Zer demontre zenbatu ohi dute ardiek lo hartzeko!? Zenbaki erromatarretan nola arraio idazten da zeroa!? Kamikazeek zer deabrutarako janzten zituzten kaskoak!? Tarzan nolatan agertzen zitzaigun beti bizarra eginda!? Emakumeek, begiak makillatzen dihardutela, zergatik zabaltzen dute ahoa; zergatik, kontxo!? Nondik nolatan jakin dezaket zenbat bizialdi zaion geratzen gure katuari!? Baldin esaterik badago “andre erdi berria”, zertako ez esan ere “gizon erdi zaharra”!? Nola asmatu, galbidean den animalia gose bat galtzeko bidean den landare bat jaten ikusiz gero!?
Zer jesusetarako zanpatzen ditugu indartsuago aldagailuaren aginte-botoiak, pilaz edo bateriaz eskas dabilenean!? Artilea urak hartzen badu, hartzen duen bezala (bustitzean, alegia, laburragotzen bada), zer dela-eta ez dira ardiak laburtzen, txikiagotzen, euritan!? Nondik eta nola ospatzen zituzten Harriketarrek Gabonak, Kristo jaio baino askoz lehenagokoak izanda!? Gizonezkoak den-denak igual-igualak omen direla esan eta esan, eta (beraz bada!) zein santuren argitan dabiltza gero emakumezkoak hainbesteko arretaz eta arduraz aukeratzeko orduan!? Zergatik ote dituzte hilerriek harresi horren altuak, barruan daudenak ezin dira-eta irten, eta kanpoan daudenak, berriz, ez dute-eta sartu nahi!?
Arrautzek, jaten ditudanean, gibela xehatzen omen didate; gibelak, orduan, jaten badut, zer…?, arrautzak xehatuko ote dizkit ba!? Kurba aerodinamikoenak erakusten dituzten emakumeak izan ohi dira erresistentzia gehien kontrajartzen dutenak: nola liteke, baina, hori!? Lehen ordularia asmatu zuten unean, nork zekien zein ordutan ipini asmakari berria!? Heriotzara kondenatuari indizio hilgarria ipintzerakoan, zertarako erabili xiringa-orratz esterilizatua!? Eta, bukatzeko, nirekin aspalditxoan, ote-ez-ote, daramadan galdera: Einsteini ulertzen ziotenak hamar besterik ez omen ziren mundu osoan. Hamar besterik ez, alajaina. Hortaz, niri inork ulertzen ez badit, jenio bat ote nauzue, bada!?