>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KUTUN MIRAGARRIA

Antigoaleko gauzen denda batera sartu zen gizonezko ibiltari astitsua, munduan abelera alda ziezaiokeen kutun edo amuleto deabruzko baten bila. Hau hartu, hura ukitu, bestea begiratu, azkenean arratoi ikusgarri bat bistaratu zuen apaletako batean. Polita zen, brontzezkoa, egiantza handikoa. Ederretsi eta gustatu. Preziorik inondik ageri ez-eta, dendariari hots egin zion. Ea zenbat eskatzen ote zuen, ba, brontzezko arratoi harengatik. Dendariak hala erantzun zion: «Irudiagatik, hamabi euro; historiagatik, berriz, bostehun euro gehiago». Eta bezeroak orduan, baldinbaitere: «Tori hamabi euro. Historia ez zait interesatzen». Eta arratoi (edo, nahiago bada, kutun) erosi berria aldean hartuta, kalera jo zuen ostera, pozik.

Kalean ibiltari joan zihoala, hara non hasten zaizkion estolda-zulo, zokondo zikin eta bazter lekuetatik bene-benetako arratoi bizi-biziak irteten, hemendik bat, handik bi, eta bere atzetik segika jartzen. Harritu eta larritu zen gizona, jakina, eta pausua azkarragotu egin zuen. Tipi-tapa! Bizpahiru kale beherago, ordea, atzetik segika zekarren arratoi kopurua ikaragarri handitu zen; hainbeste handitu ere, non iduri baitzuen hark animaliatxo karrankarien manifestazio erraldoia, Hamelingo txirulariarena, guztiak ere asaldatuta, garrasi eta mehatxu. Itsasertz aldera zihoan. Une batez konturatu zen han milioika arratoi bazekarrela ondotik, presaka eta korrika, geroz eta hanka-joko biziagoan. Larriak eta izuak total hartuta, portura orduko, itsasora bota zuen airean bere kutuna, arratoi irudi brontzezkoa; alaporai! Eta hara: gainerako arratoi guztiek ondoren uretara murgil egin ez zuten, bada!? Esan gabe doa noski, denak ito egin zirela, ez putzu txikian.

Atzera arestiko dendara itzuli zen gure gizona. Dendariak, aurrean ikusi zuenean, zera esan zion, irriño batez: «Horra, horra… Zuk ere historia jakin nahiko duzu, ala?». «Ez, ba. Nik jakin nahiko nukeena da, ea irudi kutun miragarririk ba ote daukazun bankari, politiko, tele-figurin, sindikalista eta gisa horretako jendailarenik». Eta dendariak honela eman zion akabera kutun miragarrien historiari: «Ai, ene, bada, gaixoa! Zer nahi eta huraxe, inork ezin du ase».

 

Bizargorri, 2013-04-24

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2013
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930