>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KARTAZALARENA

Vatikanoko konklabe edo giltzapeak ke zuria ohi dakar, eta ke zuriak, aita santu berria. Azken Frantzisko (Patxi?) honekin ez gara ikusi zaharrak. Zenbat isil-misil, zenbat azpilan, zenbat misterio bien bitartean, ene Jesus! Misterioetan misterioena, ordea, kartazalarena izan da azken astean. Ez kontu berria delako, ez. Izan ere, kartazal misteriotsu baten legenda mendez mende ibili izan da Erroma inguruan, munduan askorik zabaldu ez bada ere halakoaren notiziarik.

Aita santu berri bat izendatu aldiro eta orduko, egundo hutsik egin gabe, juduen errabino buruak bisita egin izan du Vatikanora. Ohiko agur, bejondeizula eta abarren ondoren, kartazal itxi bat eman izan dio eskutik eskura kristauen buru berriari. Halaxe egin bide du joan den astean ere Frantziskorekin Ricardo Di Segni jaun errabino Erromakoak. Kontatzen dute, hala egin izan duela aldian aldiko errabinoak joan deneko azken bi mila urtean. Kontatzen da ere, lehen-lehenengo aldi aspaldikoan, judutarren buruak kristauen buruari kartazala luzatu zion unean, kardinal batek aita santuari belarri iskinera zerbait kontatu omen ziola ahopeka, eta hark, kopeta belztuta, muzin egin omen ziola errabinoari; alegia, uko, ezetz, alaporai!

Tradizioa izan omen da jokaera hori berbera aita santu berri bat izendatu izan den aldiro. Nola mantendu ahal izan den ohitura hori? Bada, aldian aldiko errabinoak kartazala ondo gorde eta, hura hiltzean, hurrengoari pasatzen zitzaion; kardinalen artean, berriz, batek bakarrik ohi zekien misterioaren berri, eta, hil aurrean, beste bati aitortzen zion. Harik eta (Pio XII.arekin; Jean-Claude Carrière kontu kontari famatuaren esanean, behintzat), harik eta kardinal misterioaren jakituna, ustekabean, azkarregi hil zen arte: hurrengo inori sekreturik pasa gabe, jakina. Harrezkero, ez da inor izan aita santu berriari belarri iskinera deus esan dionik. Hala eta guztiz ere, tradizioari jarraiki, ondorengo aita santu guztiek, Juan XXIII.ak, Pablo VI.ak, Juan Pablo I.ak, Juan Pablo II.ak eta baita Benedikto XVI.ak berak ere, muzin egin izan diote errabinoari: uko, ezetz, alaporai!

Eta orain etorri da nobedadea… Azken aita santu berri honek, Frantziskok, tradizioa hautsi egin bide du: muzinik egin gabe, kartazal itxia hartu ez dio ba eskutik eskura juduen buru arestian aipatuari, diotenez, joan den astean bertan! Ondoren gero, kamarlengo izanarekin batera gelatxo batean itxi da, agi denez, aita santua, kartazala ireki dute eta… faktura gisako bat agertu omen zaie. Oso-oso zaharra, hori bai; papera, lodia, desegiteko zorian zuela. Hasi dira irakurtzen eta tutik ere ulertzen ez hala batak nola besteak. Antzinako hizkuntza zahar ezezagunen batean zegoen, nonbait, idatzia.

Istant batean, konbokatu dituzte Erromako exegeta eta hizkuntzalaririk adituenak; aztertu dute elkarrekin kartazal barrengo paper xaharra; eta, denbora asko baino lehen, erabaki dute zer zen zera hura, zalantzarik batere gabe: Jesusen eta apostoluen azken afariko faktura omen zela, alajainkoa!

Harritu zen seko Frantzisko aita santua, pentsatuz, nola arraio ager zitekeen gaur egun orain bi mila eta koska urteko zor-papera, Jerusalengo taberna batekoa, Vatikanon. Di Segni errabinoari etorrarazi gero, eta kartazal harrigarri harengatik galdetu zion… Baietz, juduak, baietz; benetakoa zela faktura-orri xahar hura, hogei mendez belaunaldiz belaunaldi gordea eta zaindua; eta, bere garaian afari hura inork kristok ordaindu ez zuenez, gerora bi mila eta gehiago urtean komeria latzak izan zirela aita santuekin, komeriak kuanto latzak! Judutarrek setati kosta ahala kosta kobratu nahi zutelako, eta kristauek egoskorkeriaz zorrik inola demontre ordaindu nahi ez zietelako. «Eliza katolikoak ‒bukatu bide zuen Di Segnik‒ izan du ba, eta badu oraindik ere, arraiopola!, zor zahar ziztrin hau berdintzeko adina sos. Ordaindu beraz, bada! Jakinik gainera, guk, juduak izan arren, xentimorik ere gehitu ez diogula interesetan afari hartako fakturari, harrigarria badirudi ere».

Ziur ez dakigu; baina, antza denez, Frantziskok, joan deneko astean, kitatu egin du zorra, behin eta betiko. Ez dakigu, lastima!, zenbatekoa zen faktura,  inork txintik atera nahi ez duelako. Eta ez dakigu ere, tamalez, gorde hala saldu hala erre, zer atarramentu egin duten harrigarrizko fakturarekin eta misteriozko kartazalarekin. Auskalo; harrapa ezazu elizako txoria buztanetik!

Bizargorri, (2013-03-27)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031