>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GEZURRIANDO

Liburutxo bat utzi didate: Dialogando izenburuz, Arako goitizeneko kazetariak Ediciones Leyre Iruñekoan argitaratua, 1947an. Atzo goizean, beraz. Bitxia liburua, jostagarria, bi egunetan arrapastaka irakurri berri dudana. Jostagarria, Iruñeko eta inguru herrietako orduko jendeen eguneroko gorabehera poxpolinak irri eta ziri kontatzen dituelako; bitxia, euskara galdu ondoko gaztelania gaiztoan idatzia dagoelako.

Hemen inola kabitu ezin ahala adibide bada liburuan. Esaterako, etxe izenak: Aberatzechea, Chacurrabelcherena, Belaunzachiquienea, zaizurierena… Esaterako, testuan hitzetik hortzera datozen esamesak: dos cerras de pan y chistor, con lo muquizu y zarratraka que es, está siendo mucho moldagaiz… Atentzioa ematekoa da, bestalde, zenbat aldiz datorren guk Goierrin hainbeste erabiltzen dugun “cuanto” delako hori (esan nahi baitu, noski, jakina, pues claro que): así era cuanto, no l’hacen cuanto, ya teníamos cuanto…

Ehunka pasadizoen artean, berriz, bat hau. Joan da atso bat alaba bisitatzera Iruñera. Goiz batean topo egin du kalean gizaseme batekin eta, hau-ta-hori-ta-hura, egin dute truke tratua. Haraxe bertara, arratsaldean gizonak ekarri du zakutoan kilo bat azukre zuri, eta atsoak bi kilo babarrun beltx. Elkarri materiala erakutsi eta trukatu dituzte; eta kaixo motel, adio dama. Etxean gero zer?, eta azukrea bai gain-azalean, baina azpian dena hondar eta zerrauts! Haserako haserre-suaren ostean, atsoak alabari: «Por haberme guezurriado! Alubias también ser viejas, tienen polilla. A los cherris chiquitos solemos echar con remolacha y patata». Horra gezurretan egia atera. Gezurriando, kuanto.

Bizargorri, 2013.05.01

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2013
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031