera neskatilak Presidenteari.

Bizargorri, 2015-09-23

Ver Post >
MOTZA
img
Jesus Mari Mendizabal | 16-09-2015 | 07:38| 1

Gipuzkoak ez daki Motza-ren historia. Pedro Martin Muxika, Motza, alfer, arlote eta txarki laketua (vago, ocioso y mal entretenido), halakotzat deklaratua behintzat, Beasainen jaio omen zen (Gabirian?) 1757ko maiatzaren 14an. Urte asko baino lehen, Lazkaoko Senper-Berri baserrira eraman zuten gurasoek. Trenik eta autorik gabe, pentsa genezake ez zela apenas bere oila-lurretik aterako gaztea. Zaude horretan! Artean gazte zelarik, bere ardi, ahuntz, behor, zerri, idi, behi edota zekorrak hartuta, Goierri guztia aparte (hurbilenetik hasita, bistan da), Goiaz, Ernio, Aia, Zizurkil, Aizarna, Ezkurra, Agurain… baita Iruñea ere, maiz bisitatu izan zituen bazkalekuz bazkaleku, ganadu-tratuan, abelazkuntzan, feriaz feria.

Hazi, hezi eta ogia irabazi, beraz, baserriko ohiko lan latzen neke-azpian ibilirik izango zen umetan-gaztetan mutila, harik eta, hogeita lau urte zituela, zepo gaitzean erori zen arte behin; erori zenez behin zepo gaitzeko zorigaitzean! Zepoa, orduko botere zibil eta erlijiosoaren makina administratibo gaizto bezain petral errukigabea; zepoa, Motzak saminki egiaztatu behar izan zuena. Zeren eta, batetik, asto zakil asko dabil legelari sotanaz eta kapaz (sic) jantzia; eta bestetik, justiziarik ez dagoen tokian, arriskutsua delako libre bizitzea. Beti izan baita zintzo-, duin- eta zuzentasunaren maisu gehiago, jende zintzo, duin eta zuzena baino. Kasu, herrixketako abadea eta alkatea: esku batek garbitzen du bestea, biek begitartea.

Aszentsio Eguna zen Lazkaon. Alkatea eta apaiza (jende gehiago jiran) plazan zirelarik iluntzean, bat-batean, iskanbila hotsak aditu zituzten guztiek, handik hurbileko baratza batetik, sesio zalapartak… Gabriel Imaz eta Motza omen ziren borroka bizian, biak herritar ezagunak. Alkate jaunak laster eman zuen ordena, bi gizonak udaletxeko atarira presenta zitezela zizt. Aitaren egin orduko, herrizainak (Joxe Zabala aguazil analfabetoak) agindua jakinarazi zien bi sesianteei. Imaz zuzen joan zen kartzelako atera, badaezpada ere; Motzak, ordea, ihes eginik izango zuen. Etxera joan omen zela bai, baina kito: inon ez zen Lazkaon haren arrastorik.

Alkatea ez zegoen asuntoa ahazteko: «Nahi badu eta ez badu, emango diot muturretara!». Ordiziako eta Beasaingo festetara agertuko zelakoan, bi alkate-kideei erregutu zien, arren, Motza han inork ikusienean, preso hartzeko inondik albaitean. Ez zen, ordea, Motza agertu, sobrare… 1781. urtea zen. Ekainaren 27an gutun bat bidali zion Lazkaokoak Segurako alkateari, esanez, Santiago Eguneko festara azaltzekoa omen zela Motza hara, eta ikusi orduko, mesedez, atxilotzeko derrepente eta Lazkaora bueltan bidaltzeko agudo. Bai Motza Seguran agertu ere, bai preso hartu ere, bai atzera Lazkaora itzuli ere. Handik aurrerako onik ez zuen, nonbait, gizajoak ezagutu.

Lazkaoko kartzelan ia lau hilabete errukarri irago zituen, azaroaren 21ean azken epai-erabakia eman zitzaion arte. (“Errukarri” diot, girgiluz oinazetan, goseak, sukar bizitan, oso gaixorik eduki zutelako; biatikoa ere eman omen zioten, pentsa…). Bitartean, ugari izan ziren prokuradore, juez eta aldeko nahiz kontrako lekukoen topaketak eta adierazpenak; sarri, euskaraz derrigor, bestela ezin eta. Beti ere, mahai burutik, jostorratzak adinako kontuak eskatzen testiguei.

Batez ere, herriko erretore Frantzixko Inazio Muxika-renak, deklarazioak. Azken bi urteetan Motzak ez omen zuela Pazkoazkoa egin, ez omen zela joan izan ez meza nagusietara, ez bezperetara, ez ezertara; hortaz, sin un gran escarmiento, ez omen ziola atarramendu batere onik aterako familiari… Beste lekuko batzuek (tartean Fco. Ant. Zumalakarregi ormaiztegiarra; bai, Tomasen hamabi semeetako bat) aitortu zuten jugador de naipes perpetuo, festarik festa ibiltzen omen zela Goierrin, dirutzak noiz irabaziz noiz galduz; alderrai ibiltari, jokalari txit abil, “repinta” izenekoan (briskan?) batik bat; zorrak omen zeuzkala eginak Ezkurran, Ulibarrin eta toki gehiagotan…

Motzaren aldeko lekukoak ere izan ziren, baldinbaitere; eta deklaratu zuten, txiki-txikitatik baserriko lanetan hazia eta hezia, gerora ere, etxerako nekazaritzan ibili izan zela mutila, zintzo beti, fin asko, eginahalean, haziendak gobernatzen, ganadu buruen salerosketan; azken hamar urteetan gutxienean Senper-Berri baserrian bizi izan zela aitaordearekin eta amarekin…, eta libre uztekoa omen zela Motza. Haien esana, bost.

1781eko azaroaren 21ean eman zitzaion azken epai-erabakia, behin betiko sententzia: zortzi urtetarako zigortu zuten Espainiako erregearen zerbitzura, por tierra y por mar; zortzi urtetarako galeretara, batzuen ustez. Edozein moduz ere, hogeita hamabi urterekin libre behar zuen berriro, legera. Beraz, etxera, Lazkaora, Alegiara (andregaia zeukan herrira), Gipuzkoara itzultzea edota inguratzea normalena. Gauza agiria da; zertan esan ez dago.

Baina…, handik hogeita hamar urtera, (1810-1811, Motzak 53-54 urte behar zituenean) frantses armadak probintzia osoa mendean harturik zeukala, herrietako errolda eginarazi zuten frantsesek lehenbiziko aldiz hemen; eta…, etxekoak, auzoak eta abarrak Lazkaon bai, baina gure Motza ez da inondik inora ageri. Ez da haren paraderoaren notiziarik. Gipuzkoak ez daki haren egien eta hezurren berri, norbaitek hautsak harrotu bitarte. Hauxe da, bada, beste kasu bat Orixe-rena: «Minaren esan ezina eta ezin esanaren mina». Motza da, bai horixe!

(Patxi Albisu, Hondarribian bizi zaren Errenteriar laguna, zuri esker hau guztia).

Bizargorri, 2015-09-16

Ver Post >
MALALETXEA
img
Jesus Mari Mendizabal | 09-09-2015 | 07:23| 1

Malaletxea suelto dabil, Bilbotik Maulera eta Madrildik Parisera, esnearen prezioaren kontura. Arrazoi handiz. Esne-ekoizleek ezin diote beren lanbideari eutsi, kosteen azpitik ordaintzen diete-eta litro esnea. Barra-barra aipatzen da egunotan. Ez pentsa, ordea, atzo goizeko kontua denik. Orain ehun urte igual-igual zebiltzan Hondarribian ere, malaletxean, baserritarrak alde batetik, esne-saltzaileak bestetik.

Alkizenea baserrian, 1917ko urtarrileko egun batean, igandearekin, berrogeita hamar bat baserritar esne-behi jabek bilera inportantea egin zuten. Guztien buru herriko kofradien presidentea jarri zen, bertako asko bezala pipatik erretzen, garai hartan jendea euliak esnetara baino etzanago baitzegoen pipa hartzera. Atera kontuak: mandioan, hainbeste lagun pipa eta pipa ariki, izango zen euliak uxatzeko adina ke…

Harira. Denak ere dios eta kristoka hasteko prest, txantxa gutxi zen han. Presidentea mintzatu zen lehenbizi. Esnearekin ez omen zutela atarramendu onik ateratzen eta baserritarren interesak bildu beharra omen zegoela derrigor; litro esnea inork ez omen lukeela saldu behar erreal baten azpitik (pezetaren 25 zentimoz beheti); zin-hitza eman behar omen zela han; eta norbaitek hauts baleza zin hori, kofradiatik “arrut!” bidaliko omen zutela madarikatua… Jendea ados zen. Hala ere, batek ahots lodi sendoz proposatu zuen, badaezpada, marka zedila mandio erdian marra bat eta esne prezio minimo harekin konforme zeudenak irago zitezela alde batera, eta gainerakoak bestera. Halaxe egin zen. Den-denak ados. Hantxe bertan eman zuten zin-hitza, erreala baino merkeago ez zela herrian litro bat esne salduko, alajainkoa!

Handik bi egunetara doi-doi, Portuko dendetako batean sekulako mokokaldia piztu zen hasteko, eta egundalako iskanbila sutu gero. Dendari zegoen emakumeari haserre bizian etorri zitzaion herriko dama erronkoso ezagun bat (esne-saltzaile hura ere), kristorenak eta bi esanez: «Atzo bertan esan hunan hik, hire tipula-buru horrekin, igandeko bileran erabakitako prezioz beheti esnea saldu baino lehen, nahiago hukeela kalean arrastaka eramana izatea. Esan bai hik, hitz ustel horrek! Gaur nire aspaldiko bezero bat galdu berri dinat, hik hire esnea 20 zentimotan eskaini omen dion-eta!».

Ez zen dendaria ere mutua eta: «Hago isilik hi, arroselen begi horiekin! Hago isilik, emango dinat-eta bestela olio-ontzi honekin kopetan! Zer kontu eskatu behar didan hik niri, pattar-jario horrek? Heu hago hemen santurik santuena, egunero bihurtzen dun-eta esnea bera ere kristau, ur-txufarraz bataiatuz…!». Hartan, hara non sartzen den dendara Kontxexi. Dama bisitari haserreak laster asko ipini zuen auzian juez: «Zer dion hik, aizan, Alkizenean erabakitako prezioetan baino merkeago esnea herrian saltzeari buruz?». Eta Kontxexik: «Norberak jakiten din zer komeni zaion…».

Hango malaletxea eta eskandalua! Txaldana, oilobustia, ilupa arraioa, infernuko deabruaren ipurditik ateratako kristaua…! Batek jo eta bultza, besteak tximetatik tira, besteak hanka-zainetan ostikoa… Gauza da jendea bildu zela dendara eta udaltzain batek egin zituela nolabait hango bakeak. Gauza da atzenean bata gelditu zela ile mototsik gabe, bestea betiko bezerorik gabe eta esnearen prezioarena… lehen bezalaxe. Hala kontatu zuen, bederen, Martin Mullo batek Ecos del Jaizkibel aldizkari zaharrean.

Bizargorri, 2015-09-09

Ver Post >
ZAHARRAK BERRI
img
Jesus Mari Mendizabal | 02-09-2015 | 07:40| 4

Ez dut atzo goizean gure Goierrin aditua «Zarra, txarra», esaldi labur bezain adierazkorra. Geroztik Bidasoaren alde bietan entzun izan dut honako hau: «Zahartzeak deus onik ez du». Eta, bestalde, literaturatik jasoa dut «Zaharraren sistema, seta eta tema». Zahartzeari buruz, ordea, bada bestelakorik ere, zorionez, aldian aldiko bizkorkiloei eskerrak, ez hain ezari eta beltzari emanik.

                Nik hona gaur hogei ateraldi ekarriko dizkizut, handik eta hemendik bilduak. Denetakorik baduzu; ezagunak, agian. Anabasan metatu gabe, aliritzira kateatu dizkizut lehendabizi; akaberan gero, autoreen izenak ipiniko ditut, hurrenez hurren, zein esapide zein autorerena den jakin dezazun; eta, bide batez, zeuk ere lan pixka bat izan dezazun. Eten puntuak izango dira esalditik esaldirako etenak. Goazen…

                Bi urte behar izaten dira hitz egiten ikasteko; hirurogei, isiltzen ikasteko… Bizitzako lehen berrogei urteek testua eskaintzen dute, pasartea; hurrengo berrogeiek, komentarioa, iruzkina… Gazteak arauak ezagutzen ditu; zaharrak, salbuespenak… Zahar jendeek ez dute gazteez uste onik izaten, gazte izanak direlako, eskarmentuz… Bere egitekoa konplitua dela kontsideratzen duena bilakatzen da xahar; xederik batere gabe jaiki eta esperantza alerik gabe oheratzen dena… Ondo zahartzeko artea esperantzaren bat bederen mantentzea da… Zahartzaro egokiaren gakoa hauxe besterik ez da: bakardadearekin hitzarmen zuzen zintzoa egitea… Zahartzea mendi gaitz bat igotzearen pareko da: igo ahala, indarrak ahultzen dira, bai, baina begiratua libreagoa da, eta ikuspena zabalagoa, jabalagoa… Zahartzen ari direnek dute bizitza bene-benetan maite… Denok nahi izaten dugu zahartzarora iritsi, eta denok ukatzen dugu iritsi izana… Denbora luzez bizi ahal izateko, oraindainokoan aurkitu den sistema bakarra, zahartzea da… Atso nahiz agure denbora askoan izan nahi baduzu, egin zaitez atso edo agure lehenbailehen… Zerbait egiteko,  zernahi dela ere, zaharregia naizela aipatzen didatenean, berehalakoan saiatzen naiz horixe egiten… Atso-agureek aholku onak ematea atsegin dute, erakutsi gaiztoak ezin ematetik kontsolatzearren… “Oraintxe baino gazteago egundo ez naiz sentitu” esan ordukoxe hasten da zahartzaroa… Zahar jendeak ondotxo daki hiltzea loaren antzekoa dela; pixa egitera jaiki beharrik gabe, ordea… Bizitzaz nintzen zeharo maitemindu; zergatik?, eta, bera izango delako, nik abandona dezadan baino lehen, utziko ez nauen bakarra… Zahar jendeak primeran daki ohea dela munduko tokirik arriskutsuena, hamarretik bederatzi bertan hil ohi delako… Zahar jendearentzat (ere) alferrikako gastua da kanposantuetako murruena; izan ere, barrukoak ezin irten dira inola, eta kanpokoek ez dute sartu nahi ezergatik… Hiltzen naizenean, paradisua klimagatik aukeratuko dut nik; infernua, aldiz, konpainia onagatik…

                (E. Hemingway, A. Shopenhauer, Oliver Wandele, W. Shakespeare, anonimoa, André Maurois, G. G. Márquez, Ingmar Bergman, Sofokles, Quevedo, Sainte-Beuve, Zizeron, Picasso, F. Rochefoucauld, Jules Renard, (?), Neruda eta, azken hirurak, Mark Twain). Ederra koadrila, parean tokatu izan bagina, autobus koxkor batean Benidormera joateko negu pasa, kontu kontari, kantinera eta guzti!

Bizargorri, 2015-09-02

Ver Post >
ANTZINAKO IPURDI BATZUEN INPORTANTZIA
img
Jesus Mari Mendizabal | 26-08-2015 | 07:30| 5

Bidaia listatzen ari omen dira Martera, planeta gorrira. Tartean ba omen dabil donostiar bat ere, agidanean… Baina, inor gutxik jakin du orain gutxi arte, gaur egungo martxarik modernoak ere iragan zaharreko jokaerak markatu eta baldintzatu dituela. Espazio-transbordadore bat lantzamendu dorrean bistaratzen dugunean, espaziontziari, ezker-eskuin atxikita, bi erregai depositu bultzagarri ikusten zaizkio.

Depositu handiok Utah-n egiten ditu Thiokol enpresak. Ingeniariek handiagoak egin nahiko lituzkete, bultzada-indarra areagotzeko, joanaldia luzeagotzeko; baina deposituok trenez garraiatu behar izaten dira lantzamendu tokiraino. Eta hor dago koxka. Zeren fabrikatik Cabo Cañaveral-era doan trenak Mendi Harritsuak (Rocky Mountains) tunel baten barrena gurutzatzen ditu, eta lurpeko trenbide-zulo horrek ez du ematen tamaina handiagoko depositurik pasatzeko.

Baina zergatik tunel hura izan zen egina neurri halakoetan? Tunelaren zabalerak zer ikusi zuzena daukalako trenaren beraren zabaleroarekin; eta trenak, berriz, zer ikusi zuzen-zuzena, errailen arteko zabalarekin. Estatu Batuetan  4 oin eta 8,5 hazbetekoa da (1,4 metrokoa) errailetik errailerako distantzia estandarra. Gainera, burdinbide ipar-amerikarrak britaniarren pare-parekoak dira, ingeniari ingelesak ipini zituzten-eta halako lanaren jabe; eta hauek begi-ninietan zeukaten parekoak egitea, hartara, noski, lokomotor ingelesak hantxe ere erabili ahal izango zituztelako.

Eta zergatik eratu zituzten ingelesek modu horretan? Lehen-lehendabiziko trenbideak hirietako tranbiak egin zituzten ingeniari berberek egin zituztelako, ordura arteko betiko neurritan, ohitura zaharrean. Baina, eta zergatik neurri horietan prezixo? Tranbia-egileak aurretik gurdiak eta karroak egiten ibiliak zirelako; eta, dudarik gabe, tratamendu eta lanabes berberak ere erabili izan zituztelako.

Zergatik, ordea, gurdiek-eta behar zuten estandar hori? Europa osoko bideetan gurpil markak eginak zeudelako, ondo markatuak jadanik; beraz, bestelako neurritan eginenean, karroen ardatzak hautsi egingo ziratekeelako. Bistan da. Eta zergatik ote zeukaten bide guztietan tarte iguala gurpil markek? Bideak erromatarren garaikoak zirelako, eta, jende haien alditan, legioen joan-etorrietarako eginak zeudelako.

Baina zer dela-eta hautatu ote zuten erromatarrek neurri hori? Eta hemen dator errematea. Zergatik? Bada, hauxe da arrazoia. Erromatarren karroak bi zaldik tiratzen zituzten. Zaldiek, jakina, bata bestearen ondoan lauhazkan, nolabaiteko tarteunea beharrezkoa zuten, elkarri trabarik egin ezean. Karroaren oreka mejoratzearren, gurpilak ezin etorri ziren zaldien hanka-arrastoen pareko; eta, aldi berean, ezin egon ziren ere elkarrengandik oso aparte, bi karro bidean gurutzatzean elkar ez jotzeko.

Burdinbide amerikarren errailen arteko tartea (1,4 m.) antzinatik baldintzatua dator, hortaz. Zergatik? Bi mila eta berrehun bat urte lehenago, beste kontinente batean, erromatarren karroak zaldien ipurdien zabalaren arabera egin zirelako. Harrapa ezak hori buztanetik! Munduko inoizko garraiobiderik modernoena, espazio-transbordadorea, mugatua dago… zaldien ipurdien zabaleroaren kausaz!

Bizargorri, 2015-08-26

Ver Post >
ELKARRI TOKIA EMAN; BESTEAREN LEKUAN IPINI
img
Jesus Mari Mendizabal | 19-08-2015 | 07:26| 1

Ilargiak bezala, lurrak ere badu bere alde ilun gorde negatiboa. Iluna beti, negatiboa maiz, gordea… gorde ahal denean. Gauzak ez daude ondo, ondo ez daudenez gauzak. Begiratu besterik ez dago eguneroko berri: gerra, gosea, ihesa, miseria; milaka errukarri nora joango, nondik sartuko, non biziko… Batzuen emigratu beharra eta besteon etorkina jaso beharra… Ez dago oraintxe atarramentu onik lurrean. Eta diferenteon arteko elkarbizitzan (ez bakarrik emigrazio eta immigrazio kasuan; baita gainerako kasu guztietan ere), diferenteon arteko tolerantzian, alegia beraz, asko esana dago dagoeneko; eta askoz gehiago dago egiteko. Gure herrian, Ormaiztegin, elkar toleratzeari elkarri toki eman esan izan zaio; eta non edo han entzuna dut “ez-tolerantea” ez du emanik esanda definitzen.

Hori Ormaiztegin, Zerainen… Ez dakit zer gertatzen den Londresen, Parisen… Herri koxkorretan, esango nuke, elkarbizitza eta integrazioa erosoago mamitu izan dela; ez, noski, kasu guztietan, baina bai gehientsuenetan. Ikusi zer dion Patziku Perurenak tolerantziaz: «Hirigune ustez zibilduenetan sortzen da tolerantzia kontua beti, intolerantzia eta basakeria nolabait herri eta herrixka zibildugabe hauetakoa balitz bezala… Hirian hagitzez zailago da nork bere bihotza “bestearen lekuan” ipintze kontu hori… Hiritarrak indiferentziarik krudelenari deitzen dio tolerantzia, eta egoismorik ustel eta bilauenari urrikalmendua».

Diferentea, hortaz, etorkina izan ala ez, hirian nahiz herrixkan, aintzat hartu behar da, haren lekuan ipini behar da (empatia, hator); diferenteari begirunea zor zaio, tokia eman behar zaio (sinpatia, jator). Baina elkarri toki emateak, Zerainen eta Parisen, bi aieka ditu, bi alde, bi mutur: bat bestearen lekuan ipini eta… bestea baten! Bestela, batek eman egiten du eta besteak hartu. «Zuk eman ta nik hartu, hori ez da pekatu…» dio kanta zaharrak. Bai hartua eta bai emana bi aieketatik gertatzen ez bada, ordea,  akabo elkarbizitza, empatia, errespetua, kortesia, sinpatia…

Ormaiztegin ez baina, Londresen gertatu omen zen, agidanez, gorabehera hau. Taxiak ilaran zain… Halako batean, lehenengoari hurbiltzen zaio leihora gizaseme iman musulman fede-zale itsu horietako bat eskean, faborez, eramateko ez-dakit-nora. Atzeko eserlekuan eseri bezain pronto, irratia itzaltzeko esan zion taxilariari; kontatuz, alegia, bere erlijioak musika entzutea galarazi egiten omen ziola; Profetaren garaian, seguruxeagotan ere, ez omen zela halakorik batere, eta sinesgabeen mendebaldeko musika, berriz, are eta gutxiago! Taxilariak, gizabidetsu, irratia itzali eta autotik kanpora jo zuen. Gero, atea zabaldu zion musulmanari, irtetera gonbidatuz. «Zer ari zara!?», honek harrituta. Eta taxilariak erantzun: «Zure Profetaren garaian ez zegoen taxirik. Jaitsi zaitez, hortaz, hortik; eta egon zaitez hemen… gamelu bat agertu zain».

Istorioak gorabehera, gure lurrean ez goaz ondo tolerantzian eta elkarbizitzan, baldin elkarri toki emate horretan bietako batek lekua hartu besterik egiten ez badu. Beraz, bada, Lichtenberg zaharraren ateraldia zinezta dezakegu guk ere, okerraren beldurrik gabe: «Ziur ezin esan nezake, gauzak aldatzean egoera hobetuko denik; esan dezaket, ordea, gauzak aldatu beharko direla, egoerak hobera egin dezan». Aldatu, zenbait etorkinen jarrera ere aldatu beharko da, besteonak beste. Eta sistema, noski.

Bizargorri, 2015-08-19

Ver Post >
MENDAROKO SAKRISTAUARENA
img
Jesus Mari Mendizabal | 12-08-2015 | 07:49| 1

Errege-erreginek (nahiz bestelako jauntxo-andereño handietsiek), gaixo errukarriek, zenbat diskurtso sutsu bezain hutsal, zenbat eta zenbat eleketa txepel bezain luze, nozitu izan behar ez ote duten, hiriz hiri, herriz herri, harrera derrigorrekoa edo borondatezko ongietorria edo ustezko abegia egiten dietenetan! Ene, zenbat asperraldi! Horren inguruko bi anekdota polit kontatuko ditut, ezin ahaztuzkoak biak, arrazoi diferenteengatik.

Behinola, Luis XIV.a, Frantziako errege, Proventzako herri batera iritsi zen. Bide luzez ibilia, eguerdia izaki, gosetua zetorren. Bertako agintariek, herriko plazan jendea bilduta, errezibimendua egin nahi izan zioten; nola ez, bada!? Alkateak, hortaz, bero ekin zion bere diskurtsoari, honela: «Antzina-antzinako denboran, Alexandro Handia…». Derrepente, eten egin zion gozo gaiztoan berriketa erregek: «Alkate, Alexandro Handia bazkalduta zegoen, baina ni ez». “Alde paretik!” esan izan balio bezala. Ospa egin zien abioan herritar guztiei, mahai gizen baten bila, goseak hila. Hori bai, berriketaria aho bete hortz hotzekin utzita.

Mendaroko sakristauarena da beste hortik honako anekdota. Gipuzkoako parte batean, behintzat, bala-bala ibilia da historia hau urtetan, gaur egun ahaztuxea badabil ere. Gure amaginarreba zenari, Elena Esnaola debarrari, entzun niolakoan nago lehen aldiz aspaldi. Gerora, egunotan, interneten azterkatu eta ez da bertsio faltarik, alajainkoa: zazpik kontatzen du pasadizoa… hamaika modutara! Edozein moduz ere, ez dago batetik bestera antzaldatze nabarmenik.

Espainiako erregina Isabel II.a ere batetik bestera eta bestekotik bestekora ibili zale zen, agidanez. Behin, Nafarroatik bueltan, 1845eko abuztuan, Mendarora heldu zen, bere segizio eta guzti. Ama María Cristina eta ahizpa ere han bide zituen. Mendaroarrek, haren bisitaren berri izan zutelarik, bizkotxo goxo bikain famatu handi bat eskainiko ziotela erabaki zuten. Zer gutxiago…!? Denak (ia) konforme. Arazoa piztu zitzaien, ordea, erreginaren aurrean nork hitz egin, deliberatu behar izan zenean. Izan ere, inork ez baitzekien gaztelaniaz suelto eta ondroso mintzatzen. Komeriak ziren han, gero! Atzenean, patxadako gizon lasaka batek eskaini zuen bere burua, egiteko inportante halakorako: parrokiako sakristauak. (Batzuen esanean, herriko alkate ere bera omen zen). Denak (ia) konforme, berriz ere.

Denbora ez doa alferrik eta ailegatu zen unea, areto apainean denak dotore zintzo bilduta, erreginari herritarren esku-erakutsia egitekoa. Guztien aurrera azaldu Mendaroko sakristaua eta gisa honetan hitz egin zion dama goiengoari: «Señora reina nuestra. Este biscocho haser en Mendaro pa ti. Parte, pues, esto con la madre, y piénsate que con el corazón te damos». («Señora gurea. Mendarok ez du hauxe baino ezer hoberik. Partitu ama eta ahizparekin, eta jakin ezazu bihotz-bihotzez eskaintzen dizugula»).

Eta akabo hitzaldia. Hitza zilarrezko, isila urrezko. Erreginak begi argia eginik izango zion, noski. Izugarri gustaturik izango zitzaiolako, baldinbaitere, diskurtsoaren laburra. Laburra, ezen ez motza. Eta geroko geroan, hizketaldi luzeren bat entzuten zegoelarik non ere nahi, sarri esaten omen zuen, sarri: «¡Ay, mi sacristán de Mendaro!».

Bizargorri, 2015-08-12

Ver Post >
AHOLKUA
img
Jesus Mari Mendizabal | 05-08-2015 | 07:10| 3

Uda betea heldu da, askok eta askok oporrak ditu, eguneko orduak luze doaz, aisialdian gaude… Famako dago, hauxe omen dugula irakurketarako garairik aproposena; famako dago, jendea amorratzen egoten dela uda noiz helduko leitzeari ekiteko; fama dago…

Beraz, bada, zuk ere zure aisialdi luze gaurkoan aitzakiarik gabe zer irakurria izan dezazun, hemen emango dizut Mempo Giardinelli idazle argentinarraren narrazio labur bat, Mexikoko Iraultzaren ondorenetan kokatua, agidanez. Mempo idazle handia da, sari inportante ugari jasotakoa. Kalitatea, hortaz, bermatua duzu. Gainera, hain zuzen, irakurketa bultzatzera dedikatzen den fundazio bateko buru dabil aspaldian.

Giardinelliren ipuin honek nik ez dakit garbi zer dakarkidan gogora; badirudi inoizko nahikerien azken zoko ezkutuetara garamatzala: edo denoi (denoi ez bada, gehienoi bai) behin edo behin gertatu izan zaigun aldarte bipila; edo politikari aberats okituei inoiz barren errean ernatzen zaien asmo sekretu isildu beharra; edo Espainiako errege zahar eta berriaren arteko pasadizo posiblea, bien arteko sekula eztako gertaera baten parodia, analogia, metafora… Auskalo. Ea zuri zer dizun adierazten.

 

            «Aitona hil zen eguneko goizean (zeina Villa, Obregón eta Carranza-ren aginduetara borrokan aritua baitzen) eraman zuten Agustin txikia haren ohe ondora, azken musua eman ziezaion. Berrogeiko hamarkada zen eta, Iraultzak aberastutako hainbat familietako guztiak bezala, heroismoz eta gezurrez eta bidegabekeriaz beteriko uste-ilustrean hiltzear zen aitona.

«Belusezko (de terciopelo) praka motzak zeramatzan mutikoak jantzita, bonbatxo eran, belaunetarainokoak; liho zurizko alkandora, lepoko apaingarriekin (broderí) eta mahuka-biki (mancuernillas, gemelos) urrezkoekin. Zetazko galtzerdiak zerabiltzan eta txarolezko zapatak zilarrezko belarriz (hebillas).

«Ohe goia zegoen oholtzara hurreratu zuten eta belus txit fineko kuxin baten gainean belaunikatu zen. Agureak, zilar eta urrezko hariz brodatutako lumekiko almohadoietan hondoraturik, nekez hartzen zuen arnasa ahotik. Begiratu zion mutilak eta…, espero izan zuen…, auskalo zer. Ez zeukan aitonari eskua hartzeko kemenik; eta, hartu izan balio, nazka emango ziokeen.

«Agureak begi-bazterraz begiratu zion lehenbizi, buru zuri handizkia alde batera mugitu zuen gero, eta, keinu batez, gelatik aterarazi zituen hango guztiak. Behin biak bakarrik gelditu zirenean, mutikoari zin eta min begiratu zion; ezpainez nazka imintzio bat egin eta, esku argal hezurtsu bat luzatuz, umearen besaurrea hartu zuen.

«—Aholku bat eta bakarra emango diat, mutil –eztarria leunduz, ia batere indarrik gabe–: dena saldu eta ihes egin ezak (vende todo y huye)».

Bizargorri, 2015-08-05

Ver Post >
MEDIKUENAK GERTAERA BI
img
Jesus Mari Mendizabal | 29-07-2015 | 07:42| 0

Uda pasatzera etorriak omen gara mundu honetara. Eta udan, batetik, argitzetik iluntzera luzeak dira egunak; bestetik, berriz, udako bero handiari opor, festa, solas, jolas giroa dario. Horregatik, seguru asko, lagunarteko berriketaldiak ere luzeagoak eta beroagoak tokatzen dira sasoi honetan; baita etxeko bisita bilerak ere. Horietako batean, joan den igandean, gurean entzundako historia xelebre samar bi, medikuenak biak, kontatuko ditut hemen. Donostian bene-benetan gertatuak omen.

Bat.

Enpresa multinazional bat, zeinaren izenik iritsi ez zaidan, osasun arloan arduradun nagusi izendatzeko, hemengo norbaiten bila ibilia da, agidanez, hiriburu gurean. Medikua behar zuen izan, baldinbetan; baina baita jendearekiko harremanetarako abil ernea ere. Presentatu zirenen artean, proba zorrotz batzuen ondoren, hiru azken hautagai bereizi zituzten. Eta azken ataka gaizto erabakigarrian, galdera berbera egin zieten hirurei, galdera bitxi gordina: «Jendeak zutaz zer esatea nahi izango zenuke zeure gaubeilan, hilkutxan zaudenean?».

Lehen hautagaiak erantzun zuen: «Mediku handia izan naizela nire denboran; hiritar eredugarri gutxi bezalakoa; baita senar eta aita onik onena ere». Bigarren hautagaiak, berriz: «Pertsona miragarria izan naizela. Nire lanean bikain jardun dudala; eta ondorengo mendeetarako, hainbat gaitzen sendagarri, mirakuluzko asmakizunak sortu ditudala». Bi, beti parean; baina hirugarrenak hautsi zuen marka. Hitz politek salda onik ez, pentsatu zuen; eta, aholegar handirik gabe, ausarki erantzun zuen: «Nik nahiko nukeena da, zera…, gaubeilako baten batek esatea: Joño! Begira, begira: mugitzen hasi da-eta!». Berari emanik izango zioten enplegu berria: ausardiaren ostekoa, fortuna onaren bostekoa.

Bi.

Osasun azterketa egitera joan zen dama gazte eder bat, aurrez esana zioten jaun medikuarengana, pisu batera. Jendea zen itxaron gelan, zein bere txandaren zain… Bere dei hotsera, gelara sartu eta han doktore edadetu batek errezibitu zuen. Hau eta hori eta hura zazpi aparatuz aztertu ondoren: «Dena primeran duzu, emakumea. Zure bihotzak eta birikek ez dute aitzakiarik; pultsua eta odol presioa, ezin hobeto daude». Eta une hartan, jiratu eta bizkarra emanez, gehitu zuen zintzo: «Orain, faborez, utz iezadazu ikusten zuek emakumeok hainbeste alditan arazotan sartzen eta auzitan ipintzen zaituzten zera hori… Entenditzen didazu…».

Dama arropak eranzten hasi zen goitik hasi eta beheraino. Gerririk gorakoak denak lehendabizi, badaezpada, eta azpikoak ondoren. Atzenean, kuleroak ere kentzen hasia zen momentuan, mediku zaharra jiratu eta: «Ene jainko potoloa! Ez, ez, ez… Jantz itzazu zure arropak berriz ere, faborez. Nik ez dizut, nonbait, ondo adierazi. Nik zure zeraren arrastoak besterik ez nuen ikusi nahi. Nik nahi dudana da zuk erakustea niri… mingaina!». Ez zion ateraldiak gutxi erasan gure dama politari; hala ere, irri-murritza atera zuen aurpegira. Bakea beti irribarretxo batekin hasten omen delako.

Bizargorri, 2015-07-29

Ver Post >

Categorías

Otros Blogs de Autor