>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HABIARENA

Egunotan, jaiki aldioro, birigarroaren eta urretxindorraren kantak dituzu entzuten, sahatsaren adarraren puntaren puntatik, ari eta ari, txio eta txio, ari direla kantari. Etxeko hormetan gora huntza hostoberritu zaizu eta, egunetik egunera, dena ari da terrazan berdatzen eta edertzen. Loreontzietan, emazteak iaz ekarri tulipanak lirain zaizkizu luxatu eta pinpirin xabaldu, hori, urdin, gorri, more. Auzoan, zoragarriak daude gereziondoak loretan, dama gazte ezkonberriak iduri…

Txorien kanta, hostoen dantza, loreen koreografia… Zer egiteko, baina, duzu udaberria, habia berria egiteko ez bada?; habia berrian jostatzeko ez bada?; habia berria biziarazteko ez bada? Zer arraio egiteko, demonio pattattas!?

Ez baitira igualak zuta eta zeharra; zuta eta zeharra igualak ez direnez, kuanto. Hala esan ohi da ehunen josketan, eta halaxe izan ohi da egunen jostetan; zure aspaldiko biziaren martxan. Jostunen josketan, denbora joanean, ehunak zirtzil jario; eta zure jostetan, udaberriak etorri eta udaberria joan, egunak geroz eta gutxiago balio.

Joan doa denbora, izan ere, udaberriak igaro ahala. Eta denborak ez du errukirik. Orain zara zu konturatu, dagoeneko asto xahar motela zaudenean. Ez da egia urtero udaberri omen delakoa; udaberria bat eta bakarra baitago bakoitzarentzat. Bizitzaren liburua etsipenaren lezioa duzu; etsipenarena eta nostalgiarena, hots, itzuli nahiarena. Zut eta zut, ezin itzuli zara, ordea, zure behingo udaberri bakarrera. Eta albotik jota, zehar-zeharka, bazterrean uzten zaitu aldian aldiko udaberriak.

Xalbadorrena: «Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra ta eihartzerat bortxatua den haizeak hautsi abarra: zure bihotza ez ditaikea gauza horier konpara?». Gustavorena: «Horra aurten ere enara xumea, habia bat leihopean jartzera. Zure ederra, zure ditxa (zaudea!) ez dator atzera». William-ena: «Ez nekatu gehiago bururik horrekin, hire asto motela ez duk-eta joango egurtuagatik bizkorrago». Anonimoa: «Eguna akabo; hau komeria: akabo erromeria!».

Eta, beraz bada, bukatze alde, hona hemen puntua, zeuk berts(i)oa osa dezazun, Biotz eritua-ren doinuan kantatzeko: «Iazko habietan aurten txoririk ez». Iazko habietan aurten txoririk ez…

Bizargorri, 2013-04-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2013
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930