AINTZANE EZENARRO - ARALAR. Gipuzkoako zerrendaburua (Política)
Viernes, 25/03/2005
ARALAR ezkertiar eta abertzaleontzat aukera eraginkorra
Aro berri batean sartzear gaude Euskal Herrian. Badirudi hauteskundeen ondoren negoziazio mahai bat eratuko dela estatutu berri bat adosteko. Badirudi diot, PSOE, orain artean ez bezala, prest agertu delako Estatu eredua errebisatzeko eta, orain arte ez bezala, PSE-EE eztabaida horretan sartuko delako Eusko Legebiltzarrean.
Aralarren ustetan negoziazio berri horretatik erabakitzeko eskubidea onartuko duen akordio zabal batekin atera beharko ginateke. Eta horretarako ezinbestekoa da ezker abertzale politikoa legebiltzarrean egotea, Aralarrek ordezkaritza sendoa izatea. Eta hau diot, bestela gerta daitekeelako PNV-EAk PSE-EErekin erabakitzeko eskubidea jasotzen ez duen estatutu berri bat adostea.
Dagoeneko inork ez du hitz egiten joan den abenduak 30ean Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartu zuen estatutu berriaz. Eta honetan, Gernikako estatutuan ez bezala, jasotzen zen euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula (13.3). Hain zuzen ere, hauxe da ARALARetik ikusten diogun birtualitaterik handiena. Baina proposamen haren bultzatzaileetako batek, Ezker Batuak, dagoeneko esan du ez duela defendatuko eta ez hori bakarrik: ez duela parte hartuko proposamen hau babesten duen gobernu batean. Bestetik, PNV.EAk ere ez dute aipatzen. Eta badirudi beren asmoa PSE-EErekin estatutu berri bat adostea dela, horrek berarekin badakar ere erabakitzeko eskubidea jasoko ez duen estatutu berria izatea. Atzera pausoak emateko arriskua agerikoa da.
EAJ-EAk esaten dutena da hurrengo hauteskundeetan eurak izango direla kontsultaren bermea. Baina ez dute esaten zertaz. Zerri buruzko kontsulta izango da bermatuko dutena, Eusko Legebiltzarrean onartutako estatu berriari buruz (eta beraz, erabakitzeko eskubidea onartzen duena) ala beste zerbaiti buruz? PNVko sektore bat harantzago doa oraindik: euren asmoa PSE-EEk ere parte hartuko lukeen gobernu bat osatzea da eta horren trukean burujabetzan hasitako bideari uko egin behar badiote, egingo diote. Beraz, behar-beharrezkoa da prozesu berri honetan, berriro ere iraganeko akatsak egitea ekiditzeko, ARALAR legebiltzarrean egotea eta pisu pixka batekin egotea. Bestela, PSE-EE akordioan sartzea lortuko dute, baina berriro ere beste gizarte sektore bat kanpoan utziko dute (gu barne, erabakitzeko eskubidea onartzen ez bada), eta hori baino garrantzitsuagoa: gizarte honen gehiengoak defendatzen duen eskubidea baztertuko lukete.
Hau esanda, argi utzi nahi dut ere, Ibarretxek eusten badio euskal herritarrok erabakitzeko dugun eskubidearen defentsari gure laguntza osoa izango duela. Hau izango da, ezkerreko politikarekin batera, gure aldekotasuna lortzeko baldintza nagusia. Apirilaren 18an gehiengoak osatzeko beharrezkoak baldin bagara, arduratsu jokatuko dugu, eta Ibarretxe lehendakari izan dadin negoziatzeko prest egongo gara. Beraz , burujabetzaren defentsan aukerarik eraginkorrena ARALAR da.
Eta bigarren arrazoi garrantzitsu bat ARALAR aukeratzeko: behar beharrezkoa da abertzaletasunaren baitan ezker-eskuin dialektika ezartzea, politikoki eraginkorra izango den ezker abertzalea legebiltzarrean egotea. Abertzaletasunean ezkerra izan delako beti sakrifikatua. Batetik, ezker abertzale tradizionalak beste gai garrantzitsuagoak izan dituelako beti: autodeterminazioa, gatazka, estrategia antirrepresiboa… eta bestetik, PNV-EA ez direlako ezkerrekoak, eta gainera oposizio errealik izan ez dutenez, beraiek egiten duten politika egin daitekeen bakarra dela aditzera eman dute, errealista den bakarra. Oso lasai aritu dira eta daude, nahi dutena egiten, ez dutelako benetako oposiziorik aurkitu abertzalegoaren baitan… eta horren erru handia besteok dugu. Ez dugulako jakin erakusten bestelako politikak egin daitezkeela. Hori da egin behar duguna.
Horretarako ezinbestekoa da alternatiba egingarriak eskaintzea. Erakundeetatik datozkigun proiektuei EZ esateaz gain, alternatibak eskaini behar dira, soluzio alternatiboak, herria antolatzeko modu alternatiboak. ARALARek hori egin nahi du, eta horretarako prestatu dugu programa zabala eta praktikoa. Eguneroko gaiei beste modu batean erantzun dakiekela erakusteko. Abertzaletasunaren baitan ezkerreko ikuspegitik politika erreala egin daitekeela erakusteko. (laister www.aralar.net web gunean izango da).
Argi esan behar dugu abertzaletasuna eta ezkerra ez daudela kontraesanean; bata aukeratzeak ez duela eskatzen bestea sakrifikatzea. Biak defendatu daitezkeela indar berdinarekin. 2001ean ez bezala, oraingoan biak batzen dituen aukera politikoa dagoela. 2001ean Ezker Batua aukeratu zuten ezkerreko abertzaleek abertzaletasuna utzi behar izan zuten; EAJ-EA aukeratu zutenak berriz, ezkerra. Oraingoan ARALARek biak uztartzen ditu, eta gainera biak modu tinkoan defendatzeko konpromisoa hartzen du.
Eta bi hanka hauek hirugarren baten laguntzarekin, noski: giza eskubide guztien defentsa eta indarkeria guztiak erabat baztertuz. ARALAR da hiru hanka hauek batera defendatzen dituen aukera politiko bakarra. Hauxe da gure apustua eta gure eskaintza. Euskal Herri librea nahi dugulako, baina pertsona libreez osatua.
Blog hau irekitzeko gonbidapena gustura onartu nuen ARALARen politikaren zutabeetako bat herritarren parte hartze zuzena sustatzea delako. Halaxe saiatzen ari gara gauden esparru guztietan, demokrazia ez baita agortzen lau urtean behin bozka ematearekin eta, beraz, gizarte mugimendu zein herritar soilekin uneoro kontatu beharra dagoela sinetsita nago. Espiritu horrekin nator zuengana eta denontzat aberasgarria izango dela ziur nago.
--------------------------------------------------------------
Acepté gustosamente la invitación de abrir este blog porque uno de los pilares de la política de ARALAR es precisamente promover la participación directa de los ciudadanos. Así lo estamos promoviendo en todos los ámbitos en los que estamos presentes, ya que la democracia no se agota en emitir un voto cada cuatro años y, por lo tanto, estoy convencida de que hay que contar en todo momento tanto con los movimientos sociales como con los ciudadanos de a pié. Con ese espíritu vengo aquí y estoy segura de que será enriquecedor para todos.