Sarean dabil gutun famatu xelebrea. Ez omen da atzo goizekoa; bai egiazkoa, agidanean. Frantses baten kasua da, euskaraz dakardana, entreteni zaitezen. Zoaz astiro… «Defentsa ministro jauna. Hona hemen nire kasua. Arren dizut erregutzen, otoi, soldadutzatik libra nazazun. Begira. 24 urte ditut eta 42 urteko andre alargun batekin bizi naiz, ezkonduta. Andre horrek 25 urteko alaba du, dagoeneko nire alaba ere badena. Bestalde, nire aita neska horrekin ezkondu zenez (gure alabarekin, alegia), aita suhi bilakatu zait. Beraz, gure alaba, errain ere badudana noski, nire aitarekin ezkontzearekin, neure ama bilakatua da.
Emazteak eta biok seme bat izan berri dugu urtarrilean. Haur hori nire aitaren emaztearen neba gertatu da; baita aitaren koinatu ere. Gisa berean, nire osaba da, neure amaren neba da eta. Neure semea, nire osaba, alajaina…! Aitaren emaztea, azken Gabonetan, mutikotxo batez erditu zen. Ume hori, aitaren semea denez, anaia dut; gainera, biloba ere bai, nire emaztearen alabaren semea da eta. Ondorioz, neure bilobaren anaia naiz orain; eta, etxe guztietan inoren amaren senarra haren aita baita, atera itzazu kontuak: nire emaztearen aita nauzu, eta nire semearen anaia. Beraz, bada, ni neure buruaren aitona!
Horregatik, ministro jauna, arren eta arren erregutzen dizut kontsidera dezazula nire kasua, kuarteletik etxera berehala itzul nazaten. Zeren eta, inolako zalantzarik gabe, inongo legek ezin onartu baitu aitonari, aitari, semeari eta bilobari, laurei batera, soldadutza eginaraztea. Besterik gabe, nire eskaera bidezkotzat iritzi eta ontzat emango duzulakoan, errespetu osoz agurtzen zaitu, X-k».
Bizargorri, 2013-04-03