Landetxe batean, bapo bazkalduta, bost profesional, bakoitza bere zakurra abonatzen… Ingeniaria hasi zen lehendabizi: «Aizak hi, Erai-Kin! Erakutsiek hauei zertaraino haizen gai!». Eta Erai-Kinek mailu bat hartu, ohol batzuk iltzatu eta txakur-txabola bat eraiki zuen di-da batean. Egundaino halakorik…! Hurrena, ekonomistak: «Erne, Konta-Kinto! Hik zer dakik egiten?». Eta Konta-Kinto sukaldera joan, hogeita bost galleta ekarri eta bosnakako bost galleta-pila egin zituen. Hau ere bada, arraioa…!
Hirugarren, kimikoaren txanda, eta: «Azti, Kimi-Kari ‒agindu zion bere zakurrari‒. Egin ezak dakiana». Eta Kimi-Karik hozkailura hurbildu, litro bat esne atera, platano bat zuritu, zukugailua konektatu eta, hara!, batido bat egin ez zien ba!? Demontre…! Gero, laugarrena, informatikaria. Bere baitan, bereari inork irabaziko ez ziolako ustean: «Ea, Mega-Bayte: ekin, arraio tximista!». Eta Mega-Bytek gela zeharkatu, ordenagailua piztu, birusik ote zeukan aztertu eta email bat bidali zion auskalo nori… Bat ez beste denak zeuden han aldiro aho bete hortzekin begi arranpalo, gora handiak eginez…
Atzenean, politikariak bere ttottoari hots egin eta hala esan zion: «Ea, Dipu-Tau, ekin. Heu abilen, bixkorkilo!». Eta Dipu-Tauk, zutik jarririk, laineztuta, galleta guztiak jan, batidoa dzanga-dzanga edan, salako alfonbran kaka egin, ordenagailuko artxiboak ezabatu, beste lau zakurrei popatik eman, jabetza-agiri faltsu batez txakur-txabolaren jabe egin eta, artean konforme ez zela, immunitate parlamentarioa alegatu zuen. Deabru bat eta erdi…! Hantxe eta bertan, bera izan zen deklaratua zakurrik zakurrena zakurretan.
2013-03-06
Bizargorri