>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Loteria egokitu ez zaizunez, zer moduz dago zure osasuna?

Gutxi bakar batzuei egokitu zaie loteria Gabonetan. Zorionak horietako bat bazara! Niri ez, ordea. Besteok, osasuna izatearekin konformatzen gara. Horixe dio jendeak sarritan behintzat. Hori dela eta, gaur osasun-sistemari buruz arituko naiz. Osasun-sistema, Estatuak eta Autonomi-Erkidegoek osatzen duten osasun-zerbitzu guztien multzoa da.

Osasun-sistema oinarrizkoa da ongizatezko gizartean eta krisi garaian, are gehiago. Etorkizunean ere, ikusirik biztanleriak jasango dituen aldaketekin, adin handiko gehiago izango garela kontuan izanda, funtsezkoagoa izango da. Lehenik, goazen oinarrizko datu batzuk aipatzera (ikus hemen, duela gutxiko erreferentzia on bat).

Zenbat gastatzen da osasunean Espainian? Azken datuen arabera, 67.626 milioi euro 2011 urtean, osasun-gastu publikoa kontuan hartzen badugu (ikus hemen). Zenbaki hori Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6,4 da. Euskal Autonomi Erkidegoak (EAE) 3.566 milioi euro (BPGren %5,4) gastatu zuen 2011n eta Nafarroak 988 milioi euro (BPGren %5,3). Baina kopuru asko ala gutxi da? 1. Irudiak erakusten ditu biztanleko gastuaren emaitza nagusiak Ekonomi Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundea (ELGE, gazteleraz OCDE, ingelesez OECD) osatzen duten herri aurreratuentzat. Kontuan izan behar da hor gastu publikoa (ilunago irudian) eta pribatua (argiago irudian) sartzen direla. Gastuaren zati handiena gastu publikoak ematen du, Amerikako Estatu Batuetan (kasu oso berezia, ezta?), Chilen edo Mexikon izan ezik. Espainia ELGEko batez bestekoa baino pixka bat beherago dago, herrialde aurreratuagoak baino atzerago. Espainia “dagokion” lekuan dago osasun-gastuari buruz ari garenean, daukan biztanleko errenta eta osasun-sistema kontuan izanda, herriekin alderatzen denean. Aldiz, BPGrekin alderatuz, juxtu batez bestekoan egongo litzateke osasun-gastua, eta horrekin inguruko herrialde asko baino posizio hobeagoan egongo litzateke. Beraz, egoera ez da txarra, baina hobetu beharra dago.

 

1. Irudia. Osasun-gastua biztanleko, 2011.

Iturria: ELGE. Health at a glance. 2013. http://www.oecd.org/els/health-systems/Health-at-a-Glance-2013.pdf

 

Eta Espainian? Osasun-sistema, nagusiki, Autonomi-Erkidegoen eskuetan dago, eta gastu osoaren %90 baino gehiago da. Cataluñak, Andaluziak, eta Madrileko eta Valentziako Erkidegoek bakarrik, osasun-gastu osoaren erdia baino gehiago egiten dute. Erkidego batzuetatik besteetara desberdintasun handiak daude. 1. Taulak ematen du osasun-gastu publikoaren emaitzak Erkidegoka. EAEk du gastu handiena biztanleko Espainian (Nafarroa gertu), batez bestekoaren oso gainetik. Aldiz, BPGren zati txikiagoa eramaten du, gure ekoizkortasun handiagoa dela eta. Nahiko joera garbia da Espainian: zenbat eta biztanleko errenta handiagoa izan Autonomi-Erkidegoak, orduan eta biztanleko osasun-gastu publiko handiagoa eta osasun-gastu publiko txikiagoa (BPGrekin alderatuz) dauka.

 

1. Taula. Osasun-gastu publikoa, Autonomi-Erkidego bakoitzeko. 2011.

Iturria: Espainiako Gobernua. Osasun, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioa (2013).  http://www.msssi.gob.es/estadEstudios/estadisticas/docs/EGSP2008/egspPrincipalesResultados.pdf

 

Zertan egiten da gastu hori? Gastu osoaren erdia baino zerbait gutxiago (eta gastu handiena, beraz) langileen soldatak ordaintzeko da Espainian, 2. Taulak erakusten duen bezala, baina desberdintasunak nabarmenak dira Erkidego batetik bestera. Kataluñan eta Valentziako Erkidegoan, adibidez, soldaten pisua %35,8 (osasun-kontzertuak direla eta) eta %36,7 (lankidetza publiko-pribatuak direla eta) diren bitartean, hurrenez hurren, Gaztela eta Leonen %57 da. EAEn eta Nafarroan batez bestekoaren oso gainetik dago soldaten ehunekoa. Beste gastu nagusiak bitarteko kontsumoa (hornitzaileentzako ordainketak, …) eta transferentzia korronteak (osasun-sistemak botiketan gastatzen duena, …) dira. Horietako bakoitzean egiten da gastu osoaren %20a, gutxi gorabehera.

 

2. Taula. Langileen ordainketa, osasun-gastu publiko osoarekiko (%). 2011.

Iturria: Espainiako Gobernua. Osasun, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioa (2013).  http://www.msssi.gob.es/estadEstudios/estadisticas/docs/EGSP2008/egspPrincipalesResultados.pdf

 

Gastu hori, zein motatakoa da? 3. Taulak azaltzen ditu gastu-mota desberdinak. Gastu osoaren ia %60a ospitaletako zerbitzutan eta zerbitzu espezializatutan egindako gastua da, %18 farmazian (botiketan, …) eta %15 lehen-mailako osasun-zerbitzutan (anbulatorioak, …). Lehen mailako zerbitzuak sendotzea gomendatzen da sistemaren kalitatea hobetzeko eta jasangarriagoa izateko. Hor Andaluzia, Gaztela eta Leon, Extremadura eta Gaztela-Mantxa leudeke posizio hobeagoan gastu horrek pisu gehiago duelako Erkidego horietan. Ospitaletako zerbitzuetan eta zerbitzu espezializatuetan nahiko gastu berdintsua dago Erkidego batetik bestera. Salbuespenak Madrileko Erkidegoa (batez bestekoa baino askoz ere handiagoa), eta Gaztela eta Leon eta Extremadura (batez bestekoaren oso azpitik) lirateke.

 

3. Taula. Osasun-gastu publikoa, egiten duen funtzioaren arabera. 2011.

Iturria: Espainiako Gobernua. Osasun, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioa (2013).  http://www.msssi.gob.es/estadEstudios/estadisticas/docs/EGSP2008/egspPrincipalesResultados.pdf

 

Desberdintasun handiena farmazian dago,  “asko” gastatzen duten (Galizia, Valentziako Erkidegoa, Gaztela eta Leon eta Andaluzia) eta “gutxi” gastatzen dutenen (Balear Uharteak, Madrileko Erkidegoa, Nafarroa eta EAE) artean, 2. Irudiak erakusten duenez. Nabarmena da gastu “gutxikoak”, biztanleko BPG handiena duten erkidegoak direla.

 

2. Irudia. Farmazian egindako osasun-gastu publikoa, gastu osoarekiko (%). 2011.

Iturria: Espainiako Gobernua. Osasun, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioa (2013).  http://www.msssi.gob.es/estadEstudios/estadisticas/docs/EGSP2008/egspPrincipalesResultados.pdf

 

Laburbilduz, lehen esan bezala, egoera ez da txarra Espainian. Garbi dago ere EAE eta Nafarroa posizio hobeagoan daudela.  Baina hobetu beharra dago. Nola?

Nire datorren postean, osasun-sistemaren erronkak eta erronka horiei aurre egiteko aurrera eraman beharko liratekeen ekimenak aipatuko ditut.

@InakiErauskin

 

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


enero 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031