>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BELAUNALDIA

Goizero ohi duen legez, txapel beltza jantzita, zilartutako ile-bizarrekin, buelta bat egitera atera da aitona etxetik. Hirurogeitaka urte bizkarrean eta belaunak higatuxeak eraman arren, aski bizkorra du pausua. Lehen minuturako, etxekoneko amona ikusi du, haur-organ bilobatxoa paseatzen; bigarren minuturako, auzoko beste aitona bat, biloba koxkor bi esku banatatik hartuta; aurrerago, haur jolastokian, lauzpabost aitona-amona, bat agure xahar-xahar baten ondoan jarrita, eta besteak, nork titiko umea duela, nork hanka-gorri bihurria, beren bilobatxo samurrei begira. Begirale denak dira belaunaldi berekoak.

Zer pentsatua eragin dio horrek gure aitonari. Auzoan, hogei etxeetatik erdietan bai, hau da panorama (baita berean ere): hirurogei bat urteko matrimonioa, baten ama ez bada bestearen aita, edo biak (eztula baino zaharragoak biak ere), gau eta egun gobernatzen; jai eta aste, berriz, bilobak zaintzen eta alaba-suhiei edota seme-errainei tupper beteak paratzen. Hala egin du aitonak kolkorako: «Aurrekoa bat eta ondokoak bi, hiru belaunaldi batera gobernatzea tokatu zaiguk guri; bizialdian gerrarik ezagutu ez duen lehen belaunaldikooi, to gerra moda berria zaharraldian! Adindu denak laguntza nahi duela? Gaur arte, akaso. Gaur, adindu eta zureak egin du».

Bezperan ikusitako komiki-biñeta oroitu du gero. Aitona bat butakan abaildua, zangoak zabal-zabal, tximak nahas-mahas; sala azpikoz gora, milaka objektu lurreko apalean utzita… Sartzen da kaletik atsoa eta, izututa, esaten du: «Ene, bada! Lapurrak, ala!?». «Ez, ez. Bilobak izan ditut bisitan». Eta andreak orduan: «Ezta bertatik gerra pasa izan balitz ere halako kuxidaderik».

Bizargorri, 2013-04-17

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2013
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930