Egipton ere badira sermolari erradikalak. Erlijio islamikoan aditu bakarrak direlakoan, ukuiluko astoak baino zentzu gutxiago erakusten dute ahoa zabaldu aldiro. Halako gauzarik buru humanoak ezin eraman lezake. Esango nuke! Ikusi, bestela.
Abu Islam-ek bere telebista kanaletik: «Emakumeak plazara, manifestazioan, bortxa ditzaten ateratzen dira. Gehienak kristau matrakak dira; gainerakoak, inork lotzen ez dituen andre alargunak». Beste behin, aho bero berak, hara: «San Balentin egunez kalera irteten diren andreak putak dira. Puta bakoitzak morroi bat, edozein, begiz jotzen du eta berarekin eramaten, gau-ta-egun lizunkerian jostatzera. Gu, musulmanok, ez gara larru jotzaileak». Mahmud el-Naggar mezkita-gizonak: «Senda ezinezko gaitzen kontrako erremedio islamiarrik onena gameluen uxuria, pixa, edatea duzue». El Shahat sermolariak piramide eta esfingeak estali egin behar omen direla dio, sinbolo paganoak direla eta. Beste batek, Mursi presidente islamistaren oposizioko liderrei buruz: «Alaren epaia da, heriotza horientzat!».
Astakeriak iruditzen zaizkigu, baina astakeria urrunak. Ez, memoria egingo bagenu. «Bortxaketak diozu? Izango ez dira ba, neskak janzten diren moduan jantzita… Leitu Biblia, perbertituok, leitu, homosexualitatetik salba zaitezten… Edan Lourdeseko Amaren ura eta sendatuko zara… Gurutzefika debekatzea kultura akabatzea litzateke… Abortuaren legea heresia da… Dibortzioaren aldeko alderdiak deabruarenak dira: ez haiei botorik eman…!». Rouco, Reig Pla, Martinez Camino… Elizgizon sermolari hauei ere urrunak irizten badiezu, berriz, jarri zeuk hurbilagorik. Dena ezin nik egingo dut.
Bizargorri