>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TRIUAN

TRIUAN

 

Hondarribian, barku bat urak eramanka dabilela adierazteko (jitoan, a la deriva), «triuan» doala esaten dute; ez arraun eta ez aingura, ontzi bat urak edota haizeak nahi erara darabilenean, batera zein bestera ero. Triuan joan, triuan utzi, triuan mugi… Ez L. Mitxelenaren hiztegiak bide dakar, ez P. Mugicarenak, ezta R.M. Azkuerenak ere. Hala eta guztiz, hitz bizia da, biziki interesantea, hala ahozko jardunerako, nola idatzizko adierazpenetarako ere.

Triuan da oraindik Pasaiako kanpoko portuaren proiektua. Triuan, baiki, hemengo agintarien adierazpenak gorabehera, Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak zer esango zain. Garai batean halako ziriak eta eztenak zorroztu zituen egitasmoa noraezean da, triuan da, oraindik. Batzuentzat nahitaezkoa zena eta besteontzat astakeria, bai-nahi ez-nahi luzean ibili ondoren, ez aurrera eta ez atzera geratua da, astoa langan bezala.

Asmoa zen (da!?) Pasaiako badiaren kanpoaldean, Jaizkibelen magalean, milioi bat metro koadroko ur eta lur eremuan, mila milioiko euroren gastuz, portu berri bat eraikitzea, kosta ahala kosta. Hasieran, alderdi politiko gehienak aldeko zeuden («txarrak kenduz gero, guztia ona» zioten); orain, baina, fedeak amore eman die askori eta alde erantzira jarriak dira. Gainera, Iparraldea ere mobilizatu da, haserre, deabru portu tzar halakorik ez egiteko, alajinkoa!

Beraz, gauzak horrela, bada garaia oraintxe hautsi-urratua egiten hasteko, erabakia behin betiko zirt eta zart hartzeko, auzi larri hau triuan utzi gabe sine die. Bada garaia, sekula eztako portu zeraren zain triuan egon gabe, betiko portu zaharberrituan katez amarratzeko, betirako.

 

Jesus Mari Mendizabal

(2013-02-06)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728